Kapitalismoaren gaindipena ala basakeria: Zaldibarko gertaerak dakarren ondorioa

2020ko otsailaren 25a

Egilea: Sabin Aranburu


Versión en castellano

Euskal Herri osora hedatu da Zaldibarko erraustegian gertaturiko guztia. Ez da beste ezertaz hitz egiten azken asteetan. Dakigun bezala, bi langilek desagerturik jarraitzen dute eta zabortegiko materialek jasandako suek ke toxikoa zabaldu dute inguruko herrietara. Horrek arriskuan jarri du milaka herritarren osasuna. Irabazien ekoizpenak (zeina kapitalismoaren helburu baita, hain justu) sorturiko egoera baten aurrean gaude, egungo gizarte eredu burgesak sortutako ondorioak baitira, hain zuzen, soldatapeko langileen erailketa eta krisi ekologikoa.

Gertakizun honek guda politikoa sortu du gertatu eta berehala, eta horrek zerikusi zuzena dauka EAEko hauteskundeak apirilean izatearekin. Hauteskundearen elementuak, dakigun moduan, berebiziko garrantzia du edozein gertakizunen aurrean hartu beharreko jarreretan logika horretan diharduten askotariko bloke politikoentzat. Eta askotariko bloke politiko horiek Zaldibarko auzian erabili dituzten argudioek argi utzi dute joko zelai politiko berean jokatzen ari direla: Estatu burgesaren administrazioaren joko zelaian. Bloke sozialdemokratek ere (EH Bildu eta Podemos, kasu) botere klasistaren egitura politiko oinarrizkoenaren (Estatu burgesa) gestio formetara murriztu dituzte auzi honi dagozkion kritikak.

Gauzak horrela, beharrezkoa deritzot auzi honi buruz sozialiston ikuspuntua azaleratzea, horrelako desgrazien oinarria administrazio forma hutsetik haratago doalako; gertaera hauen eta sistematikoak diren ezbeharren oinarria sistema kapitalistaren zutabeetan aurkitu behar dugu.

Egungo sistemaren birprodukzioa ahalbidetzeko erroa burgesiarentzako irabazien ekoizpena da, diru forman. Momentu hau hedatu eta betikotzeko helburuarekin bizi da gizarte eredu burgesa eta Estatu burgesak epaitzen ditu gizarte honen nondik-norakoak. Osotasun guzti honen parte gara langile klasea ere, eta klase politiko bihurtu ezean, betiko menperatu kondizioa onartu beharrean suertatzen gara. Eta irabazi gero eta handiagoak ekoiztearen beharraren aurrean, soldatapeko langileak erailtzen dituzte lanpostuan zein lanpostutik kanpo (11 + 2 desagertu dagoeneko 2020. urtean Euskal Herrian). Klase kondizioagatik. Gainera, burgesiak irabazi gero eta handiagoak ekoizteko beharraren aurrean, munduko ekologia suntsitzen da, klase menperatzailearen boterea handitzeko soilik (hurrengo hamarkadetako klima aldaketa, kasu). Klase kondizioagatik. Beraz, kapitalismoaren funtzionamendurako gure ustez ezbehar direnak (Zaldibarko kasua adibidez), sistemarentzat «beharrak» dira, hau da, sistemari atxikiak zaizkion gertaera gisa identifikatu behar ditugu.

Kapitalismoaren momentuko baldintzek eta sistema horren barruan hezten diren bi klase antagonikoen kontzientzia sozialak unean uneko klase borrokaren egoera determinatzen dute. Sozialistok badugu esperientzia nahikoa prozesu sozialista historikoan oinarrizko tesi batzuen beharrezkotasuna azaleratzeko. Kasu honetan, iraultzaren beharrezkotasunaren tesiaz ari naiz: kapitalismoa mantentzen duen botere burgesa suntsitzeko iraultzaren prozesu historikoa gertatu (antolatu) behar da (dugu), klase menderatzaileak ez baitu bere boterea dohainik oparituko. Klase menderakuntza seinalatu ez eta Estatu burgesaren erreforma parlamentarioaren bidez menderakuntzen amaiera eman daitekeela planteatzen dutenen tesiak historikoki gezurtatuak daude.

Baina historia behin baino gehiagotan errepika daiteke, errepikarazten duten baldintza aurretik gainditzea lortzen ez bada. Gaur egun berriro azaltzen zaigu erronka: Erreforma ala Iraultza.

Zaldibarko kasuaren kritiken argudioei erreparatuta, ikusten da erreforma eta iraultzaren arteko talka konkretua gertatzen dela. Erreformistei dagokienez, diskurtso politikoa «gestio txarrera» murrizten da, botere burgesaren administrazio forma bat edo bestera, hain zuzen ere. Horrela, boterearen fundamentuak aipatu gabe gelditzen dira behin eta berriro, eta kritika politikotik urruntzen da irabazien ekoizpena eta altzoan daraman gizarte eredua. Finean: boterea klase esplotatzailearen eskuetan dagoela ahaztarazten da (klase borroka bera ahaztarazten da), eta arazo sozialak alderdi konkretu baten «akatsek» sortutakoak direlako mitoa ekoizten da. Zaldibarko zabortegiaren gertaeretan, sozialdemokratek EAJri egiten diote kudeaketa txarraren kritika, ez omen dutelako behar zen bezala jardun egoera horren aurrean eta beraien alderdia ustela omen delako. Hortik aurrera ez dago kritikarik. Instituzio burgesak kudeatzeko beste aukera baten moduan azaltzen da sozialdemokrazia. Ez da inon ageri kapitalismoaren funtzionamenduaren erroak berak duen eragin fundamentala. Berriro ere kapitalismoa bera epaitu eta honen aurrean klase menderatzaileen erantzukizunak seinalatu beharrean, alderdi konkretu bat ala bestea epaitzen dira.

Argi dago EAJ aditua dela ustelkerian, eta azken hilabeteetan kasuak pilatzen ari zaizkio. Baina badaude alderdi horri dagozkion elementu garrantzitsuagoak: euskal burgesiaren ordezkariak dira, lurraldeko negozioen plataforma diren neurrian. Horrek ustelkeria kasu batzuetan kondenatuak izateko arriskua ematen dien arren, EAE gobernatzeko eta beraien beharren arabera antolatzeko gaitasuna ematen die. Laburki esanda, ez dira administratzaile txarrak: Euskal Herriko klase etsaietako bat dira.

Sozialistoi dagokigunez, koiunturako auzien konplexutasuna klase konposizio politikoaren analisiaren luparekin begiratu behar dugu. Guk ez dugu interes partikular parlamentarioetara subordinatzen gizarte eredu eta errealitate kapitalistak sortzen dituzten askotariko biolentzia formak; beste gizarte eredu baten beharra aldarrikatzen dugu, klase kondizioagatik subordinatuak garenon elkartasuna eta antolakuntza bultzatzen duena, iraultzarako baldintzak ekoizteko asmoz. Gizarte eredu sozialista eraiki nahi dugu, eta horretarako, uneoro identifikatu behar ditugu sistemaren klase determinazioa eta bertan jarduten duten etsai eta agente politikoak.

Zaldibarko zabortegiaren kasuak berriro mahaigaineratu du kapitalismoaren erroen biolentzia. Egunerokoan sufritzera kondenatzen gaituzten arren, horrelako gertaera larriek sistemaren erroa bera erasotzearen beharra azaleratzen dute, hau da, klase dominazioa erasotzearen beharra. Gero eta argiago gelditzen ari da: kapitalismoaren gaindipena ala basakeria.