Euskara eta maila sozioekonomikoa: errepaso soziolinguistiko bat

2021eko ekainaren 3a

Egilea: Paul Beitia


Arteka aldizkarian argitaratutako artikulua —

Azkenaldian ugaritu egin dira euskararen egoeran klase-faktoreak joka dezakeen papera mahaigaineratu duten ahotsak, baita kapital-dinamikak eremu soziolinguistikoan duen eragina aztertzeko borondatea erakutsi dutenak ere. Hala ere, Euskal Herrian ez da ikerketa sistematikorik egon izan gai horren inguruan eta, oro har, intuizio horiei lagunduko lieketen datuak falta izan dira. Baina, ikertu, ikertu da zertxobait elementu batzuen inguruan eta datu batzuk badaude, sakabanatuak, desordenatuak eta lauso samarrak.

Artikulu honen helburua euskararen eta biztanleriaren maila sozioekonomikoaren arteko gaur egungo erlazioa aztertzea da, eta aipatutako ikerketa horietako batzuk errepasatuko ditugu horretarako. Hasieratik aipatu behar dira erabiliko ditugun ikerketen zenbait ezaugarri. Batetik, kontuan hartu behar da egungo soziolinguistika burgesak klasea, kategoria gisa, bazterturik daukala eta ez duela, ondorioz, errealitate garaikidea deskribatzeko aldagaitzat erabiltzen. Klasearen partez, errenta-maila eta maila sozioekonomikoa erabiltzen ditu, erabiltzekotan, eta horrek indefinizioa dakar kasu askotan. Gure lana, ordea, metodologia horrek guztiz baldintzatzen duenez gero, komenigarriagoa iruditu zaigu aztergaia euskararen eta maila sozioekonomikoaren erlazio gisa definitzea. Bestalde, esan bezala, lan honek datu sakabanatuak biltzen ditu, urte eta lurralde desberdinetan jasoak, eta ezin zaio, beraz, batasun erabatekorik eskatu. Saiatu gara, hala ere, denboran hurbilen dauden datuak jasotzen, ikerketa eta bere ondorioak ahalik eta egokienak izan daitezen.

Euskararen egoera orokorra: ezagutza eta erabilera

Interesatzen zaizkigun aldagaiak sartu aurretik, komenigarria da euskararen egungo egoera soziolinguistikoaren irudi orokor batekin hastea, kokapen zabalago bat egiteko. Horretarako, hizkuntz gaitasunari eta erabilerari erreparatuko diegu, bai baitakigu bi eremu horiek ez dutela bat egiten euskararen kasuan. Euskal Herriak, guztira, 3.127.994 biztanle inguru ditu, hiru eremu administratibotan bereizita: 2.191.000 inguru EAEn, 643.000 bat Nafarroa Garaian eta 298.000 bueltan Ipar Euskal Herrian. Biztanleriaren hizkuntz gaitasunari dagokionez, hemen datuak [1].

Lurralde osoari bagagozkio, biztanleriaren laurdena baino zertxobait gehiago da euskaraz egoki aritzeko gai, 751.000 pertsona inguru, eta, hamarretik bat eta erdi inguruk, 434.000 bat pertsonak, ondo ulertzen dute euskara, hitz egiteko guztiz gai ez diren arren. Horiexek dira euskararen mugak, zenbakitan: milioi bat pertsona inguru. Hortik kanpo, ikusi dugunez, Euskal Herriko biztanleriaren erdia baino gehiagok ez du ez euskaraz hitz egiten, ezta ondo ulertu ere; hor sartzen dira bai frantses- eta gaztelania-hiztun elebakarrak, baina baita horiek hitz egiten ez dituztenak ere. Gainera, gaitasunari buruz ari garenez gero, garrantzitsua da aipatzea elebidunen artean ere ia erdiak erdaraz aritzeko erraztasun handiagoa aitortzen diola bere buruari [2].

Datuak, jakina, aldatu egiten dira lurraldeka eta administrazio-eremuka zatitzen baditugu. EAEren kasuan, esaterako, biztanleria elebidunen kopurua % 33,9raino igotzen da: % 50,6 Gipuzkoan, % 27,6 Bizkaian eta % 19,2 Araban. Bestalde, euskaldun hartzaileak % 19,1 dira eta erdaldun elebakarrak % 47. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian, aldiz, datuek nabarmen egiten dute behera eta erdaldunen kopurua % 70,1era eta % 76,7ra igotzen dira. Elebidun osoak % 12,9 dira Nafarroan eta % 20,5 Iparraldean (biztanleen erdiak Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta hamarretik 1,6 inguru soilik Lapurdin). Hizkuntz gaitasunaren aldetik, beraz, elebidun kopuru handiena Gipuzkoako, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurraldeek daukate, eta Nafarroa Garaia, Araba eta Lapurdi kopuru antzekoetan dabiltza.

Esan beharrik ez dago datuen aldakortasuna lurralde bakoitzaren errealitate historikoaren eta egungo egoera politikoaren ondorio dela. Alde batetik, koofizialtasunari dagokionez, oso desberdina da EAEn euskarak daukan garrantzi soziala eta Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian daukana; baina, beste alde batetik, lurralde bakoitzean euskararen galerak eta garapenak egin duten bideak ere desberdinak dira, bai tenporalki eta baita kualitatiboki ere.

Errepara diezaiogun erabilerari orain. Euskaldunak ez direnak biztanleria osoaren erdia baino zertxobait gehiago direla esan badugu, orokorrean erdara hutsean aritzen direnak % 69raino igotzen dira. Aldiz, % 10,3 arituko lirateke oro har euskaraz erdaraz baino gehiago, eta % 6k paretsu erabiliko lituzke bi hizkuntzak. Berriz ere, lurraldeka begiratuz gero, datuak aldatu egiten dira. Erdaraz soilik aritzen direnak % 77,2 dira Ipar Euskal Herrian eta % 85,3 Nafarroan. Batez ere euskaraz aritzen direnak % 13,4 dira EAEn, % 1,9 Iparraldean eta % 3,7 Nafarroan, eta, aldiz, paretsu darabiltzate bi hizkuntzak % 7,1ek, % 2,9k eta % 6,2k, hurrenez hurren [3].

Bestalde, euskararen egoera orokorraz jakin nahi badugu, beharrezkoa zaigu gure datuek egoera horren garapenaren berri ere ematea. Bi hamarkadako tartea hartuz gero, 1991tik hona, hizkuntz gaitasuna igo egin da euskararen lurralde osoan, %22,3tik gaur egungo % 28,4ra. Erabileran ere datu jeneralak gorakorrak dira: 1991ean % 13,7k erabiltzen zuen euskara erdara beste edo gehiago eta, egun, % 16,5 da. Hala ere, datu jeneralek gora egin badute ere, joera ez da hori bera hainbat lurraldetan eta eremutan. Esate baterako, Nafarroan euskararen erabileraren hazkundea oso txikia izan da bi hamarkadetan (% 6tik %6,6ra) eta joera ez da batere argia; Iparraldean, aldiz, joera, nabarmen, beherakorra da, 1991an % 13,3 baitziren euskara frantsesa beste edo gehiago erabiltzen zutenak, eta egun soilik % 8,1 [4].

Hizkuntz gaitasunak gorantz egitearen arrazoi nagusia hezkuntzan bilatu behar da, D ereduaren kontsolidazioan, gero ikusiko dugun bezala. Erabileraren datuei dagokienez, aldiz, interpretazio egoki bat beharrezkoa da: datuek biztanleria osoarekin erlazioan euskararen erabilera igo egin dela adierazten badute ere, ikus daiteke hiztun berrien igoerarekin alderatuta erabileraren igoera askoz apalagoa dela, eta zenbait eremutan erabilera horrek behera ere egin duela. Ondorioz, ulertu behar da, biztanleria osoarekin erlazioan euskararen erabilera igo egin bada ere, erlatiboki, hiztun kopuruarekin erlazioan, euskara beste hizkuntzak bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenen tasa baxuagoa dela gaur egun 1991an baino.

Korrelazio baten hastapenak: pobrezia eta euskara

Behin gaia egoki kokatzeko Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren irudi orokor bat emanda, has gaitezke euskararen eta maila sozioekonomikoaren erlazioa ikertzen. Sareetan hautsak harrotu zituen duela pare bat hilabete Berrian argitaratu zen «Pobreen hizkuntzak» artikuluak, zeinak, Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko II. inkestan oinarrituta, pobreziaren eta euskararen arteko erlazioa laburbiltzen baitzuen. Inkesta horrekin berarekin hasiko gara geroni ere. Kontuan hartu behar da Gipuzkoako datuak baino ez direla eta, beraz, ezin direla euskararen lurralde osora aplikatu. Hala ere, Gipuzkoa lurralderik euskaldunena dela jakinda, ez da eremurik okerrena erlazio hau aztertzeko, pentsa baitaiteke daturik baikorrenak bertakoak izango direla eta, beraz, ikerketa bera Euskal Herri osoan eginez gero, datuek okerrera egingo luketela.

Inkestak diru-sarreren arabera definitzen du «pobrezia erlatibo» deitzen diona: pertsona bakarraren kasuan 850 bat eurotan finkatzen da muga eta, aldiz, lau pertsonaren kasuan, esaterako, 1.790 eurotan. Inkestak, gero, pobrezia erlatibo horren presentziaren edo absentziaren arabera sailkatzen ditu pertsonak. Kontuan hartu behar da, beraz, aldagai hori zalantzagarria dela oso; batetik, pobreziaren ikuspegi murritza eskaintzen digulako eta, bestetik, ez duelako nahikoa informazio ematen langile-klaseko beste kapa batzuei buruz.

Inkestak aztertzen duena, zehazki, zera da: Gipuzkoan pobrezia erlatibo egoeran dauden biztanleen lehen hizkuntza («ama hizkuntza») zein den, batetik, eta haien hizkuntza-ezagutza zein den, bestetik. Badago lotura argi bat lehen hizkuntzaren eta pobrezia erlatiboaren presentziaren artean: lurralde osoko pobrezia erlatiboaren tasekin alderatuta, nabarmen baxuagoa da haren presentzia lehen hizkuntza gisa euskara dutenengan. Gipuzkoarren % 15,8 bizi da pobrezia erlatiboan, baina lehen hizkuntza euskara dutenen % 8,7 soilik. Aldiz, lehen hizkuntza gisa gaztelania dutenen kasuan % 17,3ra igotzen da tasa, eta euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat dutenen kasuan, biztanleen % 52,2 legoke pobrezia erlatibo egoeran. Gizarte-bazterketari dagokionez ere, antzeko: gipuzkoarren % 13,4 badago egoera horretan, baina euskara lehen hizkuntzatzat dutenen % 5,2 baino ez. Kasu honetan ere, euskaraz eta gaztelaniaz aparteko hizkuntza dutenen kasua da ikaragarriena, haien % 46 baitago gizarte-bazterketa egoeran [5]. Beste era batera esanda, Gipuzkoan lehen hizkuntza euskara edo euskara eta gaztelania dutenak % 40 dira, baina bazterketa larrian bizi diren gipuzkoarren % 11k baino ez dauka euskara lehen hizkuntzatzat [6].

Hizkuntza-ezagutzari erreparatuta ere, antzekoak dira datuak: tasa orokorrak baino baxuagoak dira pobrezia- eta bazterketa-tasak euskaraz badakiten gipuzkoarren kasuan; % 11,8 eta % 8, hurrenez hurren, tasa orokorretatik (% 15,2 eta % 13,3) nabarmen behera. Hemen ere aipatzekoa da tasarik altuenak ez euskaraz eta ez gaztelaniaz ez dakitenenak direla: haien arteko % 46 dago pobrezia erlatibo egoeran eta % 26,4k gizarte-bazterketa jasaten du [7].

Badirudi, Gipuzkoako datuen arabera, korrelazio argi samarra dagoela errentaren eta euskararen artean: biztanle batek zenbat eta errenta baxuagoa izan, orduan eta aukera gutxiago dago biztanle horrek euskaraz jakiteko edo haren lehen hizkuntza euskara izateko. Zaila da soilik datu horiekin ondorio garbiak ateratzea, ordea; errentaren baremo zehatzagoa beharko genuke horretarako, eta datuak lurralde zabalagokoak izatea. Horretan lagun diezaguke 2007an EAEko Lehen Hezkuntzako ikasleen euskara-maila ikertzen duen txostenak. Bertan, ikasleen familiaren hizkuntza aldagai garrantzitsua dela argudiatuta, familiaren indize sozioekonomikoaren eta hizkuntzaren arteko erlazioa aztertzen da. Kasu honetan, diru-sarrerez gain, indize sozioekonomikoaren barruan sartzen da familiaren maila kulturala ere, eta lau talde banatzen dira hortik: behe maila, behe-erdi maila, goi-erdi maila eta goi maila. Hizkuntzari dagokionez, aldiz, bi taldetan bereizten dira datuak: euskararik ez duten familiak eta familia euskaldunak.

Datuek nabarmen-nabarmen berresten dute Gipuzkoako errealitatea. Ikerketaren arabera, EAEn maila sozioekonomiko baxuena duten familien % 81,5 ikaragarri bat da ez-euskalduna eta, beraz, % 18,5 baino ez litzateke euskalduna izango. Hortik goragoko datuetan, korrelazioa argia da: zenbat eta maila sozioekonomiko altuagoa izan, orduan eta altuagoa familia euskaldunen kopurua; % 25,6 behe-erdi mailako familietan, % 28 goi-erdi mailakoetan eta % 30,9 maila sozioekonomiko altueneko familietan [8].

Datuak, jakina, kontuz erabiltzekoak dira: soilik EAEko Lehen Hezkuntzako familiei buruzkoak izateaz gain, ikerketak berak ez du talde sozioekonomiko bakoitzaren zehaztapenik ematen eta, beraz, ez dakigu zehazki zeri deitzen dion «goi mailako» izatea. Hala ere, SIISenarekin alderatuta, maila sozioekonomikoaren ulerkera konplexuago bat darabil ikerketa honek eta, familiak maila desberdinetan banatzen dituenez, ez digu soilik pobrezia egoeran daudenen inguruko informazioa ematen. Horregatik, erabateko ondoriorik atera ezin daitekeen arren, datuek bide ematen dute zera interpretatzeko: korrelazio bat, egon, badagoela klase sozialaren eta euskararen presentziaren artean, hain justu, zenbat eta errenta handiagoa, orduan eta presentzia agerikoagoa euskarak.

Hezkuntza eta hizkuntz ereduak

Klase sozialaren eta euskararen arteko erlazioa aztertzeko orduan, garrantzitsua da egungo hezkuntza sistemari ere erreparatzea. Alde batetik, hezkuntzak garrantzi berebizikoa hartu du euskararen transmisioan, paradigma aldaketa bat suposatzeraino; izan ere, historian lehendabizikoz, gaur egun gehiago dira euskara eskolan ikasten dutenak, etxetik jasotzen dutenak baino [9]. Eta, bestetik, gero eta ahots gehiagok ohartarazten dute hizkuntz ereduen araberako hezkuntzaren arriskuei buruz, izan arrisku linguistikoak zein sozialak.

Hizkuntz eredu deituak euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasuna hezkuntza-arloan aplikatzeko ereduak dira –Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, baina egon badaude eredu elebidunak ere–. EAEn 1983tik eta Nafarroan 1986tik aurrera, lau hizkuntz eredutan banatzen dira zentroak: D eredua edo euskarazko hezkuntza –gaztelania irakasgaia salbu–, B eredua edo irakasgaiak euskararen eta gaztelaniaren artean banatzen dituen hezkuntza, A eredua edo gaztelaniazko hezkuntza –euskara irakasgaia salbu– eta gaztelania hutsezko hezkuntza, EAEn X eredua eta Nafarroan G eredua deitua. Esan gabe doa, eredu horiek guztiak, halaber, zentro publiko eta itunpekoetan banatzen direla.

Gaur egun, EAEn, Haur Hezkuntzako ikasleen % 78,6k eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoen % 65ak D ereduan ikasten du. Hizkuntz ereduak abiatu zirenetik, EAEn etengabe egin dute gora D ereduko matrikulazioek eta, zantzu guztien arabera, joera mantentzea espero da. Hala ere, A ereduak badauka presentzia oraindik –Araban, esaterako, zentro guztien ia laurdena osatzen dute– eta Batxilergoa eredu horretan egiten dutenak ikasleen % 33,4 dira. Lanbide Heziketan ere, EAEko ikasleen gehiengoak gaztelania hutsean jasotzen ditu eskolak: kurtso honetan, adibidez, 43.000 inguru ikasleen % 60k baino gehiagok [10]. Nafarroan oso bestelakoa da egoera. 2004-2005 ikasturteko datuen arabera, ikasleen ia erdiak –% 47,4– G ereduan matrikulatu ziren, gaztelania huts-hutseko ereduan, alegia, eta D eredukoak ez ziren ikasleen laurdenera iristen [11]. Ipar Euskal Herriko egoerari dagokionez, bi eredu nagusitan banatzen dira ikastetxeak, eredu frantses elebakarrean, batetik, eta euskarazko eta elebidunetan, bestetik, eta ikasleak erdi bana bereizten dira bi ereduetan, gutxi asko.

Behin hezkuntzako irudi orokorra emanda, klase-posizioaren eta hizkuntzaren erlazioari begira jarriko gara berriro, oraingoan datuak hizkuntz ereduen galbahetik pasata. Berriz ere EAEko Lehen Hezkuntzako datuei begiratuko diegu, datu osatuak ez direla jakinda ere, irudi orokor bat egiten lagunduko digutelakoan. Gogora dezagun, ISEIk eta Eusko Jaurlaritzak 2006an egindako ikerketan, maila sozioekonomikoa lau taldetan banatzen dela, diru-sarrerak eta maila kulturala kontuan hartuta: behe maila, behe-erdi maila, goi-erdi maila eta goi maila.

A ereduko datuak nabarmenak dira: EAEn Lehen Hezkuntza A ereduko zentro publikoetan egiten duten ikasleen artean, % 86,1 maila sozioekonomiko baxukoa edo erdi-behe mailakoa da. Hala ere, zentzu batean anbibalentea ere bada eredu hori; izan ere, itunpeko A ereduan baitago maila sozioekonomiko altuko ikasle gehien, % 35,7. B eredu publikoan ere antzeko kopuruak daude: sozioekonomikoki, ikasleen % 73,1 da behe edo erdi-behe mailakoa. EAEko D ereduan, aldiz, dezente jaisten dira maila sozioekonomiko baxueneko tasak: % 22,4 itunpekoetan eta % 19,7 publikoetan, eta ikasleen % 28,8 sartzen da goi mailakoen taldean [12].

Hizkuntz ereduen araberako hezkuntzari behatuta, berriz ere korrelazio bat aurkitzen dugu maila sozioekonomikoaren eta euskararen presentziaren artean. Datu orokorretan ikusi dugun bezala, hezkuntzako datuen arabera ere, euskarazko hezkuntza jasotzen dutenen artean jatorri sozioekonomiko altuagoko ikasle gehiago aurki daitezke. Hala ere, kontuan hartzekoa da A ereduaren anbibalentzia: eredu horretako zentro publikoak modu ia erabatekoa osatzen dituzte klase-posizio baxueneko ikasleek, baina, bestalde, itunpeko A ereduan dago maila sozioekonomiko altueneko ikasleen presentzia handiena. Datuak ikusita, izan ditzakeen ondorio linguistikoez aparte, ezin da aipagabe utzi EAEko A ereduko zentro publikoek argiki betetzen duten funtzio soziala pobreen eta immigranteen seme-alabak jasotzea dela, ghetto izaera hartzeraino, hainbatetan ohartarazi izan den bezala [13].

Udalerri euskaldunak, errenta-maila eta eraikuntza-modua

Erreparatu diogu pobreziaren eta hizkuntzaren arteko loturari, hizkuntz ereduen araberako hezkuntzari begira jarri gara gero, eta orain euskararen erabilerak alde izan ditzakeen faktore soziodemografikoak aipatuko ditugu. Horretarako, Soziolinguistika Klusterrak argitaratu zuen txostena, Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak izenekoa, errepasatuko dugu. Txostenak, besteak beste, EAEko udalerrien errenta-mailak eta eraikuntza-moduak –estentsiboa edo landa-eremukoa ala intentsiboa edo urbanoagoa– eta euskararen erabilerak izan dezaketen erlazioa ikertzen du. Grafiko honetan jasotzen dira emaitzak [14].

Kolore berdeko herrietan euskara erabiliko litzateke gehienbat eta erdara gorrikoetan. Bestalde, ikusten denez, ardatz horizontalean eraikuntza-ereduaren arabera sailkatuta ageriko lirateke udalerriak eta bertikalean, aldiz, errenta-mailaren arabera, zenbat eta gorago orduan eta errenta altuagoak herri horretan, alegia.

Udalerri euskaldunak, modu nabarmenean, erditik gora daude kokatuta errentaren araberako ardatzean; are, ardatz horretako goiko partea nagusiki udalerri euskaldunek osatzen dute. Badira kolore gorriko zenbait herri grafikoaren goialdean, hiriburuak eta Bizkaiko herri batzuk bereziki –Laukiz, Berango, Sopela, Getxo–, baina nabarmena da grafikoaren beheko partean kolore gorria nagusi dela. Berriro aurkitzen dugu korrelazio bat euskal hiztunen eta errentaren artean, zenbat eta errenta altuagoa orduan eta euskararen presentzia handiagoa, kasu honetan udalerrien egoera orokorrari erreparatuta.

Interesgarria da ardatz horizontalari ere erreparatzea. Emaitzen arabera, euskararen presentzia askoz handiagoa da eraikuntza-modu estentsiboko eremuetan, landa-eremuan. Aldiz, modu intentsiboko eremuetan, hau da, blokekako eraikuntzari, eremu populatuagoei eta, oro har, bizimodu kapitalista garaikideari lotuago dauden udalerrietan, gaztelania nagusitzen da; udalerri euskaldun batzuk dira salbuespena –Ordizia, Durango edo Abadiño, adibidez–, baina halaber goialdean kokatzen dira ardatz bertikalean. Bestalde, badira hainbat landa-eremuko udalerri nagusiki erdaldunak direnak, batez ere Araban.

Beraz, datuek erakusten digutena zera da: udalerri euskaldunen tipologia, oro har, errenta-maila ertain-altukoa eta landa-eremukoa dela. Lotura hori konparazioz ere plantea liteke: udalerrien euskalduntasuna errenta ertain-altuekin lotzen den bezala, errenta txikiak eta langabezia, besteak beste, euskararen presentzia murritzagoarekin lotzen dira. Hala ere, interesgarria da puntu honetan ikerketak dioena ekartzea, izan ere, «aldi berean, euskararen erabilera txikiaren adierazleak errenta handiekin eta bigarren etxebizitza ugarirekin ere lotzen dira». Hala, ikerketak ondorioztatzen duena da euskararen presentzia murritza dela bai maila sozioekonomiko baxuko sektoreetan, baina baita maila altuenekoetan ere. Euskararen presentzia «erdi-mailako klaseetan» legoke nabarmenen, beraz. Bestalde, interesgarria da ikerketako ondorioetan «modernizazioa hizkuntza-homogeneizazioaren arrazoia delako hipotesia» ere ageri dela. Hipotesi horren arabera, eremu urbanoa, familia-eredu garaikidea eta immigrazioa bezalako faktoreak –finean, gure iritziz, bizimodu kapitalista garaikidearen garapena– euskararen presentzia murritzarekin lotzen dira [15]. Txostenak ez du gehiago ikertzen ideia horren inguruan, baina interesgarria iruditu zaigu guri dagokigun gairako.

Ondorioak

Gure helburua euskararen eta maila sozioekonomikoaren arteko erlazioaren gaur egungo nolakotasuna aztertzea zen. Horretarako errepaso soziolinguistiko bat egiten saiatu gara, gaiaren inguruan zenbait ikerketak argitaratutako datu sakabanatuak ordenatuta. Aztertu ditugunak, zehazki, hauek izan dira: pobrezia-egoeran dauden gipuzkoarren ezaugarri linguistikoak, EAEko ikastetxeetako ikasleen maila sozioekonomikoa hizkuntz ereduka eta udalerrien joera linguistikoa errentaren eta eraikuntza-moduaren arabera.

Ondorio nagusi bat ateratzekotan, hauxe litzateke: badago korrelazio bat errenta-mailaren eta euskararen presentziaren artean; zenbat eta errenta-maila altuagoa izan, euskararen presentzia orduan eta nabarmenagoa da, oro har. Ondorio bera adierazteko beste modu bat litzateke esatea errenta-maila baxuko biztanleen artean oso murritza dela euskararen presentzia, hainbat eremutan. Bestalde, ondorioztatu daiteke errenta altuaren eta euskalduntasunaren arteko erlazioak badituela bere mugak, eta errentarik altuenak dituzten sektore sozialetan ere murritza dela euskararen presentzia, Soziolinguistika Klusterrak udalerriei buruz egindako ikerketak edo A ereduko ikasleen tipologia sozioekonomikoak adierazten duten bezala. Zehatzago esateko, beraz, badirudi errenta ertain-altuko sektoreetan lukeela euskarak presentziarik handiena.

Gure hau ezin daiteke ikerketa osatutzat hartu: gure lana datuen errepaso bat egitea izan da, datu sakabanatuak eta desordenatuak, urte desberdinetan egindako ikerketetan jasoak, eremu ugaritakoak eta euskararen lurralde osokoak ez direnak. Klase-posizioaren indefinizio bat ere badute erabilitako ikerketa guztiek, klasea analisirako kategoria gisa baztertzeaz gain, ez baitute errentaren baremo zehatzik ematen edo ikuspegi baldar samar bat erabiltzen baitute, eta horrek nahitaez datuen indefinizio bat ere bai baitakar. Ondorioak, beraz, ezin dira behin betikotzat jo. Hala ere, uste dugu eremu esanguratsuetako datuak jaso ditugula, aski bederen errentaren eta euskararen arteko korrelazio bat existitzen dela baieztatu ahal izateko.

Datu hauek, gure ustez, gai honetan sakontzeko beharrezkotasuna azaleratzen dute. Gai honek oro har eragiten dituen erreakzioak ikusita, nabarmena da deserosotasuna sorrarazten duela, segur aski euskalgintzaren tradizio ideologikoagatik eta bertako hainbat kideren klase-posizioagatik, besteak beste. Deserosotasunak gorabehera, ezin zaio luzaroago entzungor egin: euskararen biziraupenak kezkatzen duen eta hura bermatzeko politika eraginkorrak egin nahi dituen edonork eutsi beharko lioke gaiari. Hutsuneak asko dira eta egin beharko dira ikerketa sistematizatuagoak eta zehatzagoak. Hala ere, jakin behar genuke egungo soziolinguistika burgesak badituela bere mugak, soilik errealitatea deskribatzen baitu datuetan, zeinak prozesu sozial konplexuen emaitzak baitira, finean. Beharrezkoa izango da, beraz, errealitatea ulertzeko eta bertan eraginkorki esku hartzeko, interpretazio politiko egoki bat garatzea. Badago zer egin.

Erreferentziak

1. VI. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritza et al., 2016, 3-4. orr.

2. Ibid., 9. or.

3. Ibid., 22-23. orr.

4. Ibid., 24-27. orr.

5. Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko II. inkesta, SIIS eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 2014, 31. or.

6. «Pobreen hizkuntzak», Joseba Zalakain, Berria, 2020ko urria.

7. Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko II. inkesta, SIIS eta Gipuzkoako Foru Aldundia, 2014, 32. or.

8. Euskararen B1 maila Lehen Hezkuntzan. Txosten Orokorra, ISEI eta Eusko Jaurlaritza, 2007, 50. or.

9. VI. Inkesta Soziolinguistikoa, Eusko Jaurlaritza et al., 2016, 16. or.

10. Unibertsitatetik kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleak, Euskal AEn, lurralde eta irakaskuntza-mailaren arabera, zentroaren titulartasunari eta hizkuntza ereduari jarraiki. Datu-aurrerapena. 2019-2020, EUSTAT, 2020.

11. Euskarak Nafarroan izan duen bilakaeraren adierazle soziolinguistiko batzuk, Carlos Vilches eta Mikel Vilches, BAT Aldizkaria, 2006.

12. Euskararen B1 maila Lehen Hezkuntzan. Txosten Orokorra, ISEI eta Eusko Jaurlaritza, 2007, 35-37. orr.

13. «Ghetto-ikastetxeen egunerokoa», Mikel Garcia, Argia, 2018ko iraila.

14. Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak, Natxo Sorolla et al., Soziolinguistika Klusterra, 2019, 33. or.

15. Ibid., 35. or.



Iruzkinak

Iruzkin bat
  1. I
    i. 2021eko abuztuaren 27a, 15:36 2021-08-27, 15:36

    Kuxkuxean iritsi naiz ona. Interesatzen zait gaia. Begibistakoa dirudien arren, uste dut ez litzatekeela esan gabe pasatzen utzi behar euskararen presentziak errenta-mailarekin loturarik izan dezan lehenengo eta ezinbesteko baldintza, H. Euskal Herrian, espainolez jakitea eta egitea dela. Bestela jai. "Euskararen presentzia" diogunean, beraz, espainola+euskara elebitasuna diogu. Erdaraz ez dakien euskaldun baten errenta zein izango litzatekeen imajinatzen?

    Kuxkuxean iritsi naiz ona. Interesatzen zait gaia. Begibistakoa dirudien arren, uste dut ez litzatekeela esan gabe pasatzen utzi behar euskararen presentziak errenta-mailarekin loturarik izan dezan lehenengo eta ezinbesteko baldintza, H. Euskal Herrian, espainolez jakitea eta egitea dela. Bestela jai. "Euskararen presentzia" diogunean, beraz, espainola+euskara elebitasuna diogu. Erdaraz ez dakien euskaldun baten errenta zein izango litzatekeen imajinatzen?