AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irutxuloko Hitza
2025/09/22 08:06

Joan den larunbatean, bi mobilizazio jendetsu egin ditu Palestinarekin Elkartasuna plataformak, palestinar erresistentziaren alde eta Israelgo Estatu genozidaren kontra. Zinemaldi bete-betean, Donostian izan zen manifestazio bat hilaren 20ko arratsaldean: Saguesetik abiatu eta Kursaaletik igaro ziren manifestariak, eta Zurriolako zubira iristean, bi pertsona zintzilikatu ziren bertatik, palestinar erresistentziaren aldeko bandera bat eskuetan.

Ehunka lagunek babestu zituzten bi kideak, zubia hartuz eta bidea moztuz. Hiru orduz baino gehiagoz eutsi zioten protesta-ekintzari, Israelgo Estatuaren suntsiketa aldarrikatuz eta urriaren 4an Iruñean (Nafarroa) mobilizatzera deituz; suhiltzaileek 21:30ak aldera kendu zituzten zubitik zintzilik zeuden pertsonak.

Bitartean, ertzain ugari bildu ziren Kursaal inguruan, istiluen aurkako materiala zutela. Zubiko ekintza bukatzean, baina, Alde Zaharrerantz mugitu ziren manifestariak, eta bertan zabaldu zituzten berriz Palestinaren askatasunaren aldeko oihuak.

Palestinaren aldeko mobilizazioa txalotu du plataformak

Palestinarekin Elkartasunak larunbatean nabarmendu zuenez, "Palestinako biztanle guztiak akabatzeko planarekin aurrera doa" Israelgo Estatua, "eta plan hori Palestinako lurralde osoan burutzen ari da, bai Gazan, baita Zisjordanian ere". Horren aurka, Mendebaldeko agintaritzen partetik pasibotasuna nagusi dela salatu zuen berriz: "Estatuek ez dute ezer egiten, erakundeak eta enpresak konplizeak dira, eta ustezko ordezkari politikoek adierazpen lotsagarriak egiten dituzte, bi estatuetan oinarritutako konponbidea defendatzen". 

Kontrara, Palestinaren aldeko mobilizazioak biziagotu izana txalotu zuen plataformak, "herriak kaleak hartu" dituela azalduz; "presioa jartzen, boikota egiten, errepideak mozten, portuak eta unibertsitateak geldiarazten, Gazarantz joaten, potentzia kriminal horren normalizazioa salatzen eta Palestinako herriari benetako elkartasuna adierazten".

Bilbon, Gazako azken inbasioaren aurka

Bilbon ere larunbatean egin zuen protesta bat Palestinarekin Elkartasunak, Arriaga Plazan hain zuzen ere, "armada sionistak aste honetan hasitako lurreko inbasioa salatzeko". Plataformaren esanetan, "Gaza hiriaren aurka hasitako lurreko erasoa beste urrats bat da Israelgo Estatuaren proiektu genozida eta kolonialean", "Gazako zein Zisjordaniako populazio palestinarraren lekualdatze behartua eta sarraskia dakartzana".

Kontzentrazioan azpimarratu zuten "genozidioaren amaiera ez dela ordezkari politikoen hitz hutsetatik etorriko, baizik eta desobedientzia ekintzetatik, konplizeen aurkako presiotik eta estatu sionistaren aurkako mobilizazio sozialetik". Horiek horrela, datorren urriaren 4an Iruñean antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitu zuten berriz.

EZ DAGO IRUZKINIK