AKTUALITATEA / Preso politikoak
Bigarrenez itzularazi dute espetxera Juan Karlos Subijana preso politikoa
Espainiako Auzitegi Nazionalak bigarren aldiz bota du atzera gasteiztarrari ezarritako hirugarren gradua, eta Basauriko kartzelan preso sartu dute berriz. Hemeretzi urte eta erdi daramatza espetxean, eta larriki gaixorik dago.
2023eko azaroaren 9
Bigarrenez itzularazi dute espetxera Juan Karlos Subijana preso politikoa

Beste gradu erregresio bat Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epategi Zentralaren eta fiskaltzaren partetik; eta, oraingoan, bigarren aldiz ezarrita preso politiko berdinari. Horixe bera baita Juan Karlos Subijana gasteiztarraren egoera: fiskaltzak aurkeztutako helegiteak onartuta, epaitegiak bigarrenez indargabetu du Eusko Jaurlaritzak jarritako hirugarren gradua, eta bigarrenez itzularazi du Basauriko (Bizkaia) espetxera.

Joan den otsailean ezarri zioten aurreneko gradu erregresioa Subijanari: hirugarren gradua bertan behera utzi eta berriz sartu zuten preso Basaurin. Kartzelatik irten eta fiskaltzak berriz ere helegite bat aurkeztu ondoren, bide berdinari heldu dio epaitegiak, eta bigarrenez eman du ontzat fiskaltzaren kexa. Beraz, urtebetean bigarren aldiz, atzera bota dute preso politiko gasteiztarrari jarritako hirugarren gradua, eta berriz kartzelaratu dute orain.

Subijanak hogei urtetik gora daramatza preso, eta gaixotasun larri bat dauka. Bere patologia larriak kontuan hartu zituzten hirugarren gradua ezartzean.