Israelgo Estatuko Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldea, printzipioz, otsailaren 7an izango da Gasteizen (Araba). Izan ere, Euroliga txapelketaren barruan Baskoniaren kontra arituko da sionistek "kirol-munduan daukaten ordezkari nagusia", Palestinarekin Elkartasuna plataformak ohartarazi duenez. Hala, eskaera argi bat egin dio Baskoniako zuzendaritzari: ez dezala Israelgo Estatu genozidaren aurpegi zuriketan parte hartu, eta partida bertan behera utz dezala.
Gaur goizean, hain zuzen ere, eskaera hori helarazi dio berriz zuzendaritzari: Palestinarekin Elkartasunak kontzentrazio bat egin du Gasteizen, Baskoniaren denda aurrean, presioa egiten segitzeko. "Kirol-ekitaldiak bere irudia garbitzeko baliatzen ditu Israelek, estatu kolonialaren existentzia normalizatuz eta herri palestinarraren aurkako krimenak estaliz", azaldu du plataformak. Aurreko astean bildu zen Baskoniako zuzendaritzarekin, baina hark ez du momentuz borondaterik erakutsi partida geldiarazteko. Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi du "historian izandako aurrekariek" erakusten dutela badela aukera planto egiteko eta neurriak hartzeko.
Klubeko zuzendaritzaren jarrera seinalatzeaz gain, bestelako erantzule batzuk ere baditu gogoan plataformak, "euren esku dagoena ez egiteagatik": "Euroliga, Israelen parte-hartzea baimentzeagatik; Eusko Jaurlaritza, kirol-ekimenak bertan behera uzteko duen eskumena ez erabiltzeagatik; Arabako Diputazioa, Buesa Arenaren jabe den heinean, eta Gasteizko Udala, hiri-azpiegiturak eta giza-baliabideak partidua errazteari begira antolatzeagatik".
Ikusita oraingoz aurrera doala otsailaren 7ko saskibaloi norgehiagoka, mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak. Palestinarekin elkartasunez eta estatu sionistaren kontra, manifestazio bat antolatu du egun horretarako, Gasteizen bertan: arratsaldeko 18:30ean aterako da Iparralde gizarte-etxetik.