AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa


La verdadera ciencia, pues, no es la economía política. La verdadera ciencia es la revolución” Lucio Colletti


Eginbehar historikoak berak eskainiriko baldintzen aukeretan jardutea inplikatzen du, baina eraginkortasunez. Krisi orokortuaren testuinguruan, sistema kapitalistaren krisia aztertzeko eginbeharra aurkezten zaigu, emana zaigun testuinguruaren ebaluazioa garatuz, kapitalaren barrunbeetan kristala bagina bezala barneratzeko, pixkanaka ezaugarritzen ari garen politika proletarioaren bitartez.

Aricó-k ongi ohartarazten gaitu “praktika politikoak errealitateak galdegiten duenetik abiatuko den marko teoriko marxistaren berreraikuntzak behar du izan”. Eta errealitateak erantzuna exijitzen du, berehalakotasuna inplikatzen, analisi metodo egokia eta gauzatu nahi dugun gizartearen araberako ikuspuntua. Begirada proletarioa, alegia.

Hala ere, potentzian gu geu parte garen subjektuak, forma zein fronte ezberdinetan adierazten denak, gure egunerokoan eragiten duten eta beraz zuzenean hautematen ditugun gainazaleko arazoen itxura hartu arren eta, beraz, gure egunerokoaren parte izanik ere identifikatzeko zailak suertatzen zaizkigun determinazioak barnebiltzen ditu. Egoera honetan, abstrakzio zientifikorako ditugun zailtasunek zein atzerapen teorikoek, joko zelai politikoan ezgaitasunak eragiten dizkigute, mota ezberdinetako desbideraketetan erortzen garelarik.

Antzeko zerbait gertatzen da zehazki lunpen proletalgoarekin. Marx eta Engelsek 1847-48an adierazten duten bezala, lunpen proletalgoa: (…) gizarte zaharraren kapa baxuenen usteltzearen produktu pasiboa (da), iraultza proletario batek mugimendura erakarri ahal duen estratua, baina, hala ere, bere bizi baldintzak direla medio eta bere maniobren zerbitzuetara, erreakziora saltzeko prest dagoena”.

Ezin baitaiteke uka harridura eragiten duela klase estratu honek esperientzia ezberdinetan etenik gabe gauzatu dituen proletalgo komunistarekiko traizioak.

Dela gutxi gizartearen lunpenizazioaz hitz egiten zuen kide batek, segmentu sozial honen oinarrizko ezaugarriari erreparatuz: izapide etikoen gabezia. Eta arrazoirik ez zitzaion falta.

Izan ere, kapital aldagarri moduan, proletarioen bizitza dinamika gidatzen zuten kode etiko guztiak (errentaren kolektibizazioa familia proletarioetan, mesedeak eta errekaduak, elkar laguntza, laguntasuna orokorrean…) desaktibatuak izaten ari diren honetan, lunpen proletalgoak ez du inondik ere kode komunitarioei buruz ulertzen.

Hau honela gertatzen da ekoizpen eredu kapitalistari berezkoa zaion lan postuen suntsiketa gradualak, narkotrafikoa bezalako merkatu isilak ahalbidetzen dituelako. Are gehiago: drogen trafikoa, emakume eta umeen salerosketa, prostituzioa, “karterismoa”, iruzur antolatua, krimen antolatua edota makina jokoa, askoren artean, bilakatu ohi dira sektore proletarioek zein proletarizazio prozesu progresiboan dauden sektoreek hautatzen dituzten bizi-iturriak.

Lan indarraren salerosketaz haratago, lagunen zein ahaideen salmentaraino iristen diren subjektibitateak orokortzen dira langile geruza honetan. Muturreko egoera miserable hau, bada, prozesu metaboliko sozialetik ematen den langile masen kanporaketa graduala medio ematen da, drogazaletasunak zein akumulazio izpirituak barreiaturik.

Honek, noski, ikaragarrizko dimentsioak hartzen ditu termino politikoetara itzultzen badugu. Izan ere, azken ziklo politikotik arrastaka daramatzagun inertzia burges txikiek, bakuninismoa bezalako korronte politikoek, humanismo ezberdinek, etab. sektore proletarioak eta lunpenproletarioak nahastera (biak ezberdintzen dituen hari fina antzematea zaila baita), berauek potentzialki iraultzaileenak bezala ulertzera, zein haiekin lana egiten saiatzera (auzi moralengatik, penagatik…) eramaten gaituzte, lunpenproletarioek klase lanabesak direnak haien interesak asetzeko baliatzen dituzten bitartean, poliziari kolaborazio bidez saltzen gaituztelarik edota kasurik okerrenean txibateoz.

Eta hau guztia ekoizpen eredu sozial kapitalistaren tendentzia historikoek proletalgoaren miseriaren larriagotzearen joera eta lunpenizazioa epe motz, ertain eta luzean gertakari aurreikusgarri moduan erakusten diguten testuinguru batean.

Honek guztiak gure proiektu politikoarentzat inplikatzen dituen arriskuak kalkulatzeko zailak dira. Langile klasearen baitan indar handiz ereiten ari den profil subjektibo hau baita, hain zuzen ere, hortzak gogor estuturik borrokatu behar duguna; berau baita gutxienez Luis Bonaparteren kontrairaultza garaitik, langile aristokraziarekin batera potentzialki faxismoaren oinarri sozial pisutsuena eratu duena.

Lunpen proletalgoa gaur-gaurkoz (historikoki izan den moduan), potentzian, bloke burgesaren parte da, bere forma erreakzionario zehatzetan. Proletariook, beraz, ezin diogu utzi miseriaren fetitxismoari gure kontzientziak limurtzen. Milioika familia proletario dira, miseria material eta espiritualeko baldintzek egunerokoan zigortuak (gradu ezberdinetan izanagatik) eta ez da existitzen, inondik ere, komunismoaren proiektuarekiko traizioa justifikatzen duen inongo motatako argudiorik.

Proletargoaren oinarrizko atazen funtsezko zati da beraz, praktikaren bidez, ongia egitearen eta gaizki egitearen arteko bereizketaren esanahia eraikitzea, beharrezkoa eta egokia denaren edota ezinbestekoaren eta hautsezina denaren artean ezberdintzen jakitea, ariketa hau gogorra bezain ikaragarria izanagatik. Gure ardurapean jausten da egunerokoan eraiki nahi ditugun harreman sozial berrien bitartekaritza garatuko duen etika proletarioa ezaugarritzen hastea, lagunaren eta etsaiaren arteko ezberdintasunean geure burua heziz.

Euskal iraultza sozialistaren alde lerratu garenon gain dagoen ardura dugu hau, politika proletarioa ezaugarritzearen eginkizuna berebizikoa baitugu, datozen urteetan zehar ematen ditugun pausoen araberakoa izango baita emandako pauso hauek, biharkoan gure aurka ez itzultzea, etika burgesaren aitzindaritzan erori izanaren erruz.