AKTUALITATEA / Zentro sozialistak
Bihar epaituko dute pertsona bat Bilbon, Urkila Zentro Sozialistaren hustearen harira
Bilboko Kontseilu Sozialistak apirilean eman zuen Urkila Zentro Sozialistaren irekieraren berri, eta uztailean hustu zuten BBK-k, epaitegiek eta polizia-indarrek. Pertsona bat auzipetu zuten, eta urrian epaitu behar bazuten ere, hitzordua atzeratu zuten. Bihar goizean izango da epaiketa, eta elkarretaratze batera deitu du Kontseilu Sozialistak, epaitegi aurrean.
2023eko otsailaren 27
Bihar epaituko dute pertsona bat Bilbon, Urkila Zentro Sozialistaren hustearen harira

Bihar, otsailaren 28an, epaituko dute pertsona bat Bilboko (Bizkaia) epaitegian, Urkila Zentro Sozialistaren birjabetzearekin eta desalojoarekin lotuta. Goizean izango da epaiketa, eta Bilboko Kontseilu Sozialistak elkarretaratze bat antolatu du une horretarako. Zehazki, 10:00etan epaitegien (Buenos Aires kalea, 6) aurrera bertaratzera deitu du, auzipetutako kideari babesa emateko eta bere absoluzioa exijitzeko.

Bizkaiko hiriburuko Kontseilu Sozialistak iazko apirilean jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Errekalde auzoan. "Proletalgoaren antolakuntza independentea sustatzeko" asmoz jarri zuen martxan Urkila izeneko Langile Kontrolpeko Espazioa. BBK da eraikinaren legezko jabea, eta, polizia-indarrekin eta Justiziarekin elkarlanean, Zentro Sozialista husteko prozedura bat jarri zuen martxan. Uztailean izan zen Urkilaren desalojoa, eta pertsona bat auzipetu zuten horrekin guztiaren harira. Berez, iazko urrian epaitu behar zuten, baina hitzordua atzeratu zuten.