Covid ziurtagiriak ezkutatzen duena

2021eko abenduaren 11a

Egilea: Ander Goiatxe


Azken asteotan berriz ere gorakada bat izan da endemiko bihurtzear dagoen SARS-CoV-2 birusak eragindako gaixo kopuruan, eta horrek deja vu baten antzeko sentsazioa sortu digu. Desesperazio eta ezjakintasun testuinguru horretan, Eusko Jaularitzak eta Nafarroako Gobernuak, Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzuekin batera, orain artean gurean ez zegoen neurri berri bat ezarri dute: Covid ziurtagiria. Aurrerago mamituko dugun arren, hasieratik aipatu nahiko nuke gurean inpaktu sanitario mugatua duen neurri horrek uste baino ondorio handiagoak dituela. Izan ere, Covid ziurtagiriaren aplikazioa, zeharkako moduan bada ere, txertaketa de facto derrigorrezko egiten duen neurria da. Gurean oraindik hori antzematea zailagoa den arren, ziurtagiriaren ezarpena hedatuago daukaten estatuetan argi ikus daiteke. Frantziako Estatuan, adibidez, publikoarekin aritzen diren langileek derrigorrez eduki behar dute ziurtagiria lan egin ahal izateko, eta beraz, langileek, euren lanpostura lotuta dauden heinean, ez dute txertatzea ez den beste aukerarik. Txertaketa, zeharka bada ere, derrigorrezko bilakatuta, langileriaren aurrean duen kontrol sozial kuota handitu eta aurrekari garrantzitsu bat ezarri du Estatuak, bere esanei men egiten ez dietenak zigortuz.

Hego Euskal Herrian tabernak bezalako leku itxietara eta zenbait ekitalditara sartzeko derrigorrezko bilakatu da ziurtagiria erakustea. Aipatu dugu lehenago neurri horrek pandemiaren bilakaeran izan dezakeen inpaktua mugatua dela. Hori azaltzera sartu aurretik, ordea, COVID-19ari lotutako zenbait kontu argitu nahiko nituzke.

Hasteko, esan dezadan egun bizi dugun egoera sanitarioak nabarmen egin duela hobera. Eta horretan faktore erabakigarria txertaketa izan da. Txertoek efektibitate nabaria erakutsi dute (1-5). Eurei esker infekzioa pairatzeko arriskua gutxitu da, baina, batez ere, COVID-19aren forma larriak eta heriotzak nabarmen gutxitu dira. Txertoek kutsakortasunean daukaten eragina, ordea, gaur-gaurkoz zalantzan dago. Egun gure artean nagusi den delta aldaerarekin egindako ikerketek iradoki dute infekzioa garatzen duten txertatutako pertsonek birusa kutsatzeko arrisku substantziala dutela, txertatu gabeko pertsonek dutenarekin konparatu daitekeena (2,6-10).

Covid ziurtagiriaren aplikazioa justifikatzeko, txertaketa bultzatzeko baliagarria izango dela ere esan dute. Datuetara jotzen badugu, Nafarroan adibidez, 12 urtetik gorakoen artean (txikiagoak oraindik ez dira txertatzen hasi) populazioaren %91k txertoaren pauta osoa du jarrita (11). 70 urtetik gorakoen artean (gaixotasun larria pairatzeko arrisku gehien dutenen adin tartea), %99k jaso du pauta osoa. Zifra horiek baloratzeko orduan txertaketaren helburua hartu behar da kontuan. Gaur-gaurkoz txertaketak ez du transmisioa eteten, eta hori talde immunitatea erdiesteko baldintzetako bat denez, esan daiteke txertoek ez dutela talde immunitatea lortzeko balio. Esandakoaren adierazle da txertatze datu horiek izanda ere (%80ekin iritsi beharrak ginen talde immunitatera) birusa oraindik ere transmititzen ari dela. Ondorioz, txertaketaren helburu nagusia gaitzaren kuadro larriak eta heriotzak ekiditea litzateke, transmisioa gutxitzen laguntzearekin batera. Helburu horri jarraiki, dauzkagun txertaketa datuak egokiak direla esan genezake. Hortaz, Covid ziurtagiriaren aplikazioa ezin da gurean txertaketa bultzatzeko neurri garrantzitsu bezala ulertu, ez baitu ekarpen nabarmenik egingo alor horretan.

Laburbilduz, Covid ziurtagiriaren inpaktu sanitarioa mugatua da, are gehiago Hego Euskal Herrian ezarri den baldintzetan. Gainera, Covid ziurtagiriak ez du, bere kabuz, bizi dugun agerraldiaren joera aldatzea lortuko, oinarrizko neurri prebentiboak hankamotz dauden bitartean behintzat: musukoak eta testak oraindik ere ezin dira erraztasun osoz eta dohainik eskuratu, kontaktuen miaketa zerbitzua kolapsaturik dago, gaixoen gehiengoa artatu eta jarraipena egin behar dion lehen arretako zerbitzuak gainezka eta ezin iritsita daude... Pandemia honetan, beste hainbatetan gertatu bezala, neurri horren aplikazioa ere ez da osasun perspektiba soil batetik sostengatzen, eta beharrezko egiten du neurria orokortasunean ulertzea.

Europako eboluzioak erakutsi digu, zeharka bada ere, txertaketa derrigorrezko egiteko helburua duela. Horrekin batera, ziurtagiriak oinarrizko askatasun batzuk murrizten ditu, mugitzeko askatasuna aipatzearren, neurriaren legezkotasuna ere ezbaian jartzen duena. Baina ez gaitezen okertu; nahiz eta gurean oraingoz hala adierazten den, Covid ziurtagiria ez da lagunekin tabernara joatearen edo etxean bakarrik geratzearen arteko gatazkara mugatzen. Frantziako Estatuan agerian geratu den bezala, soldatapeko lanaren baitan kokatzen da benetako gatazka. Langileriak bizirauteko lanera joan beharra duen heinean, Estatuak ezartzen dizkion irizpideak betetzea beste aukerarik ez du, lana galdu eta familiaren biziraupena arriskuan jarri nahi ez badu behintzat. Eta horixe da hain zuzen ere kontrol soziala: Estatuak langileon bizitza irizpidetzeko, bideratzeko edota mugatzeko daukan gaitasuna, langileria ordena sozial burgesera azpiratuta mantentzeko.

Gure buruari galdetu geniezaioke ea zergatik ez duten zuenean derrigorrezko txertaketa aplikatzen ziurtagiriaren bidez zeharka ezarri beharrean. Horixe bera proposatu du berriki Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidente eta epidemiologoak (12). Espainiako Gobernuak segituan eman dio ezezkoa Von der Leyen andereari (13). Izan ere, Estatuak ez du txertaketa derrigorrezkotzat jo beharrik ziurtagiriaren bidez de facto derrigorrezko egin daitekeenean eta horrela, gainera, hain agerikoa ez izatean, erreakzio posibleak ekiditen dira. Horrez gain, ondorio kaltegarriak ekarri diezazkioke Estatuari, zuzenean txertaketari loturiko albo-kalte guztiak (medikoak, ekonomikoak...) Estatuaren gain eroriko lirateke-eta. Europako iparraldeko beste estatu batzuetan, ordea, Alemanian kasu, derrigorrezkotasuna mahaigaineratzen ari dira. Alemaniaren kasua txertaketaren zifra txarrei loturik egon liteke, baina ezin dugu ahaztu Alemaniako Estatuak hangoak diren BioNTech eta Curevac multinazionaletan duen parte-hartze nabarmena. Bien bitartean, Frantziako Estatuan Covid ziurtagiria eskuratzeko "hirugarren" dosia jartzera derrigortuko gaituzte. Zalantzazko oinarri zientifikoa duten neurri horiek ikusita, Pfizer eta BioNTech-ekoak, pandemia betean txertoaren prezioa %25 igo zuten mafiosoak, eskuak igurzten ari dira (14).

Pandemiak aurretik nabaria zen metaketa-krisi kapitalista larriagotu du, eta testuinguru horretan Europako oligarkiak bere posizioak ziurtatzeko eginahalak egin ditu. Digitalizazioa, finantzarizazioa eta adimen artifizialaren hedapena oinarri dituen bide-orri ekonomikoa ezarri da egungo krisia kudeatzeko eta metaketa-dinamika berri bat bultzatzeko saiakeran. Horrekin batera, farmazeutiken, banketxeen, akademiaren eta estatu-aparatuen gidaritzapean, Europar Batasuna orkestra-zuzendari zela eta alderdi sozialdemokratak betearazle leialenak izanda, langileriaren aurkako eraso zuzenak diren politikak gauzatu dira. Esandakoaren adierazle dira, hain zuzen ere, hurrengo urteetako kondena bilakatu diren Europar Funtsak. Gainera, bizitzaren garestitze eta oinarrizko zerbitzuen pribatizazio eta murrizketa prozesu bete-betean murgildurik gauden honetan, kontzesio ekonomikoen itzulpen zuzena diren eskubide zibil eta politiko formalak ere ezabatzen ari dira langileriarentzat. Estatuaren totalitarismoa eta kontrol sozial kuotak handitzen ari dira etengabe. Joera horren adibide dira Covid ziurtagiria, oinarrizko askatasun politikoen murrizketak, errepresio-indarren presentzia iraunkorra, digitalizazioa, finantziarizazioa eta poliziaren inpunitatea... Izan ere, COVID-19aren osasun kudeaketa banaezina da kapitalismoaren funtzionamenduarekin; bigarrenaren araberakoa da lehenengoa.

Alderdi sozialdemokrata guztiek egin dute Covid ziurtagiriaren alde, eta berriz lerratu dira oligarkiaren programa politikoarekin. Eta ez da hori adibide bakarra. Cadizko langileen aldarriak erreprimitzeko bidalitako tanketa, Europar Funtsei eta Estatuko oligarkiaren intereseko aurrekontuei emandako babesa, poliziaren erretiro-adina jaistea gainerako langileena igo eta igo ari denean... Agerikoa da alderdi sozialdemokratak Burgesiaren Alderdiaren beste adierazpen batzuk baino ez direla; progresismoaren maskara izan arren, egungo ordena ekonomiko eta soziala mantentzeko ezinbesteko agenteak.

Horren guztiaren aurrean, langileriarentzako berme posible bakarra bere independentzia politikoa gauzatzea eta egungo dominazio egoera erabat aldatuko duen prozesu iraultzailea bultzatzea da. Bitartean, gure posizioa, halako edo bestelako neurrien izaera kapitalista aditzera ematean eta horri kontra egitean datza. Modu horretan lortuko baitugu burgesiaren nagusitasunarekin amaitzea eta ekoizpenaren eta bizitzaren esparru guztien gaineko kontrol sozialista ezartzea. Kontrol sozialista da, burgesiaren diktadura ekonomikoarekin, kontrol sozialarekin, milioika familiarentzako bizi-baldintza miserableekin eta munduko desberdintasun ekonomikoarekin amaitzeko modu bakarra; eta nola ez, berriz ere pandemia bat baldintza hauetan ez bizitzeko aukera bakarra. Modu horretan bakarrik bermatuko baitira, besteak beste, epidemiak lehertzea ahalbidetzen duten ekoizpen-baldintza biologikoak berriro ez gertatzea (ekoizpen masiboko etxaldeetako animalia pilaketak, krisi ekologikoa...); gaur egun multinazional gutxi batzuen esku dagoen osasun teknologia sozializatzea; zientziaren aurrerapen esponentziala lortzea, gizateriaren bizi-baldintzak hobetzeko helburuak bultzatuta, eta ez enpresa handien arteko lehiak bultzatuta; ahalik eta txertorik onena garatu eta mundu osoan zehar banatzea edota oinarrizko osasun elementuetara zein baliabide aurreratuetara doako sarbide unibertsala ziurtatzea. Eta, beraz, sozialismoan pandemiarik egongo balitz, oinarrizko askatasunak murrizteko beharrik gabe eta osotasunaren gaineko kontrol demokratikoarekin (ekoizpen esparruaren gainean barne) kudeatuko litzateke. Gure osasuna gutxi batzuentzat negozio-iturri izan beharrean, betebehar kolektiboa izatera igarota.

Bibliografia

1- Katella K. Comparing the COVID-19 Vaccines: How Are They Different? [Internet].Yale Medicine. Nov 2021 [Accessed on November 29, 2021]. Available in: https://www.yalemedicine.org/news/covid-19-vaccine-comparison

2-Edwards KM, Orenstein WA. COVID-19: Vaccines to prevent SARS-CoV-2 infection. In Post TW. UptToDate. Waltham (MA): UpToDate; 2021. (Accessed on November 26, 2021).

3-Fiolet T, Kherabi Y, MacDonal CJ, et al. Comparing COVID-19 vaccines for their characteristics, efficacy and effectiveness against SARS-CoV-2 and variants of concern: a narrative review. Clin Microbiol Infect. 2021[Epub ahead of print]. https://doi.org/10.1016/j.cmi.2021.10.005

4- Thompson MG, Stenehjem E, Grannis S, et al. Effectiveness of Covid-19 Vaccines in Ambulatory and Inpatient Care Settings. N Engl J Med. 2021;385:1355–1371. https://doi.org/10.1056/NEJMoa2110362

5- Soledad González S, Olszevicki S, Salazar M, et al. Effectiveness of the first component of Gam-COVID-Vac (Sputnik V) on reduction of SARS-CoV-2 confirmed infections, hospitalisations and mortality in patients aged 60-79: a retrospective cohort study in Argentina. Lancet. 2021;40:1011-26. https://doi.org/10.1016/j.eclinm.2021.101126

6- Singanayagam A, Hakki S, Dunning J, et al. Community transmission and viral loadkinetics of the SARS-CoV-2 delta (B.1.617.2) variant in vaccinated and unvacci-nated individuals in the UK: a prospective, longitudinal, cohort study. Lancet InfectDis 2021. https://doi.org/10.1016/S1473-3099(21)00648-4

7- Pouwels KB, Pritchard E, Matthews PC, et al. Impact of Delta on viral burden and vaccine effectiveness against new SARS-CoV-2 infections in the UK. Nat Med. Oct 2021[Epub ahead of print]. https://doi.org/10.1038/s41591-021-01548-7

8- Chia PY, Ong SWX, Chiew CJ, et al. Virological and serological kinetics of SARS-CoV-2 Delta variant vaccine-breakthrough infections: a multi-center cohort study. Clin Microbiol Infect. Nov 2021 [Epub ahead of print]. https://doi.org/10.1016/j.cmi.2021.11.010

9- Griffin JB, Haddix M, Danza P, et al. SARS-CoV-2 Infections and Hospitalizations Among Persons Aged ≥16 Years, by Vaccination Status - Los Angeles County, California, May 1-July 25, 2021. MMWR Morb Mortal Wkly Rep. Aug 2021;70(34):1170-6. https://doi.org/10.15585/mmwr.mm7034e5.

10- Riemersma KK, Grogan BE, Kita-Yarbro A, et al. Shedding of Infectious SARS-CoV-2 Despite Vaccination when the Delta Variant is Prevalent - Wisconsin, July 2021. Unpublished. https://doi.org/10.1101/2021.07.31.21261387 (Accessed on November 26, 2021)

11- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua - Instituto de Salud Pública y Laboral de Navarra. Vigilancia Epidemiológica en Navarra: Informe Epidemiológico Semanal 47/2021 (22 al 28 de noviembre). Pamplona: Servicio Navarro de Salud - Osasunbidea; 2020. 1-7. Disponible en: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/28606C91-1431-4CF9-9D2A-A499BCC8E47E/476621/InformeEpidemiologicoSemanal47_2021.pdf

12- Perez Zala A. Von der Leyen. «EBk aintzat hartu beharko luke derrigorrezko txertaketa». Berria; Mundua. 2021eko abenduak 2, osteguna. Hemen eskuragarri: https://www.berria.eus/paperekoa/1877/015/001/2021-12-02/von-der-leyen-ebk-aintzat-hartu-beharko-luke-derrigorrezko-txertaketa.htm

13- Martin P. España rechaza la vacuna obligatoria tras la propuesta de la UE de abrir el debate. El Periódico; Sociedad. Jueves 2 de diciembre de 2021. Disponible en: https://www.elperiodico.com/es/sociedad/20211202/espana-rechaza-vacuna-obligatoria-12936304

14- De Miguel B. Pfizer y Moderna incrementan el precio de las vacunas para la Unión Europea. El País; Sociedad. Domingo 1 de agosto de 2021. Disponible en: https://elpais.com/sociedad/2021-08-01/pfizer-y-moderna-incrementan-el-precio-de-las-vacunas-para-la-union-europea.html



Iruzkinak

Ez dago iruzkinik