AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / CEAR
2022/09/08 07:24

Kanarietako Gobernuak emandako datuen arabera, 2022. urtea hasi zenetik, gutxienez 1.000 lagun hil edo desagertu dira Kanarietako migrazio-ibilbidean; alegia, itsasoan. Kanarietako Gobernuko presidenteordearen aholkulari Txema Santanaren esanetan, gainera, "urteko sasoirik gogorrena falta da oraindik". Aurten, beraz, gora egin du hildakoen kopuruak; izan ere, 2021. urte osoan 1.109 pertsonak galdu zuten bizia Kanarietara iritsi nahian, eta urte erdia igaro den honetan, ia zifra horietara heldu da aurten zendu direnen kopurua. Begi bistakoa da, beraz, une honetan hilgarriagoa dela migrazio-ibilbide hori.

Jazarpenerako baliabideak, gora

Espainiako Barne Ministerioaren esanetan, eta joan den abuztuaren 31ra arteko datuak kontuan hartuta, aurten behera egin dute Kanarietako migrazio-ibilbideko mugimenduek; %3,3 jaitsi omen dira. Santanak dio behera egin duela "iritsieren intentsitateak", eta Marokok gauzatutako jazarpenaren areagotzeak eragina izan duela horretan: "Rabatek gehiago zaintzen du, gehiago erasotzen du, gehiago geldiarazten du lehorrean, batez ere lehen ia ez zuelako ezer egiten, nahiz eta akordioak egon".

Europar Batasunak dirulaguntza berri bat emango dio Marokori bere mugak kontrola ditzan, 2027ra arte gutxienez; %50 igo du horretarako aurrekontua, eta 500 milioi euro emango dizkio Marokotik irteten saiatuko diren pertsonak jazar ditzan.

Tranpatia da ontziratzeen beherakadari buruzko datu hori, dena den: ontziratzeen kopuruak behera egin arren, igo egin da ontzi horien bidez Kanarietara migratu duten lagunen kopurua. Hain zuzen, %14,4 hazi da ehunekoa. Marokotik nahiz Ipar Saharatik abiatutakoak dira fluxu gehienak, eta Lanzaroten eta Fuerteventuran izaten dira ontziratze gehienak; fluxuen %53k izaten dituzte helmugatzat bi irla horiek.

Kanarietako Gobernuak jakinarazi du, bestalde, gaur egun txalupa pneumatikoen erabilera dela nagusi migrazio-ibilbide horretan. Paterak edo kanoak baino askoz ere arriskutsuagoak omen dira, txalupa horiek ez daudelako itsaso zabalera irteteko prestatuta, eta neurrigabeko bidaiari kopuruak jasaten dituztelako.

Premia

Frontex agentziaren datuek erakusten dutenez, gero eta gehiago dira Europara emigratzeko beharra duten lagunak: Europar Batasunak onartu gabeko 155.090 lagunek mugak gurutzatu dituzte 2022ko lehen seihilekoan, iaz baino %86 gehiagok.

EZ DAGO IRUZKINIK