Aurrekaririk gabeko krisi baten gaineko apunte ekonomikoak

2020ko azaroaren 16a

Egilea: Kolitza


[Arteka aldizkarian 2020ko uztailean argitaratutako kolaborazioa]

Hala dirudien arren, orain aurrez aurre dugun ekonomia- eta finantza-krisiaren oinarriak ez du zerikusirik uneko COVID-19ren pandemiarekin, nahiz eta pandemiak bai izan duen zerikusia krisi horrek finantza- eta ekoizpen-krisi gisa izan duen behin betiko piztearekin. Testu honetan, koiuntura ekonomiko globala ulertzeko elementu batzuk aipatu nahi nituzke, analisi ekonomikoa beti kontuan eta gogoan izan beharko lukeen militantzia aktiboak osatutako publiko bati garrantzia estrategikoa duten auzi batzuetara sarbidea erraztea beste asmorik gabe. Elementuak laburpen gisa agertzen dira testuan eta, horietan sakontzeko, irakurlea gonbidatzen dut bere kabuz horretan jardutera.

Oro har, esan daiteke 2019. urte osoan zehar adierazle ekonomikoak atzeraldi handi baten berehalako etorrera markatzen ari zirela. Merkatuen alarma-zeinu horiek, hala nola, merkataritza globalaren indizeen beherakada, banku zentralek urre-erreserbak bereganatzea, errepoen krisia 2019ko irailean, tasen kurbaren alderantzikatzea urte osoan zehar eta abar, zerbait oso gaizki zihoanaren seinale nabarmenak ziren.

Indize ekonomikoen paperezko bilgarria urratzen badugu eta egitura ekonomikoa eta finantza-politika handiak aztertzen baditugu, ikusiko dugu alarma-zeinu horiek ezkutatzen duten fenomenoa, benetan, egiturazko ekoizpen-krisi bat dela, ordena sozial kapitalistari eusteko finantza-politika oldarkor batek eta metatzaile handien botereak lagunduta. Testu honek ez dio helduko garrantzizkoena den horri, hau da, ez ditu ekoizpenaren egiturazko krisia adierazten duten elementuak azalduko; hala nola, interes-tasa negatiboak, desinbertsio orokortua, aurrezkien suntsipena, merkataritza globalaren geldialdia, edota langabezia kroniko eta gorakorra. Testu honek, batez ere, azken bi hamarkadetan, mundu mailako testuinguru horretan gainontzeko klase sozialen aurkako finantza-­ofentsiba bat osatzen duten, osatzen ari diren eta osatu duten politika nagusiak deskribatu nahi ditu.

Azken hamar edo hogei urteetan garatzen ari den ofentsibazko finantza-­politikaren kokapena, ekoizpenaren krisi kapitalistatik eratorritako ekonomiaren egitura-eraldaketa da, banaketa-ekonomia gero eta ez parekoago batera bidean; ia ekoizpenik gabea, eta kapitalen zentralizazio erreakzionarioa ezaugarri duena. Eskasiaren kudeaketarako ekonomia bat, avant la lettre, eta dagoeneko alde batera uzten duena ekoizpen- eta hazkunde-ekonomia global kapitalista tipiko bat oinarri izateko asmoa, 90eko hamarkadaz geroztik gainbalioaren tasak hazkunde ezdeusa izan duela ikusita.

Finantza-ofentsiba horrek ordena ekonomiko global berri bat diseinatu nahi du eta, bitartean, gainbalio globalaren produktibitatearen beherakada kroniko jada ageriko eta ukaezina kudeatzen du, ehuneko zero inguruko edo, asko jota, industrialki aurreratuta dauden herrialdeetan ehuneko hirura iristen diren hazkunde-tasekin, gorabidean dauden herrialdeetan izan ezik. Hala ere, bazen itxaropena Txinak ziklo fordistaren antzeko hazkunde-tasa globalak izango lituzkeen kapitalismoaren eredu ekonomiko berri bat ekartzeko; esperantza horiek, ordea, desagertzen ari dira Asiako erraldoiaren produktibitatearen izoztea nabarmena dela ikusita. Bidenabar esanda, ehuneko bi edo hirura iristen ari diren mendebaldeko hazkunde-agerraldi txiki horiek, egia esan, ondorengoa ari dira irudikatzen: aurrezkiaren kontsumo ez-emankorra, enpresa batzuen esku dagoen zentralizazioa, beste batzuen kapitalaren porrotetik eta balio galera orokorretik eratorritako irabazi modura, eta enpresa jakin batzuen irabazi birtualen ekoizpena eta finantziazioa, balio errealik gabeko hedapen kuantitatiboko moneta-politikek finantzatutako kreditua eskuratzearen bidez.

Hazkunde positiboko tasa edulkoratuen atzean ezkutatzen dena, azken batean, irabazi-dinamikaren xurgatzea da; ez gainbalio berrien xurgatzea, baizik eta klase ertainen eta langileen aurrezkien espoliazioa, ofentsibazko politika monetario, fiskal, laboral eta finantzario baten bidez. Finantza-­ofentsiba horrek, banku zentralek ex nihilo sortutako kreditu-diru kopuru handiak injektatzen ditu, esku gutxitan kontzentratuz; klase baxuen gaineko zerga-ezarpena handitzen du, eta estatuaren gastuak murrizten ditu gobernu txotxongiloen eta xantaia politikoen bidez, beren eragin-taldeez baliatuta; soldatak eta lan-baldintzak jaisten ditu; eta klase ertainen aurrezpena zigortzen du, negatiboak diren edo % 0tik hurbil dauden interes-tasekin, baina interes-tasa handiekin mailegu-emaile finantzari handien kasuan, batzuek Cantillon efektu gisa izendatu duten fenomeno batean, bere garaian Misesek landutako kontzeptuaren arabera. Hau da, gainbalioaren tasa beherakorra eta amildua den testuinguru batean, gutxi batzuen irabazi-tasari eustearen kontura, kapitalismoaren ekoizpen-oinarriak suntsitzen dira; alegia, aktiboak, aurrezkiak eta, batez ere, lan-indarra. Horren ondorioa da klase ertainen suntsipen geldiezina Europan eta Estatu Batuetan; ziurrenik, hurrengo hamarkadetan planeta osoan hedatuko dena, akumulazio-dinamika berrindartzeko adinako gainbalioa sortzeko gai den ekoizpen-eredu berri bat sortzen ez bada, behintzat. Goranzko ekoizpena zen klaseen arteko itun sozialaren oinarri ekonomikoa, eta orain oinarri ekonomiko hori desagertu egin da.

Oinarri horren ezean, eta geldialdia jada kroniko bihurtu denez, kapitalismoa mutatzen ari da, gizarte-eraketa ‘autonomo’ batetik (bere lege historiko propioek eutsitakoa) trantsizio-bidean dagoen gizarte-eraketa batera, non ekoizpen kapitalista ez den desagertu, baina bere rol hegemonikoa galtzen ari den. Arazo honen oinarria da giza lan biziak zentraltasuna galtzen duela ekoizpenaren esparruan, gizadiaren ekoizpen-indarren garapenaren fase jakin batean, non teknologiak erabateko zentralitatea duen. Teknologia hori jada ez da antolatzen lan-indarraren merkatu globalaren inguruan antolatutako industria fragmentario gisa, baizik eta osotasun teknologiko global integratu gisa; general intellect gisa, gehiegizko eskaintza iraunkorra duten hainbat lan-merkatu nazional artikulatzen dituena. Robotika hurrengo bi hamarkadetako lanpostuen heren bat eta erdia bitarte ordezkatzeko bidean dago, eta egitate hori ikaraz behatzen dute akademia burgesaren ekonomia eta soziologia fakultateek. Kapitalak, gizarte-harreman gisa ulertuta, lan biziaren gaineko aginte-boterearen metaketa global esponentzialaren dinamika gisa ulertuta, indarra galtzen du prozesu historiko soziala dinamizatzerako orduan. Haren oinarri ekonomikoa, garai batean gainbalioen ekoizpenean oinarritua, desagertzen ari da; eta gizarte-harremanetarako bere aparatuak, orain, enpresa unitateen eta, batez ere, finantza unitateen arteko gerra batean datza. Unitate horiek, itxuraz, ‘ekoiztu’ egiten dute, baina, berez, banaketan parte hartzeko soilik balio dute; gizarte-produktu sozialaren banaketan, gaur egun batez ere teknologikoa dena. Indar produktiboek, diziplina anitzeko egitura robotikoa duen adimen artifizial baten forman eta ekoizpena leku guztietan modu optimizatuan dinamizatzeko gai den plataforma zibernetiko baten forman totalizatuta, talka egiten dute lan-indar bizian oinarritutako kapitalismoaren harreman sozialen marko estuarekin, industriako gizarte batek berezkoak dituen harreman sozialak izaki. Kapitala etengabeko tentsioan dago; hain zuzen, gizarte globalari, baliabide materialen oparotasunik ikaragarrienaren eta urritasun sozial eta miseria moral gero eta handiagoen arteko erabateko tentsioa ezartzeko tentsioan. Marxek, metaketa kapitalistaren bere lege orokorrarekin, berretsi egiten ditu aroen atalasearen hastapenak.

Jakina, ez naiz ukatzen ari egitura teknologiko horrek oraindik ere kapital-harremanaren pean lan-unitate biziak kontsumitzeko duen beharra; alabaina, metabolismo sozialaren prozesuan lan biziaren zentraltasunaren galera esponentzialki hazten ari da eta muga historikoak gainditu ditu jada, gizarte burges modernoa, horrek bere burua antolatzeko duen eran, krisi sistemikoan jarriz. Prozesu hori guztia ikertu, aztertu eta estrategikoki proiektatu beharko litzateke marxismoaren kategoria kritikoen bidez; izan ere, haren barruan, krisi historiko sozialaren muinean, mugimendu ekonomikoarenean, trantsizio-mende honetarako politika komunista iraultzailea berraktibatzeko oinarri politikoak aurki daitezke. Gaur egun, inoiz baino gehiago, krisi kapitalista nazioarteko iraultza sozialistaren granitozko oinarria da, basakeria den bigarren aukera beti presente dagoela.

Dena den, elite finantzarioa partzialki kontziente da prozesuaz, eta eraso-neurri oso oldarkorrak inplementatzen ari da. Neurri horiek, nahitaez plan bat jarraitzen ez badute ere, ezinbestekoak dira beraien klase-interesen ikuspegitik, beraien klaseak informazio guztia eta koiunturaren aurrean maniobratzeko ahalmen guztia biltzen baitu, espazio mediatikoak gainerako gizartearen aurrean normaltasun-irudia proiektatzen duen bitartean. Bidenabar, Carlos Michelena Ordoñezen artikulu bikainean oinarrituz (Saqueo y Crisis del capital Financiero, Rebelión-en eskuragarri), zera gaineratuko dugu, nazioarteko burgesiaren aginte-geruza, finantza-elitea, gaur egun oligarkia multinazional batean (estatuaren beharra duena bere negozioak dinamizatzeko tresna inperialista den heinean) eta nazioz gaindiko oligarkia batean (bere interesak mundu osoan banatuta dauzkana) banatuta dagoela. Bigarren horrek potentzialki ordena ekonomiko globala berrantolatzeko ardura du inperialismoaren fase berri batean (erreakzionarioa, baina estatu nazionalen garrantziaren galera nabarmenarekin). Nolanahi ere, bi sektoreak tresna politiko eta finantzario nagusiak kontrolatzeko lehian ari dira, batez ere Estatu Batuetan.

Finantza-oligarkia guztiaren klase ofentsibaren neurrien artean honakoak nabarmen daitezke:

Lehenik eta behin, hedapen monetariorako politika mastodontikoak ditugu, banku zentralek ezarriak. Banku zentralak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira, eta faktore gisa estatu nazionalak ordezkatzen dituzte ziklo zurrunbilotsu berrirako burgesiaren boterearen sintesiaren elementu nagusi gisa, monetaren igorpena den botere zentralaren fluxua kontrolatzen baitute, fiat dibisetan estatuaren aldetik euskarri material edo kontrolik gabe dagoena erabat. Fed erakundearen hedapen kuantitatibo mugagabea Estatu Batuetan, edo Draghi Plana Europan 2015etik 2018ra, edo konfinamenduak ekarri duen ekonomiaren erabateko geldialdiaren harira, EBZren hedapen kuantitatiboko politika berria bilioika moneta-unitate txertatzen ari dira finantza-elitearen esferetan, Europako eta Estatu Batuetako banku eta finantza-erakunde nagusietan, interes-tasa oso baxuetan edo are negatiboetan, horiek enpresei, estatuei eta partikularrei maileguan eman diezazkieten, askoz ere interes-tasa handiagoetan, eta aktibo publiko eta pribatuen erosketa sistematiko eta planifikaturako (ezerezetik sortutako diru-kopuru erraldoi horiek zuritzeko edo «egiteko» modu bat da hori). Oro har, moneta-kopuru handien injekzioak balioa kentzen dio moneta-erreferentzia nominalari; aldiz, kreditu-politika piramidalaren bidez, non gehiago irabazten duten jaulkipen-iturritik, banku zentraletik, hurbilen daudenek, finantza-elite globalaren aginte-boterea handitzen da. Horrek, finantza eliteari ekonomian eta politikan esku-hartze diktatorialerako botere sorta ematen dio. Hau da, ekonomia desbalorizatzeko estrategia alderantziz proportzionala da elite finantzarioak ekonomian duen pisu espezifikoa handitzeko estrategiarekiko, bere partaidetza kuantitatiboki handitzen du aktiboen iruzurrezko erosketen eta azpijokozko kreditu-mekanismoen bidez.

Bigarrenik, munduko enpresa kapitalista nagusien akzioak berrerosteko politikak ditugu. Multinazional handien eta enpresa nazional handien finantza eta zuzendaritza elite berak bigarren estrategia bat garatzen du arlo horretan, eta horretarako finantza legeak ere aldatu ditu, Estatu Batuetako etorkizunak modernizatzeko legea kasu. Akzioak berrerostea enpresa handien aktiboak arpilatzeko mekanismo bat da, zeinaren eraginez enpresa errentagarri egiteko inbertsio produktiboa edo eskulan kualifikatua kontratatzeko inbertsioa handitzekoa bertan behera uzten den eta akzioak berrerostera bideratzen den, zuzendarien irabazi-indizea handitzeko eta akzioen balioak burtsan gorantz kotizatuz mantentzeko helburuarekin. Horrela, gezurrezko eskaria sortzen da, baita balantze negatibo izugarriak dituzten enpresetan ere. Helburua, azken finean, enpresaren zuzendariek beraiek enpresa arpilatu eta porrot eragitea da. Praktika hori debekatuta zegoen 1990eko hamarkadaren amaierara arte, baina azken bi hamarkadetan orokortu egin da Europan eta Estatu Batuetan. Arpilatze horren arrazoia, finantza-burgesiak ekoizpen-burgesiari, zuzendaritzako kideek beren enpresei, akziodun nagusiek akziodun txikiei eta bankariek enpresariei egiten dieten arpilatzearena bezain sinplea da: ekoizpenak ez du jada etekinik ematen, aktiboetan inbertitzea ez da errentagarria metatzaile handientzat, errentagarriagoa baita epe laburrean beren enpresa arpilatzea, eta hori esfera produktibotik inbertsioa era oldarkor eta orokortuan kentzea baino ez da. Kapitala bere baitan biltzen da, min terminalen aurrean gaixo bat bezala. Horrela, enpresa estrategiko handietan (petrolio-enpresak, industria kimikoa, industria astunak, airelineak, baita finantza-erakundeak ere) dagoen Kapitala esku gutxitan metatzen da ekoizpen-eredu berri baten eta ekoizpen-ekonomiaren birbanaketa orokorraren zain, eta ekoizpen errealetik bereizitako espekulazio-­jardueretan inbertitzen da Kapitalak beste bitarteko batzuen bidez zentralizatzeko mekanismoa erreproduzitzeko, deribatuen, motzeko operazioen eta bestelakoen bidez. Litekeena da prozesu horiek porroten, erreskateen, kaleratze masiboen, soldaten jaitsiera orokorraren eta kapitalismoaren historiaren desegituratze sozialaren kate handiena eragitea, eta hori bat-batean eta berehala gerta liteke, pandemia izan den porrotetarako katalizatzailearen ondoren, datozen bizpahiru urteetan.

Ekonomiaren zonbifikazio prozesu hau, gainera, eta hirugarren ezaugarri modura, zenbait finantza analistek, hala nola KeiserReport finantza erreportaje programak, ‘Ponzi iruzur handi’ gisa izendatu dutenaren eskutik dator. Edo beste modu batera esanda, etengabeko gainzorpetzea, eta interesak zorpetze berrien bidez ordaintzea, iruzur piramidal bat ezarriz eta arrisku-kapital guztia pentsio funtsen, estatuaren eta langile klaseen aurrezkien gain utziz. Legislazio finantzarioa erabiltzeko iruzurrezko mekanismo bat da, zorraren bidez langile klasearen eta klase ertainen aurrezkiak lotsagabeki lapurtzeko, baita burgesiaren sektore zehatz batzuenak ere, aurrezki horiek elite finantzarioaren eskuetan uzteko eta ostean lapurreta elkarteak diren enpresa horiek porrot egin dutela esateko. Baita industria osoak ere, eskistoarena Estatu Batuetan bezala, Ponziren eskemaren bidez lapurreta justifikatzeko baino ez direnak existitzen. Etengabe zorpetzeko mekanismo horrek badu egiturazko elementu larrigarri bat: ez du helburutzat ekoizpen kapitalistari bultzada berri bat ematea, alor produktibo gehienetan hori ez baita ia edo batere errentagarria. Bere helburua, aitzitik, aurrezkiak metatzea edo eskuz aldatzea da, mundu mailako berrabiatze ekonomikoari begira, guztiz arpilatuta eta xantaia pean dagoen nazioarteko oinarri proletario erraldoi bat sortuz, eta horren parean, bitarteko ekonomiko guztiak eta dominazio absoluturako oinarri teknologiko zabala esku artean dituen goi burgesia finantzarioa. Ohar bezala aipatzekoa da, gizartearen mundu mailako birkonfigurazio honetan, posizio berri batera aldatzen ari dela formazio burgeseko klase sozial bakoitzaren paper politikoa, eta premiazkoa da horren ondorioak ikuspegi soziologiko eta politikotik aztertzea.

Edonola ere, eta puntu honekin amaitzeko, ez ordaintze prozesu larriak ekarriko dituen gainzorpetzea aurrezki txikien gain jausiko da ia osorik edo osorik, erakunde publiko eta pribatuek porrot egin eta interesak ez ordaintzeagatiko zor-kitak negoziatzen dituzten heinean. Azken hau, gainera, zor kontratuen eta bonuen bidez berzentralizatzeko eta espoliatzeko beste forma bat besterik ez da.

Honekin finantza ofentsibaren testuinguru ekonomikoa laburtzeko helburua bete dudala deritzot, hala ere, artikulua osatzeko beste zenbait elementu azaldu behar lirateke, horien artean, burbuila finantzarioaren hazkunde induzitua, Atzeraldi Handikoa baino askoz handiagoa izango dela aurreikusi daitekeena. Burbuila horren jatorria balio merkatuetako esplotazio politika erasokorretan dago, neurri batean, kotizazioetan finantza-mekanismoen bidezko esku-hartze ia etengabea barne hartzen duena, burtsa merkatuak trukatuz esplotazio foku berriak eta kapitalen zentralizazioa sortzeko, inbertsore produktiboak eta enpresa ezberdinak porrotera eramanez.

ONDORIOA

Konklusio modura, ekoizpenaren krisi globalaren oinarriak ulertzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, baita ekoizpen-harreman burgesen markoaren estutzearen eta ekoizpen-­indarrek lortu duten mailaren arteko konexio historikoa ulertzearen garrantzia ere. Konexio horrek, gehiago edo gutxiago espontaneoak izan daitezkeen hainbat prozesu ekar ditzake; hain zuzen, klase buruzagiaren partetik, botereak berzentralizatzeko prozesua, birbanaketatik baliabideen desparekotasunerako prozesua, eta aurreko metaketa zikloko (azken ziklo ekonomiko eta politiko kapitalista handiko) ekoizpen-egitura sozialaren suntsiketa progresiborako prozesua.

Gizarte burgesak modu etsian bilatzen du metaketari eta ordenari bultzada berria emateko baliagarria izango den eredu berri bat. Hala ere, bere buruarekin kontraesankor, dituen muga historikoen aurka joz, jada basakeria eta suntsipena baino ez ditu eskaintzeko. Horrela, egiturazko ekoizpen-krisia proletarizazio masiborako krisi sozial bilakatzen da; eskala handiko gatazka belikoak eragin ditzakeen krisi geopolitiko, egonkortasun ekologikoaren krisi orokor, eredu politikoaren eta ordena demokratiko burgesaren krisi, edota zibilizazioaren, kosmobisioaren eta gizadi ereduaren krisi bihurtzen da.

Zibilizazio burgesaren gainbehera bat dator teknologiaren une gorenarekin. Eraldaketarako indar historikoen, proletariotza iraultzailearen, Alderdi Komunistaren beharrezko eguneratzearen papera da, hala, ekoizpen indar erraldoiek eragiten duten galdera handia ebaztea, garaien atalase hau argitzeko horiek hartu behar duten forma ebaztea, modu horretan, gizadiari bestelako molde historiko berri bat eskainiz. Komunismoa, egiaren, aberastasunaren, zorionaren eta askatasunaren gizarte unibertsala, proletariotzaren eginbehar historiko modura; ala Basakeria, faltsutasunean oinarritutako gizartea, guztiz mailakatua, non gutxi batzuen aberastasuna, zoriontasuna eta askatasuna gehiengoaren miseria, degradazio eta otzantasunaren bizkarrera dagoen, Historiaren (proiektu gisa) behin betiko porrota dena.

Dena dago jokoan. Bitartean, Historiaren trenak bere bidean darrai.