AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Nissan eta Alcoako instalazioak laster ixteak eta borroka-seinale gisa jarritako su-barrikadek bide eman zieten nazionalizazioaren inguruan Iglesias (nazionalizazioak guztiz posible dira)[1], Errejon, Rufian (“irtenbide handiak”), BNG edo PCTE-k egin zituzten adierazpenei.

Horrekin, marxismo proletarioarentzat eztabaida historikoa izan dena ukitzen da: ekoizpen-bitartekoen sozializazioaren auzia. Edo, nahi bada, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoari buruzko eztabaida. Ezaugarri pare bat azpimarratzera mugatuko naiz, gaia bere osotasunean lantzetik urrun.

Nazionalizazioa edo estatizazioa enpresa kapitalista (nazionala edo nazioz gaindikoa) baten jabetzaren titulu juridikoa Estatuari eskualdatzean datza. Horrela, forma juridikoa aldatzen da (jabetza pribatutik jabetza publikora), baina ez enpresaren produkzio modua, balioaren legean oinarrituta dagoena. Produkzio-harremanen antolaketa, burgesiaren funtsezko printzipio politikoaren arabera antolatzen da: klase-ustiapenean oinarritutako kapital-metaketaren lege orokorrean. Antolaketa hori, kasu honetan izan daitekeen bezala, funtzionario publikoek zuzendu dezakete. Baina kasu gehiago ere egon daitezke:

  • ·         Jabego indibiduala, familia bat, etab., enpresak esku pribatuetan jarraitzen badu.
  • ·         Akziodunen batzarrak, akziokako sozietatea bada.
  • ·       Administrazio-taldea (enpresa publikoa bada, austriar-alemaniar erakoa): funtzionario publikoen ordezkariak (estatukoak, udalekoak, etab.), enpresaburuak eta langileen ordezkaritza (sindikatuak).
  • ·         Kooperatibistak, ekoizpen- eta kontsumo-kooperatibak badira.
  • ·         Eta abar.

Gogora dezagun jabetza dela gizarte-harreman kapitalistak hartzen duen forma fenomenikoa; hau da, jabetzak ekoizpen-harreman sozial baten adierazpena osatzen duela. Beraz, nahiz eta  jabetza hau pribatua,  akziozkoa,  kooperatibarena edo estatuarena (edo udalarena) izan, ez da, proletalgoaren ikuspegitik, burgesiaren botereak hartzen duen oskola baino gehiago; izan oligarkikoa eta minoritarioa, edo burges-txikia eta bolumen handiagokoa, kontsumo- eta ekoizpen-kooperatibak izan daitezkeen bezala.

Alde horretatik, sozializazioaren lehen ezaugarria  jabetza soil-soilik burgesa den kategoria gisa suntsitzea izango litzateke, eta haren ordez ekoizpen- eta banaketa-prozesua antolatzeko modu berri bat egituratzea. Horrek esan nahi du lanaren ekoizpen-indarrak beste norabide batean banatu/antolatu behar direla.

Sozializazioaren bigarren ezaugarriari dagokionez, galdera hau formulatu behar da lehenik: nork zuzentzen du eta zein printzipiotan oinarrituta? Sozializazio sindikalista klasikoak «meatzea meatzarientzat», «fabrika langileentzat» eta antzeko lemekin aurkezten du arazoaren ebazpena. Hala ere, horrek enpresa edo adar jakin bateko ekoizleen eta bertan zuzenean parte hartzen ez duten ekoizle eta kontsumitzaile guztien arteko interes-gatazka ezkutatzen du. Hau da, gero eta arrisku handiagoa dago sozializazioak enpresa batzorde edo sindikatu baten interes partzialei erantzun diezaien (oro har interes burges txikiak izan ohi direnak), zeinei  produkzio-harremanen zuzendaritza dagokien. Gauza bera gertatuko litzateke sozializazio nazionalistarekin edo nazionalizazioarekin, non Estatuan ordezkaritza duten kontsumitzaileen, Udalaren eta abarren ikuspuntutik erantzungo litzaiokeen, eta ekoizleak soldatapeko langile modura jardungo luketen.

Beraz, sozializazio sozialistak ekoizle eta kontsumitzaile guztien interesei erantzun behar die, eta dagozkien erabakimen-organoak ezarriko dira ekoizpen- eta banaketa-harremanen zuzendaritza auto-zentralistarako.

Ildo horretatik, Korsch-ek ohartarazten du ez dagoela formula positiborik programa ekonomiko komunistari dagokionez, eta aipatzen du «ekoizpen-bitartekoen sozializazioa eta jabetza pribatuaren indargabetzea» modu abstraktuan proposatzea ez dela oso emankorra. Grossmannek, aldiz, argi uzten du ez dagoela arazo ekonomiko hutsik marxismoarentzat ere, metodo zientifikoari buruzko auzietatik haratago. Ikuspuntu horretatik, bidezkoa da interpretatzea lan militantea «norbere gaitasunaren araberako ekarpenaren» printzipioaren arabera banatzeak ekoizpen-harremanak edo funtsean komunista den lan-prozesu bat adierazten duela, nahiz eta oso lurralde-eskala txikian izan eta heldutasun-maila germinala eduki.

Gizabanako gisa elkartzen diren «proletario iraultzaileen komunitateak[2]» ez dira ekoizle eta kontsumitzaileen artean,  ez intelektualen eta eskuzko langileen artean,  ezta burokraten eta aktibisten artean ere bereizten. Osotasun gisa eta beren praxiaren jariotasuna ahalbidetzen duten organismoetan pentsatu eta egikaritzen dute. Beren garapena eta banakako mugimendua komunitate politikoaren kontrolaren mende dagoela ulertzen dituzte eginbeharrekoak. Hala, militante bakoitzaren ekoizpen-bitartekoen eta lan-indar produktiboaren gaineko jabetza,  jabetza komunitario, jabetza komunista [3]edo jabetza oso bezala definitzen da; eta hori, proletalgo iraultzaile osoak bere zuzendaritza politikoan (kontrola eta kudeaketa) parte hartzeko duen eskubidean dago oinarritua.

Beraz, modu honetan Zuzenbide Publikoaren eta Zuzenbide Pribatuaren arteko bereizketa historikoa apurka-apurka lurruntzen da; izan ere, klase-banaketan oinarritutako gizarte-egitura historikoei berezkoa zaien komunitatearen eta gizabanakoaren[4] arteko interesen talka desagertzeko joera emango litzateke. Horren ordez, gizabanako (ekoizle eta kontsumitzaile) aske eta berdinen asoziazioaren ideia sortzen da; ideia horrek eremu materiala hartzen du a priori erakunde komunistetan, eta konplexutasun maila handiagoa lortuko luke Alderdi Komunistaren antolakuntza-unean, sostengu materialak ekoitzi eta banatzeko une metabolikoak subsumituz.

Azken batean, sozializazio sozialistaren ezaugarriak, besteak beste, hauek izango lirateke:

       1. Jabetzaren abolizioa kategoria burges gisa, balioaren gaineko dominazio sozialistaren             adierazpena dena eremu juridikoan.

    2. Komunitate (osotasun) sozialistaren zuzendaritza politikoak gizarte-ekoizpeneko             prozesuarekiko duen kontrola: produkzio-bideak eta lanaren produkzio-indarra.

Ikuspegi abstraktu horretatik, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoak ez du esan nahi ekoizpen-bitartekoen estatizazioa, sozializazio sindikalista edo kooperatibismo burges-txikia; aitzitik, balioaren legearen abolizioa eta kapital-metaketaren lege orokorra ekoizpen-harreman sozial modernoen funtsezko printzipio gisa begiz jotzen ditu.

Esparru taktikoan aldiz, ehun produktiboaren eta ehun militantearen arteko harreman zehatza diseinatu beharko litzateke, mobilizazio/eraikuntza ildo taktikoari jarraituz. Bide horretan, Topagune Sozialista edo GKSren auzolanak topa ditzakegu, esperimentuak direnak, eskala geografiko eta denbora-eskala txikian, espazio txikietan eta denbora gutxian eginak. Hala ere, kasu horietan argi ikusten dugun sozializazio sozialistaren logikak, errebisionismoak aprobetxatu izan duen eta hain anbiguoa den «ekoizpen bitartekoen sozializazioa» kontzeptua txikitzen duela. Lan besterenduaren aurrean elkarlana eta balorizazio-prozesuaren indar itsuaren aurrean, lan kontzientea eta lan-prozesuaren kontrola; hemen ez dago Marxen «gizabanako libreen asoziazioa» kontzeptuarekiko alde handirik, eta hau politikoki garatu beharreko kontzeptua iruditzen zait.

Azken batean, kolpatu beharreko funtsezko oinarria ezkutatzen duen ikuspegi errebisionista gaindituz, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa berehala landu beharreko zeregina da oraindik ere, gerorako utzi ezin daitekeena eta jabetzaren bidezko distribuzioa ebazten ez duena. Alderdi komunista litzateke aipatu ebazpenaren baliokidea: balioaren abolizioaren nolakotasuna zedarritzen duena, botere burgesari bizitzeko aukera ematen dion bihotza, balioa alegia, erauzteko gai den gizarte-antolamendua. Kontu hauek dira Marx, Korsch edo Mattick-en garunak hausten zituzten berberak eta taxuzko zerbait egin nahi badugu, berreskuratu beharrekoak dira horiek denak.



[1] 20minutos. (28/05/2020) “Pablo Iglesias advierte de que las nacionalizaciones de Nissan y Alcoa son perfectamente posibles”. 20minutos.es. Recuperado de: https://www.20minutos.es/noticia/4273129/0/pablo-iglesias-advierte-nacionalizaciones-nissan-alcoa-perfectamente-posibles/

[2] C. Marx y F. Engels, La Ideología Alemana, España, 2014.

[3] S. Jeong (29/11/2017) “El Comunismo de Marx como una Asociación de Individuos Libres: Una Revisión” Marxismocritico.com. Recuperado de: https://marxismocritico.com/2017/11/29/el-comunismo-de-marx-como-una-asociacion-de-individuos-libres-una-revision/

[4] K. Korsch, ¿Qué es la socialización?, Barcelona, 1975.