AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/01/02

Versión en castellano 

Euskal Herriko burgesia presente dago egungo koiunturan. Ez da soilik subjektu pasibo edota bigarren mailako agente bat. Bere helburua erreproduzitzeko mugimendu konstantean agertzen da, krisi kapitalistak eta honekin datorren konpetentziaren guda nekaezinak ezegonkortasunaren garaiak aurkeztu dituenean bereziki. Ezegonkortasun honetan aukera berriak miatu behar ditu bere dominazioa betikotzeko. Euskal burgesiaren helburua beraien irabazietarako baldintzak ekoiztu eta hobetuko dituen formulak miatzean datza, jabetza pribatua metatzen duen klase-kideen prozesu orokorra delarik hau gaur gaurkoz.

Irabazien metaketarako baldintzak bermatzeko forma politiko konkretuak inposatzen dizkigun eta euskal burgesiaren ordezkaritza politikoa daraman alderdiaren siglak EAJ dira. Tradizio eta entzun handia duen alderdia den arren, ia inork ez ditu ordezkaritza horrekin zuzenean lotzen eta bloke ideologiko progresistaren barruan kokatzen dituzte askotan eskuindarrek zein sozialdemokratek.

XX. mende hasieran euskal independentismoaren mugimenduaren irudia zen alderdiak azkar hautatu zuen noren alde agertu behar zen, justuki burgesia handiko kide zen Ramon de la Sota-k proiektuaren gidaritza eskuratzearekin batera. Hortik aurrera, mende hartako historiak erakutsi bezala, Euskal Herriko langileriaren esplotaziotik aberastuko zirenen interesak defendatu izan ditu EAJ-k (eta  horretan dirau).

Interes hauek defendatzeko, baina, beste aktore bat hartu behar da kontuan: espainiar estatua. Euskal burgesiak ez zuen klase nazional gisa egituratzeko estaturik lortu aurreko mendeetan eta espainiar estatuarekin estuki lotuta agertu zen boterearen auzian. Beraz, “hemengo” burgesiak espainiar estatuaren forma politikoa onartu eta bere egonkortasunerako engranaje bihurtu zuen. Ordainetan, estatuak Euskal Herriko langileria esplotatzeko lege eta biolentziaren monopolioaz hornitu ditu bere lagun autonomistak.

EAJ-ren helburu orokorrak denboran zehar berdinak diren arren (Euskal Herriko langileriaren esplotaziorako burgesiaren tresna politikoa izatea), fase politiko bakoitzak ezaugarri bereziak adierazten ditu formari dagokionez. Fase honetako bereizgarriak bi dimentsiotan kokatu behar ditugu: batetik, euskal langile klasearen gain-esplotazioa; bestetik, euskal burgesiaren hedapen transnazionala. Bi dimentsio hauek nahitaezkoak dira egungo norgehiagoka inter-burgesean lehiatu ahal izateko.

Autonomia Estatutuaren 40. urteurrenean, Iñigo Urkullu lehendakariak bere alderdiaren proiektua deskribatu zuen publikoki, hitz politen artean. Proiektuaren izena Euskadi Basque Country da. Seguruenik propagandarako izen bat besterik ez den arren, beraien nahien nolakotasunaren ideia bat egiteko balio digu, egungo esplotazio fasearen bi dimentsioetan konkretatuz.

Euskal langileriaren gain-esplotazioari dagokionez, autonomiaren estatus juridikoaren defentsa da lehentasuna duena: ez da ausazko auzi bat. EAJ-k badauka esplotaziorako bere marko juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan zentratzen dena (nafar foruan ere baditu interesak, baina ezin dira konparatu). Horrek auzi bat argitzen du: euskal burgesiak badauka jada bere forma politikoa. Klase jabedunarentzat ez da existitzen diruaz haratagoko naziorik, ez bada diru gehiago izango duen nazioa. Ez du bestelako pentsamendu klabetan jarduten.

Gauzak honela, lurraldearen barne kontrola bermatzeko konpetentziak autonomiaren estatutuak ematen dizkio. Estatu espainolak egiten du gainontzekoa. Honekin ez dut esan nahi estatuaren eta autonomisten artean ez denik talkarik existitzen. EAJ-k autonomismo graduala aldarrikatzen du, Estatutuan zehaztutako konpetentzia multzoa transferitu arte. Horren aurrean, espainiar estatua trabak jartzen saiatzen da. Baina, azkenean, beharrezkoa zaizkien egonkortasun politiko beraren agenteak diren heinean, besarkadez konpontzen dituzte liskarrak.

Batasun horrekin, “Euskadi Basque Country-ren eraikuntza sozial, kultural eta nazionalaren aldeko apustua” egiten du EAJ-k, Urkulluren hitzetan[1]. Gaineratzeko, Estatutuak ekarri duen instituzionalizazio progresiboa aldarrikatzen dute, adibideen artean Ertzaintza edota EHU agertuz. Argi dago aldarrikatzen dituzten konpetentziak EAE-ko esplotazioa bermatzeko tresnak direla, ez nazio eraikuntzarako proposamenak. Euskal burgesiaren proiektu “nazionala”, hasieratik bukaerara,  Euskal Herriko langileriaren nazioaren eta honen nahimenaren ukazioan datza.

Bigarren dimentsioa burgesiaren hedapen transnazionala emateko beharrezkotasunean kokatzen da. Kapitalaren metaketarako espazio efektibo eta normalizatua da bloke transnazionalen bitartez antolatzen den merkatu globala. Guda inter-burgesen espazio determinantea izanik, euren burua mantentzeko eta hedatzeko xedea duten jabedun handientzat ezinbestekoa da merkatu honetan parte-hartzea. Honenbestez, kapital handiekin lehiatu ahal izateko, Europar Batasunean espazio bat borrokatu behar du euskal kapitalak; honek Europar Batasunaren proiektu inperialistaren agente zuzen bilakatzen du. Gainera, Europa mailan ekoizten diren lege-multzoak EAE-n aplikatuko dituzte euskal langileriaren aurka. Zergatik egingo luke ba kontrakoa burgesiak? Beren proiektuaren izenak kapitalaren hizkuntzan horixe besterik ez dio: Basque Country.

Gauzak horrela, burgesiaren interes eta forma politikoak euskal langileriarenekiko antagonistak direla ezin du inork uka. Euskal Herriko langileriaren proiektu sozialista ez dute onartuko, aurreko mendeko borroketan erakutsi duten bezala (Txiberta, Lizarra-Garazi…). Azkenean autonomismo soilera mugatzen den batasun nazionalaren proiektuak bere baitan daraman inter-klasismoak, ez digu langileon interesak defendatzeko gaitasunik ematen, etorkizunera begirako pausu guztiak mozten direlarik.

Esperientzia historikoa gure generazioetaraino iritsi da. Esperientzia hauen kritikarekin, fase berri honetarako klase autonomiaren beharra azaleratu dugu. Gure etsaiak diren heinean, parez-pare aurkituko gaituzte prozesu sozialistaren garatze prozesuan.

 

[1] Urkullu anima a dar el salto para construir Euskadi Basque Country, Gara, 2019/10/22, 11. orrialdea