AKTUALITATEA / Zuzenbide burgesa
Maravillas gaztetxeko 22 auzipetuak absolbitu dituzte
Sare sozialen bidez jakinarazi du Maravillas gaztetxeak absolbitu egin dituztela urriaren 17an epaitu zituzten 22 kideak. Dena den, esan dute "hau oraindik ez dela bukatu", eta informazio gehiago emango dutela iragarri dute.
2019eko urriaren 23
Maravillas gaztetxeko 22 auzipetuak absolbitu dituzte

Urriaren 17an izan zen Iruñeko (Nafarroa) Maravillas gaztetxeko 22 kideen, eta finean,Maravillas gaztetxearen aurkako epaiketa. 100.000 eurotik gorako isunak eta prozesu judizial bat zuten begien aurrean auzipetuek, usurpazio delitua egotzita.

Epaiketa egin eta egun gutxira, atzo, jakinarazi zuten epaiaren sententzia: absolbitu egin dituzte Maravillaseko 22 kideak. Gaztetxeak sare sozialen bidez eman du albistearen berri, eta bide batez, "eskerrak" eman dituzte jasotako elkartasun eta babes guztiagatik. Izan ere, ez dira gutxi izan Euskal Herri osoan Maravillasen alde egin diren ekimenak.

Hala ere, mezu berean adierazi dute "hau oraindik ez dela bukatu", eta laster informazio gehiago egongo dela ere iragarri dute.