AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/09 13:53

Bukatzear da 2021-2022 ikasturtea hezkuntza zentroetan, eta hurrengo ikasturteari begira jarri dira dagoeneko batxilergoko ikasleak. Ekain hasieran egin beharko dituzte datorren ikasturtean unibertsitatean ikasi ahal izateko probak; selektibitatea delakoa Hego Euskal Herrian, eta Baxoa Ipar Euskal Herrian.

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere mobilizatzera deitu du Ikasle Abertzaleakek, hautaketa proba horien eta, orokorrean, gaur egun indarrean den ebaluazio sistemaren kontra. Ekainaren 8an egingo dute elkarretaratze bat Iruñean (Nafarroa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko Liburutegi plazan, 10:00etan. Hurrengo egunean, berriz, Ibaetako campuseko (Donostia, Gipuzkoa) Aulariopean, Gasteizko campuseko (Araba) Aulariopean eta Leioako campuseko (Bizkaia) Mikel Laboa plazan izango dira kontzentrazioak, 10:30ean. "Ikasleria langilea kaltetzen duen hezkuntzaren eta ebaluazio sistemaren aurrean mobilizatuko gara", diote IAko kideek.

Beste mekanismo bat

"Ikasleon artean presioa, urduritasuna, antsietatea... areagotzen ari dira; izan ere, gure etorkizuneko ikasketak eta bizitza bera baldintzatzen dituen azterketa da", adierazi du IAk selektibitateari dagokionez. "Selektibitatea institutuan igarotako urte luzeen ostean egin beharreko azterketa da, hiru egunetara mugatzen dena. Bertan ez dira ikasleok izandako baldintzak eta baliabideak kontuan hartzen, memoria gaitasuna ebaluatzera mugatzen da eta ikasleok zenbaki huts gisa hartzen gaitu", salatu du.

Seinalatu du, bestalde, ikasleak "indibidualismoan eta lehiakortasunean hezteko mekanismo" bat dela selektibitatea. Gainera, mota horretako azterketek ikasleengan sortzen dituzten ondorioei egin diete azpimarra IAko kideek: "presio itogarria, ezinegona...". Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean, bost ikasletik batek antsietatea jasaten duela ekarri dute gogora.

"Finean, selektibitateak ustezko meritokrazia baten zuriketa egiten du, hezkuntzako klase arrakala ezkutatuz. Hau da, etorkizuneko arrakasta norbere esfortzuaren araberakoa dela pentsarazten digute", nabarmendu dute: "Horrek guztiak hezkuntzak filtro sozial bezala betetzen duen funtzioa ezkutatzen du".

Elitizazioa

Hezkuntza sistema ere "ekoizpen prozesu kapitalistan kokatzen" dela azaldu du IAk eta, beraz, "Kapitalaren beharretara egokitutako lan-indar merke eta otzana ekoiztea" duela helburutzat. Azpimarratu du, horretaz gain, "ikasleriaren sektore zabal bat atzean uzten" ari direla hezkuntza sisteman; alegia, sektore hori "hezkuntza sistematik kanporatua" izaten ari dela: "Horren adibide da %16ko eskola-uztea edota ikasleen %33k matrikulatutako gradua utzi egiten dutela".

"Ondorioa argia da: hezkuntzako gastuak ordaintzeko eta emaitza onak izateko baldintzak dituenak aurrera egingo du; kontrara, horretarako aukerarik ez duena baztertua izango da, baldintza txarretan bizitzera kondenatua", laburbildu du IAk.

EZ DAGO IRUZKINIK