AKTUALITATEA / Errepresioa
Lizarrako Udalak 21.000 euroko isunak jarri ditu Herri Ihauteriak antolatzeagatik
Festagirok agerraldi bat egingo du ostiral honetan, 20:00etan Lizarrako udaletxearen aurrean, azken isunen berri emateko. Udalak jai herrikoien aurka egindako hamaikagarren erasoa da.
2026ko maiatzaren 13 - 08:06
Lizarrako Udalak 21.000 euroko isunak jarri ditu Herri Ihauteriak antolatzeagatik

Lizarrako Udalaren (UPN) beste oztopo bat jai herrikoei, oraingoan, isun erraldoi modura. Hainbat kolektibok osatzen duten Festagiro elkarteak salatu duenez, Herri Ihauteriak antolatzeagatik, 21.000 euroko isunak ezarri ditu udalak. Zigor horien nondik norakoak azaltzeko, maiatzaren 15ean egingo dute agerraldi bat Lizarrako udaletxearen aurrean, 20:00etan.

Herri Ihauteriak, Txosna Txikiak eta Lizarrako jaietako txosnagunea antolatzen ditu Festagirok, besteak beste. Udalak, dena den, edonolako oztopoak ipintzen dizkie ekimen herrikoi horiei: aurreko bi urteetan, adibidez, herriko jaietako txosnak debekatu zituen UPNren gobernuak. Hamarkada luzez autobus-geltokiaren aurrean jarri dituzte txosnak, baina azken urteetan, udalak horretarako baimena ukatu die festen antolatzaileei.

Udalaren jarrera autoritarioari eta debekuei aurre eginez, aurreko udan autobus-geltokiaren parean muntatu zituzten txosnak. "UPNk gure ordez erabaki nahi du, muga bidegabeak ezarririk eta txosnak jaiaren erdigunetik aldendurik. Ez dugu onartzen", zioten Lizarrako zenbait kidek txosnagunearen irekiera-ekitaldian: "Lehenago edo beranduago, espazio hau berreskuratuko dugu".