Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak lan-erregulazioko espediente bat atera du mahaira aste honetan. Amurrioko (Araba) lantokian sartuko du indarrean neurria, irailaren 1ean: sei hilabeteko iraupena izango du, oraingoz behintzat. Antza, behargin guztiei eragingo die neurriak, 850 langile ingururi, eta zuzenean murriztuko die lanaldia: gaur egungoarekin alderatuta, %50ekoa izango da lanaldia espedientea indarrean dagoen bitartean.
Joan den astelehenean izan da asmo horren berri. Itxura denez, enpresako zuzendaritzak hilaren 10ean jakinaraziko dizkiete langileen ordezkariei espedienteari buruzko xehetasunak.
Eskarian izan omen den jaitsieraren ondorioz ezarriko du lan-erregulazioa enpresak, eta "behar produktiboak eta antolaketa-beharrak" hartu ditu argudiotzat. Espedientearen bidez, enpresan "beharrezko malgutasuna" lortu nahi du zuzendaritzak.
Dena den, aurreko astean argitaratu zituzten Tubos Reunidosen irabaziei buruzko azken datuak. 50 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2023ko aurreneko hilabeteetan, 2022. urte osoan baino 7 milioi euro gehiago. Gainera, denbora-tarte horretan, 300 milioi eurotik gorako hazkundea izan du salmentetan.