AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/29 10:51

Bart zendu da Arantza Arruti Odriozola militante politiko historikoa, 79 urte zituela. 1946an jaio zen Zarautzen (Gipuzkoa), eta aski ezaguna da bere bizi osoko ibilbide militanteagatik. 19 urte zituela sartu zen ETA erakundean, 60ko hamarkadan, eta Burgosko Prozesuan epaitutako pertsonetako bat izan zen. Erakunde armatuko lehen emakume militanteetako bat izan zen.

Guardia Zibilak hiru aldiz atxilotu zuen Arruti. 20 urte zituela hartu zuten atxilo lehenengoz, Tolosan (Gipuzkoa). Zenbait hilabetez Martutenen (Gipuzkoa) preso izan eta aske geratu ostean, ihesera jotzea erabaki zuen. 1968an, baina, Iruñean (Nafarroa) atxilotu zuten berriz, ETAko Nafarroako arduraduna zenean. Iruñean bertan kartzelaratu zuten orduan. 

Handik urtebete ingurura egin zioten epaiketa Burgosen, 1970ko abenduan hasi baitzen ETAko hamasei militanteren aurkako epaiketa. Sei heriotza-zigor ezarri zituzten prozesuan, baina Arruti absolbitu egin zuten, ordurako epaitua izan zela ebatzita. 1974an utzi zuten aske, baina berriz espetxeratu zuten 1977an zenbait hilabetez, preso zegoen bere bikotekidearengana joan eta Guardia Zibilarekin izandako konfrontazio bat aitzakiatzat hartuta.

Hortaz, zarauztarra guztira zortzi urtez eduki zuten gatibu kartzelan; Martutenen, Iruñean, Alcala de Henaresen (Madril) eta Puerto de Santamarian (Cadiz). Gerora jakinarazi zuen hamaika aldiz torturatu zutela bere atxiloaldietan: 1968an atxiki eta torturatu zutenean haurdun zegoen, eta haurra galdu zuen jasandako torturen ondorioz.

EZ DAGO IRUZKINIK