Lastozko gizonaren falazia

2020ko abenduaren 10a

Egilea: Sabin Aranburu


Azken urteotan Euskal Herrian polemika ugari izan dira, gure lurraldeak egun bizi duen testuinguru politikoari hertsiki lotuak daudenak. Modu sintetiko batean azalduz, Ezker Abertzalearen azken faseko estrategiaren aurrean («bide edo alternatiba demokratikoa») zabalduriko ezadostasun anitzek, prozesu politiko berriak eraikitzeko beharrera bultzatu izan gaitu bere oinarri eta tradiziotik gentozen militante ugari. Horrela, azken urteetan errealitate global zein nazionalari buruzko analisi ezberdinak ekoizten joan dira eta oraina eta etorkizunerako hartu beharreko bide-orri politiko berriak proposatzen joan gara. Antolaturiko proposamen politiko berriak azaleratzen joan diren heinean ikuspuntu ezberdinen arteko polemikak eman dira. Azken astean Gasteizen hasi eta Euskal Herrira zabaldu dena izan da horietako beste bat.

Polemika terminoa erabiltzen dut eztabaida politiko terminoa erabili beharrean, nire ustetan talka hauetako asko eta askok ez dutelako bigarren termino hau ezaugarritzen duen elementua izan: jo puntuan dagoen gaiaren gaineko (izan auzi estrategiko zein taktikoak) posizio politiko ezberdinen eta hauek ulertzeko elementuen gaineko eztabaida serioa. Eta hau ez da izan orain ez delako horretarako unea, momentua inoiz baino garrantzitsuagoa baita eztabaida serioak emateko. Hamarkada honetan errotik aldatu dira gure bizi baldintzak, honek dakarren aldaketa kultural sakonarekin batera. Nola ez, beraz, aurreko borroka faseari berezkoa zitzaizkion kosmobisio eta beharrizan politikoek egungo indar politiko berriekin talka egin dute oinarrizko auzi gehienetan: helburuak, subjektua, antolakuntza eredu zein teknikak, militantzia eredua eta abar luze bat. Beraz, logikoa izan beharko litzateke eztabaida politikoen garaia izatea berez.

Mugimendu Sozialistatik hipotesi gisa formulatu ditugun kosmobisio eta beharrizan politikoen antolakuntza eta sozializazioa, eztabaida zabalago baten ekarpen gisa ulertzen dut nik, testuinguru honetako maila politikoa mailaz igotzeko saiakera moduan. Ekoizpen teoriko-politiko berritzaile honen aurrean, tamalez, gure proposamenen desitxuraketa eta gure mugimenduaren isolamendu saiakera aurkitu dugu aurrez aurre. Egun politika serio hartzen duen edonork ikus dezake fenomeno hau: landuriko saiakera teoriko-politiko berrien aurrean emandako argudioak distrakziozkoak izan ohi dira. Gehiegitan ikusi izan dugu eztabaidari aurre egin ez eta testuaren tonuan zentratzen saiatzen direnak, eztabaida bera forma kontuengatik ukatu nahirik. Eztabaida baten bi aldeen elementu guztiak mahai-gaineratu aurretik pronunziatzeko jokaera dutenak ere badaude. Eta orokorrean, proposatzen diren berrikuntzen azterketa eta kritika sistematizatuen falta nabaria da. Fenomeno honek, beraz, Lastozko gizonaren falaziaren taktika gogorarazten dit niri, eztabaidagai dagoen materiaren errora jo beharrean proposamena bera desitxuratu eta sorturiko karikaturaren gaineko kritika eginez.

Ulertzekoa den bezala, fenomeno hau arau orokor bilakatu izanak asko esaten digu herrialdearen egungo kultura politikoaren mailaren inguruan, are gehiago kritika politikoa eraso gisa ezaugarritzen denean. Helburu bakarra, dagoeneko, aurretik hegemonia duen estrategia eta printzipio politikoak zalantzan jarri dezakeen edozein mugimendu politikoren aurka jotzea da, kosta ala kosta, kultura eta errespetu politikoaren maila bera hutsera murriztu behar bada ere.

Arau orokorrak bete egiten direnez, Arkillos 10 etxetik kanpo zabaldu nahi izan duten polemikak ere aipatu dudan fenomenoari egiten dio erreferentzia. Kasu honetan, bizilagun ohi batzuen iritzi artikulua irakurri besterik ez dago. Zuzena iruditzen zait erabaki batekin ados ez eta kritika plazaratu ahal izatea. Baina kritika hori ezin daiteke, nire aburuz, desitxuratze batetik abiatu. Eta hori da gertatu dena: Errakiren izaera eta funtzionamenduari buruzko gezurrak; Mugimendu Sozialista vs Herri Mugimendua dikotomia faltsua eraikitzea, auzi hau askoz konplexuagoa denean; Mugimendu Sozialista aniztasun politikoaren aurkari amorratu bezala azaltzea; erabaki prozesuei buruzko kritika, militante sozialistak inposatzaile gisa aurkeztuz, bizilagun ohiak izan zirenean kontsentsu ezaren aurrean ebazpenerako forma hau proposatu zutenak… Gainera, espero zen bezala, estrategia ofizialistaren aldeko sektorea azkar mobilizatu zen testu desitxuratu hau oraindik gehiago desitxuratzen eta Mugimendu Sozialistaren aurka oldartuz, modu ezin interesatuagoan. Hori bai, etxeko asanbladak argitaraturiko testuan, gertatutakoaren harira egondako intentzionalitate eta gezurrak seinalatu ondoren inork ez du hartu pausu bat atzera emateko erantzukizun zintzoa. Gehienak isilik gelditu dira.

Horrelako jarrera politikoak etengabe ematen direnean, jokamolde hauekiko egun existitzen den onargarritasun esplizitua ebidentzian gelditzen da eta kultura politikoaren dekadentzian gero eta gehiago sakontzen da. Gaur egun, etxe batean bozketa bat galdu eta maila nazionaleko polemika intentzionatu bat sortu daiteke; sortzen diren tresnak desitxuratu eta proposamen alternatibo errealik eraiki gabe mugimendu bat gurutziltzatu daiteke. Eta tamalez, ez dut uste joera hau epe motzean aldatuko denik. Espero dut, behintzat, elikatzen dugun mugimenduak etorkizuneko Euskal Herriaren kultura politikoa mailaz igotzea.