AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters
2024/10/25 10:25

Israelgo Estatuak martxan dauka palestinarrak Gazako Zerrenda iparraldetik hegoaldera botatzeko plan militarra. Besteak beste, bonbardaketa biziak egiten eta blokeoa sortzen jarraitzen du iparraldean, bertan dauden pertsonak hegoaldera mugitzera behartzeko. "Bertan geratzen dena terrorista gisa kondenatuko da legez, edota gose- edo hondamen-prozesu bat ezarriko zaio". Hala laburbildu izan dute plana agintaritza sionistek, eta ebakuazio-agindu masiboak eman dituzte Zerrenda iparraldean.

Iparraldean dago Jabalia, eta ehunka milaka palestinar errefuxiatuk hartu behar izan dute babes bertan 2023ko urriaren 7tik, sionisten erasoetatik ihesi. Azken asteetan Israelgo Estatuak ezarritako setioarekin, baina, harrapaturik geratu dira. Bonbardaketez gain, militar sionistek blokeatuta daukate erregaien, elikagaien nahiz medikamentuen sarrera. Azkenean, hortaz, alde egin beste aukerarik ez du ikusi palestinar errefuxiatu andanak. Itxura denez, oraingoz, gutxienez 20.000 dira handik ihes egin behar izan dutenak.

Ordea, Jabaliatik irten ahal izateko, kontrol-puntu militar bat jarri zuten sionistek, eta handik igaro beharra daukate alde egin nahi duten palestinarrek. Ohi bezala, izu-politika da nagusi kontrol-puntu horretan. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, soldadu sionistek bereizi egin dituzte kontroletik pasatu nahi zuten palestinar gizonezko mordoa, eta begiak estali ostean, atxilo eraman dituzte.

Ez dute argitu zein den haiek atxilotzeko arrazoia, ez eta nora eraman dituzten ere: iradoki duten bakarra izan da "galdekatu" egingo dituztela sionistek. Beldurgarriak dira atxiloketa masiboen irudiak, preso hartutako palestinar guztiak loturik, zuriz jantzita eta begiak oihal laranja batekin estalirik ikusten baitira.

Kolonoen kanpalekua Gazako mugan, hura okupatzeko prest

Aldi berean, ehunka kolono sionista kanpaldi bat egiten ari dira Gazako Zerrendako mugan. Gaza okupatzeko duten eskubidea aldarrikatzen ari dira bertan, Israelgo Estatuaren babesarekin. Palestinako beste lur batzuetan sistematikoki egiten duten bezala, orain Zerrendan hasi nahi dute "zibilek" legez kontrako kokaguneak eraikitzen, palestinarrak kanporatuta. Momentuz, 700 familia sionistak eman dute izena Gazako kokaleku berrietan bizitzeko, eta "entrenamendu-tailerrak" egiten ari dira jadanik.

EZ DAGO IRUZKINIK