Egungo koiunturaren eginkizun ezberdinak (I): Kosmobisio komunistaren sozializazioa

2021eko martxoaren 11a

Egilea: Sabin Aranburu


Ia zerotik hastera derrigortuak izan gara: hau da XX. mendetik arrastaka darabilgun langile mugimenduaren porrotaren seinale handiena. Ez da soilik zerotik hasi antolakuntza efektiboaren prozesu berria, aurreko mende hasieratik hedatua zegoen teoria eta praktikarako kosmobisioa ezagutu eta berreskuratze prozesua zerotik hasi behar izan dugu. Oinarritik hasi behar izan gara jarduten, azkenengo hamarkadetako egiturazko baldintzekin erlazioan (krisia) une hau interpretatu eta eraldatzeko han edo hemen ageri ziren gakoek ez gintuztelako asetzen. Ez forma idealista, ameslari edo infantilean hautsi nahi genuelako, gaztetasunaren errebeldia inkontziente batek bultzatuta edo. Gogor kolpatzen gaituzten forma ekonomiko, politiko eta kulturalen erroa ulertu nahi genuen, erro hori bera aldatzeko.

Ez gintuen asetzen unibertsitatean, parlamentuetan, telebista kateetan zein kalean ematen ziguten azalpenek ezta aurre egiteko errezeta politikoek ere. Ez gintuen asetzen guztiz ezberdina izango zen etorkizun batekiko esperantza ezak. Ez gintuen asetzen gero eta argiago identifikatu genitzakeen etsaiekiko eta beraien instituzioekiko ezkerretik proposaturiko politika itundun eta bakezaleak.

Azken hamarkadetako ezaugarri nagusia gizartearen desideologizazioa izan da. Langile klaseak eta praktikara eramandako proposamen komunista aurreko mendean protagonista izatetik kosmobisio utopiko eta infantil izatera pasa zen. Erroko baldintzetatik eratorritako proposamen iraultzailea kosmobisio burgesaren aurrean galtzaile atera zen, aipatu azken garai hau indibidualismoak eta (in)posibilismoak ezaugarritzera pasatuz.

XX. mendean eman zen mugimendu historikoak kosmobisio komunistaren barruan zenbait korronte ezberdin sortu bazituen ere (teoriaren eta praktikaren baturaren ondorioz) ez zuen bat edo besteak zuzenean irabazi. Korronte guztien porrota izan zen. Porrot militar edota politiko bat izatetik haratagokoa izan zen hau, beraz: mundu-ikuskeraren beraren porrota izan zen. Gramsciren analisien aportazioak jasota, gizartearen gaineko hegemonia burgesaren garaipena izan zen (bortxaz eta kohesioz) eta kultura zein indar antolatu proletarioaren amaiera.

Geroztik, burgesiak guztiz pribatizatu egin du boterearen eta gobernantzaren joko-mahaia. Ez du soilik bere kosmobisioa pentsamendu bakartzat inposatu, mundu-ikuskera komunistaren -eta beraz, proiektu hau burutzeko aukera eta esperantzen- arrastoak behin eta berriz suntsitzen aritu izan da gaur egunera arte.

Mundu-ikuskera burgesaren barruan, kosmobisio komunistarekin gertatu bezala, korronte ezberdinak agertu ohi dira. Nire ustetan, analisi soziologiko burgesek definitzen duten gisara gizartearen eta politikaren ezker, erdi zein eskuinean kokatzen dituzten giza sektoreek ordezkatuko lituzkete kosmobisio horren korronte ezberdinak. Dakigunez, azken hamarkada luzeetan ezker mugimendu historikoak etsaiaren aparatuekiko integrazio prozesu bat bizi izan duen heinean, kosmobisio burgesaren ezker hegala bilakatu da, eurokomunismoaren esperientziatik aurrera. Guztiek dute oinarri berdina: gizartearen norantza determinatzen duen klase determinazioa alde batera utzi eta mundua interpretatzeko kausa anitzen teoriak osatzen dira. Horrela, errealitate kapitalistaren aparientziara mugatuak daude ulerkerari dagokionez, merkantziaren fetitxismoaren lurreko erreinuan. Giza ezberdintasunak naturaren legeei jarraiki ulertzen dira edo itxurazko aberastasunaren banaketa eta zirkulazioaren injustizia bati jarraiki. Muga horretan, gizarte burgesaren determinazioak onartuak dira alde guztien partetik eta beraien arteko tira-birak determinazio hauen etengabeko birformulaketetan agortzen dira. Pentsamendu hila birproduzitzen duen mundu-ikuskera da burgesa, bere mekanismoek immanenteki sortzen dituzten mugimenduak ulertzeko ere gai ez dena. Kosmobisio iraultzailearen aurka izandako jarrera suntsitzaileak eta pentsamendu hila izateak, gainera, gaur egun soziologia burgesak definituriko sektore ideologikoak inoiz baino likidoagoak eta ahulagoak izatea ekarri du, sektore ideologiko markatuen aurrean masa pentsamendu uniforme eta indibidualista gailenduz.

Egoera latz honetan eman da kosmobisio lurperatu baten berreskurapena. Zerotik hasteko eginkizun printzipala. Leninen lezioak oinarri izanik (beste iraultzaile askorekin batera) egoera konkretu baten analisi konkretua egitera itzuli gara, marxismoaren oinarri teorikoen eta Prozesu Sozialistaren esperientzia historikoaren ikasketa kritikotik abiatuz. Hau baita, bere hitzetan, «marxismoaren arima bizia edo sustantzia».

Mundu-ikuskera komunistak determinazio bat ezartzen du posizio teoriko, politiko eta kulturalari dagokionez: klase determinazioa. Honek ezaugarritzen du gizarte kapitalistaren funtzionamendua eta berarekin hertsiki loturik garatzen den -eta azken muturreraino garatu daitekeen- klase borroka. Klase determinazioak bi giza talderen arteko antagonismoa du ondorio. Horrela, egitura kapitalistaren zein aurreko bi mendeetako klase politiken esperientziaren azterketa kritikotik abiatuz, ikuspuntu komunistak klase zapalduaren independentzia edo autonomia ondorioztatzen duela deritzot. Giza eraldaketa erreala egitura kapitalista bera gaindituz eman daiteke soilik, egungo egiturak klase-arteko politika asimilatzeko bistako gaitasuna erakutsi baitu. Ez behin edo bitan, kapitalismoaren garapen historiko osoan zehar baizik. Klase zapalduak eta bere barneko subjektu iraultzaile gidariak (proletariotzak) bere eginkizun propioa du: mundu zaharra suntsitu, mundu berria eraikiz. Eta mundu zaharra ez da burgesiaren laguntzaz suntsituko. Klase independentzia teorikoak, politikoak zein organizatiboak kosmobisio eta praxi komunistaren printzipio izan behar dute.

Justizia unibertsala hedatu ahal izatea da komuniston helburua. Gizartearen aberastasun sozialaren sozializazioa. Burgesiak gutxiengo baten aldeko gizarte zapaltzaile eredu bat inposatzen du, bere irabaziei begira beti. Ikuspuntu komunistaren printzipioa horren aurkakoa da, berriz.

Azkenik, komunistok teoria eta praktikaren batasunaren bitartez soilik egin dezakegu aurrera. Hau da praxia. Azterketatik ekitera eta berriro buelta azterketa berrira, mugimendu honen gorpuztea antolakuntzan adierazten delarik. Gizarte berri bat antolatu nahi dugu eta egun gogoz kontra eta erabaki gaitasunik gabe forma burgesak antolatzen gaitu, banaketa sozial klasistan. Baina egungo bozketa eta ordezkaritza forma arduragabearen aurrean, komunistontzat antolakuntzaren auzia ez da soilik kanpotik agindutako helburu batzuei loturiko bitarteko bat, helburuen eraikuntza bera da, indar erreal gisa.

Klase determinazioak, beraz, kosmobisio komunista gorpuzten du. Klase borrokan subjektu politiko komunista aktibo eta arduratsua eraikitzearen garrantzia, guztiontzat eta unibertsala izango den aberastasunaren ekoizpen eta erreprodukzio eredu sozialistaren alde egitearen garrantzia, «askatasunaren erreinua» irabazteko elkartasun antolatuaren printzipioaren garrantzia eta abar luze bat dira mundu-ikuskera honen ondorio zuzenak. Ondokoarekiko solidarioa eta etsaiarekiko bihozbera, ulertzeko eta eraldatzeko potentziaduna.

Errealitatean ageri da, baina, kosmobisio hau ez dela oso popularra masa zabaletan. Hala ere, egitura kapitalistaren tendentziek gizartearen polarizazio gero eta nabariagoa eragiten duten garaiotan kosmobisio burgesaren maskarak baino esperantzatsuagoa izatera iritsi daiteke. Horretan datza gure lehentasunezko eginkizunetako batek: politikoki, ekonomikoki, filosofikoki zein kulturalki ikuspegi hau sozializatzean. Estrategia eta taktika mundu-ikuskerarekiko leiala izanez. Teorian eta praktikan. Ahalik eta masa zabalenetan. Burgesiaren agente zuzen zein zeharkakoekin inguruarekiko ulerkeraren talkan batetik, eta gure kosmobisioak egungo baldintzetan izan behar duen ibilbidea aztertzen bestetik, galdera handiei ahalik eta erantzun zentzudunenak emanez: zer da masa antolakuntza egun? Nola antolatzen da ekoizpen eta birprodukzio forma sozialista? Nola kolpatu era egokienean egungo burgesia eta bere aparatuak? Nola antolatzen da forma demokratiko arduratsu bat?

Ia zerotik hastera derrigortuak izan gara. Proiektu komunistaren porrotari buelta emateko gure aportazio xumean ez dugu amore emango. Beharrezkoa zaigu, horretarako, kosmobisio komunista lau haizetara zabaltzen jarraitzea, ikuspuntu honek izan duen esperientzia aberatsa eta bere printzipioen justutasuna sozializatzea. Eztabaidak eta sozializazioa. Azken urteetan kosmobisio hau langilerian barrena zabaltzen izan dira mugimendu sozialista deritzogunaren zenbait antolakunde eta aportazio horretan sakontzeko eginkizuna daukate Kontseilu Sozialistek ere.