Kontseilu Sozialisten artikulazioa eta estrategia sozialista

2021eko irailaren 22a

Egilea: Kolitza


Arteka aldizkarian 2021eko urtarrilean argitaratutako artikulua —

Ziklo politiko bat amaitzear da. Bere azken etapa ezaugarritu du nazioarteko komunismoaren porrot progresiboak. Historiaren amaiera izan nahi zuen etapa bat izan da, non antagonismo sozialek lekua zuten politika burgesaren joko-esparruaren barruan, non boterean zegoen oligarkia finantzarioaren aurkako oposizio erreformista klasearteko bloke nazionalek ordezkatzen zuten, klase ertainen eta burgesia nazionalaren aliantzaren adierazpen gisa. Nolanahi ere: alderdi politiko burgesak alderdi politiko burgesekin parez pare, beren interes partikularren arteko liskarrak ebazten politika instituzional burgesaren, zuzenbide burgesaren eta nazioen arteko gerra inperialistaren bidez.

Proletalgoa, XX. mendearen bigarren erdian, klase minoritario bat izatera iritsi zen botere-zentro inperialistetan, non kontsumoaren eta eskubide zibilen burbuila bat sortu zen, alde batetik, Nazioarteko Iraultza Sozialistaren mehatxuagatik eta langile masen ideologizazio indartsuagatik; eta, bestetik, metaketa fordistaren eredu ekonomikoagatik nahiz horren osteko toyotismoagatik. Biek ala biek zuten zimendu, hain zuzen, inperialismoan eta masa-ekoizpenean oinarritutako kontsumo gizartea.

Burgesiaren alderdien politika-dinamika horrek, non politika iraultzailea deuseztatuta geratzen zen, ez du gehiagorako ematen. Lehenik eta behin, oinarri ekonomikoa –irabazien metaketa, soldaten igoera ahalbidetzen duen tasa batean–, lehertzen ari delako metaketaren krisi global larriarekin. Krisi horrek, kasurik onenean, metaketa-eredu berri bat ekarriko du, aurrekoa baino askoz bortitzagoa izango dena langile masentzat. Eta bigarrenik, ideologia iraultzailearen nazioarteko porrotak, nazioarteko finantzen aurrean ahuldu dituelako ez soilik proletalgoa, baizik eta langile klase guztiak, burgesia nazionalen zirkulu zabalak barne.

Gaur egun eta duela hamarkada batzuetatik, mendebalde osoan, hazten eta hazten ari da proletalgoa –langileen artean dagoen klaserik baxuena, jabetza bakarra duena saltzeko eskura duen lan-indar hutsa–, eta ez dio ezertarako balio erreformismoaren dinamika instituzionalak. Kapitalaren ezkerreko alderdiak erretiratzen ari dira nazioarteko finantza-oligarkiaren erasoaldiaren aurrean, iraungita dauden eskubideak gordetzeko programa kontserbadoreekin, aurreko zikloan lortutako ongizate-kotak eta askatasunak gordetzeko taktikarekin, baina inolako arrakastarik gabe. Soberan dago esatea erreformismoak porrot egin duela proletalgoa Estatuan harrizko kide gisa integratzeko saiakeran, baita boto-emaileen masa gisa ere, nahiz eta, neurri batean, lortu duen proletalgoa independentzia politiko orotatik urruntzea, masa-kultura proletario antipolitiko bat sortuz, Estatuaren aparatu ideologikoen bidez.

Nolanahi ere, agortuta dago erreformari jokoa ematen zion estatu burgesaren esparru politikoa. Masa-proletarizazioa geldiezina da, orain, espeziearen biziraupenari egindako mehatxuek, historia modernoan sekula ikusi gabekoak, apainduta ageri den arren. Abiapuntu erradikalera itzultzen ari dira antagonismoak: Iraultza Sozialista ala Basakeria.

Blokeo politiko burgesaz nekatuta, zeinak gure klaseari miseria morala, langabezia, pobrezia materiala, errepresioa eta kartzela, gaixotasunak, gizarte-bazterketa, gerrak eta heriotza besterik ez baitizkio ekarri, munduko hainbat lekutako gazte nukleo militante txikiak beren buruei galdezka hasi dira Nazioarteko Iraultza Sozialistaren programa historikoki berriro irekitzeaz. Gure ordua iristen ari da, maila guztietan armatu behar ditugu geure buruak datorkigun zereginari erantzuteko.

HAZKUNDE MUGAGABEA IZANGO DUTEN ALDERDI-ZELULAK SORTZEA

Gure zeregin garrantzitsuena epe laburrean, maila ideologikoan, nazioarteko eztabaida artikulatzea eta bultzatzea da, programa komunista iraultzailea berrosatzearen eta eguneratzearen alde. Eztabaida horrek, hain zuzen, bateratu egin behar luke klase borrokaren eta teoria marxistaren –zientziaren arlo guztietan– esperientzia historikoaren onena.

Komunismoak, klaserik gabeko gizarte unibertsal baten programa historiko gisa, non gizateria osoaren ondare baitiren askatasun politikoa, ongizatea eta aberastasuna, inoiz baino gaurkotasun handiagoa du mehatxu larriek ezaugarritutako testuinguruan, zeinaren aurrean kokatu duen giza-arrasa kapitalismoak. Mehatxu horiek, gaur egun, honako hauek dira: gizarte-bizitzaren erabateko deshumanizazioa, ekosistemen suntsipen atzeraezina, gizarte-bazterketa eta atomizazio orokorra, gehiengoarentzako miseria materiala, populazioen aurkako erabateko gerra, eta biztanleriaren gehiengoaren gain metatzaile handien gutxiengo batek ezarritako menderatze politiko zapaltzailea.

Baina ezin gara asebete lan hori bere forma sinplean formulatuta, ezta mugimendu komunistaren nazioarteko eztabaida hori zeregin abstraktu bakar gisa kokatuta ere. Zeregin horren formulazio ideologiko hutsa, zehaztasun praktikorik gabe, motz geratzen da. Ataza zehaztu egin behar da, eztabaida hori praktika aurreratuen eztabaida da, eztabaidak gorpuztu egin behar du. Besteak beste, atzeraezina da dinamismoa hartzen hasi diren militante komunista iraultzaileen sarea zabaltzea, zirkulu zentrokideetan, eta hazkunde proportzionalarekin. Ehunka izatetik, milaka izatera igarotzea, milaka izatetik, dozenaka eta ehunka mila izatera igarotzea, milioika izatera, harik eta komunismoaren nazioarteko ehun iraultzailea, gorputz sozial iraultzailea, erabat berrosatu arte; izan ere, gorputz hori izango da, bermeekin, gizarte-ereduaren trantsizio historikoak eragiten dituen askotariko arazo guztiei konponbidea bilatzeko gai den eztabaida boteretsu eta benetakoa garatuko duena. Bere masa-dimentsioko proletariotza iraultzaile hori izango da, hain zuzen, ezinbesteko eginbehar historiko honi arrakastaz ekingo diona: teoria iraultzailea eguneratzea eta prozesu sozialistari ofentsiba mailara jauzi egiteko bultzada berria ematea. Hori da gure belaunaldi-misioa, komunismoaren berreraketa ideologiko, politiko eta antolatzailea planeta osoan.

Hori esanda, gure herrialde txikian lur hartuta, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistatik proposatzen ari gara eguneraketa-eredu bat, ehun komunista iraultzailearen hazkunde proportzionalean datzana, estrategia bateratu baina aldi berean anitz baten inguruan, belaunaldi bakoitzean, subjektibotasun zapaldu bakoitzean eta bizitza sozialaren eta ekoizpenaren eremu bakoitzean artikulatzeko gai izango dena, sozialismoaren esparru kontzeptuala borroka-gune bakoitzean hedatzeko gai izango dena. Hazkunde proportzionala, espazio sozial guztiak, belaunaldi guztiak eta zapalkuntza mota guztiak Iraultza Sozialistaren eta Erreakzioaren arteko klase-borrokarako espazio bihurtzeko potentzialarekin, egungo Mugimendu formaren estrategia mailaz maila garatzeko, Alderdi formatik igaroz ofentsibaren sintesi gisa, Estatu-Komuna formara heltzeraino, Proletariotzaren Diktadura Iraultzaile gisa.

Definitu berri ditudan espazio komunista iraultzailearen –aurrerantzean proletario iraultzailea– existentziaren hiru modalitate progresiboak antolaketa-eredu berekoak izango lirateke, mailaz maila hobetutako eta konplexu egindako eredu bat, agertokian aurrera egin ahala: antolaketa-eredu hori proletarioen demokrazia da. Demokrazia proletarioak bere adierazpen historikorik handiena izan du Kontseiluen ereduan. Kontseilu horiek partaidetzazko organoak dira eta, aldi berean, proletario iraultzailearen boterearen arrazionaltasun finalistikoa maximizatzen dute. Beren artean modu zentralizatuan artikulatutako organoak dira, arazo orokorrei konponbide bateratua emateko, osotasuna koordinatzeko, eta egoeraren araberako auzi garrantzitsuak erabakitzeko, non administrazioko kargu guztiak ezeztagarriak diren une oro.

Antolaketa-eredu horrek, estrategia iraultzailea garatzeko egitura formal gisa, kontseilu –botere proletarioaren administrazio-zelulak– sare unibertsal batean datza, bai bere Mugimendu forma oinarrizkoan, bai bere Alderdi forman –ofentsibarako erakunde zentrala, proletariotza iraultzailearen erakunde eta instituzio guztiak artikulatuko lituzkeena–, bai eta Estatu-Komunan ere, klase borrokaren maila goren gisa, mundu mailako klase arteko gerra zibilaren fase aurreratuaren berredizioa izango litzatekeena. Mendearen lehen erdian bizi izan zena bezalakoa.

Ordezkatzen duten boterearen ikuspegitik, Kontseilu Sozialistak dira proletariotza iraultzailearen organo betearazleak eta haren botere antolatua; eta ez, proletariotza osoaren organo deliberatzaile eta ahalmenik gabeak, parte-hartze fikziozkoa eta hutsa izatera irekita daudenak, bai eta erantzukizunik gabeko subjektu indibidualen ustezko eskubide batera irekita ere. Kontseiluen funtsezko araua ez da gizabanako abstraktuek beren iritzia etengabe emateko duten eskubidea; kontseilu horiek administratiboki antolatzen duten botere kolektiboaren izaera unibertsala baizik, gizarte osoaren zerbitzura dagoen botere kolektiboa; lan-taldeek, bitarteko kolektiboek eta kontseilu-sare osoak parte hartzen duten helburuek duten moduagatik, estrategia iraultzailearekin bat eginda. Hau da: Kontseiluak ez dira gizabanako abstraktuentzako eskubide-plataformak; gizabanakoek, militante zehatz gisa, gizabanako etiko gisa, guztiak desberdinak baitira, daukaten oinarrizko antolaketa-forma baizik, eta horiek ez dute parte hartzeko eskubiderik, betebeharra baizik. Horrela, parte-hartzea jarduera kualitatibo bihurtzen da, eta ez egozentrismoaren simulakro, parte-hartze eredu burges ‘formalak’ sustatu duen modura, auzoko asanblada ustez autogestionatutik –non bakoitzak berea defendatzen duen– hasi eta legebiltzarrera arte.

Erabakiak hartzeko ereduari dagokionez, kontseiluek elkarren osagarri diren bi ezaugarri dituzte: alde batetik, kide guztiek berdintasun errealean parte hartzea; eta, bestetik, ikuspuntuen pisuaren arteko aldea, betiere kolektiboki neurtuta arrazionaltasun potentzialaren eta argudioaren mailaren arabera, eta egokituta, hain zuzen, nazioarteko mugimendu komunistako gero eta sektore gehiagok partekatutako estrategian zehaztutako errealitatera eta helburu iraultzaileetara –horretarako, ezinbestekoa izango da aipatutako nazioarteko eztabaida zabala etengabe bultzatzea–.

Demokrazia gehiengoak eta gutxiengoak dira, baina ez nolanahikoak; osotasunarentzako onena dena aukeratzen duten gehiengoak eta gutxiengoak baizik. Demokrazia burgesak, zeina oinarrituta dagoen orokorrean gizartetik aldenduta dauden alderdien arteko adostasunetan –gizartea ordezkatzen dutela esan baina, finean, beren interes sektarioei erantzuten dietenak–, lehian dauden alderdi-eragileen interes partikularren arabera eratzen ditu beti administrazio-erabakiak. Eztabaida parlamentarioen helburua ez da, inondik inora, guztiontzako onena izango den erabakia perfekzionatzea, bakoitzaren interes partikularrak neurri handiagoan edo txikiagoan inposatzea baizik. Enpresa-negoziaketen eredua da, gaur gaurkoz, alderdi burgesen arteko zein alderdien barruko korronte ezberdinen arteko elkarrizketa eredua. Lehenik eta behin, eskura ditudan baliabide guztiekin zu zapaltzen saiatuko naiz eta, gero, lortutako indar-korrelazioaren arabera, ikusiko dugu ea pastelaren zein zatirekin geratzen den bakoitza. Haien helburuak beti klasistak eta partikularrak direlako gertatzen da hori. Helburu horiek, bereziki, lan-indarraren esplotazioaren aldamioetan daude oinarrituta, bai eta dinamika ekonomiko horrek eremu politikora jaurtitzen dituen emaitzetan ere, banatu beharreko botere pribatu gisa.

Administrazio burgesak ez bezala, Kontseiluak parte-hartze unibertsaleko prozesu bat dira eta errotik izan behar dute, bai eta, aldi berean, denon intereserako kalitatezko erabaki-organoak ere. Hori Kontseiluak militanteek osatuta baino ezin da lortu, militantzia ulertuta, hain zuzen, gizartean kualitatiboki parte hartzeko prestakuntza etiko progresibo gisa, besteen bizitzak hobetzeko diziplinaz jarduten duen pertsona eredu gisa, boterea modu bateratuan biltzen duten erakunde sozial askeetan –ez estatu burgesaren administrazio politikoan bezala, zeina botere errealaren oskola baita, zeinak botere eskuordetuen itxurazko banaketarekin funtzionatzen baitu, boterearen benetako iturria, ordea, nazioarteko finantza-zentraletan eta haien organoetan antidemokratikoetan dagoen bitartean–.

Azken batean, militante komunistak, motibazio etikorik gabeko proletario alienatuaren pertsona ereduari kontrajarrita, parte hartzen duenean, ekarpena egitea besterik ez du bilatu behar, eta ez pertsonalki aprobetxatzea, antolakuntzaren subjektibotasun burges batetik. Kontseilua, Sozialismoaren –proletalgoaren botere politikoa– administrazio-zelula gisa, soilik militantzia komunistaren artikulaziotik eraiki daiteke, kolektibitateari beren onena eman nahi dioten gizabanakoen militantzia komunistatik. Isilik egoten dakite baina baita, ekarpen on bat pentsatu dutenean, zorrotz hitz egiten ere; besteen ahalmenak beti positiboki baloratzen dakite; autokritika egiten dute sistematikoki; eta etengabe egiten dute borroka beren burua eta taldea hobetzeko, hain zuzen, lan diziplinatuaren, konpainia osasuntsuaren eta adiskidetasunaren bidez, bai eta beren giza ahalmenen etengabeko azterketaren eta hobekuntzaren bidez ere. Kontseilu Sozialistak administrazio-sistema entseatu behar du. Administrazio-sistema horrek, zelula gisa, gizartearen plangintza sozialista osatzen du Kontseiluen Estatu Sozialistan, edo Estatu-Komunan. Sistema hori erabat bideraezina da militante komunistaren pertsona eredua ez bada iristen nolabaiteko orokortze-mailara proletarioen artean.

Ikuspegi praktiko batetik, Euskal Herriko egungo Mugimendu Sozialistaren Mugimendu Formaren garapen-mailan, fronteetako eta lurralde-eremuetako borrokak koordinatuko dituen administrazio-lotura eratzen dute kontseiluek. Fronteetan baldintzak aldatzeko borroka taktikoko prozesu guztiek zera izan behar dute, aldi berean:

1. Borroka ideologikoko prozesuak, non teoria iraultzaileak posizioak aurreratzen dituen eta ideologia iraultzailea hedatzen den masa proletarioen artean, eta

2. Hobekuntza-prozesuak, eta ez ordena kapitalistan proletalgoaren sektore txikiek dituzten berehalako baldintzei dagokienez, baizik eta, batez ere, proletalgo iraultzaileak eremu sozialaren gainean duen kontrol-proportzioari lotuta, hau da, burgesiaren alderdiak eremu horretan duen kontrol-mailaren aurkako borrokaz ari gara. Hori posible izateko, plan kontzeptual, dinamiko eta progresibo bat zehaztu behar da, gizarte-bizitzako esparru guztiak klaseen arteko borrokarako esparru politiko gisa birkontzeptualizatuko dituena, etorkizuneko Estatu Sozialista bat osatzeko kontzeptuen bidez, Gizarte Komunista baterako trantsizioa egin ahal izateko.

Adibide bat: unibertsitatean edo ikastetxeetan ‘hobekuntzengatik’ egiten diren borroka taktikoak Nazioarteko Hezkuntza Sozialistaren Espazio bat izateko planak zehaztutako norabide estrategikoan baino ez dira sustatu behar, proletariotza iraultzailearen kontrolpean, non hezkuntzaren lan-prozesuak erabat sozializatuko liratekeen. Plan estrategikoak zehaztuko lukeen ortzi-muga horretara bidean, urrats bakoitza berehalako borroka taktikorako elementu bat izan daiteke.

Berehalako hobekuntzak Nazioarteko Iraultza Sozialistarako erregaiak izan daitezke, baldin eta, alde batetik, proletariotza iraultzailea bada bere borrokarekin eta ideologia iraultzailearen hedapen-jarduerarekin gauzatzen dituena, eta, bestetik, proletariotza iraultzaileak garatzen diren eremuan duen kontrola areagotzeko balio badu, eta, beraz, proletariotza iraultzailearen gizarte-prozesuen kontrol orokorra eta botere sozialistaren antolaketa-esparrua areagotzen baditu.

Azalpen labur gisa, uler bedi proletalgo iraultzailetzat hartzen ari naizela etengabe aldatzen ari den subjektu historikoa, ideologia iraultzailean, kontzientzia historikoan, gaur arteko klase borrokaren historia osoa zeharkatzen duen subjektu sozial antolatua den aldetik, eta, kontzeptuaren ordenan, klase borrokaren etorkizuneko historia modu estrategikoan zeharkatzen jarraituko duena, hurrenez hurren mugimendu, alderdi edo estatu formetatik igaroz, bere zeregina bete arte.

Nolanahi ere, eta esan bezala, berehalako borrokak proletalgo iraultzaile horren “estrategiaren uneen” zentzuan garatu behar dira soilik, Estatu Sozialistarekiko aurreratutako posizio gisa, non proletariotza iraultzaileak burgesiaren alderdiak baino kontrol maila handiagoa izango lukeen gizarte-prozesu orokorretan zein lurraldeetan. Prozesu horretarako, Masen Alderdi Komunista izango da bitartekari, talde proletario handiak militante sozialista bilakatzeko prozesuan sartuz. Prozesu estrategikoan, borroka zehatzak, bestalde, Botere Proletarioaren pixkanakako eraikuntza dira (hau da, formalki unibertsala den irispidea duen botere soziala) hedatzen ari den botere sozialistaren antolaketa-esparruaren inguruko gizarte-esparru guztietan, proletariotza iraultzailea burgesiari gailendu ahal izateko.

Zer ordezkatzen dute, orduan, Kontseilu Sozialistek? Laburbilduz, kontseiluak demokrazia proletarioaren administrazio-zelulak dira eta militante sare komunistaren hazkunde proportzionalerako fronte zein borroka zehatzak artikulatzeko, proletariotza iraultzaileak prozesu sozialak kontrolatzeko eremua pixkanaka zabaltzeko eta Alderdi Komunista mundu mailan berreratua izango den ofentsiba fase batean proletalgoaren sektore ezberdinetan eta konpromiso maila ezberdinekin komunismoa gero eta gehiago nagusitzeko zeregin berehalakoa dute.

Fronteen lotura taktikoa eta Prozesu Sozialistarekiko lotura estrategikoa eta ideologikoa. Kontseilu Sozialistaren homogeneotasunak eta sinpletasunak lurralde-artikulazio potentziala bermatzen du eskala handian, indar burgesen korrelazioek osatutako marjina idealistarik gabe, prozesuaren une bakoitzean beharrezkoak diren maila eta eskalan, ikuspuntu sektorialetik (ekoizpenean, kalean, borroka-fronteetan) edo lurralde-ikuspuntutik (eskualde-, nazio- eta kontinente-mailan), Munduko Iraultza Sozialistaraino iritsi arte. Kontseiluaren administrazio-zelulak gero eta artikulazio handiagoranzko proiekzio kontzeptuala du hasieran, mugarik gabe txertatuz fronte berriak, militante sorta berriak, potentzia berriak eta lurralde berriak, nazioarteko eztabaidaren bidez aldatuz eta hobetuz. Hori da gaur egungo nazioarteko eztabaidari egiten diogun ekarpena, praktika gisa, antolaketa-esperientzia gisa, hori entseatuko dugu, hori egiten ari gara.

Botere-lotura, alderdi-zelulak, urrats berri bat, ekimenari eutsiz, ilusioa antolatuz.



Iruzkinak

Ez dago iruzkinik