Erreprodukzio sozialaren auziaren harira: teoriatik praktikara

2021eko otsailaren 5a

Egilea: Isabel Benítez


Azken hamarkadetan «erreprodukzio sozialaren teoria» (EST) zabaldu egin da zirkulu akademikoetan eta zenbait espazio feministatan. Artikulu honek haren sorrera, koordenatu teorikoak eta bere baitan biltzen dituen kontraesan politikoak arakatzen ditu, nagusiki «feminismoa %99aren alde» deritzon proposamenaren harira.

Zirkulu akademikoetan eta zenbait espazio feministatan, azken hamarkadatan «erreprodukzio sozialaren teoria» (hemendik aurrera EST) zabaldu da. EST azalpen-marko berritu bat da, nazioarteko jendarte kapitalisa garaikideetan emakumeen zapalkuntzaz ez ezik nazioarteko langile klasearen beste segmentazio-ardatz batzuen berri ere ematen duena. Esplizituki feminismo sozialista-marxista esaten zaionaren oinordeko moduan agertu ohi da, bai Marxen legatu teorikoaren aldarrikapen kritikoan, baita esku-hartze politiko antikapitalistara bideratutako analisi-bokazioan ere.

1970eko hamarkadan feminismoaren bigarren olatuko eztabaidak bor-borka zirela hazi zen; feminismo sozialista-marxistak bere bidea egin zuen feminismo erradikalaren eta alde bakarreko marxismoaren artean. Bestela esanda, feminismo honek apurtu egiten zuen «klase arteko ahizpatasunarekin» eta «emakumeen auziari» aurre egiteko klase-independentziaren alde egiten zuen apustu, betiere, auzi hori modu mugagabean atzeratu gabe, garaiko antolakunde komunistetako inertzia erreformista/deterministak alboratuz[1]. Eztabaida-zelaia «etxeko lanen inguruko debatea» izan zen. 1980ko hamarkadan zehar, genero-ikasketa kulturalak akademian, politikan eta instituzioetan sartzeko prozesu bete-betean, baztertu egin zen feminismo sozialista-marxista (haren proposamena gezurtatu gabe), eta uko egin zitzaien problematika guztiak barne hartzen dituzten gizarte-alorretako azalpen-markoei eta «hirugarren bideei», esaterako teoria dualei (kapitalismo patriarkala/ patriarkatu kapitalista) edo «ekonomia feministari», zeina akademian bereizi egiten baitzen liberalismo ekonomikotik zein marxismotik[2].

Bi hamarkada geroago, 2000ko hamarkadan, ESTaren eraginpean berraktibatu zen feminismo sozialista-marxista hori eztabaida haietako koordenatuetan kokatzen da:

a) Teoria dualak, hots, elkarrekin harremana duten bi zapalkuntza-logika desberdin bereizten dituztenak: zapalkuntza patriarkala batetik, eta esplotazio kapitalistatik eratorritako zapalkuntza bestetik. Feminismo erradikalaren oinarriak feminismo marxianoaren oinarriekin adiskidetzeko –ez sistematikoki– zorioneko espazio erosoa zen, eta ahulgune teoriko handiak zituen[3]. ESTk teoria unitariorean oinarrietan kokatu zuen bere burua.

b) Marxen balioa-lana eztabaida, etxeko lanei aplikatua («soldatak etxeko lanentzat» kanpainaren sustatzaileek planteatutako eztabaidak hizpide). ESTk, ekonomia feministaren ikuspegitik etxeko lanen inguruan egindako ikerketen eztabaida berritzea galdegiten du.

c) Analisia konplexuago egitea, klaseaz edo sexu/generoaz haraindiko beste zapalkuntza-ardatz batzuen trataera dela eta: perspektiba intersekzionalak, eta, zehazki, arraza-zapalkuntza esplizituki aintzat hartzen dutenak. ESTk, teoria integratu moduan, zapalkuntza konkomitanteen deskribapena gainditu nahi du[4].

601d7d97afff9.IsabelBenitez001.jpg

1970eko hamarkadan zein orain, emakumearen auziaren inguruan marxismoaren suspertze teorikoa lotuta doa kapitalismoak nazioarteko eskalan dituen kontraesanak areagotu izanarekin, nazioarteko proletalgoaren segmenturik zaurgarrienetan haiek izan dituzten krisiekin eta inpaktuekin… eta baita akademian eta oinarriaren batzarretan modu irekian edo zeharka marxismoa baztertu zuten apustu alternatiboen emankortasun politiko eskasarekin ere. Gauzak horrela, 2000ko hamarkadatik aurrera, nabarmen feminizatu zen zentro inperialistara joandako migrazio-fluxua, etxeari eta zaintzari lotutako lanak betetzeko; 2007ko krisian ere nazioarteko lan-indarrean emakumeen parte hartzeak gorakada izan zuen, hau da, ordura arte soldatapeko lanetik baztertuta egon ziren emakumeen proletarizazio-prozesu indartsu bat gertatu zen, zorpetze-prozesuekin, lurren desjabetzearekin eta pribatizazioarekin lotuta [5], besteak beste, baita langile klaseko emakumeen bizi-baldintzak okertzearekin ere (etxebizitza-eskubidea mugatzea, zerbitzu publikoen prestazioen atzeraldia eta working poor izenekoaren zabalpena, bereziki gazteen eta guraso bakarra ama duten familietan). Ez biraketa linguistikoek, ez generoaren performatibitateak, ezta Ongizate Estatu ezin mugatuagoak[6] ere ez diote erantzun langile klaseko emakumeen egiturazko nahiz eguneroko biolentzia areagotu izanari. Erreminta politiken gabezia hori masa-fronte feministen berragerpenaren aldi berean gertatu da (ezberdina planetako zonalde bakoitzean), zeinak proposamen politiko dibergente edo, are, antagonikoak batzen baititu emakumeen berdintasunaren aldeko borrokaren ikuspegi teorikoaren, programaren eta lehentasun estrategikoen inguruan; bertan, norgehiagoka ideologikoa islatzen da, horren adibide Europako ultraeskuinak ere muturra sartu nahi izatea eta bankuetako zuzendariek beren burua aktibista feministatzat jotzea.

Feminismo antikapitalistan ere, ESTaren barnean, pluralak dira posizio politikoak. Multzo honetan eztabaidaezina den adostasunen bat egotekotan, hauxe litzateke: Lise Vogelen obra dela ikuspegi unitario honen garapenerako abiapuntu serioen eta egituratuena, teoria eta praktika batzen dituena eta Marxetik abiatzen dena eta ez Marxen kontra edo Marx gorabehera. Puntu horretatik aparte, ESTren ekarpen desberdinen arteko ñabardurak, kontraesanak edo adierazpen eklektikoak nagusitzen dira.

Vogelen lanaren ekarpena mugarri izan zen: langile klaseko emakumeen zapalkuntzaren egoeraren inguruko eta, zehazki, subordinazio sozial horretan soldatapekoak ez diren etxeko lanek betetzen duten (edo betetzen ez duten) paperaren inguruko eztabaida kritikotik abiatuta, zimenduak ezarri zituen analisiaren markoa teoria unitarioa izan zedin. Bestela esanda, Vogelekin erne den ikuspegiak, «emakume», «familia» edo «lanaren banaketa sexuala» kontzeptuekin lotutako apriorismo unibertsalak, interklasistak eta gutxi-asko historizatuak baztertzen ditu jendarte kapitalistetan langile klaseko emakumearen zapalkuntzaren berezitasunak aztertzeko premisa eztabaidaezin modura, honela, langile klaseko emakumeen zapalkuntza espezifikoak metaketa-dinamikarekin eta kapitalaren balorizazioarekin duen harremanaren analisiarekin berriro lotzeko.

Horren lehenengo eragin politikoa emakumeen berdintasunaren aldeko borroka klase ikuspegi batean eta ekonomia politikoaren kritikaren muinean zuzenki txertatzea izan zen; hots, Vogelek espezifikotasunari erreparatu zion, baina klase borrokaren osotasunarekin lotuta, eta apurtu egin zituen ikuspegi sektorial, partzial edo zalantzatiak. Gure iritziz, haren analisiak ikerketa-agenda garaikide oso itxaropentsu baten zimentarria ezarri zuen, eta haren parte da Michael Lebowitzen (2005) lana ere.

Beraz, ez du hitz egiten «erreprodukzio sozialaz» lan-indarra ordeztea eta berrosatzea esan nahi duen termino moduan, zentzu marxianoan baizik, kapitalismoaren posibilitateak eta jarraikortasunerako baldintzak birsortu eta betikotzen dituen kontzeptu moduan. Michael Lebowitzen lanak modu esplizituagoan formulatu zuenez, azpimarratuz kapitalismoaren «erreprodukzio»- prozesu horrek –esan gabe doa, langile klasearen betikotzea dakarrena– ez diola eragiten «zaintza-lanei» lotutako auzi biofisiko bati bakarrik edo egungo edo etorkizuneko (belaunaldi-erreleboa) «zaintza-lanei» bakarrik, ezpada harreman sozialaren birsortzeari ere, hau da, soldatapeko lanaren merkatura sartzeko prest dauden eta «bere lan-indarraren jabe diren langile libreei», baina baita haiek kapitalaren zerbitzura egindako ekoizpen sozialaren jabe egiteko duten ezintasun politikoari ere.

Baina Lebowitzen lanean interesgarriena da kapitalaren erreprodukzio hedatu esaten zaiona kontrajartzen diola langile klasearen erreprodukzio hedatuari (klasea berez edo klasea berariaz). Lebowitzek, klase borroka kartografiatzean, leku zehatza ematen dio norgehiagoka horri, eta beraz, azalpen-marko funtzionalista edo deterministak alboratzen ditu. Bestalde, «bizitzaren» nozioa ere lurreratzen du (bizitza kapitalarekin kontrajarria planteatzen duenean): ez dago bizitzaren logikarik, edo hobeto esanda, kapitalismoak «bizitza» nozioaren koordenatu batzuk ditu, eta langile klaseak beste batzuk. Kapitalaren eta lanaren arteko oinarrizko kontraesana kapitalak bere balioa handitzeko eta langile klaseak ekoizpen moduaren barnean klase moduan existitzen jarraitzeko duten norgehiagokaren lehenengo koska saihestezina da. Baina kontraesan hori are gehiago tenkatzen da ikuspegi politikotik ikusten dugunean klase borrokan ematen den «existitzearen aldeko borroka» sindikalismo ekonomizistaz edo politika sozialdemokratez harago doala (aztarna familistak, hots, matxistak izan edo ez), kapitalismoa gainditzea borrokatzen duenean bizitza duina izateko sinequanon baldintza modura, gizaki ez-alienatu bilakatzeko.

Beharbada ez hain anbizio handiko ordena analitiko batean, bestalde, Susan Fergusonek eta David McNallyk Lebowitzen urratsak jarraitzen dituzte, «osotasun organiko» marxianoaren nozioa aldarrikatzearen zentzuan. Martha E. Gimenezen (2018) hitzetan, McNallyk eta Fergusonek «osotasun kapitalistaren ulerkera marxista-hegeliarra» jasotzen dute arraza-auzia erreprodukzio sozialaren feminismoaren markoan integratzeko metodo fidagarri modura (intersekzionalitatearen teoriak hegemonizatzen dituzten ikuspegi gehigarrien edo intersekzionalen aurrean).

601d7e54b4802.IsabelBenitez002.jpg


Marx bai, baina zertarako? Zer erreprodukzio sozialez ari gara?

Martha E. Gimenezek ESTren zenbait oinarriri egindako kritikak aukera ematen digu ESTren korronte nagusian desadostasun teorikoko zenbait puntu (eta horien ondorio politikoak) ikusteko. Horietatik bi nabarmenduko ditugu, ekarpen garrantzitsuenen errepasoa eginez.

Lehenik, zer motatako «doikuntza» egiten dioten Marxen obrari: erreprodukzio sozialaren teoria osatugabe bat den ala ez, eta hala bada, zer motatako garapena behar duen (edo ez), posible al da garapen hori kategoria marxianoak kolokan jarri gabe?[7]Gimenezek, Lebowitzek bezala, defendatzen du Marxek «erreprodukzio soziala» aipatzean kapitalismoari ekoizpen modu gisa egiten diola erreferentzia; beraz, Marxen ikuspuntuak ez du ezer baztertzen, ez eta ahazten ere, besterik gabe koherentea da, kapitalaren optikatik benetan ez delako beharrezkoa lan-indarraren hornidura jariakorra bermatzen duen inolako mekanismorik artikulatzea. Bi arrazoiengatik, batetik, kapitalaren hedatze-dinamika propioarengatik, eta bestetik kapitalaren konposizio organikoak, kapital aldakorraren kaltetan, ahalegin handirik gabe biztanleria-soberakina sortzeko duen joeragatik (erreserba-armada industriala). Horrek baldintza politikoak sortuko ditu, batetik, existitu nahi badu kapitalarekiko mendekotasunean jarrai dezan, eta bestetik, soldatak jaisteko presioa egin dezan, eta nazioarteko langile klasearen segmentu desberdinen barne-lehiakortasuna sustatu dezan.

Gimenezen ustez –Althusserren eskolaren eragin handia du–, kapitalak ekoizpen moduaren mailako analisia egiten du, kapitalismoaren logika orokor immanentearen analisi bat, baina ez formazio kapitalista konkretuena. Kapitalaren azterketa –kapitalaren erreprodukzio soziala ekoizpen-modu gisa hartuta– soldatapeko lanaren existentzia betikotzera mugatzea ez da gabezia bat; une horretan erabiltzen ari den analisi-maila baino ez da. Eta analisi-maila honetan, hain zuzen ere, kapitalaren metaketa-logikari ez zaizkio axola sexua, arraza ez beste zapalkuntza-ardatz batzuk. Beste analisi-maila batean, ekonomia kapitalista historikoen (formazio sozial kapitalistak) operatibizazio zehatzean, garrantzitsuak dira ardatz horiek, eta hain justu, beste azterketa-maila horri dagokio langile klasearen barruan gertatzen diren sexualizazio/genero-, arrazializazio-prozesuen eta bestelako zapalkuntza eta desberdintasunen azterketa espezifikoa. Beraz, okerra da kontsideratzea Marxen lanetan «populazioaren» auzia gizakien eskuragarritasuna (eta horiekin lan-indar potentzialarena) naturalizatzen duen «lege demografiko» baten moduan tratatu daitekeela, eta Gimenezen ustetan, karakterizazio horri McNally eta Ferguson atxikitzea zorroztasunik gabeko probokazio teorikoa da.

Azkenik, egileak ESTk proposatutako «erreprodukzio sozialaren» abstrakzio-arriskuetatik edo bi analisi-maila horiek modu okerrean kolapsatzeko arriskutik irteteko irteteko leiho gisa proposatzen du «erreprodukzio sozial kapitalista» kategoria (horren konfrontazio politikoa «erreprodukzio sozial sozialista» izango litzateke), hain zuzen, prozesu material eta ideologiko espezifikoen berri emateko, zeinetan erreprodukzio soziala gertatzen den baldintza kapitalistetan. Gimenez (2018:297; 305).

Fergusonek, McNallyk eta Arruzzak, ordea, lehenengo feminista-sozialista-marxisten kritiken berri ematen dute, zeinak, Heidi Hartmannen moduan, «itsutasun» hori Marxen pentsamenduaren gabezia analitiko bati lotzen baitiote. Izan ere, analisi hori nahitaez garatu behar da, eta horixe da, hain zuzen, ESTk egitea proposatzen duen azterketa. Egiari zor, orain arte ez da modu sistematikoan egin garapen teoriko hori, edo behintzat, oraindik inplizituki edo ezkutuan baino ez da ageri.

Esan bezala, Lebowitzena litzateke bien arteko posizioa. Gimenezek ez bezala, ekonomialari kanadarrak uste du egia dela Kapitala lanean analisi-adar hori falta dela, eta hori egiteko asmoa zuela soldatapeko lanaz inoiz idatzi ez zuen liburu batean. Era berean esaten du gabezia horren eraginez Kapitala-n baztertu egin dela hedapenean dagoen klase borroka, eta horrek (osatugabea izateak) mesede egiten diola kapitalismoa kontraesanez betetako osotasun organiko moduan aurkezten duen aldebakarreko ikuspegiari (eta bide ematen die irakurketa mekaniko eta funtzionalistei).

Lebowitzek egiten du proposamen bat lan horretako aldebakartasun hori orekatzeko (ez datorrena jatorrizko bekatu batetik, ez eta bekatu androzentriko edo patriarkal batetik ere, ikerketaren aurkezpena osatu gabea izatetik baizik). Horretarako, bi ekoizpen (eta erreprodukzio) zirkuitu identifikatzen ditu, konkomitanteak baina era berean antagonikoak, kapitalismoari ekoizpen modu gisa erreparatuta. Proposamen hau Gimenezek eta Fergusonek egiten duten irakurketaren garapentzat jo daiteke. Izan ere, soldatapeko lanak balorizazio-logikaren eta kapital-metaketaren funtsezko pieza moduan ordezkatzen duen harreman sozialaren erreprodukzioaren ikuspegitik, antagonismo horren adar politikoak, lanaren banaketa sexualak eta arrazializazio-prozesuek jokatzen duten paperari erreparatzea eskatuko luke. Eta prozesu horiek analisian txertatzeak (izaera historikoa dute, klase borrokaren berezko garapenaren moduan) praktika politikoan ere modu esanguratsuan integratzea ahalbidetuko liguke –Fergusonen argumentuetan ere nabari den nahia– boluntarismo hutsetik harago (Gimenezen hitzetan antzeman daitekeen kritika).

601d80d40f303.IsabelBenitez005.jpg


Klasea determinantea ala ko-determinantea al da?

Gehikuntza esanguratsu horrek, halaber, termino politikotan ere argituko luke zein paper jokatzen duen klase borrokak kapitalaren balorizazio zirkuituaren baitan gertatzen denean eta zein zirkuitutik kanpo gertatzen denean. Elementu horrek dibergentziaren bigarren ardatz nagusira garamatza: metaketa kapitalistaren dinamikak, klase ardatzak eta klase borrokaren indar-korrelazioak rol determinantea ote duten klase sozialen erreprodukzio-baldintzetan, edo, kontrara, ko-eratzailea ote den eta beste ardatz batzuen maila berean legokeen, hala nola sexua/generoa, arrazializazioa… Vogelek berak kezka hori adierazi zuen ESTri buruzko testu-antologia baten hitzaurrean: «Epe luzera uste dut oso errotuta dauden bi uste baztertu beharrean gaudela. Batetik, diferentziaren dimentsio desberdinak –esaterako, arraza, klasea eta generoa– konparagarriak direnaren ustea. Bigarren, termino kausaletan kategoria desberdinak baliokideak direnaren ondorioa» (Bhattacharya,2019:12). Dibergentzia horrek azken buruan klasearen independentzia politikoaren ala posizio interklasisten alde apustu egitera garamatza, baita gainbalioaren erauzketaren muinean dagoen borrokari zer toki ematen zaion pentsatzera ere (tradizionalki borroka sindikala).

Gimenezen irudiko, ESTren terminoek bi analisi-mailak nahasteak (ekoizpen modua/ formazio sozial historikoa) abstrakzioa eragiten du, eta horrek lausotu egiten ditu giza erreprodukzio biologikoaren materialtasunaren eta horrek langile klaseko emakumeengan duen eragina (haren kontzientzian, sexualitatea bizitzeko duen eran...), garrantzia teoriko eta politikoa, ugalketa-eskubideen inguruan gertatzen diren lege- eta gizarte-kontrolerako ideologia eta forma ugariak, eta kapitalarentzat produktiboak ez diren langile klaseko segmentu horien beharrak asetzeko moduak.

Sexu-zapalkuntzaz gain beste zapalkuntza-ardatz batzuk kontuan hartzearen auzia berrartuta, maila politikoan, klase borroka kapitalaren balorizazio-zikloaren erdigunetik kentzeak, eta klasearen ardatza arrazaren edota sexuaren ardatzak bezain erabakigarritzat jotzen duten formulekin elkartzeak bi arrisku ekar ditzak: batetik, borroka politikoaren osaeran ikuspegi identitarioak iraunaraztea, eta guk gehitzen diogun bigarrena, estrategia dualista edo gehikuntzazkoak etengabe biziaraztea, klase konfrontazioaren fronte unitarioen kaltetan (sexua, arraza eta barneko aniztasuna kontuan hartzen dituztenak baina polo antagoniko komun gisa elkartuta, ez elkarri gehituta bakarrik), kapitalismoaren kontra ordezkatzen duen osotasun moduan.

Gimenezek posizio hau bereziki azpimarratzen badu ere, egiaz, ko-eraketa horren edo klasearen ardatza gailentzearen aldeko apustua lauso eta kontraesanez beteta ageri dira Arruzza eta Bhattacharyan[8]. Bestela esanda, laneko borroken garrantzia nabarmentzen den arren, formulazio guztiz anbiguoak egiten dira identitatearen unibertsaltasunari/politikei[9] dagokienez. Anbiguotasun hori, ordea, modu garbian konponduko litzateke «Feminismoa % 99aren alde» manifestuan egindako formulazioan, zeina dagoeneko hainbat klase antolakuntza politikok kritikatu baitute: «Dagoeneko ikasi dugun irakaspena da klase estrategia bat garatu nahi duen proposamen politiko batek ezin duela besterik gabe behetik sortzen diren borroken aniztasunaren aldeko deia egin»[10], edo «Manifestuak aipatzen duen grebaren “berrasmatzea” ez da ekintza feminista guztiak, edozein izanda ere, izen horrekin izendatzea edo aldarrikatzea, ezta lan-auzi moduan ulertzen den ikuspegi zabal horretan zereginak atzeratzea aldarrikatzea ere, non egileek etxeko lanen greba eta “sexuaren eta irribarreen” greba nahasten baitituzte. […] Kontrara, greba-metodoaren aldarrikapen berri hau soldatapeko langileen zerbitzura jarri behar genuke patronalarekin, Estatuarekin eta burokrazia sindikalarekin duten konfrontazioan haiek indartzeko. […] Feminismo antikapitalistaren egungo zereginak sindikatuetan borrokatzea izan behar luke, batez ere oso feminizatuta dauden produkzioaren eta zerbitzuen sektoreetan, burokraziak banatzen duena batzea lortzeko. Baina Manifestuan, langile klaseaz, grebaz, antikapitalismoaz eta klase borrokaz hitz egiten denean, burokrazia sindikala ez da aipatu ere egiten, eta modu arriskutsuan, oro har sindikatuei lotzen zaie haien zuzendaritzaren politika korporatibo, ekonomizista eta korrosiboa[11]».


Ohar politiko batzuk Espainiako Estatuko ESTren inguruan

ESTk esplizituki esku-hartze politikoaren zerbitzura dagoen tresna gisa aurkezten du bere burua; beraz, postura ezberdinen analisiaren eta proposamen politiko zehatzaren arteko loturak bilatzea mugarria da. Bestela esanda, teoriaren eta apustu praktikoaren edo borroka estrategiaren arteko jarraikortasun/haustura aztertzea funtsezkoa da kapitalismoaren aurkako borrokan, baita ekoizpen modu kapitalistak langile klasearen aurka hedatzen dituen sexu, genero eta arraza zapalkuntzen askapenaren aldeko borrokan arrakasta edo porrota lortzeko aukerak ebaluatzeko ere.

ESTrekin modu esplizituan lotutako aurretiko eta garai bereko antologia eta argitalpenak egon badaude ere[12], esan daiteke gaur egun Cinzia Arruza, Titti Bhattacharya eta Susan Ferguson direla nazioarteko erreferentzia nagusiak feminismo marxistaren/ESTren ikuspegi berritu hori zabaltzeko, baita gure testuinguruan ere. Egile horiek ikusgai jartzeak izaera politikoa duen jauzi kualitatibo bat emango lioke bere ESTren begiradari, 2019an argitaratu baitzen Feminism for the % 99 (euskarazko itzulpenean Feminismoa % 99ren alde) zeina, aurrez esan bezala, azken lau urteetako Martxoaren 8ko nazioarteko deialdien inguruko eztabaidak sortutako esku-hartze politikorako manifestua den.

Autore horiek defendatzen duten ikuspegiaren lehentasun politikoa feminismo liberalari eremu politiko eta ideologikoa borrokatzea da (bere aldaera eta berrikuntza ezberdinetan, feminismo korporatiboa deitutakoa kasu). Bigarren maila batean, ez dator bat Italiako feminismo autonomotik[13] datozen figurek defendatzen dituzten jarrerekin eta ekonomia feministaren planteamendu boluntaristekin, nahiz eta, taktika, ezkerreko moduan sailka ditzakegun adierazpen feministekiko lotura-puntuak bilatzean oinarritzen den konfrontazio-puntuak bilatzean baino, kutsu herritarra duen fronte bateratu horren alde.

Oro har, ESTren joera nagusiak ukatu egiten du feminismo marxista-autonomoak soldatapekoak ez diren lanek (etxeko lanak izan edo ez) zentzu kapitalistan balioa sortzen dutenaren nozioa, eta ez du bere egiten etxeko lanetarako soldata bat aitortzearen aldeko aldarrikapena.

Ekonomia feministari dagokionez, ESTk esplizituki aldarrikatzen du Marx, eta osotasun kapitalista modu zehatzean konfrontatu beharra azpimarratzen du, hau da, esku-hartze eta aldarrikapen programek ezin dutela gauzen egungo egoeraren erreforma puntualetara mugatu (klase borroka alde batera uzten duen boluntarismoan oinarrituta): erantzukidetasuna, kontziliazioa, kuotak, aitorpen politikak… Zentzu praktikoan, feminismo liberala edo ultraeskuinaren boutadeak konfrontatzea lehentasuna denez, horrek proposamen horien adierazpen erreformista eta ikuspegi estukoei aurka ez egitea dakar, eta ez da harritzekoa «%99ren aldeko feminismoaren» ikuspegira diskurtso sozialdemokrata duten figurak batu izana, Nancy Fraser, esaterako.

«Zaintza-krisia» deiturikoaren testuinguruan –Espainiako Estatuan nabarmen ezaguna den formula, hain zuzen ere, 2007-2008ko crak-aren ondoren banku pribatua erreskatatzearen ondorioz zerbitzu publikoetan egindako gastu publikoaren murrizketen eta lan-merkatuaren deserregulazioaren harira–, berriz agertu zaigu etxeko lanari buruzko eztabaida.

Gaur egungo terminoetan, eztabaida zaharra «zaintza-lan» gisa birformulatzen da, eta, berriro ere, ezkerreko korronte ezberdinen arteko eztabaida pribilegiatuaren eremua osatzen du feminismoaren barruan.

Ikuspegi boluntaristen, sozialdemokraten (edo sozia-liberalismoak «ezkerrera uzten duen espazioa okupatzeko» hautagai diren hauteskunde-plataformen) edo Espainiako Estatuan ordena kapitalistarekin haustura planteatzen duten ikuspegien arteko tentsioa argi eta garbi ikusten da 2018ko Martxoaren 8an deitutako grebaren zehaztapenetan, greba errealaren edo ikusarazte sinbolikoaren arteko desadostasunak eragindako tentsioa, hain zuzen. Bestalde, tentsioa edo eklektizismo politikoa argi ikus daitezke hizkuntza-trukaketan eta kontzeptuen eta formulazioen maileguan, hala nola «kapitalismoa-vs-bizitza» nozioan, «bizitza erdigunean jartzean», «zainketa-lanak birbalorizatzean»... Adostasun itxura ematen duten lelo horien azpian, praktikan, sakonean eztabaidatu gabeko aldarrikapen kontraesankorrak daude. Jakintzat jotakoak ez definitzeak, edo anbiguotasun inklusibo kalkulatuek, talka egiten dute masa-fronte oso heterogeneo baten adierazpen, estrategia eta aliantza politikoekin, zeinetan eztabaida politikoa likidatu egiten den ikuspegi estrategikorik gabeko aldarrikapenetan eta ekintzen metaketa agonikoan.[14]

601d80d410576.IsabelBenitez006.jpg


Politikatik berriro teoriara

1990eko hamarkadaz geroztik, marko politiko orokorrean berrargitaratzen ari diren eztabaidagaiak dira, hain zuzen, borroka-fronteen zatiketa identitarioa (edo ekintza estrategikorako batasuna lortzeko ezintasuna, McNallyk eta Fergusonek 1990/2000ko hamarkadari buruz adierazi zuten bezala, nahiz eta ekintza kolektiboaren logika ez den inola ere gainditu), eta mugimendu sozialak programa erreformistek lagundutako erretorika antikapitalistekin surfeatzeko asmoaren ondorioak, izan antiglobalizazio terminoetan, termino ekologikoetan edo oraingo masa-fronte feministaren terminoetan.

Hala ere, bereziki baliagarria da kategorien eta proposamen estrategikoen arteko erlazioa arakatzea, hau da, Feuerbachi buruzko tesi ospetsuaren praxiaren teoria eta grina eraldatzaileari berriz heltzea.

Bereziki baliagarria izan zen langile klaseko emakumeen askapenaren aldeko borrokaren eremuan, zeinetan harreman teoriko-politikoa zatitu egin baitzen. Erretorika akademikoak edo ikuspegi «teknikoek» (hau da, kapitalismoaren egiturazko baldintzatzaileak ez dituzte zalantzan jarri ezta tenkatu ere, politika ekonomiko jakinen arrakastarako ohiko oztopo gisa) entzuleria zabala lortu zuten, baita ekintza kolektiboaren amaiera feminismoaren eremuko tresna erabilgarri izan zitekeela teorizatu ere (identitatea aitortzeko politiken eta banakako performatibitatearen alde). Teoriaren zurrunbiloa eta praxi politikoa era arrakastatsuan artikulatzeko beharra gako garrantzitsua da[15].

ESTren proposamen ezberdinetatik hedatzen diren helburu eta proposamenetan gorpuzten den teoria eta praktikaren arteko loturak, askapenerako subjektu politikoa (langile klasea) argi eta garbi kokatzea ahalbidetzen digu. Horrez gain, giltzarri diren elementuak eskaintzen dizkigute, segmentu desberdinetako (zeinetan kapitalismoak nazioarteko langileria mailakatu eta konfrontatzen duen) gorputzen proletarizazio eta merkantilizazio prozesuen eragina eta papera argitzeko: izan organoen eta ehunen trafikoa, prostituzioa eta sabelen alokairua, bai eta langileriaren eta, bereziki, emakumeen aurka osatutako prozesuak ere, COVID-19aren krisiari lotuta (arriskuarekiko gehiegizko esposizioa, soldatapeko eta soldataz kanpoko gain-esplotazioa, osasun publikoaren desegitea, hezkuntza publikoaren ospe onaren galera eta ekintza politikoaren errepresioa). Artikulazio horrek ekintza politiko pedagogiko eta argi baterako balio beharko liguke, eta, baita, era berean, sozialdemokraziak fronte desberdinetatik planteatzen dituen leku komun faltsuak eta iruzur oportunistak desegiteko ere, izan epe laburreko helburuetara jo nahia, «pragmatismoa» edo erredentzio politikoa fronte interklasisten aurrean (masa-fronteak izan edo ez), zeintzuek, lehenik eta behin, kapitalismoaren gainditzearen ukazio teoriko eta praktikoa exijitzen duten, kapitalismo «gizatiar», «feminista» edo «antiarrazista» bat posible denaren utopiaren mesedetan.


Erreferentziak

Bhattacharya, Tithi (ed) (2019), Teoria de la reproducció social. Ressituant la classe, recentrant l’opressió. Manresa: Tigre de Paper

Ferguson, Susan (2020) Women and work. Feminism, labour and social reproduction. London: Pluto Press

Giménez, Martha E. (2018) Marx, Women and capitalist social reproduction. Marxist feminist essays. Chicago: Haymarket Books.

Lebowitz, Michael (2005) Más allá de El Capital. La economía política de la clase obrera en Marx. Akal: Madrid

Vogel, Lise ([1983] 2013) Marxism and the oppression of women. Toward a Unitary Theory. Chicago: Haymarket Books.

Young, Iris M. (1980) Socialist feminism and the Limits of the Dual system theory a Hennessy, R. & Ingraham, C. (eds) (1997), Materialist feminism. A reader in class, difference and women’s lives. London: Routledge


Oharrak

[1] Cinzia Arruzzak Dangerous liasions liburuan garai horren ezaugarritze politikoaren errepasoa egiten du. Estatu Batuetako Alderdi Komunistaren kasu zehatzean, interesgarria da kontakizunak alderatzea, genealogien eta ibilbideen eraikuntza ez baitago posizio politikoetatik libre, horiek sortzen dituztenetatik hasita: adibide moduan, Jodie Deanen kontakizuna (Necessitem camarades, Tigre de Paper 2019) eta Susan Fergusonek (2020) egiten duena. Bestalde, espazio falta dela eta, orrialde hauetan ez diogu helduko mendebaldeko testuingurutik (Ipar Amerika eta Europa) kanpoko garapen teoriko eta politikoari.

[2] Benería, Lourdes (1999), La aparición de la economía feminista. Historia Agraria, 17. zk., 59-61 orr.

[3] Ikus Irish Youngen (1980) kritika edo Susan Fergusonena (2020).

[4] Ikus «Interseccions i dialèctica: reconstruccions crítiques en la teoria de la reproducció social» (David McNally, in Bhattacharya 2019).

[5] Ikuspegi ekofeministatik, Vandana Shivaren eta Jules Falqueten lanek erakusten dute doikuntza estrukturalerako makroplanek biztanleriaren segmentu gehiagoren proletarizazioa ere eragiten duela, sarri Munduko Bankuak eta beste nazioarteko organismo batzuek sustatutako «mikrokreditu» ezagunak ematen periferia kapitalistako emakumeak «ahalduntzeko» tresna moduan.

[6] Mendetasun Legearen errealitate praktikoak argi erakusten du paperean guztia kabitzen dela, zor pribatuen ordainketak betetzeko unea eta Europako Banku Zentralaren aginduak iritsi arte. 2020ko uztailean Gizarte Zerbitzuetako txostenek beraiek aitortzen dute Espainian mendekotasuna duten 164 pertsona hiltzen direla egunean arretarik gabe, izan mendekotasun-gra- dua ez delako balioetsi kolapsoagatik, edo mendekotasuna aitortua egonagatik, ordainketa denbora mugagabez atzeratu zaielako. https://www.infolibre.es/noticias/politica/2020/07/10/un_total_164_dependientes_mueren_dia_sin_recibir_atencion_segun_directores_servicios_sociales_108731_1012.html COVIDaren testuinguruak adibide berri bezain larriak eman dizkigu prestazioak aitortzen dituzten politika publikoen potentzialaz: maiz ez dira prestazioak ematen edo haien eskuragarritasuna gainditu ezinezko langa burokratikoetara mugatzen da, hasi etxeko langileentzako Covidagatiko prestaziotik eta Bizitzeko Gutxieneko Dirsarrerara arte.

[7] Balantze honen korapilo gordiarrak Marxen lanetako «populazioaren» auzira garamatza, baita bi aipu ezagunetara ere, giza ugalketa naturaren esku uztearen edo produkzioko eta erreprodukzioko harreman sozialen existentziaren inguruan.

[8] «For it is not true that the working class cannot fight in the sphere of reproduction. It is, however, true that it can only win against the system in the sphere of production»[...] An understanding of capitalism as an integrated system, where production is scaffolded by social reproduction, can help fighters understand the significance of political struggles in either sphere and the necessity of uniting them. [...] At this particular moment of neoliberal crisis, gender is being used as the weapon of class struggle by capital. [...] Our solution as Marxist revolutionaries is not to simply talk about the importance of class struggle, but to link the struggles of the formal economy to those outside of it. For this to happen, it is less important that we «win the argument» with oppressed identities. It is more important that we win their trust, by being the most intransigent fighters at home and at work. This is why in the organizations where we fight for wages (e.g., our labor unions), we need to raise the question of reproductive justice; and in our organizations where we fight against sexism and racism, we need to raise the question of wages. https://socialistworker.org/2013/09/10/ what-is-social-reproduction-theory.

[9] «La experiencia concreta de la huelga de mujeres, [...], hizo que la cuestión de si la lucha de clases debía tener prioridad sobre las luchas “basadas en la identidad”, no solo quedara obsoleta sino también retratada como engañosa. Si pensamos la clase como un agente político, el género, la raza y la sexualidad deben ser reconocidas como componentes intrínsecos de la forma en que las personas concretan su sentido del yo y su relación con el mundo y, por lo tanto, son parte de la manera en que las personas se politizan e involucran en la lucha. [...] Es fundamental para la organización, las estrategias y la táctica política, la idea de que siempre deben hundir sus raíces en la experiencia concreta de las personas. La abstracción de la experiencia conduce al reemplazo del materialismo por el racionalismo –a saber, combinaciones de categorías analíticas y realidad subjetiva y su proyección libresca acerca de lo que la lucha de clases significa (o debe significar) en las realidades vividas por la gente-. Por otra parte, si el feminismo y el antirracismo aspiran a ser proyectos de liberación para el conjunto de la humanidad, entonces la cuestión del capitalismo es ineludible. El problema de la sustitución de la lucha de clases por luchas basadas en la identidad debe ser reformulado como un problema político surgido de la hegemonía de la articulación liberal del discurso feminista. [...]» https://marxismocritico.com/2018/03/07/del-feminismo-de-la-reproduccion-social-a-la-huelga-de-mujeres/

[10] Itaia: https://itaia.eus/2020/01/26/politica-del-99-sumas-que-restan/

[11] http://www.izquierdadiario.es/Feminismo-para-el-99-estrategias-en-debate-134929 Para una lectura sindical de clase sobre las convocatorias del 8 de marzo, es recomendable el posicionamiento de la Coordinadora Obrera Sindical en 2018: https://sindicatcos.cat/8-de-marc-vaga-general-feminista/

[12] Adibide batzuk: Bezanson, Kate & Luxton, Meg (eds)(2006) Social reproduction. Feminist political economy challenges neoliberalism. Montreal: McGill-Queen’s University Press; Bakker, Isabella & Gill, Stephen (eds) (2003) Power, production and social reproduction. New York: Palgrave Macmillan; Hansen, Karen V. & Philipson, Ilene J. (eds) (1990) Women, class and the feminist imagination. A socialist-feminist reader. Philadelphia: Temple University Press, ...

[13] Kaliban eta Sorginaren nazioarteko arrakasta editorialaren ondoren ikusgarritasun handia lortu du Silvia Federiciren figuraren bidez, eta Leopoldina Fortunatiren L’arcano della riproduzione. Casalinghe, prostitute, operai e capitaleren berredizioa ekarri du (gaztelaniaz: el arcano de la reproducción. Amas de casa, prostitutas, obreros y capital). Azken horrek, gure ustez, gehikuntza okerra egiten dio balioaren teoriari, eta erdibideko posizio bat defendatzen du etxeko lanak (merkatutik kanpokoak) zentzu kapitalistan balioa ekoizten duela defendatzen dutenen eta Kapitalaren kategorien aplikazioa erabat baztertzen dutenen artean.

[14] Era berean, ez da ahaztu behar Espainiako Estatuan fronte feministak duen eztabaida politiko eta ideologikan ere presente daudela ikasketa kulturalekin eta identitate-politikekin lotutako beste ikuspegi batzuk ere, adibidez queer teoria eta aktibismoa, zeinak maiz autoerreferentziazko kultura partikularista eskatzen (eta lortzen) baituen. Eta, azkenik, feminismo liberalaren testuinguruan (hori ez da sekula ahaztu behar) neomaskulismoa (eta «genero-ideologia» esaten dioten horren ukazioa) eta ultraeskuinak auzi feminista instrumentalizatzea ere erralitate direla. Bereziki kezkagarria da gure testuinguruan eskuin muturraren mamuak (oso erreala izaki) sortzen duen asaldurak askotan isilarazi egiten dituela antikapitalismoaren muinean gertatzen diren argipenezko debate politikoak, epe laburkeriaren eta «errealismoaren» izenean (ez esateagatik, hausturak eta konfrontazioak ezaugarritzen duen proiektu politiko baten etsipena eta abandonuak eraginda).

[15] Adibide moduan erabil dezakegu Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) doktrina ofizialaren eta Clara Zetkinek eragindako asalduraren arteko kontraesana, Vogelek arteziaz errepasatzen duena. Kontraesanen herentzia horrek II. Internazionalaren atzerapausoak markatu zituen eta iraultza boltxebikearen elementurik apurtzaileenak inspiratu zituen; haren oihartzuna, antikomunismo hutsala gorabehera, fronte feminista garaikidearen oinarrien asanbladetan ikus daiteke oraindik.