AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2019/11/26

Versión en castellano 

Estatu Espainolean eta Euskal Herrian bizi dugun koiunturak gizarte burgesaren zutabea den kontzeptu politiko baten gorespena berragerrarazi eta joko politikoaren mahai gainean jartzea ekarri du. Kontzeptu politiko hau demokrazia da. Bloke politiko-ideologiko guztietan da protagonista demokrazia, bakoitzak bere erara azaldu arren. Argi dago prozesu hau ez dela ezerezetik sortu: krisi kapitalistatik eratorritako testuinguruak sortu ditu baldintza material objektibo hauek.

Krisi hau munduko herrialde guztietan ematen ari den deskonfigurazio sozial bezala definitu genezake. Hau da, aurreko hamarkadetan langileria eta burgesiaren arteko klase borroka ekidin edo leuntzeko sorturik zegoen sintesia (Ongizate estatu gisa ezagutu duguna) apurtzen duen prozesu bezala. Sintesi apurketak eta klase borrokaren sakontze honek politika burgesari (Realpolitik-ean adierazten dena) dagokion egoera  berri bat jarri du parez-pare: Krisiaren gestioaren garaia egokitu zaio burgesia eta bere ordezkari politikoei, honek dakartzan ziklo ezegonkorrekin. Egoera honetan gobernagarritasun burgesaren krisia heldu dela esan dezakegu. 

Gure herrialdean zentraturik, Ezker Abertzale Ofizialaren partetik erreforma sozialaren aldeko hautua gauzatu duela. Independentzia sozialistatik urrun, demokrazia, bakea eta giza eskubideen aldarrikapen abstraktuak dira bide-orri berria. Honela, kapitalak inposaturiko status quoa bere horretan mantentzen duten proposamen orokorrak plazaratzen dira aldarrikapen horiekin, nahiz eta zenbaitetan itxura erradikala hartu. Ezin dugu baieztatu, hala ere, aurreko hamarkadetan Ezker Abertzaleak auzi demokratikoaren inguruan hitz egin ez duenik, baina egungo koiunturan eman zaio entzun handiena, bere estrategiaren auzi garrantzitsuena dela erakutsiz. Badirudi, batzuen ustetan, Euskal Herriaren Independentzia eta Sozialismorako demokrazia dela bide bakarra.

Horiek horrela, demokrazia kontzeptuaren berrikuspena eta kritika egitea oinarrizkoa zaio dominazio kapitalista gainditu nahi duen espazio politiko orori, bai etsaiaren dominazio formak seinalatzeko  baita bloke politiko-ideologiko sozialdemokrataren izaera erreformista  nabarmentzeko ere.

Demokraziaren kontzeptu modernoa burgesiaren gailentze politiko garaietatik aurrera hedatu zen, “modernizazio” prozesua bizi izan zuten herrialde guztietan. Burgesiaren botere ekonomikoarekin kontsonantzian garatu zen forma politikoa izan zen demokrazia parlamentarioa. Beti agertu izan da burgesiaren intelektual akademikoen ahotan forma politiko perfektu eta askatzaileena bezala. Baina forma politiko hau ezarri bezain pronto eta masa proletarioen hedatze prozesu azkarraren bitartez, klase borrokaren konfigurazio berriarekin talkan sartu zen, ez baitzuen ez perfekzio ez eta askatasun itxurarik gizarteko subjektu berriarentzako. Are gehiago, Marx eta Engelsen analisietan azkar formulatu zen talka hau, gobernu modernoa “klase burgesaren arazo orokorren administrazio-batzorde” gisa aurkeztuz (Manifestu Komunista, 1848). Mugimendu sozialistaren beste figura garrantzitsuek ere ez zuten kritika hau alde batera utzi eta Leninek demokrazia eta parlamentarismo burgesa, “burgesiaren zerbitzura dagoen langile klasearen zapalkuntzarako makina” gisa definitu zuen (Demokrazia burgesaren eta proletalgoaren diktadurari buruzko tesi eta informea, 1919).

Burgesiaren beharrizanak asetzeko (alegia, kapital metaketa gero eta eskala hedatuagoan erreproduzitzeko) bitartekoa den demokrazia forma politikoak, beraz, sistemaren oinarrian dagoen klase harremana barne-biltzen, ezkutatzen eta betikotzen du: langileriarekiko esplotazioa. Horrela, tesi orokor baten baitan barneratzen du gizarte osoak berdintasunaren pentsamenduaren inposizioa: Estatu kapitalista ( eta demokrazia )  indarrean dauden harreman ekonomikoetatik aparte dagoen entitate gisa ageri da. Are gehiago, harreman ekonomikoetan esku hartzeko eta beren bitartekaritzarako summa potestas duen entitate posible bakar gisa ageri da.  

Hemendik abiatuta erreproduzitzen da “hiritar” figura desklasatua, hiritar guztiok demokraziaren bitartez berdintasun egoera juridiko eta politikoan gaudela adieraziz, denoi “berezkoak” zaizkigun eskubideak defendatu behar direlarik. Tesi honen oinarrizko elementua jabetza pribatua da; jabetza forma honek gizabanako guztion interesen defentsa barne-bilduko balu bezala. Bermea berriz, Estatua. Baina forma honen bitartez, jabetza honetatik desjabetua dagoen klasea bere lan indarra merkatuan saltzera derrigortua agertzen da: hautu posible bakarra dauka, ekoizpen kapitalistaren engranaje gisa integratzea. Kontziente izan behar dugu, beraz, demokraziaren forma politikoak prozesu guzti hau egituratzen eta betikotzen laguntzen duela.

Tesi orokor honetatik, hainbat ondorio atera daitezke: Estatua espazio autonomo edo independente gisa agertzen da, kapital metaketa prozesuarekin duen lotura estua bananduz eta gizartean dauden interes anitzen bitartekaria bailitzan. Pentsamendu honek Estatuaren neutraltasunaren ideiara bideratzen du gizartea, koiuntura bakoitzean alde batera edo bestera mugitu daitekeela sinestaraziz. Eta ideia hau indartzeko hauteskunde parte-hartzaile eta askeen prozedura aurkezten da bitartekaritza “garbia” izan dadin.

Esperientzia sozialistatik ekoiztutako “demokrazia” kontzeptuaren kritika ez da egungo sozialdemokraziaren pentsamolde eta praktiketan agertzen. Hiritarraren (edo herritarraren, finean berdina baita) figura da honen proposamen politikoak aurkezteko diskurtsoaren zentroa. Bere aldetik, langile klase kontzeptua egoera koiuntural batzuetan (maiatzaren 1ean adibidez) azaltzen da soilik, oportunismoa agerian utziz. Honekin, “aurrerakoiak” diren politikak “atzerakoiak” direnekin kontrajartzeko eskema aplikatzen dute, klase borroka aktualaren ezaugarriak kontuan izan gabe, Estatu kapitalista noizbait barrutik eraldatuko dutelakoan. Klase harremana betikotzeaz gain, demokrazia parlamentarioa egoera eraldatzeko forma efektibo bakar gisa azaltzen da, beste borroka espazio batzuei laguntzaile funtzioak emateraino iritsiz. Argigarria da, kasu honetan, “kalea” deritzon espazio politikoa instituzio demokraten subordinaziorako tresna izatea.

Hauteskundeen auziari dagokionez, demokrazia burgesaren formari politikoki eta publikoki maskara kendu ezean, egituratuta dagoen boterearen aniztasun irudia legitimatzen da eta kulturalki honen praktika indartzen da. Gaineratzeko, aniztasun politikoaren aukera kapitalarentzat onargarriak diren aukera ideologikoetara mugatzen da, onargarriak ez direnak jarraipen sozial, politiko eta kulturalera kondenatuz. Ezin esan demokrazia burgesia eta bere ordezkarientzat ondo egituratua ez dagoenik.

Ezker Abertzale Ofizialean demokraziaren auzia helburu estrategikoen artean kokatua dagoen arren, badaude auzi taktiko gisa aurkezten duten batzuk ere, bloke honetatik urrundu diren sektore iraultzaileenak konbentzitu nahian edo. Hauen iritziz, bide demokratikoak taktikaren bide-orrian kokatu behar dira, bestelako helburu estrategiko batzuetara iristeko (sozialismoa, agian). Baina jada, badakigu taktikaren garapena helburu estrategikoekin kontraesanean sartzen denean zer gertatzen den: instituzio burgesen bitartez, gaurdanik, “hobekuntza” batzuk planteatzean, derrigor instituzio horien klase dominazio izaera ezkutatzea badakar (“orain ez da horretarako momentua, auzi taktiko bat da” esaldiaren bitartez), gaurdanik eraiki behar diren etorkizuneko helburuak (burgesiaren dominazioaren abolizioa) ukaturik agertzen dira.

Guzti honekin, bere burua sozialistatzat daukaten sozialdemokrata euskaldunek, bere garaian Kautsky eta bere lagunek egin bezala, burgesiaren eta bere defentsa blokearen amua irentsi dute. Dominazio kapitalistaren zutabeetako bat den demokrazia kontzeptua asimilatu dute, Estatu Espainolari krisia gestionatzeko eta estabilizazio politiko eta ekonomikorako laguntza eskainiz. Burgesia eta erdi mailako klasearen (burgesia txikiak eta langile aristokraziak osatutako bloke politikoaren) arteko paktu sozial berriaren parte izaten ari dira, krisi testuinguruak dakarren hausturarako aukera guztiei bizkarra emanez. Demokraziaren kontzeptu orokorra, hau da, demokraziaren kontzeptu burgesa, paktu sozial horren aldeko apustua egiten dutenen arma nagusia da.