Iraultzaren gaurkotasuna

2020ko apirilaren 22a

Egilea: Sabin Aranburu


Versión en castellano

Klase-borrokak determinatzen du iragana, oraina eta geroa. Klase-borrokaren esentzian, mutur bakoitzaren gaitasun politikoek determinatzen dute bere antagonistaren zoria. Indar-metaketa kualitatibo zein kuantitatiboan datza klase bakoitzaren gaitasun politikoa, eta kapitalismoan, indar horiek eduki eta forma ezberdina dute, menderatzaile eta menderatu kondizioaren arabera: lehenak, ezarria duen diktadura ekonomikotik eratorria den guda sozial eta politikoa apaltzeko indarra ekoizten du. Indar honek gizartearen batasuna aldarrikatzen du eta gorpuztua dagoen mundu-ikuskera burgesaren zein ikuskera hori ekoizteko instituzio burgesen izaera natural eta betierekoa inposatzen du (hegemonia kulturalaz hasiera batean, hegemonia militarraz azken instantzian), antagonismoa ahaztarazi nahian. Bigarrena, berriz, kapitalaren metaketaren beharrei men egitera subordinatua dago, baina bere kondizio sozialak kontraesanetan sartzen dira uneoro mundu-ikuskera eta instituzio burgesekin, burgesiaren menderakuntza ez baita forma baketsuan gauzatzen.

Kapitalaren ziklo ekonomiko zein politiko bakoitzean gertatzen den gudak baldintzatzen du gizartearen hurrengo hamarkadetako norantza. Gainera, egungo pentsamendu forma hegemonikoek irakatsi nahi diguten kontrara, klase-borrokari berezkoa zaion antagonismoa masa-mugimenduen bitartez azaltzen da errealitatean, ez norbanako indibidualen borondatearen bitartez. Masa proletarioen mugimenduak egiturazko kondizio sozial batetik abiatzen dira. Lagun batek sinplifikatuz zioen bezala iraultza momentuak goseak eragiten ditu, ez norbanako batzuen borondate abstraktu batek.

Egungo koiuntura ekonomiko zein politikoak duen konplexutasunaren alor txiki batean sakontzen saiatuko naiz, hain justu, iraultzaren gaurkotasunaren kontzepzioan. Lenin iraultzaile komunistari buruzko gogoetan aurkitzen da kontzepzio honen esanahia, Lukacs teoriko komunistaren sintesian Kontzeptu honen azalpenak zera dio: iraultzaren gaurkotasuna momentuko auzi partikular guztien ikasketa eta ikuspuntua osotasun historiko-sozialarekin duen harreman konkretuan kokatzean datza, momentuko auzi horiek proletalgoaren askapenerako momentu gisa kontuan hartuta. Horrela, gizartean gertatzen diren auzi aipagarrienak –gizartearen norantza determinatzen dutenak–  proletalgoaren proiektu politikoarekin harremanean jarri behar dira, bera delako potentzian egungo ordena soziala amiltzeko interes soziala duen antagonista. Eta abstraktuan, kapitalismoaren garapenaren kontraesanen bidez iraultzaren gaurkotasuna gertu egon daitekeen arren, abstraktutik konkretura egin beharko dugu salto, osotasun historiko-sozialarekin harremanean menderatuon egungo egoera eta aukeren ulerkeran sakontzeko, iraultzaren gaurkotasun konkretua klaseen arteko momentuko indar-korrelazioak determinatzen baitu.

Egungo ziklo politikoa ezaugarritzeko bi aspektu ikertu behar dira: batetik, krisi kapitalistak irekitzen dituen ateak. Krisiak miseriaz blaitzen du proletalgoa, kualitatiboki eta kuantitatiboki. Baina horrekin batera, azaleratzen hasten dira bere potentzia politikoa antolatzeko oinarriak ere, bere klase baldintzatik eratorritako interesak bere kabuz soilik antolatu ditzakeelako. COVID-19ak indartu duen krisi ekonomiko berrian kokatzen gara orain, eta horrek Europako proletarizazio-prozesua azkartzen du, batez ere, hegoaldeko herrialdeetan. Era berean, paradigma politiko berri baten aurrean gaude: aurreko ziklo ekonomiko zein politikorako moldatuak ziren ezker instituzioak jokoz kanpo daude proletalgoaren askapen prozesuarekiko. Argi dago paradigma politiko berri hau proletarizazioaren ondorio zuzena dela.

Bestetik, proletalgoaren kargak ere kontuan hartu behar dira. Aurreko mendeko azken hamarkadetatik gaur egunera arte, proletalgoak bizi izan dituen aldaketa estruktural zein ideologikoak nabarmenak izan dira. Produkzioaren automatizazio eta tertziarizazioarekin batera esfera produktiboan langileen arteko atomizazioa sakonagoa egin da, eta hautsi egin du lehen klase-elkartasun gune nagusia zen fabrikaren forma. Gainera, esperientzia sozialista guztiak garaituak izan zirenetik –Hego Ameriketako herrialde batzuen esperientziak izan ezik– ideologizazio burgesaren ofentsiba abiatu zen, eta baita garaipena ere lortu zuen. Klase-borrokaren existentzia ezaren edo porrot osoaren ideia errotzen joan da ezker mugimenduan eta klase-etsaitasuna sustatzen duten teoria intersekzionalek mugimendu sozialistaren deskonposizioan lagundu dute. Bizi hobe baten aukeren esperantza falta errotu da proletalgoarengan.

Egungo paradigma berrian, beraz, bi aspekturen arteko talkak ezaugarritzen du menderatuen bandoa: krisi kapitalistaren ondorioz proletalgoa kuantitatiboki handitu eta kualitatiboki pobretzen den bitartean, ez du bere kondizioa politikoki gorpuzten, isolatua agertzen baita. Baina, klaseen arteko indar-korrelaziora begiratuz gero, burgesia eta bere menderakuntzarako aparatuen egonkortasuna ez da erabatekoa. Krisi ekonomiko bakoitza aurrekoa baino sakonagoa da eta gainbalioak diruan autonomizatuz ematen duen aginte gaitasuna gero eta ezegonkorragoa izatera kondenatua dago.

Gero eta gordinagoak bilakatzen dira klaseen arteko kontraesanak garaiotan. Iraultzaren gaurkotasunak inoiz baino gogorrago kolpatzen gaitu Kapitalaren fase terminalean. Lukacsek Lenini esleitzen zion gaitasun politikoa barneratzea inoiz baino garrantzitsuagoa da guretzat. Kontzepzio horretatik abiatzen da gure ekintza. Momentuko auzi partikular guztien ikasketa eta ikuspuntua osotasun historiko-sozialarekin duen harreman konkretuan kokatzearen perspektiba izan behar dugu, sistema kapitalistan mugimendu orok klase determinazioa baitauka. Ez dira populismo edota posibilismoan jausteko garaiak. Iraultzaren gaurkotasuna indartzen indartzen duten baldintzak agertzen ari dira eta, seguruenik, hurrengo hamarkadetako agertokia determinatuko dute.

Gaur-gaurkoz, guk gure klasearen baldintza politikoak ekoizteko zeregina daukagu, hala proletalgoaren kargei buelta emateko eta agertoki berrian subjektu iraultzaile gisa azaltzeko. Hor kokatzen da mundu mailako iraultzarako giltza izan daitekeen Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza. Gaurdanik, momentuko auziak iraultzaren gaurkotasunaren perspektibatik begiratu behar ditugu, eta proletalgoaren askapenerako momentu gisa kontuan hartu.