Prostituzioa kapitalismoaren muinean

2020ko apirilaren 16a

Egilea: Rosa Cobo


Artekako bertsioa PDF / Versión en castellano PDF Arteka

XXI. mendeko prostituzioa ezin daiteke ulertu mendeetan zehar existitu den patriarkatuaren sortze-instituzio gisara soilik. Gaur egungo prostituzioa sexu-esplotazioaren industriaren markoan kokatzen da, eta industria hori, legez kanpoko ekonomian. Hori dela eta, Sheyla Jeffreys-ek azaldu zuen instituzio zahar hori ekonomia politikoaren markoan aztertu beharra dagoela.

Azken hamarkadetan aldaketa sakonak bizi izan dituen instituzio patriarkal zaharra da prostituzioa. Duela urte gutxira arte, bertako emakume prostitutez osatutako burdel multzo bat izan da prostituzioa, eta hainbat arduradunek kudeatzen zituzten negozio txiki horiek, batzuetan, era paternalista batean. Gero eta gutxiago gelditzen dira orain, eta gelditzen direnak guztiz eraldatu dira, bai forman, baita funtzionatzeko moduan ere. Klub txikiak desagertzen ari dira, batzuetan tarifa finkoa ere baduten burdel handiek ordezkatuta. Prostituzio modu zahar horretan ez zegoen emakume migratzailerik, ez eta zirkuitu kriminalen bidezko emakumeen salerosketarik ere. Beste era batera esanda, antzinako prostituzioa ez zen gaur dagoenaren moduko sexu-esplotazioaren industria handiaren parte.

Kapitalismo berriak ahalbidetu egin du prostituzioa sare modura interkonektatuta dagoen industria handi bihurtzea, ekonomia kriminalari lotuta dagoena eta beste sektore ekonomiko batzuetan lotura sendoak dituena. Egun, ia ezinezkoa da jarduera ekonomikoaren punturen batean ekonomia kriminalarekin loturarik ez duen burdelen bat aurkitzea (emakumeen salerosketa edota diruaren zuritzea, adibidez). Industria horren “lehengaia” emakumeen gorputza da, globalizazio neoliberalerako beharrezkoak diren bi baldintzak betetzen dituen salerosgai bihurtu baita: arrisku txikiko eta etekin handiko negozioa da.

Saskia Sassen-ek dioenez, bere politika neoliberalekin, morrontza modu berriak sortzea ari da ekonomia kapitalista. Morrontza berri horien muina, neurri handi batean, emakumeek eta migratzaileek osatzen dute, eta horien artean esanguratsua da prostituituriko emakumeen kopurua.

Prostituzioa garapenerako funtsezko estrategia bilakatzen ari da. Sassen-en arabera, garapenerako estrategien maila makroan sartzen dira emakumeak, funtsean, sexu-esplotazioaren eta ikuskizunaren industriaren bidez eta beren jatorrizko herrialdeetara bidaltzen duten diruaren bidez. Pobrezia maila altua duten herrialdeetako gobernuen estrategia da langileak esportatzea eta horiek dirua bidaltzea, langabeziari eta kanpo-zorrari aurre egin ahal izateko. Eta bi estrategia horiek nolabaiteko instituzionalizatze maila daukate, gobernuak gero eta mendekoago bihurtzen dituena.

Langabezia-tasa altuak, pobreziak, estatuak beharrizan sozialei gero eta baliabide gutxiago eskaintzeak eta hainbat enpresak porrot egiteak ahalbidetu egiten dute nolabait instituzionalizatutako zirkuitu ugari existitzea, eta horietan batez ere emakumeak mugitzea. Hau da, zirkuitu horietan emakumeak mugitzen dira, etxeko lanetan eta prostituzioan jarduteko. Eta zirkuitu horietan sartzen dira pertsonen trafikatzaileak eta emakumeen trafikoari lotutako mafiak ere. Era berean, zirkuitu horiek instituzionalizatu egiten dira, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak zorpetuta dauden herrialdeei exijitzen dietelako aisialdiaren eta ikuskizunaren industria eraikitzeko, hala zorrak kitatu ahal izateko. Bada, haurren eta helduen prostituzioa sektore ekonomiko horren funtsezko atala da eta, horrekin batera, pobrezia maila altua duten herrialdeen garapenerako estrategia modura ezartzen da. Eta, bereziki, eskualde pobreetako landa-eremuan garapen ekonomikoa egiteko iturria ere bada.

Beste alde batetik, kapitalismo berriaren deslokalizazioaren adierazle ere bada prostituzioa, pobrezia maila altua duten herrialdeetatik ongizate handiagoa duten herrialdeetara mugitzen baitira emakumeak, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten gizonek haien gorputzak sexualki erabili ahal izateko. Interkonektatutako negozio globala da prostituzioa, eta ekonomia kriminaleko mafiek prozesu osoa kontrolatzen dute: emakume gazte eta helduak beren jatorrizko herrialdeetan atzeman eta helmuga diren herrialdeetako burdeletan sartzen dituzte. Prostituituriko emakumearen gorputza betidanik salerosgaia izan den arren, globalizazio neoliberalaren garai honetan, indibidualismo posesibo basati honek markatutakoa, trafikatzaile eta proxenetek asko gutiziatzen duten salerosgai bilakatu da emakume prostituten gorputza, etekin handia ematen baitu kostu txikiaren truke.

XXI. mendeko prostituzioa hiru botere-sistemaren intersekzioan soilik azter daiteke: patriarkatua, kapitalismo neoliberala eta kolonialismoa elkartzen diren gunean, hain zuzen.