EB-k hil egin behar du Europa salbatzeko

2020ko irailaren 16a

Egilea: Carmen Parejo


[Arteka aldizkarian 2020ko ekainean argitaratutako artikulua]

1915ean, Leninek, La Consigna de los Estados Unidos de Europa artikuluan, argi eta garbi utzi zuen Mendebaldeko Europako potentzien batasun politiko eta ekonomikoko proiektuak sortu zirenetik gertaeren argitan egiazkoa izan den premisa bat.

Honela esaten zuen lider boltxebikeak: «Europako Estatu Batuak kapitalismoaren baitan ezinezkoak edo erreakzionarioak dira». Eta honela azaltzen zuen:

«Izan posible dira aldi baterako akordioak kapitalisten eta potentzien artean. Zentzu berean, Europako Estatu Batuak ere posible dira, Europako kapitalisten akordio modura… Zerren gainean? Europan sozialismoa birrintzeko moduaren inguruan, hain zuzen, baita Japonia eta Ipar Amerikaren aurka lapurtutako koloniak batera defendatzeko ere, hauen interesak kolonien banaketa berriarekin oso kaltetuta baitaude, eta zaharraren zaharrez usteltzen hasia den Europa atzeratua, monarkikoa, baina askoz abiadura handiagoan indartu direlako azkeneko 50 urteetan. Amerikako Estatu Batuen aldean, Europa bere osotasunean geldialdi ekonomiko batean dago. Egungo oinarri ekonomikoaren gainean, hau da, kapitalismoarekin, Ipar Amerikaren garapen azkarragoa gelditzeko erreakzioaren antolakuntza izango lirateke Europako Estatu Batuak».

Gogora dezagun 1917an Errusiar Inperio zaharrean iraultza sozialista garaile atera zela, gerora Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren sorrera ekarriko zuena. Era berean, Bigarren Mundu Gerraren eta Europa erdialdeko eta Italiako Errepublikako nazifaszismoaren porrotaren ostean beste iraultza sozialista batzuk loratu ziren Europa ekialdeko eta erdialdeko zenbait herrialdetan. Testuinguru horretan, gerraren hondamendiengatik txikituta eta gailentzen zen sozialismoaz inguraturik, potentzia inperialista europarrak AEBekin dependentziazko harremana izaten hasi ziren. Horrela, Alemaniako Errepublika Federalaren industrializazio masiboa Gerra Hotzeko beste arma bat bihurtu zen, eta Alemania kapitalista eta potentzia estatubatuarraren hitzarmenezko ezkontza behartua izan zenez, Altzairuzko oihalaren Alemania Federalaren aldean hegemoniko bilakatu zen AEB. Leninek aurkezten zuen testuingurua, Europako Estatu Batuen kontsignaren garapen ez erreakzionarioa eragozten zuena, lasaitu beharrean, larriagotu egin zen bilakaera historiko honetan. Behintzat Altzairuzko oihalaren mendebaldeko aldean.

Klase-borroka Europan

1947an AEBko presidenteak, Alderdi Demokratako Harry S. Trumanek, bere izena zeraman doktrina ezarri zuen, eta doktrina horrek nazioarteko esku-hartzeari ateak ireki zizkion, diskurtso eta ekintza antikomunistaren pean. Gerra Hotzaren hasiera izen zen hori.

Kabinete honen proposamenen artean zegoen Marshall Plana ezartzea, Mendebaldeko Europa berreraiki eta herrialdean sozialismoaren hedapena gelditzeko beste erreminta izan zedin, AEBren esportazioekiko menpekoa zen eta kontrolpean zegoen industriaren garapenaren bidez.

1948ko apirilaren 16an Ekonomia Lankidetzarako Europako Erakundea (gaztelaniazko OECE) sortu zen, Marshall Planaren laguntzak kudeatzeko helburuarekin. Hau da, Mendebaldeko Europa kapitalistaren lankidetza ekonomikorako lehenengo estruktura sortu zen, gaur egun «Herrialde aberatsen kluba» modura ezagutzen den Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (gaztelaniazko OCDE) jatorria izan zena, hala ere, txotxongilo-gobernuen bidez munduko beste mendeko ekonomia batzuk batu dira.

Borroka antikomunistaren eta espantsionismo estatubatuarraren markotik kanpo ezin uler daitekeen unitate honek 50eko hamarkadan bide eman zien Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoari. Alemaniako Errepublika Federala, Frantzia, Belgika, Italia, Luxenburgo eta Herbehereak bakean eta gerran batuko zituen aliantza, hain zuzen. Azkenik, 1957an, Erromako Itunarekin, Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE, gaztelaniazko CEE) eratu zen, edo «merkatu komuna», kide ziren herrialdeen arteko aduana-eskubideen amaiera erraztuko zuena.

1973an Bretainia Handia, Irlanda eta Danimarka EEEn sartu ziren. Gerora, Grezia 1981an eta Espainia eta Portugal 1986an sartu ziren, aurretik zuten diktadura erregimenak jausi eta EEEren demokrazia kapitalista eredura egokitu ostean.

1986an Europako Agiri Bakuna sinatu zen, sei urteko programa zabalaren oinarri izango zen akordioa, EBko mugetan merkantzien zirkulazio libreari trabak kentzeko asmoa zuena, horrela sortu zen «merkatu bakarra».

Eta 1995ean Austria, Finlandia eta Suitza batu ziren. 15en Europa osatuz.

Paraleloki kapitalismo europarrak 1949ko apirilean AEBrekin zuen aliantza indartu zen Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen bidez (NATO/OTAN), horrela, europar eta estatubatuar kapital handiek indar militarrak batu zituzten Europa sozialistaren, SESBen eta eman zitekeen ezein prozesu iraultzaileren aurkako bloke antikomunista osatu zuten.

NATOk eginiko lehenengo ekintza bateratua Sobietar Batasuna erori ostean izan zen, europar sozialismoaren azken gotorlekua suntsitzeko balio izan zuen. Kosovoko bonbardaketak, premisa faltsuen pean, Jugoslaviaren suntsiketa eta AEBk urte batzuetan bere nahira eta gogora gobernatuko zuen ordena mundial polobakarraren hasiera ekarri zuen.

90eko hamarkada bereziki dramatikoa da kontinente europarrarentzat, Jugoslaviako gerraz gain ekialdeko herrialdeen suntsiketa eta zatikako salmenta ere gertatu baitzen, Errusia barne, eta oligarka mafiosoen agerpena erraztu zen eta bertako biztanleria gerra odoltsu batek egingo lukeen moduan txikitu zuen. Behin askeak izan ziren herrien aurka mendeku gosez inposatutako kapitalismoaren dekadentzia irudia droga-mendekotasunak, prostituzioak eta gizartearen lunpenizazio prozesuaren bestelako elementuen areagotzeak markatu zuen. Aldi berean, Alemaniako ekialdea txirotuko zuen «bateratze» prozesua jazo zen, esperientzia sozialistarengatik zigortuta eta herrialdeko mendebaldeko aldearen mesedetan. Garaipena konkordia modura saldu zuten eta Berlingo harresiaren erorketa Alemaniako Errepublika Demokratikoko langileen estatuaren aurkako kapitalisten garaipena baino ez zela ezkutatzen zuen propaganda helarazi zioten munduari.

EEEk bi itunekin ospatu zuen: Maastricht-ekoa (1992) eta Amsterdamekoa (1999). Altzairuzko oihalik gabeko mundu hartan, Europako monopolio handien gaitasun espantsionista indartzeko helburuarekin, garapen lehiakorrago bat zuten gune ekonomikoentzat, enpresa handientzat eta multinazionalentzat mesedegarriak ziren birmoldaketa eta kohesio planak abiatu ziren. Halaber, Europako Banku Zentrala martxan jarri zen eurogunea kudeatzeko.

27 kide guztiz desberdinak diren herrialdeen arteko merkatu bakarreko proiektu batean

Ebren jaiotza eta oinarriak europar kapitalismoak bere ekonomiaren eraginaren galeraren aurrean eta sozialismoak Europan izan zuen arrakastaren aurrean indar bateratua egiteko duen premia dira, Leninek 1915ean ohartarazi zuen bezala. Hala ere, ekonomiaren geldialdiari Bigarren Mundu Gerraren ondoren zuten ahultasuna gehitu zitzaion, eta horrek AEBrekin aliantza bat egitera behartu zuen, egun oraindik indarrean jarraitzen duena.

EBko potentziak lapurreta kolonialaren eta inperialismoaren bidez hiriburuen hedapenaren babespean garatu ziren. Gerra Hotzaren amaieraren ondoren irekitako testuinguru berrian, gainera, barne-lapurreta prozesu berri batez baliatu ziren, eta sozialismoaren erorketaren ondoren Europako ekialdeko herrialde hondatuak anexionatu zituzten. Gaur egun, 27 bazkide daude batuta herrialde erabat desberdinen arteko merkatu bakarreko proiektuari. Zerga- eta diru-politika bakarra, industria- eta finantza-sistema sendoagoa duten herrialdeei abantaila ematen diena.

Aldi berean, monopolioen gorakadak eta deslokalizazio produktiboak lan-prekarietatea eta langabezia areagotzen dituzte, eta azken urteotan, krisi ekonomikoaren ondoren, gastu sozialaren austeritate-politikek indartu egingo dute, Europako langileriaren zati handi bat –milaka migratzaile, barnekoak zein kanpokoak, herrialde periferikoetako arpilatze esperimentuen eta gerren ondorioz sorturikoak– muturreko pobrezia egoeretara eta itxaropen faltara eraman baitute.

Baina, dakigunez, inperialismoak ez du aliaturik, interesak bakarrik. Horrek pitzadura sakonak irekitzen ditu Batasunean Brexit-a eragingo duena, adibidez, edo Erresuma Batuaren irteera 2019an finkatua. Haustura hori ulertzeko, gutxienez funtsezko bi elementu daude: lehenik, gizartearen gogaitasuna eta kohesio politikorik eza, eta, bigarrenik, krisi ekonomikoaren eta hegemoniak haustearen testuinguruan dauden kontraesan interinperialistak, jokoaren arauak hausten dituen mundu multipolarra gero eta modu nabarmenagoan agertzeagatik.

Alemania eta Frantziako Barne Produktu Gordinaren partaidetza (EBko jarduera ekonomikoa) % 42koa da, eta bi herrialde horiek dira, Holandarekin batera, kapitalaren barne-ihesaren onura handiena jasotzen dutenak, hainbat txosten ofizialen arabera. Europa hegoaldeko herrialdeak, berriz, atzean daude, desindustrializazio-prozesuen eta espezializazio ekonomikoaren ondorioz.

Hegoaldeko herrialdeek bizirik iraun zezaketen, Mediterraneoko antzinako inperioei buruzko parke tematiko handi bat sortuz gero, azken finean, turismoaren errentetatik bizirik irauten aditu bihurtu ziren, nekazaritza debaluatua eta desindustrializazio gero eta handiagoa konpentsatzeko. Hala ere, ezin dugu inozoak izan, eta onartu behar dugu Grezian edo Espainiako Estatuan, pribatizazio anitzen ondoren, monopolio handiak sortu dituztela, EBren testuinguruan jokatzen jakin dutenak eta merkatu inperialistan jokatzen dutenak. Telefónica, Unión Fenosa, Repsol edo Endesa bezalako kasuak ditugu adibide, sektore publikoaren pribatizazioen babesean sortuak. Eta finantza-sektorean, Felipe Gonzálezek orkestratutako banka publikoa bateratzeko prozesua nabarmendu dezakegu; Argentaria izenekoa, bi urte geroago pribatizazio-prozesuari ekingo ziona, 1999an BBVrekin bat eginez eta horri bere sektorean lehiatzeko gaitasuna emanez. Prozesu horiek guztiak Europar Batasunak berak bere enpresaren arrakasta bermatzeko dituen eskakizunen babesean garatzen dira.

Ekialdeko herrialdeen kasuan, nabarmendu behar dugu bigarren mailako bazkide gisa bizirauten dutela, NATOrentzat estrategikoki interesgarriak direnak Errusiaren aurkako presioan –horietako asko Aliantza Atlantikoan sartu ziren EBn sartu aurreko urrats gisa– eta eskuin muturra nabarmen handitu zen herrialde horietan, salbatzaile gisa saldu zituzten aliantza horiek eragindako atsekabearen ondorioz, aliantzak herrialde horien suntsipenean zuzenean edo zeharka inplikatuta egon ziren arren. Komunismoaren kriminalizazioaren eta jazarpenaren aurrean, ezker ahul batekin, eskuin muturreko indar horiek dira, izaera nazionalista duen diskurtso populista baten bidez, etorkizunik gabe eta galduta dagoen langileriaren babesa jasotzen ari direnak.

Era berean, ikusi dugu Europako bi potentzia nagusiak COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko moduari dagokionean ibili direla norgehiagokan. Horrela, Frantzia Italiarekin eta Espainiako Estatuarekin lerrokatu zen, Alemania Holandatik gertuago geratu zen bitartean. Nolabait, gatazka hau arazo ideologiko baten gisara saldu ziguten, zeinean Frantziak herrien arteko elkartasuna lehenesten zuen, Alemaniak harmonia ekonomikoa defendatzen zuen bitartean. Antza denez, «idealismoaren» eta «pragmatismoaren» arteko norgehiagoka.

Egia esan, bi potentziek interes desberdinak dituzte eta izan dituzte Europar Batasunari dagokionean; hala ere, beren botere-lehiak berekin dakar, orain arte behintzat, egitura horri eustea, haren onurak jasotzen jarraitzeko.

Europako bi potentzien arteko desadostasun horren adibide gisa, analista batzuk bat datoz esatean Frantziak euroaren inguruan zuen asmo nagusia izan zela dolarraren eta Alemaniako markoaren hegemoniaren mendekotasun monetarioari amaiera ematea, eta dolarrari aurre egin ahal izango zion erreserbako moneta globala ezartzea. Alemaniaren egoera bestelakoa zen. Alemania haren esportazioengatik nabarmentzen den herrialdea da; horrek haren monetaren gehiegizko balioespena eragiten zion, eta, beraz, bere esportazioen garestitzea eta bere merkatua txikitzera eramaten zuen. Testuinguru horretan, merkatu komun batek eta moneta komun batek bermatu diote Alemaniari esportazioak ziurtatzea, eta erkidegoko lurraldean bertan merkatu seguru bat bermatzea. Era berean, beste elementu batzuk baliatu ditu, hala nola industria garatzeko euroguneko beste herrialde batzuetan soldata baxuagoak izatea, etab.

Alemaniaren plana garaile nabarmen azaltzen bada ere, ezin dugu ahaztu Frantziako planteamenduaren barruan euroa ez dela hain gaizki geratu, nahiz eta hainbat faktoreren ondorioz ez duen azken helburua lortu. Edonola ere, planteamendu bakar batek ere ez du zerikusirik herrien Europarekin, ezta elkartasunarekin ere.

Horrela, Europako krisi handiak, Brexit-a alde batera utzita, hala nola krisi ekonomikoa eta Greziako kasua edo egungo koronabirusaren krisia interes horien arabera konpontzen saiatu dira beti, eta horrek azaltzen laguntzen du zergatik ez den EB gai Europako herrien benetako arazoak konpontzeko. Besterik gabe, ez dagoelako bere izaeran.

Krisi ekonomikoa eta, batez ere, Greziako krisia negozio errentagarria izan zen asmo horientzat, eta berriz ere, koronabirusaren krisia izango da, herrialde kideen zorraren igoeraren ondorioz. Horrek, lehenik eta behin behintzat, euroguneko dependentzia indartuko du, hori izango baita «elkartea» salbatzeko modu bakarra.

«Europaren elkartasuna ez da existitzen. Txina da lagundu gaitzakeen bakarra»

Aleksandar Vuй Serbiar Errepublikako presidenteak martxoan salatu zuen Europak ez ziola bere herrialdeari lagundu nahi izan mundua astintzen ari den osasun-krisiaren erdian. Era berean, nabarmendu zuen Txinak bakarrik erantzun ziola berehala eskaerari, eta laguntza hori eman ziola. Italiarekin ere gertatu zen hori, Txinako laguntzaz gain, mediku brigadista kubatarren laguntza ere jaso baitzuen. Afrikako herrialdeetan ebola desagerrarazteko laguntza eman duten medikuak, edo Siria bezala erasotutako herrialdeetara joan direnak laguntza solidarioa berriro ere eskaintzera.

Hilabete hauetan ikusi dugu, halaber, EBko kideek osasun-materiala elkarri lapurtzen ibili direla, eta koronabonoak bezalako laguntza-proposamenak helduko direla zerga-neurri gisa gauzatu ezin diren paketeekin. Berriro ere, horrek guztiak ezin gaitu harritu; izan ere, ez dago Europako Estatu Batuei buruzko propaganda egiten hamarkadak daramatzan horren izaeran, elkarri «bazkide» deituz, eta ez «anai-arreba», «aberkide» edo «kide».

Gogoratu behar dugu Greziako krisiaren aurrean, Tsiprasen Gobernuak Errusiaren eskaintza bat jaso zuela bere bazkideak egiten ari zitzaizkion xantaiari aurre egiteko. Gogora dezagun Greziako herriak EBri «ezetz» esan ziola, eta gogora dezagun, halaber, Europako ezker iraultzaile hori ordezkatzera etorri zen «politika berriaren» gobernu horrek –hainbesteko beldurra ematen zuen ezen mila egitura sortu behar izan zituzten, EEE barne, hura garaitzeko– bere herria traizionatu zuela eta gaur egun Grezian eskuinak berriro gobernatzen duela.

Iritsi da garaia ezker iraultzaileak, eta batez ere Europako herrietako Mugimendu Komunistak, bere burua berrantolatzeko, bere historia gogoratzeko eta EBren proiektu inperialistaren aurkako borrokaren lekukoa hartzeko.

Une honetan, mundu multipolarra zabaltzen ari da, eta inperialismoa –baita europarra ere– ahultzen ari da; orduan gogoratu behar dugu Europar Batasuna klase-borrokaren eta sozialismoaren arrakastaren aurkako erreakzioaren alaba dela. Inperialismoari etxetik ekin behar zaio borrokan.