AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hiru langile kaleratu ditu Zamatel enpresak, babes neurrien falta salatzeagatik
Zamateleko beharginek ez dute babes materialik, eta ibilgailuetan mugitzean ezin dute gutxieneko distantzia mantendu. Segurtasun neurriak eskatu dituzte langileek, baina "mehatxuak eta atzeranzko neurriak" izan dira enpresaren erantzuna. Orain, hiru langile kanporatu dituzte babes neurrien faltagatik kexatzeagatik.
2020eko apirilaren 20
Hiru langile kaleratu ditu Zamatel enpresak, babes neurrien falta salatzeagatik

Zamatel enpresak ere ez ditu langileak babesteko beharrezko neurriak hartu krisialdi honetan. Ez dute babestu ahal izateko materialik (maskarillak edo eskularruak), eta gainera, langileak enpresaren ibilgailuetan mugitzen diren arren, "baimendutakoa baino gehiagok" sartu behar izaten dute ibilgailu berdinean. Hala, ezinezkoa zaie gutxieneko distantzia mantentzea haien artean.

Beharginek behin baino gehiagotan eskatu dituzte segurtasun neurriak, baina ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Zamatelek "mehatxuekin eta atzeranzko neurriekin" erantzun du. Orain, gainera, urrats bat gehiago egin du enpresak: hiru langile kaleratu ditu babes neurrien falta salatzeagatik.

Elecnorrek azpikontratatua

Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan jarduten du Zamatel Obras y Servicios Generalesek, eta zuntz optikoaren horniduraz arduratzen da. Elecnor Telecomunicacionesek azpikontratatutako enpresa da.

Elecnorren Gasteizko (Araba) langileek 38 eguneko grebaldia egin zuten iragan abendutik urtarrilera bitartean, eta lan baldintzak hobetzea lortu zuten.