AKTUALITATEA / Zuzenbide burgesa
David Plaren askatze autoa onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
David Pla behin-behineko eta baldintzapeko neurriekin aske utzi du Maria Tardon epaileak. Dena den, Espainiako Estatutik irtetea galarazi diotenez, ezingo da Hendaiara etxekoengana itzuli. Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindu eskaeraren inguruko ebazpena, aldiz, martxoaren 25era atzeratu dute.
2020eko otsailaren 19
David Plaren askatze autoa onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Behin-behinean eta baldintzapeko neurriak ezarrita aske utzi du Maria Taradon epaileak David Pla preso politikoa, (h) Alboka auziaren harira espetxeratzea "neurrikoa" ez dela argudiatuta. Fiskaltzak ez du kartzelaratzea eskatu; bai, ordea, herri akusazioa osatzen duen AVTk.

Zenbait baldintza ezarri dizkio Plari Espainiako Auzitegi Nazionalak; Espainiako Estatutik irteteko debekua, adibidez. Horretaz gain, pasaportea kendu diote, bere bizilekutik gertuen dagoen epaitegian astero sinatu beharko du, eta bere lokalizazioa erraztuko duen telefono zenbakia zein helbidea jakinarazi.

Atzo estraditatu zuten iruindarra. Donostiako (Gipuzkoa) komisaldegira eraman zuten lehendabizi, eta Madrilgo Soto del Real espetxera, ondoren. Bertan giltzaperatu zuten Auzitegi Nazionalera eraman aurretik.

Sorzabalen egoera kolokan

Iratxe Sorzabal preso politikoaren aurkako euroaginduari dagokionean, martxoaren 25era atzeratu du ebazpena Frantziako Dei Auzitegiak. 1996. urtean Donostiako epaitegi batean lehergailua jartzea egozten diote. Hala ere, 2001. urtean Guardia Zibilaren torturapean eginiko adierazpenak baliatu dituzte Sorzabal akusatzeko.