AKTUALITATEA / Zentro sozialistak
Ostiralean epaituko dute pertsona bat, Bilboko Urkila Zentro Sozialistaren desalojoa dela-eta
Uztailean hustu zuen poliziak Urkila Zentro Sozialista, agindu judizialik gabe. Epaituko duten kideari babesa adierazteko eta bere absoluzioa exijitzeko protesta batera deitu du Bilboko Kontseilu Sozialistak; ostiralean 10:30ean izango da, Bilboko epaitegien aurrean.
2022eko urriaren 17
Ostiralean epaituko dute pertsona bat, Bilboko Urkila Zentro Sozialistaren desalojoa dela-eta

Datorren ostiralean, urriaren 21ean, kide bat epaituko dute Bilboko (Bizkaia) epaitegietan, Urkila Zentro Sozialistaren hustearen harira. Epaitua izango den lagunari babesa emateko eta bere absoluzioa exijitzeko elkarretaratze bat antolatu du Bilboko Kontseilu Sozialistak; 10:30ean epaitegietara (Buenos Aires kalea, 6) bertaratzera deitu du.

Bilboko Kontseilu Sozialistak apirilean eman zuen Urkila Zentro Sozialistaren irekieraren berri, eta hasieratik jarri zituen martxan hainbat proiektu, "proletalgoaren baldintza politiko eta materialen aldeko borrokan ekarpena egiteko asmoz"; besteak beste, oinarrizko produktuen biltegi bat, ikasketa gela bat, Langileon Eskubideen Bulegoa edota jantoki soziala. BBK da eraikinaren legezko jabea.

Uztailean, baina, eta agindu judizialik izan gabe, Zentro Sozialista hustu zuten BBK-k, Bilboko epaitegiek eta poliziek, elkarlanean. Goizean goiz ostikada batez bota zuen atea poliziak, eta aldez aurreko jakinarazpenik gabe gauzatu zuen desalojoa. "Antolakuntza independentea deuseztatzeko aparatu errepresibo oso bat dauka eskura burgesiak", salatu du Bilboko Kontseilu Sozialistak. Horri lotuta epaituko dute pertsona bat ostiral honetan.