AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2021/04/16

Egungo testuinguru aztoratu honetan gizarte forma totalitario bateranzko joera aztergai da. Azkenengo hamarkadetako beheranzko joera ekonomikoekin hertsiki loturik azaldu diren orotariko krisien artean gidaritza edo gobernantza politikorako krisia nabarmentzekoa izan da. 2008ko krisialditik aurrera mundu mailan eman diren prozesu eta esperimentu politiko ezberdinek burgesiaren ezinegona adierazten dute, baita gidaritza formak berritzeko derrigorrezkotasunaz jakitun direla ere.

Badirudi jada klase burgesaren gobernatzeko modu idealena zen demokrazia parlamentarioari alternatibak agertu zaizkiola, klase jabedunaren zati baten oniritziaz (edota bultzadaz kasu askotan), izan egungo egoerak behar duen estrategia ekonomikoak oztopatzen dituelako, epe ertain zein luzerako planak ezartzeko ezintasuna medio (Txinatar gobernuaren eredua), edota joera faxistadun alderdiak espazio publikoan ugaldu direlako, hots, krisi kapitalistaren eta mugimendu iraultzaileen ezintasunaren ondorioz (Trump eta Bolsonaro fenomenoak, VOX, AfD, Amanecer Dorado, Orbanen FIDESZ alderdia eta abar luze bat).

Paradigma politiko nahasi honetan, hala ere, demokrazia parlamentarioaren gobernu sistemak kapitalismoa legitimatzeko formula adostua izaten jarraitzen du, azkenengo hamarkadetan mundu mailako potentziei dagokienez. Bigarren Mundu Gerraren ostean komunismoaren mamuari aurre egiteko sorturiko demokrazia vs komunismoa (diktadura) publizitate esloganak eman zion gobernu sistema honi XX. mende erdialde nahasian garaile izan eta XXI. mendera arte iristeko indar bultzada garrantzitsu bat.

Esan behar da, gainera, egun burgesia demokrazia kontzeptuaz mintzo denean publizitate eslogan gisa erabiltzen duela, legalitate berdintasunaren adierazpen amaitu gisa. Gutxik (edo inork ez) hitz egiten dute, berriz, estatu demokratikoen benetako izaera eta funtzioei buruz: beraien konstituzio burgesak (jabetza pribatuaren defentsa santua, kasu), parte-hartzen duten alderdi politikoen benetako intentzioak (jasotzen duten finantzazio pribatuek ordainetan eskatzen dutena, adibidez) edota burgesiaren negozioek eta erabakiek zuzenean estatu demokratikoaren aurrekontuak determinatzeko duten gaitasun erreala (Europako funts gisa ezagutu ditugun diru laguntzek suposatzen duten eskuburdinak, esate baterako). Sistema kapitalistaren ordezkaritza diren posizio guztiek, ezkerretik eskuinera, funtzio hauek ezkutatu eta demokraziaren fikzioa birproduzitzen dute.

Kapitalismoa eta botere burgesa osotasun gisa ulertu behar dugu, finean. Botere hau kapital metaketaren bitartez determinatzen da eta errealitatearen esfera guztiak bere onurarako moldatu ohi izan ditu, izan giza fase konkretu bateko arlo kultural, ekonomiko, politiko zein soziala. Aberastasun soziala esparru ekonomikoan edo ekoizpen esparruan ekoizten bada ere, esparru politikoa aberastasun honen mesedetan moldatua izan da. Frantziar Iraultzak suposatu zuen berdintasun grina (demokrazia sozial eta politikoaren aldekoa) azkar moztu zuen boterea eskuratu eta birformulatu zuen gero eta indartsuago zen burgesiak, baita teoriko politiko liberal klasistek ere. Demokrazia errealak suposatu zezakeen berdintasun politiko eta soziala (materiala) traizionatu zuten burges modernoek. Geroztik, kapitalaren birprodukzioak beharrezkoa izan duen faseekin armonian joan da, itxurazko berdintasun politiko formal unibertsala adieraziz, burgesiaren aurpegia garbituz, legitimitaterako zutabea izanez. Bi puntu dira garrantzitsuak hemen aipatzeko: batetik, demokrazia burgesak norbanakoen askatasun eta berdintasun indibidual formala ezartzen du politikoki, materialki bizitza birproduzitzeko baliabideetatik desjabetua den bitartean. Beraz, demokraziaren berdintasun zentzua erdibideraino bakarrik eramaten/garatzen da, burgesiak lan-indar «askea» merkatuan lortzeko beharrekoa duen berdintasunera arte soilik, hain zuzen; bestetik, hiritarren eskubide politikoa ere ez da modu librean gauzatzen, gorago aipatu bezala demokrazia burgesak baditu eta bere funtzioa eta aparatuak bere boterearen eskuetan mantentzeko nahikoa gaitasun, egun diruak dena erosi dezakeelako eta diruaren jabeak beraiek direlako. Beraz, berdintasuna solik formalki adierazten da, ez errealki.

Krisiak gogor kolpatzen duen garai hauetan, 2008ko krisitik abiatuz gaur egungo jarraipen malkartsuagora, demokrazia burgesaren festak legitimitate galera nabarmena jasan du. Azken hamarkadan hartutako erabaki politikoek geroz eta argiago utzi dute orotariko alderdiek zeren defentsan jarduten duten parlamentuan. Horrela, burgesiaren errepresentazio gisa irudikatzea gero eta ohikoagoa izan daiteke. Honekin, abstentzio tasak nabarmen egin du gora, hiritarrek estatuaren partetik jasotzea espero dutenaren esperantza falta nabarmenean. Politika profesional burgesak ez ditu langileriaren gero eta kapa zabalagoen beharrak ordezkatzen.

Kritika honetatik abiatuz, demokrazia proletario edo zuzenaren sistema garatzeko beharrean gaude estrategia komunistaren zutabe politiko gisa. Eztabaida amaigabeak utzi ditu auzi honek langile mugimenduaren historian zehar, etorkizuna eraikitzeko duen garrantziaren seinale izanik. Historikoki Alderdi Komunistaren indar antolatua izan da parlamentutik baztertuak ziren langile xumeen masa zabalei politikoki aktibo bilakatzeko aukera eman izan dien tresna. Hastapenetan langile interesa parlamentu burgesean adierazteko bitarteko erreal izanik eta garapenean demokrazia formala demokrazia errealean bilakatu zezaketen tresnak eraikiz, masa alderdien barneko erabakitze forma zuzen eta arduratsuen bitartez, zein langile kontseiluek suposatzen zuten instituzio politiko ez klasistak eraikiz, garapen maila altuena sobietar sistema izanik.

Horrela, beharrezkoa iruditzen zait, egun, demokraziaz hitz egiten dugunean eta teorizazio hau praktikara eraman nahi denean kontzeptuaren karakterizazioa egitea, ez bait da demokraziaren sistema neutrorik existitzen. Demokrazia parlamentario burgesa ala demokrazia proletarioa: gutxi batzuen lege eta alderdiek gobernaturiko sistema ala langile masen borondatearen adierazpena. Alderaketa honetan berebiziko garrantzia izan dute historikoki langile kontseiluek, esan bezala. Egun, enbrioizko modu batean bada ere, demokraziaren festatik alboratuak gelditzen ari diren masa gero eta zabalagoen aktibazioa behar dugu. Langileria xumearen ahalduntze politiko errealerako tresna bat gehiago da parte-hartze demokratiko arduratsuaren praktika, interes iraultzailearen ordezkaritza politikorako aukera bakarra izanik gainera.

Demokrazia burgesak pribatizaturik daukan erabakitze gaitasunaren kritikaren aurrean, antolakuntza gaitasunekin sintonian joan beharko den parte-hartze errealerako formak planteatu beharko ditugu, denborarekin gero eta eskala handiagora hedatzeko ideiarekin. Estrategia komunista mamitzeko eraikitzen diren antolakunde-instituzio bakoitza langileriaren interes iraultzailerako autogobernu eta autodeterminazio demokratikorako instituzioak izan behar dira. Bi klase antagonikotan banaturiko errealitatean kualitatiboki ezberdinak izango dira demokrazia burgesaren eta demokrazia proletarioaren sistema politikoak; areago, azkenengo hau da estatutik alboratuak diren masa gero eta zabalagoen eskubide politikoak babestu ditzakeen forma, egungo baldintzetan ezin baita errealki ordezkatua izan. Berdintasun politiko eta sozialak (materialak) bermatuko dituen demokrazia proiektua estatu sozialistaren eraikuntzarekin hertsiki lotuta dago. Kontseilu sozialistek badituzte eginkizun garrantzitsuak gaurdanik. Kosmobisio komunistaren sozializazioarekin batera langileria xumea iraultzailearen parte-hartze forma politikoa eraikitzen joan behar da demokrazia proletario edo zuzenaren bitartez.