AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bizkaibuseko beharginak greban dira gaur
Geldirik daude hitzarmena berritzeko elkarrizketak. Elkarrekin jo dute grebara gaur Ezkerraldeko, Meatzaldeko, Txorierriko, Enkarterrietako, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mungialdeko Bizkaibuseko langileek.
2022eko abenduaren 21
Bizkaibuseko beharginak greban dira gaur
— ARGAZKIA FSC-CCOO Euskadi

Greba eguna da gaurkoa Bizkaibusen. Bost dira Bizkaibusen zerbitzua eskaintzen duten enpresa emakidunak, eta, azkenean, horietatik lautako langileak daude greban gaur: Ezkerraldea-Meatzaldea Bizkaibus (EMB), Busturia Lea Artibai Bus (BLB), Vectalia Txorierri eta Vectalia Enkarterri enpresetako beharginak, hain justu. Beraz, Ezkerraldeko, Meatzaldeko, Txorierriko, Enkarterrietako, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Mungialdeko zerbitzua dago greban gaur, 24 orduko lanuztean.

Guztiek daukate lan-hitzarmena berritu gabe, eta hainbat astez protestak egin dituzten arren, geldirik daude enpresako zuzendaritzen eta beharginen ordezkarien arteko elkarrizketak. Soldata-igoerak eta "lan-hitzarmen duin bat" eskatzen dituzte langileek. "Helburua da Bizkaibuseko enpresa guztietan Kontsumorako Prezioaren Indizearen (KPI) araberako soldata-igoerak izatea, langileen arteko diskriminaziorik egon ez dadin", dio UGT sindikatuak.

Lau enpresetako soldatapekoak elkarrekin atera dira kalera gaur, Bilbon (Bizkaia). Mobilizazio gehiago iragarri dituzte urtarrilerako, patronalak "negoziatzera eseri arte" eta Bizkaiko Foru Aldundiak "garraio publikoaren egoeraren" erantzukizuna bere gain hartu arte.

Avanza Durangaldea da Bizkaibusen zerbitzua eskaintzen duen bosgarren enpresa emakiduna, eta KPIaren araberako soldata-igoerak lortu dituzte berriki langileek.