AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ander Goiatxe
2019/07/18 18:19

Pasa den astean Sortu alderdiak Bilboko erronda kaleko egoitzari sarraila aldatu ziola jakin genuen, eta gertaera honetaz larrituta gaurkotasun handikoa deritzodan gai honi heltzea erabaki dut. Ezagutzen ez nauzuenontzat, Ikasle Abertzaleak antolakundean zein Ikasle Mugimenduan -herri unibertsitateen antolakuntzan, Ikasle Mugimenduko asanbladetan, unibertsitateko mugimenduen koordinazioan- aritu naiz duela gutxira arte eta horregatik dut ezaguna Bilboko Ikasle Abertzaleaken eta Ikasle Mugimenduaren egoitza.

Iragan uztailaren 5ean, Sortu alderdiak, Ernairen bitartez mezu bat publikatu zuen sare sozialetan, ustez egoitzaren inguruan esan behar zen guztia adierazten zuena. IAk Sorturi sarraila aldaketa egiteagatik eginiko salaketari erantzuten zion irakurketa zen hau. Zehazki, beherago argitzen saiatuko naizen moduan, inongo zilegitasunik gabe eginiko sarraila aldaketa honen aurrean, ikasle antolakundea behartua suertatu zen egoera lazgarri hau publikoki adieraztera. Ernaik publikatutako irakurketan modu abstraktuan eginiko baieztapen ugari ageri ziren, gertaera zehatzei eta, bereziki, Sortuk egoitza bereganatzeko emandako prozedurari erreferentziarik egin gabe. Modu honetan, irakurketa horren bidez gertaera zehatzetatik arreta desbideratu eta honen ordez “logika” abstraktu bat apelatzen da.

Aipatutako irakurketan “argipen” batzuk egin nahi dituztela diote. Baina, funtsean, argipen hauek Erronda kaleko sarraila isilpean aldatu eta segurtasun alarma jarri izana justifikatu nahi dute. Hala, idatziaren bidez Sortu alderdiak Ikasle Abertzaleak antolakundeari egiten dizkion akusazioak askotarikoak dira. Sarraila aldatzearen ekintza justifikatzen duten gertaerak hauek dira Sorturen iritziz: IAk Sorturen marko estrategikoa ez jarraitzea, IA gardentasun faltarekin aritu izana, egoitza Ezker Abertzalearena zela 80. hamarkada amaieran eta horrexegatik dela Sorturena egun, IAri materiala itzultzeko prestutasuna dutela eta guzti hau Sorturen eztabaida estrategikoen eta IArekiko duten postura adostuaren emaitza logikoa dela. Tamainako abstrakzioa erabiltzearekin aski ez eta “argudio” hauek indartzeko hizkuntza errekurtso hiperbolikoak gehitzen dira: aurrez aipaturiko IAren gardentasun falta IZUGARRIA, militantziaren GEHIENGO OSOAren balizko erabaki baten sostengua, argipenen SINPLETASUNA ETA IZAERA LOGIKOA, IAk ESPEKTAKULUA bilatzea “beste behin ere” eta egoitza Euskal Herriaren Askapenaren aldeko eragileei luzatuko zaiela iradokitzea. Azken honek agerian uzten du Sortuk hedatu nahi duen ideia: IA ez dela Euskal Herriaren Askapenaren aldeko antolakunde bat, edo beste era batera esanda, espainolista dela (ez da lehen aldia).

Azken finean, hitz joko guzti honekin Ezker Abertzaleko oinarrian azken urteetan gogoz elikatzen saiatu den argumentua berrestea besterik ez du helburutzat Sortuk: Ikasle Abertzaleaken (edota Sorturen ildoarekin bat egiten ez duen mugimendu independentista eta sozialista ororen) ekinbide guztia Sortu kaltetzeko asmoz egiten ari dela. Horretara dator ere IAren ustezko espainolismoa azaleratzeko azken paragrafoan egiten duten saiakera.

Gezur bat mila aldiz errepikatzen badugu egia izaten amaitzen duela dirudi. Begi txarrez ikusiko luke Gramscik Laclauren mugimendu hau. Diskurtsoa instituzio bat gehiago da, honetan ez dago dudarik. Baina non dago egia materialista, non Lenin edo Gramsciren hegemonia? Gezur bat mila aldiz errepikatzeak ez baitu gertaera zehatzetan dagoen egia aldarazten, ezkutatu egiten du. Zintzotasuna da edozein iraultzaileren ekinbide etikoa, eta honek ezkutuan dagoena azalarazteko ardura ematen digu. Atzetik aurrerako ordenan hasiko naiz:

1.-Ikasle Abertzaleak ez da espainolista. Ikasturte honetan burutu den kongresuan proiektu estrategikotzat Euskal Estatu Sozialista aldarrikatu du; bere eguneroko jardunean Euskal Herria marrazten du subjektu gisa, independentziaz eta errepresaliatuta daudenei babes aktiboa emanez.

2.-Ikasle Abertzaleak ez da Sortu kaltetzeko asmoz aritzen. IAk askotan aipatu duen modura, Erronda kaleko egoitzak ez du garrantzia ekonomikorik Sorturentzat; erabiltzeko behar errealik ere ez du, urte luzez egoitzako erabileragatik galdegin ez izanak frogatzen duen moduan. Kontrara, espazio hau hil ala bizikoa da militanteen borondate hutsetik bizi den antolakunde batentzat.

Sortu alderdiak indar argumentu bezala erabiltzen duen gehiengoen zilegitasunaren argudioan barneratzen bagara, berau nahiko ahula dela uste dut. Ez diot nik: azken eztabaida prozesuetan izandako kopuru errealek horrela frogatzen dute. Honela, Zutik Euskal Herriarekin hasi zen norabide aldaketaren ondoren etorri zen Abian prozesuan, berau 9000 lagunek hasi bazuten ere, azken ponentzia ofiziala 2000 lagunek babestu zuten. Historiak ez du gezurrik esaten: ENAMaren ibilbide militanteak erakusten duen moduan Ezker Abertzalea askoz ere gehiago da, eta Ikasle Abertzaleak historia honen parte da. Beste era batera esanda: egoitzaren gertakariak ez dira, inondik inora, prozesu horien emaitza logiko bezain sinplea.

Garbi izan behar dugu honakoa: zilegiztatze ariketa moduan gehiengoaren onespena erabiltzen saiatzeak ez du errealitate konkretuarekin zerikusirik. Ezker Abertzalearen gehiengoak ez du egoitzaren auziari buruzko berri minimorik eduki, ez bada izan Ikasle Abertzaleak birritan auzia publiko egitera behartuta egon delako. Gauzak honela, ez dago soberan aipatzea ez dudala uste Sortu Ikasle Abertzaleaki gardentasun leziorik emateko moduan dagoenik, Bilboko egoitzaren kudeaketa modua fundamentu berdina jarraitzen duten ekinbideen zerrenda luze baten barnean inskribatzen baita. Sorturen “argipenen” artean argudio pisuzkoena denaren azpian hautsa besterik ez dagoela uste dugunez, agerikoa da egoitzaren baitako bataila politikoa gertaera zehatzetan ematen dela, beraz goazen zer gertatu den aztertzera.

Egoitza ez da ez IA ez Sorturena. Egoitza Euskal Ikasleen Erakundea izeneko elkarte batena da. Euskal Ikasleen Erakundea 90. hamarkadan eratu zen eta izenak dioen bezala, IKASLEEN elkarte bat da eta ez ALDERDI POLITIKO bat. Garaiko Euskal Nazio Askapen Mugimenduak ikasle mugimendua indartzeko eginiko apustua izan zen elkarte honen sorrera eta egoitza erostearena. Beraz egoitza Euskal Ikasleen Erakundearena da eta hala dago inskribatua jabetza erregistroan. Honen ondorioz, bizirik daraman hiru hamarkadetan zehar, elkarte honen zuzendaritza batzordean Ikasle Abertzaleakeko kideak egon izan dira eta bere jabetzako egoitzaren kudeaketa bere gain hartu izan dute. Egoitzaren erabilera berriz, ikasle mugimendua eta hezkuntza komunitateko eragile ezberdinen artean partekatu da.

Euskal Ikasleen Erakundeko zuzendaritza batzordea, duela hamalau urtetatik, hiru pertsonen izenean zegoen aurreko urtera arte. Elkarteren baten inoiz parte hartu duen orok badaki, Batzordekide hauek zirela Euskal Ikasleen Erakundearen titularitatea ordezkatzen zutenak. Pertsona horiek 2018rarte berdinak izaten jarraitu dute eta ez da aldaketarik egon bertan, azken hamarkadetan ezagunak diren baldintza militanteak medio. Hiru lagun hauek batzordekide izendatu zituztenean, beren aurrekoak bezalaxe, Ikasle Abertzaleak antolakundeko militanteak ziren hiruak. Baina aspaldi utzi zioten ikasle izateari eta beraz ikasle mugimenduan aritzeari.

Zehaztapenekin aurrera jarraituz, edozein elkartetan parte hartzeko eta, ondorioz, Batzordekide izateko, bazkide baldintza bete behar da. Militanteok urtez urte gure ikasketak amaitzeko zailtasunak izan ohi ditugun arren, 14 urteren ondoren ikasle izaten jarraitzen duen inor aurkitzea guztiz ezohikoa da. Zergatik diot hau? Bada, Euskal Ikasleen Erakundeko bazkide izateko ezinbesteko baldintza ikasle izatea delako. Beraz, honi jarraiki, 14 urte elkarteko buruzagitzan zeramaten kide hauek, ezin zuten zuzendaritza batzordearen eskumenik gauzatu, ez baitziren bazkide. Elkarteen araudiek diote Batzordekideek dimititu egin beharko luketela kasu hauetan. Honaino guztia argi dago. Zuzendaritza batzorde honen dimisioaren faltan, Euskal Ikasleen Erakundea zen, bazkide erabiltzaileen asanblada orokorraren bidez, zuzendaritza batzordea izenda zezakeen bakarra. Nor da Euskal Ikasleen Erakundearen bazkidea? 30 urte hauetan Erronda kaletik pasa den edonork daki Ikasle Abertzaleak eta ikasle mugimendua arduratu direla egoitza kudeatzeaz. Han egin dutela euren jardun politikoa, ikasle mugimenduko beste zenbait eragilerekin batera, egoitzari hasieratik esleitu zitzaion funtzioari leial. Zalantzarik balego, horren froga dira bilduta dituzten faktura guztiak, gastuen kudeaketa IAren esku egon baita egoitza erosi zenetik, egoitza epe ezberdinetan erabili duten eragileak ahaztu gabe, noski. Bazkide baldintza izatean edo ez izatean dago beraz egoitzaren jabetzaren auzia ebazteko mamia.

Bada, honakoa da Erronda kaleko egoitzan gertatu dena: aski ezaguna den Sortuko kide batek iragan ikasturte hasieran egoitzaren erabiltzaileen bizkarrera Batzordekideak aldatzea galdegin zien duela hamalau urtetatik Batzordekide ziren hiru kideei. Ulertzekoa den bezala, batzordekide hauek aldaketa gauzatzeko ez zuten oztoporik jarri; lotura errealik ez zuten kargu batzuek uzteko aukera aurkeztuta aldaketa onartu zuten. Gauzak honela, hiru pertsona horiek Euskal Ikasleen Erakundearen Batzordean zuten kargua utzi eta beste hiru kideren mesedetan aldatzea baimendu zuten; azken hirurak Sortuko kideak direla ez dago esan beharrik. Hor dago gakoa: elkarteen legediak dionez, batzordeen hautaketa eta aldaketak bazkideak formalki biltzen dituen Asanblada Orokorretan gauzatu behar dira.

Hau da, ezin dira batzordekideak bazkideen bizkarretik aldatu. Are gehiago eta esan dudan moduan, Batzorde zaharreko kideek ezin dute honelako erabakirik hartu bazkide izateko baldintzak betetzen ez dituztenean. Funtsean, Euskal Ikasleen Erakundeko bazkide baldintza betetzen duten ikasle guztien bizkarrera, prozedura legal zein estatutario guztiak saltatuz, zuzendaritza batzorde berri bat izendatu du Sortuk. Argi dago zuzendaritza batzordea aldatzea proposatu zuen Sortuko kideak ondo zekiela mugimendu horrekin lortu nahi zuena: egoitzaren gaineko kontrol zuzena, kosta ala kosta.

Ikasle antolakundearen eta ikasle mugimenduaren bizkarrera egindako azpijoko honek badu bai bere logika: nola onartuko luke egoitzaren erabiltzaile den Ikasle Mugimenduak euren jarduna itotzea eta marjinatzea bilatzen duen mugimendu hau? Nola onartuko lukete euren eguneroko praktika militanterako ezinbestekoa den azpiegitura gabe gelditzea? Hona hemen Sorturen mugimendu katearen funtsa: IArekin duten etsaitasuna agerian utziz eta berau egoitzatik kanporatzeko helburu bakarrarekin, Euskal Ikasleen Erakundeko batzordekideak modu irregularrean aldatu eta elkarteen erregistroan berme juridikorik ez duen dokumentu ofizial bat sartzea (delituaren mugan), egoitzaren kontrola hartuz.

Baina dakigunez, mugimendu honek ez du soilik Ikasle Abertzaleak kaltetzen, Ikasle Mugimendu osoa baizik. Behin IAk urrian egoera faktiko hau salatuta, Sortuko kideak ez dira ausartu ikasturtean zehar ikasleak kaleratzen. Ikasleek ikasturtea amaitzen duten eta indar militantea sakabanatzen den unea, uda, probestu dute egoitzaren sarraila aldatu eta hori gutxi balitz, segurtasun alarma bat jartzeko.

Bistan denez, prozedura legala jarraitu balitz, hau da, bazkide izaerarik ez zuten Batzordekideek dimititu eta Batzorde berria osatzeko Asanblada Orokorra deitu izan balute, egoitzaren erabiltzaile, ikasle eta beraz bazkide diren IAk eta ikasle mugimenduko eragile ezberdinetako kideek hautatutako zuzendaritza batzordea ez litzateke Sortuko kideek osatuta egongo, azpiegitura horren kudeaketaz arduratzen den ikasleez baizik.

Honen aurrean, egoitzaren erabiltzaile garen Ikasle Mugimenduko kideok Euskal Ikasleen Erakundearen Batzar Orokor bat egin genuen azaroan. 14 urtez zuzendaritza batzordean egon ziren kideei notifikatu genien bertan parte hartzeko aukera, azalpenak eman zitzaten, baina ez ziren agertu. Batzar Orokor hartara 100 pertsona baino gehiago bildu ginen eta Sortuk eginiko mugimendu honen aurrean, zilegi den zuzendaritza batzorde bat hautatu genuen gehiengo absolutuz. Elkarteen erregistroan zuzendaritza batzorde berria sartzerakoan, ordea, Sortuk modu irregularrean eginiko mugimendua erregistratua zegoenez, ezin izan genuen batzorde berria erregistratu. Eta testuinguru honetan aurkitzen gara gaur egun.

Hitzen abstrakzioaz mintzo naizenean, gertakarien egia ezkutatu ezin dela diodanean, honetaz ari naiz. Sortuk duen zilegitasun guztia, erabiltzaileen bizkarretara egindako mugimendu juridiko baldar eta irregular bat da, IArekiko duen gorroto politikoaren ondorio zuzena dena. Besterik ez. Horregatik justifikaziorako irakurketa abstraktuak, gertaera errealetan ezin baitute zilegitasunik aurkitu.

Amaitze aldera, gehitu nahiko nuke Sortuk egoitza eskuratzeko beharrik ez duela salatzen dugunean zer esan nahi dugun. Batetik, urte guzti hauetan ez du ezertarako eskatu. Bestalde, bere kontu ofizialek diotenagatik, 6.000.000 euro dituen alderdia da Sortu eta Ikasle Mugimenduak ez bezala, azpiegitura soberan dauka bere aktibitatea gauzatzeko. Arrazoi guzti hauek Ikasle Abertzaleak antolakundea ekonomikoki, baina bereziki politikoki itotzeko mugimendua dela agerian uzten dute, bai eta Sortu IAren gaineko autoritate publiko bezala agertzen saiatzeko ekinbidea dela ere. Are gehiago, jokaldi honetaz baliatuz berea ez den egoitza bati sarraila aldatu eta alarma bat jartzeak, autoritarismo ariketa garbi bat izatetik haratago, poliziaren interbentzio posible baterako eszenatokia irekitzeko asmoa ere baduela deritzot. Ikasle Abertzaleaken salaketa espektakulu gisa definitzeak argi uzten du egoitza ez dela beraientzat beharrizan erreala, helburuak, argi gelditu den moduan, beste batzuk baitira.

Ekinbide hau erabat salagarria da. Sortuk egin duena definitzeko Eskandalu publiko hitza erabiltzea ez da gehiegikeria. Ez da inondik ere onargarria ezberdintasun taktiko zein estrategikoak existitu izanagatik etsaiez desbideratzea. Iraultzaileoi zilegitasuna ekinbide militanteak ematen digu, zintzotasunak, eta ez legedi burgesaren zirrikitu formalek (gertatu dena formaz onargarria izan den arren edukiz inondik inora ez baita legedi burgesarentzat onargarria) baimentzen duen joko tranpatiak. Indar errealak kalean neurtzen dira, eta uste dut horrela izango dela oraingoan ere.

Beraz, Ikasle Abertzaleok Ikasle Mugimenduaren defentsa irmoa egiteko dugun konpromisoan berresten gara. Ez diogu utziko Sorturi egoitzaren kontrola hartzen. Determinazio osoz defendatuko dugu gure egoitza, arrazoia dugulako eta etorkizunerako motibo ezinbestekoak baititugu horretarako.