AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

(itzulpena)

Larunbat honetan, hilak 14, Karl Marx militante komunista eta krisiaren teorialari handiaren heriotzaren 137.urteurrena ospatzen da. Artikulu hau idazten ari naizen bitartean, munduaren zati handi bat astintzen ari den koronabirusa, Txinako ekonomian zein mundu mailako merkatuan islatuta ikusten den bezala, puntzoia bailitzan barrentzen ari da duela hamarkada bat baino gehiagotik urtzen hasia den izotz-kontinentean. Badirudi, Txinako ehun produktiboaren zati bat geldituz gero, erraldoi asiarrak ez duela munduko petrolioaren zati baten eskaerarik izango; izan ere, Txinak aurreko urtean erregai fosilaren eskaeraren[1] %75 sustatu zuen, eta hori merkatu osoan islatuko da. Eskaintzak eskaria gainditzen du kasu honetan, eta prezioek behera egin beharko dute.

Aitzitik, askok “urre beltzaren” gehiegizko eskaintzaren krisi bezala edo beronen alderantzizko forman sub-kontsumo krisi bezala ezaugarritzen duten arren, petrolio-industriaren krisiak antolakuntza forma burgesaren auto-suntsiketa adierazten du. Kasu hauetan argi ikus daiteke petrolioaren kontsumo produktiborako eskaera falta, zeinak produkzio kapitalistaren adar industrial esanguratsu askoren fundamentu materiala ordezten duen: lurgaineko garraio industrialarena (gasolinak, naftak, gasolioa etab.), aire garraioarena (kerosenoa), itsasoko garraioa (fuelolioa), garbiketa produktu eta tinta industria (petrolioaren eterra), plastikoaren produkzioa eta horren erabilera etxekotua (butano eta propano gasak), asfaltoaren produkzioa, industria petrokimikoak (petroliotik eratorritako lehengaien erabilera: ehungintza industria, industria farmazeutiko, agrikultura, eta abarrerako.)… Honi masen kontsumoaren beherakada ere gehitu behar zaio (kapital aldakor bezala erreproduzitu dadin langile-masa). Beraz, prezio jaitsiera emango dela aurreikusgarria da. Baina, zer da gertatzen dena?

Nazioarteko Energiaren Agentziaren arabera, petrolioaren ekoizpenak beheranzko joera izan du 2006tik gutxienez. Horrekin petrolioaren produkzioaren gorakadak, balioaren produkzio bezala ulertuta, urte horretan goia jo zuela esan nahi du. Momentu hori “peak oil”[2] edo “petrolioaren erpin” gisara ezagutu izan da. Horrela, produkzioak hondoa jotzen du, ez hainbeste petrolio-hobiek dituzten mugengatik (hori ere gertatzen ari den arren, energia fosilen agortze progresiboaren ondorioz), baizik eta, bereziki, teknologia produktiboek ez dutelako bere errealizazioarekin errentagarria den produktu bat eskaintzen[3]. Hau da, petrolioaren gainbalioaren erauzketa-ekoizpena, une batera iritsita, gelditu egiten da, eta ezin du bere balioa baino gehiago sortu. Eta metaketa berrabiarazteko balio nahikorik ez izateak irabazien gainbeherara eramango luke. Hau guztia oso modu argitzailean azaltzen dute Antonio Turiel[4] bezalako CSIC- eko zientzialariek; agerian utziz irabazi tasaren joera beherakorra azaltzen duen legea eta bere oinarrian dagoen balioaren legea modu nabarmenean nagusitzen direla gaur egungo errealitatean. Zientzialariek “hazkundearen muga” deitzen diote, ohartaraziz, produkzioan inbertitzen den energia (soziala) alderantzikatzea ez dela errentagarria kuantitatiboki (sozialki) txikiagoa den energia bat lortzeko. Hemen, Erromako Klubaren terminologia neo-maltusiarraren pean, metaketa kapitalistaren muga bat ikus daiteke.

Testuinguru honetan, erauzketa-teknika berriak zein merkantzia homologatuak (fracking-a, energia elektrikoak, energia hidraulikoa, diesela...) petrolio-ekoizpenaren beheranzko joerari aurre egiten saiatzen dabiltza. Hala eta guztiz ere, teknika horiek petrolioaren hutsuneak bete nahi dituzten arren, ez dute erauzketa klasikoaren ekoizpen-potentzia gainditzen. Honakoa arrazoi teknikoengatik eman ohi da, baina bereziki, petrolio gordinak erauzia izan dadin ahalbidetzen dituen erraztasunengatik: eredu burgesaren harakiria da gertatzen ari dena.

Horrenbestez, eskaeraren uzkurdura baino gehiago, metaketak eskatzen duen produkzio-erritmoari eta -errentagarritasunari eusteko ezintasuna da nabari. Hori negatiboki adierazten da industria eta merkatu anitzetan, eta hori eskariaren uzkurduran islatzen  da. Gainera, joera hori larriagotzen duten zenbait fenomeno gehitzen zaizkio, hala nola koronabirusa. Hori da hain zuzen, merkatuan adierazten den produkzioaren krisia da.

Badirudi, Nouriel Roubinik 2008an esan zuen bezala, beste behin ere Marxek arrazoi duela.

Hori horrela, zilegi iruditzen zait interpretatzea hainbat aferatako krisi gisa (ekonomikoa, ekologikoa, demografikoa, humanitarioa, belikoa, sanitarioa, existentziala, politikoa…) ageri zaigun kapitalaren krisiaren larriagotzeak hurrengo urteetan klase-borroken areagotzea ekar dezakeela.

2019tik eduki ekonomikoa[5] izan duten hainbat mobilizazio eta borroka esperimentatzetik gatoz. Sudanen ogiaren prezioaren hirukoizteagatik, Libanon tabakoaren inpostuen gorakada, WhatsApp bidezko deiak eta erregaiagatik, Iranen gasolinaren prezioaren igoera eta gazteen langabeziaren gorakadagatik, Ekuadorren gasolinarako laguntzak kentzeagatik, Txile, Venezuela, Puerto Rico, Frantzia, Kolonbia, Irak, Haiti, Bolivia, Aljeria, Egipto, India…

Aurreikusgarria da, beraz, epe ertain-motzean proletalgo internazionalaren bizi baldintzek era gradualean kalitatea galtzea eta gure klase sozialaren baitan miseria areagotzea. Hala ere, Txinan dauden euskal enpresa handiek (baina, batez ere, nazioarteko merkatuko partaide diren eragile ekonomikoek) ez diote atzeraldiaren eraginak jasotzeari ihes egingo (hori espero dut bederen). Eta hau, noski, euskal langile-klasean, langile-aristokrazian barne, domino-efektu gisa adierazi beharko litzateke. Ikusiko dugu zein puntutaraino egiten duen. Hain zuzen ere, ahal dugun elementu analitiko guztiak gure esku jartzen saiatu behar dugu, gure ahalmenen arabera gerta daitekeena aurreikusteko. Zentzu horretan, ene iritziz, berebizikoa da militantzia politiko guztiarentzat:

-          Kapitala obraren ikasketa sistematikoa botere burgesaren dinamika esentzialaren erradiografia bezala.

-          Fenomeno sozialen inguruko analisi logikoaren metodoan gure buruak formatzea.

-          Gainbalioaren produkziorako eta kate horretan dugun posizioagatik, lanaren nazioarteko banaketan ahalik eta modu argienean kokatzea.

-          Estatistikak artikulatu eta horien interpretazio egokirako kriterio analitikoak sortzea.

-          Informazio-garro fidagarriak garatzea estatistika burgesaren gainetik gero eta eskala handiagoan.

Era berean, aipagarria da klase independentziarekin harremanean eta krisiarekin loturan, aukera-sorta ezberdinak agertzen zaizkigula. Zentzu horretan, klase independentziaren printzipioaren 3 determinazio azpimarratu nahiko nituzke, beronek proletalgoaren esperientzia politikoan duen egiatasunaz gaindi:

1-      Langile klasearen independentzia politikoaren premisa (zoriontasunez bizitzeko) interesa da.

2-      Interesa behar material eta espiritualak ahalbidetzen duela.

3-      Beharra sortzen duena oinarri soziala dela (naturala denaz haratago); bada, klase esplotazioa.

Esplotazio sozialak beharrak eta interesak sortzen ditu, eta horiek dira proletalgoarentzako politikaren printzipioa: behar materialak (etxebizitza erosteko ezintasuna, alimentuak, argia, ur beroa, arropa…) eta immaterialak (aisialdi sozialerako ezintasuna, laguntasun eza eta bakartasun orokortua, tristezia orokortua, krisi existentziala…) errealizatzeko interesa, berauek sortzen dituen kontraesan antagonista gainditzera proiektatuta. Politika egiteko modu hori, proletalgoarena, prozesuan ematen den iraultza da: prozesu sozialista. Beharrizanaren erroa (dominazio ekonomikoa) iraultzen duen politika. 

Horrela, krisiak esplotazioa areagotuko du eta klase beharrak zein klase interesak labarrean aurkituko dira. Izan ere, jada soldatak ez ditu honako hauek asebeteko (hura baita beharrizanen iturria) eta bere horretan utziko ditu.  Horregatik, ematen dugun pausu bakoitzak, neurri handiagoan ala txikiagoan, horri erantzun behar dio. Pausu bakoitzak klase independentziaren printzipio politikoan izan behar du oinarria, politika proletarioaren bizkarrezurra dena. Gure interesei erantzun behar die, gure beharrak asetu, eta horiek ahalbidetzen dituen kapital-harremana indargabetzea helburu bezala izan.

Beraz, klase independentziaren irizpide estrategikoa metatzen dugun antolakuntzaren osotasunari aplikatzeak potentzial ikaragarria du, eta epe ertainean deskonposatzen ari den langile aristokraziaraino hedatu daiteke. Hots, antolakunde independenteak langile guztien klase-interesei erantzun behar die krisi-egoeran.

Honi guztiari begira, datorrenerako prestatzea eta ahal den neurrian ekarpenak egiten saiatzea da bidea.

 

[1] Sandri, P. (2020/03/06) “La demanda del petróleo registra la mayor caída trimestral de la historia por el coronavirus”. La Vanguardia. Iturria: https://www.lavanguardia.com/economia/20200306/473981031898/petroleo-demanda-caida-coronavirus-datos-impacto-economia.html

[2] Pascual, A. (2018/12/10) “Nos estafan con el diésel: la excusa es que contamina, pero en realidad se acaba”. El Confidencial. Iturria: https://www.elconfidencial.com/economia/2018-12-10/pico-del-petroleo-antonio-turiel-diesel-contaminacion_1694062/

[3] Ibid.

[4] VesperaDeNada (2014/02/07) Antonio Turiel eta Margarita Mediavilla: Los límites del crecimiento (Para todos la 2, TVE). Iturria: https://www.youtube.com/watch?v=LJeGpVTykPw

[5] Astarita, R. (2019/12/14) Ola de manifestaciones y levantamientos cada vez más globales. Iturria: https://rolandoastarita.blog/2019/12/14/ola-de-manifestaciones-y-levantamientos-cada-vez-mas-globales/