Hiru egun baino ez dira gelditzen 2026ko Gazte Topagune Sozialista hasteko: Elizondon izango da aurtengo edizioa, urriaren 9tik 12ra bitartean. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolatzen duten ekimen nazional nagusia da Topagunea, eta "sozialismoaren aldeko indarrak batzea" bilatzen dute horren bidez. Azaldu dute, gainera, ekimenak are garrantzi biziagoa hartzen duela "testuinguru politikoa aintzat hartuta".
Topagunea, "aldarrikapenerako espazioa" izateaz gain, "aktualitateari nahiz gazte langileok egunerokoan bizi ditugun problematikei sakontasunez heltzeko" tokia da. Horrexegatik, edizio honetan ere zentralitatea izango dute askotariko hitzaldiek eta mahai-inguruek. Lehen egunean, ostiralean, "materialismo historikoa, militantzia politikoa eta ezkerkeria" landuko dituzte hitzaldi batean, eta "artea eta sozialismoa" bestean. Larunbatean, berriz, bost hitzaldi egingo dituzte: "etxebizitzaren problematikaz eta sozialismoaren aukerez"; "sexu-industriaz, prostituzioaz eta sexualizazioaz"; "krisi ekologikoaz eta taktika sozialistaz"; "ildo komunistaz eta taktika antifaxistaz", eta "nazio-auziaz, teoria marxistaz eta egungo eztabaidez" azken bat. Bestalde, igandean, bi saio izango dira: "krisiaren eta estatuen autoritarismoaren" inguruan jardungo dute hitzaldi batean, eta hainbat gazte-antolakunde sozialistaren arteko mahai-inguru bat izango da bestea.
Estatuen autoritarismoari eta faxismoari aurre
Egitarauaren barruan, igandean, urriaren 11n, manifestazio bat egingo dute, estatu-autoritarismoari eta faxismoari ezetz esateko: 17:30ean izango da. "Autoritarismoaren gorakada betean aurkitzen gara eta azken aste nahiz hilabeteek egoera are gehiago larriagotu dute. Estatuen autoritarismoaren eskutik, poliziaren bortizkeria inpunitate osoz areagotzen ari da gazte langileon aurka", seinalatu dute GKSk eta IASk: "Eskubide politiko zein zibiletan atzeraka goaz eta mugimendu sozialen nahiz antifaxisten aurkako kriminalizazio-kanpaina erraldoiak ari gara jasaten denbora luzez alderdi politiko nahiz komunikabideen partetik. Hori guztia, ordea, mundu mailako joera orokor baten baitan kokatzen dugu". Gogorarazi dute, gainera, mundu osoan indartzen ari dela faxismoa, bai "alderdi politiko faxisten gorakadarekin", bai "ideologikoki eragiteko gaitasuna irabaziz", bai "kale mailako presentzia handituz".
Horiek horrela, Mugimendu Sozialistako antolakundeek ezinbestekotzat dute "estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari" aurre egitea, eta horixe bera aldarrikatuko dute igandeko mobilizazioan. Horrez gain, astelehenean, Hispanitatearen Egunean, hitz-hartze politiko bat egingo dute Elizondoko plazan, 12:00etan.
Aisialdiko eskaintza zabala
Bestalde, aurten ere aisialdiko eskaintza zabala prestatu dute bi antolakundeek, orotariko emanaldiekin, kirol-jarduerekin eta besterekin. Ostiralean, Belarrijana podcastaren zuzeneko saio bat, Jamaiketako Selektorren musika-eskaintza eta Ateri, Vibora, Lukiek eta Siwanabaren kontzertuak izango dira Sutegian. Pilotalekuan pala eta pilota partidak jokatuko dira; Gune Nagusian, berriz, Ekida Arte Ekimen Sozialistak Hemendik da bidea. Mugako istorioak emanaldia eskainiko du, eta Tapia eta Leturia Band eta Kaparrak arituko dira gauean.
Larunbat arratsaldean zehar, hamaika kirol-jarduera izango dira Sutegi inguruan: mendi-lasterketa, boleibol txapelketa, boxeo masterclass-a, parkour erakustaldia, herri-kirol erakustaldia... Horrez gain, Kluedo talde-jolasaz, Landa bila antzezlanaz, Broken Brothers Brass Banden kontzertuaz eta bestez gozatzeko aukera egongo da herrian. Gune Nagusian, JFB umore-ikuskizuna eskainiko dute Antton Telleriak eta Asier K-k. Iluntzean, gainera, kontzertuak izango dira bai Sutegian bai Gune Nagusian: Fito Skins, La Traba Producciones, Skabidean, Bengo eta 48280 taularatuko dira.
Igandean, goizeko hitzaldien ondoren, Lekarozko aparkalekuan izango da bazkari handi bat, manifestazioaren aurretik hain zuzen ere. Gauerako, kontzertuak antolatu dituzte Gune Nagusian, Sutegian eta Intza tabernan: parte hartuko dute Mirotz, Belako, Santa Salut, Hazas, Kiliki, J Martina, Kumbialari, Brava, Raimundo El Canastero, Ostikoka, Mateo Zikuta & Dürüm Solo Karne, Mikosis, Istilu, Estutu eta Berandu Baino Lehenek. Bestetik, asteleheneko hitz-hartze politikoaren ostean, kantaldia egingo dute Anje Duhalde eta Olaia Inziartek.