Azkenaldiko polemiken harira, mugimendu sozialistaren posizionamendua


Sinatzaileak: Dani Askunze, Ane Ibarzabal, Jon Losada, Lur Renteria, Amets Sarasua. Mugimendu Sozialistako kideak.


Honako testu hau Mugimendu Sozialistako kide batzuek soilik sinatzen badugu ere, Mugimendu Sozialistako antolakunde eta hainbat espaziotan partekatutako hausnarketen emaitza da hau. Honen bidez, azkenaldian, Euskal Herrian diskurtso independentista eta sozialistarekin argitara eman diren zenbait eragilerekin- Jardun, Jarki eta Hauspoa- izan dugun harremana, eta euren jardun politikoaren inguruko gure ikuspuntua adierazi nahi dugu. Izan ere, azkenaldi honetan, talde horiek ala beste batzuek eskaini dituzten elkarrizketek zein sare sozialetan egon diren azalpen eta eztabaidek eragina daukate gugan; hortik dator azalpen hauek ematearen arrazoia. Gure iritziz ziklo politiko berriari ikuspegi iraultzailetik aurre egiteko eginbeharrak zeintzuk diren zerrendatzen hasiko dugu testua.


Hasteko, Mugimendu Sozialistaren abiapuntua proletalgoaren antolakuntza independentearen beharra azpimarratzean oinarritu da, eta horrek esparru desberdinetan hausturak ematera eraman gaitu. Alde batetik, berrikuntza teorikoak egin behar genituela uste izan dugu, hasieratik. Horrek, gorputz teoriko eguneratu eta koherente bat osatzea exijitzen digu. Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren porrot historikoa onartzetik abiatzen da ariketa hau, eta iraganeko esperientzien kritika egitetik. Guk dakigunez, aipaturiko taldeen artean gurea da ENAMen paradigma historikoari eta hau egituratzen zuten kontzeptuei garatu zaion kritika integral bakarra. Kritika, zentzu marxistan ulertuta: posizio etiko eta politiko argi batetik- Euskal Herriaren independentziaren eta jendarte sozialistaren aldeko konpromisoan berretsita-, iraganeko esperientzietatik irakaspenak aterata eta berritzea beharrezkoak diren elementuak gureganatuta. Bestetik, analisi teorikoetatik ateratako ondorioek gidatuta, haustura organizatiboa eman dugu. Horretarako, antolakuntza sozialista independentea gorpuzteko saiakera egin dugu: militantzia eredu berri eta diziplinatua sortuta, genero problematikari klase ikuspuntutik ekarpena eginda, gazte antolakunde berri bat sortuta, ikasle mugimenduan berrikuntzak ezarrita, langile kontrolpeko guneak defendatzeko tresnak garatuta, eta abar. Lan horrek Ezker Abertzalearen zein ENAMen ohiko eragin eta sozializazio esparruak gainditzera eraman gaitu. Izan ere, Ezker Abertzale Ofizialistak egun betetzen duen papera “aliatu iraultzaile” izatetik aldentzen dela uste dugu. Hala erakutsi baitu, egunerokoan, bere egituretatik ezkerrera kokatzen garen eta ikuspegi integralarekin jarduteko borondatea erakutsi dugun taldeoi eman digun trataerak: zuzendu dizkiguten irainek, erasoek eta gure lan politikoaren inguruan zabaldu dituzten gezurrek.


Horrenbestez, Ezker Abertzalearen iruditegi politikotik harago begiratzea beharrezkoa da; baita hala suertatzen denean, Ezker Abertzale Ofizialistari kritikak luzatzea eta geure burua haien erasoetatik defendatzea ere -beste edozein eragile politikorekin egingo genukeen modura-. Ezker Abertzalearen oinarriarekiko dependentzia militantea mantentzeak, haustura emateko nork bere gain hartu behar duen lana egitea galarazi lezake; era berean, bilatzen denaren kontrako efektua sor lezake: ziklo zaharretik datozen eta borondate iraultzailea duten militanteak hausturaren norabidean lerratu baino, Ezker Abertzale Ofizialistarekiko dependentzian betikotzea, azken horiei mesede eginez.


Bigarrenik, eta indar metaketaren ereduari lotuta, beharrezkoa iruditzen zaigu, auzi honen inguruan, gure ikuspuntua azaltzea; baita testuaren hasieran aipaturiko eragileekin izan dugun hartu-emanaren inguruko argipenak ematea ere.


Mugimendu Sozialistaren partetik, izaera sozialista daukaten eragile desberdinekin elkar ulertzeko eta adostasunetara iristeko borondatea izan dugu hasieratik. Horretarako, Euskal Herriko eragile desberdinekin harremanak abiatu izan ditugu, eta haiek beharrezkoa ikusi dutenetan, ez dugu arazorik izan eragile bakoitzaren ikuspuntu propioa eta denborak errespetatzeko. Horrez gain, uste dugu indar metaketa eredua estrategiaren araberakoa dela, eta antolakunde sozialisten kasuan, proletalgoa sozialismoaren eraikuntzara batzeko eratzen ditugun tresnen eraginkortasunari egiten diola erreferentzia. Gure indarrak batzeko eredua proletalgoaren independentzia ideologiko eta politikoan ardazten da.


Zintzoki hitz eginda, ENAM izan denaren barnean dispertsatuta dauden indarrak oso mugatuak dira egungo proletalgoan eragiteko daukaten ahalmenarekin alderatuta, eta hori, lehenengoaren porrot historikoaren seinale da. Horrenbestez, eztabaida auto-erreferentzialetan murgiltzea baino, aurrera begirako indar metaketa eredu eranginkorrei erreparatu behar geniekeela uste dugu. Dena den, horrekin ez dugu esan nahi ENAMen ziklotik datozen eragileekin batera lan egiteari ateak ixten dizkiogunik.


Jarkiren kasuan, orain dela urte eta erdi egin genuen harremana beren ordezkariekin. Gure proposamen orokorren berri eman nahi genien, baita egoeraren inguruko euren ikuspuntua jaso ere, epe luzerako hartu-eman bat irekitzeko asmoz. Jarkiko zuzendaritzako kideek gurekin hitz egiteari uko egin zioten. Orduz geroztik, gure mugimenduaren zein militanteen aurkako aurreiritziak zabaldu dituzte, gure militanteen ala edukiaren inguruko gezurrak hedatzearekin batera, beren oinarri militantean eta beste espazio batzuetan. Horrela, eremu desberdinetako oinarri militanteen arteko burkidetza harremanak kutsatu dituzte, herri eta eskualdeetako bi mugimenduetako militanteen arteko harreman osasuntsuei eta afinitate politikoari gezurretan oinarritutako aurreiritziak atxikituta.


Jarkiren ikuspuntu teoriko-politikoari dagokionez, langile independentziaren eta nazionalismo iraultzailearen arteko batuketa kontraesankor eta populista bat identifikatzen dugu. Ziklo politiko zaharretik datozen eta beren proiektura batu nahi dituzten militanteak erakartzea bilatzen dute esanahien “batuketa” horrekin, kontzeptu teorikoen zuzentasunari eta koherentziari erreparatu beharrean. Gainera, alderdikeria nabarmena ikusten dugu Jarkiren jardunean.


Horren adibide dira asteburu honetan ospatzekoak ziren “klase feminismoaren” inguruko jardunaldiak. Izan ere, Itaiako kideei ez zaie jardunaldion berri eman, ezta gonbidapenik luzatu ere. Aldiz, Itaiak urteetan zehar ezagutzera eman dituen erreferentzia pertsonal eta teorikoak baliatu dituzte jardunaldiei forma emateko. Ikuspuntu iraultzaile batetik, jarrera korporatibistek ez lukete lekurik izan behar.


Jarduni dagokionez, indarrak koordinatzeko asmoz sortu den eragilea dela diote. Haatik, guri ez digute eragile horretan parte hartzeko gonbidapenik luzatu. Nahiko esanguratsua iruditzen zaigu gonbita gugana iritsi ez izana, aintzat hartuta, hainbat militante eta eragile batzen dituen mugimendua garela. Bestalde, eragileen arteko harremana berdinen artekoa izan behar dela uste dugu, indarrak modu eraikitzailean batuko badira behintzat. Ez zaigu indarrak batzeko modu egokia iruditzen eragile zehatz batzuek, kasu honetan Jarkik eta Eusko Ekintzak, ustez indar metaketaren koordinadora den Jardunen baitan, bozka eskubidearen monopolioa izatea eta nor gonbidatu eta nor ez hautatzea. Gainera, indarrak ez dira batzen nork bere arabera ezarritako oinarriak gainontzeko eragileei onartzea exijituta, berdinen arteko elkarrizketaren bidez eta proposamen garatuenera heltzeko borondatea izanda baizik.


Hauspoari -edota honek barnebiltzen duen espazio politikoari- dagokionez, hainbat dokumentu argitaratu dituzte sare sozialetan. Testu horiez gain, ez daukagu horien aurrera begirako asmoen inguruko berririk. Hori bai, beren ordezkari batzuekin hartu-eman luzea garatu genuen, eta proposamen organizatiboak ere egin genizkien. Orain dela urte eta erdi egin genien proposamena, eta barne eztabaida batean murgilduta zeudela argudiatuta, baztertu egin zuten. Guk beren erabakia errespetatu genuen, beraiekin harreman on bat mantentzea bilatzen baikenuen. Pasa den urteko irailean, bat-batean, gurekin harreman nazionalak mozteko hautua egin zutela esan ziguten, gure arteko “mesfidantza pertsonalen” eraginez. Gure ikuspuntutik, antolakunde iraultzaileen artean, mesfidantza pertsonalek ez lituzkete antolakundeen arteko akordio estrategikoak baldintzatu beharko, eta ohikoak diren haserre eta mesfidantzak bigarren maila batera lekualdatu behar genituzke, eduki politikoaren arrazionalitatea beste ezein baldintzapenen gainetik jarrita.


Gurekin harreman nazionalak moztu zituztenetik, eta egia esateko, baita gurekin tratua mantentzen zutenean ere, gure inguruko gezurrak zabaldu dituzte Hauspoako zenbait kidek; gure militanteen aurkako kritika pertsonalistak, eta gure edukiaren inguruko ikuspuntu faltsuak ere zabaldu dituzte. Horrez gain, Ezker Abertzale Ofizialistarekin gure aurka indarrak batu dituzte zenbait tokitan, azken horiekin batera, gure militantzia bakartzeko taktika bateratuak gauzatuz zenbait eskualdetan, besteak beste. Hori bai, orain arteko beren posizionamendu politikoaren ikuspegi kritikoa badaukagu ere, beren erritmoak errespetatuko ditugu eta haien praktika garatzearekin batera egingo dugu beren jardun politikoaren inguruko gure balorazioa modu garatuago batean.


Horrekin guztiarekin, gure iritzia hau da: aipaturiko taldeetako ordezkariek ez daukate ez indar batuketa erreal bat suposatuko luketen akordioetara iristeko borondaterik, ez eta eduki propiorik ere. Talde hauetako arduradunek, egungo Euskal Herriko eragile independentista eta sozialisten artean hegemoniarik ez daukatela ikusi arren eta marko teoriko propiorik gabe, proposamen estrategiko partikularren faltan daudela jakitun badira ere, gurekin hitz egiteko, eta zer esanik ez, akordioetara iristeko proposamen oro baztertzen dute. Horren ordez, gure inguruko mesfidantzak elikatu dituzte borondate iraultzailea daukaten militanteen artean, arrazionalitate politikoan oinarritutako indar metaketa gauzatzeko aukera bera arriskuan jarriz. Indarrak zentzu iraultzailean batu nahi badira, proposamenak garatzeko konpromisoa, alderdikeriarik gabe aritzea eta pertsonalismoak baztertzea dira gutxieneko baldintzak.


Hala ere, harreman osasuntsuagoak eraiki ditugu beste zenbait eragile independentista eta sozialistarekin. Haatik, momentu honetan mugimendu bakoitzak bere ikusmoldearen arabera lan egiten jarraitzea egokiagoa dela iruditzen zaigu, eta bakoitzak bere izenean bakarrik hitz egitea, elkar errespetatuz. Izan ere, ez daukagu ez aliantza iraunkorrik ez eta lotura estrategikorik Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduarekin, Herritar Batasunarekin, ez eta Mugimendu Sozialistakoak ez diren beste eragileekin ere. Uste dugu, momentuz, horrela izaten jarraitu behar duela. Hori bai, sare sozialetan zein eremu horietatik kanpo garatzen ari diren liskar eta azpijokoak guztiz lekuz kanpo daudela iruditzen zaigu. Testu hau, horrenbestez, aipaturiko taldeekin izan dugun harremana argitara eramateko beharra geneukala pentsatuta idatzi dugu, eta hemendik aurrera ez daukagu inolako asmorik gai hauetan tematzeko eta guztioi mina besterik eragiten ez diguten eztabaidetan behar baino gehiago luzatzeko.


Azkenik, Mugimendu Sozialistatik, orain arte egin bezala, hitz egiteko irekita gaudela -testuan zehar interpelatu ditugun taldeekin barne- eta arrazoiari bide emanez elkar ulertzeko prestutasuna dugula adierazi nahi dugu.