Preso politikook eusten darraigu

2021eko irailaren 6a

Egilea: Daniel Pastor


Azkenengo hilabete hauetan astero ari gara izaten preso politikoon lekualdaketen eta bizi-baldintzetan gauzatzen ari diren hobekuntzen lekuko. Honek ez dakar ezer berririk baldin eta estatuko gobernu ezberdinek horrelako mugimenduak gauzatu izan dituztela aintzat hartzen badugu. Are, mugimendu horien oinarrizko helburua ziria sartzea izan dela kontuan hartzen badugu, hau da: "bakea presoen truke" gauzatzea.

Euskal presoen kasuan, gauza jakina da espazio politiko eta sozial zehatz batzuetan ilusio eta itxaropenezko sentimenduak piztu direla. Aldiz, lehen aldia da zeinetan jaioterritik hurbil dauden, 40 urtez mantendu den estatutu-ahalduntzaren ez-betetzea eta gero, euskal espetxeetan amaitzeko aukera errealarekin. Kasu honetan Estatuak, eta bere zergatiak ezkutatzeko helburuarekin, mugimendu berri hau ahalbidetuko luketen kontzesio batzuk filtratu ditu. Honen ondorioz, egoera berri honek eragindako kontraesanen ingurukoa izan da eztabaida: eztabaida ideologikoa; etikoa eta morala; egokitasun taktikoa eta proiekzio estrategikoa, etab. Adibide bat jartzearren, arreta eman zidan lagun batek, bisita batean, gai honen aurrean kalean sentitzen zenaren inguruan galdetzerakoan eman zidan erantzuna: "zain egotea". Nire "ezustekoa" honengatik zetorren: historikoki, presoen auzia, euskal langileriaren interes orokorrak, gure nazioaren Autodeterminazio eskubidea barne hartuta, defendatzeko oinarri nagusienetako bat izan da; eta, errepresaliatuekin batera izan den erabateko sintoniaren ondorioz, euren eskubideen defentsan piztutako elkartasun aktibo eta borrokalaria mantendu izan delako.

Sakabanaketa politika kriminalaren aurkako salaketa edota preso politikoari, bere printzipio demokratikoen ukoa lortzea helburu izanda, militantea eta bere senide eta hurkoekiko eraso, mehatxu eta xantaia modura ezarritako baldintza gogorrenen aurkako salaketa eta horiei zilegitasuna kentzeko xedez egindako presioa miresteko modukoa eta kontsekuentea izan da.

Kartzeletatik, gu makurrarazteko helburuarekin egindako saiakera guztiak ukatu ditugu, damuaren ariketara gerturatzen gaituzten, berrikuste kritikoan oinarrituta dauden eta barkamena eskatzera eta eragindako kalteak erreparatzeko konpromisoa adieraztera daramaten euren banakako tratamenduak eta legalitatearen onarpena kasu. Honekin konplitu ahal izateko baldintzak gure lehenaldi militantea ezkutatzeko asmoz egindako apostasia ideologiko eta politikoaren bidez baino ezingo lirateke bete, hau da, euskal nazioaren etorkizuna eta, zehazkiago, bere langileriaren gaineko hipoteka ezartzea onartzearen bidez.

Aldi berean, burgesia nazionalek ezartzen duten formalismo abstraktu eta mugatutik urrun kokatzen den askatasun eta demokrazia aurreratuago baten aldeko konpromisoa adieraztearekin batera, duintasun eta erabakitasun eredu zein arma boteretsu izan dira zapalkuntzaren aurrean masen eskubideen defendatzaile bilakatutako preso politikoaren eskubideen alde herri eta hirietan jorratutako elkartasuna eta izandako mobilizazioa.
Zenbaezainak dira helburu honekin egindako agitazio eta propaganda kanpainak, manifestazioak, indar errepresiboekin izandako istiluak, sabotajeak eta askotariko desobedientzia zibileko adibideak.

Jarduera honi guztiari esker, aipatutako helburuarekin diseinatutako erreakzioaren eraikuntza juridiko eta politikoek zein Langraitz Bidea bezalako egitasmo iruzurti eta zatikatzaileek porrot egin izan dute. Egitasmo horiek gutxien ideologizatutako banako abenturazale batzuengan baino ez zuten arrakasta eskasa izan. Bestera esanda, Euskal Herriaren osotasuna kolpatzen duten arazoekiko kezka eta konpromisoa, euren arazo indibidualen aldean, huskeria baino ez zirela ulertzen zutenengan.

Ezarritako legalitatearen alde konbertitutako norbanako berria, hau da, damutua, borroka iraultzailearen "akatsa" eta "errakuntza" adierazteko ikur gisa aurkezteko saiakerek ez zuten fruiturik eman lehenaldian, hortaz, ezin ditzakete orainaldian eman.

Estatu Faxista Espainolak zapaltzen dituen nazioetako langileen eskubide politiko eta sozialen aurkako erasoak hor daude oraindik, eta gerora burgesia txikiak onartutako Alderdien Legea edo Dena da ETA bezalako legedietara jo gabe, denok izan gara Estatuaren batasun oligarkikoa mantentzeagatik noraino iristeko prest daudenaren (155. artikulua, milaka errepresaliatu eta zauritu, espetxea, erbestea, ...) lekuko. Baina zerbait aldatu da gaur egun. Estatuak, pairatzen duen etengabeko krisiaren azkartzearen aurrean bizirauteko aukera eman diezaiokeen oxigenoaren premia larriz, Ezker Abertzalearen laguntza izan du. Horren bidez, bere legalitatearekiko edozein hurbiltze eta asimilazio, errealitate ekonomiko, sozial eta politikoa eraldatzeko konpromiso iraultzailearen ustezko "hutsaltasunaren" adibide garbitzat aurkezten eta erabiltzen saiatzen da. Definitu gabeko "Langraitz Bidea 2.0" moduko baten bidez, herri abangoardiaren presoa bere "delituagatik" damututako gaizkile gisa aurkeztu nahi dute, eragin duen "kaltearekin" enpatia azaltzen duena eta, bide batez, "bere ardura" ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa bere gain hartzen duena, etab. Behin hau guztia onartuta, "soilik" faltako zaio Tratamendu Batzordeek ezarritako banakako programak betetzea, bere Estatuaren eta jendartearen segurtasunarekiko erabateko bermeak betetzen direnaren konfiantza sortzeko eta "birgizarteratze sozialaren" alde ekinez.

Giro honetan, eta faxismo espainolaren merkatuaren menpe zapaldutako nazioetako proletalgoaren interes orokorren mesedetan, preso politikook, borrokaren bidez, garapen eta eboluzio demokratikoan gure egindako printzipio eta konpromiso sakonak saldu barik, eusten darraigu.

Zein preso politikok behar du birgizarteratze programarik edo bere antzerako ikuskizunik? Gu ofizialak, mekanikariak, irakasleak, margolariak, dendariak, administrariak,… gara. Jendartearen gehiengoak bezala, gure bizitzak beldur eta ziurgabetasunetatik urrun garatu ahal izateko lanpostu bat izatea da behar dugun gauza bakarra. Gure klaseko kideekin batera langileok eskatzen ditugun duintasun eta egonkortasun sozialerako bermeak aldarrikatzeko manifestazioetan egoteko beharra daukagu. Gure eginkizun politikoa jazarpen edo errepresiorik gabe bete ahal izateko antolatzeko eskubidearekiko errespetua behar dugu. Ba al dago legalitatea onartzerik oportunismo politikoan eta erabateko porrotean erori barik? Ez, noski ezin dela. Ez gutxienez gainerako herri indarrengan nahasmena eta norabide galera eragin gabe.

Mugimendu iraultzaileko kide bezala espetxe barruan mantentzen dugun ekinbide politikoak kaleko mugimenduan aurkitzen du bere isla eta lotura. Beraz, ez dago ekinbide hori modu metafisikoan, aldebakartasunetik edo modu isolatuan, "barrura begira" edo iluntasunean jorratzerik. Uste dut gure betebeharra inguratzen gaituzten eremu ilunen (zorigaitzez ez direla gutxi) gainean argia ematea dela, posizio idealistetara edo zuzenean liberaletara eramango gaituzten saiakera guztiak modu publiko eta argian salatzea, nahiz eta saiakera horiek ENAM zenak itxitako erresistentzia faseko itxura eta identitate-ohiturekin aurkezten diren.

Duela gutxi entzun dugu, sozialfaxismoaren ordezkari garbiena den eta kuarteletan inkomunikatutako emakumeen bortxaketak baimentzen dituen Barne Ministroa daukan "historiako gobernu demokratikoenaren" (posible al da halako hipokresia!) presidentearen ahotik eta procés-ari lotutako bederatzi preso katalandarren baldintzatutako (pozoindutako) indultuaren harira: "Bada zigorrerako une bat eta barkamenerako beste bat" (azken hau aurrekoaren baieztatze gisara). Abisu moduko hau film erromantiko baten soinu banda izan zitekeen baina ez, zoritxarrez, lehen aipatutakoek, talde parapolizial eta militarren bidez estatu terrorismoaren antolaketa zigorgabea gauzatu izan dutenek, defendatzen duten kapital finantzarioaren irabaziak arriskuan egon daitezkeen herrialdeetan estatu kolpeak prestatu dituztenek, katalandar autonomia ezereztatzen lagundu dutenek, ... aldarrikatzen dutena da.

Gainbehera betean dagoen eta erregimen espainolistaren zutabe argia den adiskidetzearen eta itun erreformisten bidea salbatzeko burgesia txiki nazionalek egiten dituzten saiakerak alboratuz, nazio askapen prozesuari sektore hauen ideologia "faltak" eragiten dion kaltea alboratuz, batasunean eta erresistentzian sakonduz mantendu behar gara.

Espetxeetako lubaki hauetatik, eta preso politikooi, gure senideei eta lagunei ezarri zaigun zigor kriminal guztiarekin; isolamenduarekin, eraso eta mespretxuekin, osasun-arreta ezak eragindako erailketekin, honek guztiak eragindako arazo psikiko eta fisikoekin, gu suntsitzeko bizi-erregimen gogorrenarekin (Lehen Gradua), etab... Posizio horietan mantendu behar gara. Baina askatasun politikoen aurkako erasoak eta errepresioa salatzen dituzten sektore sozialen zalantzagabeko babesarekin, gure amnistia aldarrikatzen dutenekin... Ez dugu zuen "kunetetako barkamenik nahi", ez dugu erailketa faxisten barkamenik nahi, kuarteletako tortura eta bortxaketena, ez dugu zuen barkamenik nahi, ezta neurri errepresiborik edo lan eskubideak zein eskubide politiko eta sozialak murrizten diren aldi berean eskainitako birgizarteratzerik nahi.

Konbertitutakoari edo zapalkuntzaren menpekoari aitortzen diozuen barkamenik ez dugu nahi. Alta, zuek ezartzen diguzuen zigorra betikoz zigortzeko aukera emango digun, aurrera egin eta hori gauzatu ahal izateko beharrezko bitartekoak eskuratzeko xedez, batasun fronte batean lan egin nahi dugu gainontzeko langileriarekin. Estatuak dituen bitartekoak behar ditugu, herri errepublika formarekin, oligarkiari etengabe kenduko dizkiogun konkista demokratiko guztiak defendatu ahal izateko, ustelkeria eta errepresioari aurre egiteko, lan sarraskiari, menperatze eta interbentzio inperialistari, zapaldutako nazioen Autodeterminazio eskubidearen zanpaketari, ...

Posizio politiko eta ideologikorik bazter utzi gabe mantenduz eta leku anitzetako (Catalunya, Madril, Euskal Herria, Valentzia, Gaztela, Galiza, Andaluzia, ...) elkartasun eta babesarekin batera, preso politikook faxismoa gelditu asmo duen prozesu demokratikoarekin bat egiten dugu, zutik mantenduz. Nire ustez, unekoak bezalako garaietan, oportunismoaren eta ideologia arrotzen infiltraziorako bitartekorik eraginkorrenak gure printzipio iraultzaileen indartzea eta zaintza dira.

Zutik eta eusten darraigu.


Daniel Pastor Alonso,

Zuerako espetxetik



Iruzkinak

Ez dago iruzkinik