AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken hilabeteetan hainbestetan entzun dugu osasunaz hitz egiten eta bere izenean hamaika gehiegikeria justifikatzen, uste dut nahastuta daukagula bere esanahia eta zentzua. Gaurkotasun eta urgentzia ikaragarria du osasunaren defentsak gurean, muturreko egoera bat bizitzen ari baikara Koronabirusa dela eta.

Munduko gobernuek, oro har, ez dute gaitasunik erakutsi birusak sortu duen osasun larrialdiari aurre egiteko eta kudeaketa katastrofikoa izaten ari da. Pandemia baten aurrean, gobernatzaileen lehentasun totala biztanleria birusetik babestu eta guztien osasuna bermatzea izan beharko luke, begi-bistakoa da ordea ia inon ez direla horretan saiatu ere egin. Gurean, birusa gainditzeko itxaropen guztiak Europar Batasunaren «laguna» den herrialderen batek txertoa lortzean jarri dira, eta bitartean, birusaren hedapena eta milaka pertsonen kutsatzea eta heriotza ontzat eman dituzte agintariek, langile klasearen bizitzaren eta osasunaren balioa hutsaren hurrengora murriztuz.

Milaka pertsona hil dira estatuen gaitasun faltagatik. Edo bestela esanda, milaka heriotza ekidin zitezkeen, XXI. mendean ditugun baliabide teknologiko, zientifiko eta teknikoak ongizate komunaren mesedera egon izan balira, kapital metaketari dependienteak izan ordez.

Gainera, azken hilabeteetan hartu dituzten neurri guztiak aisialdia eta sozializazioa mugatzera bideratu dira, jende aglomerazio handienak gertatzen diren espazioak bere horretan mantenduaz, lantoki handiak, unibertsitateak, eskolak eta garraio publikoa kasu. Modu horretara, langile klasea soilik betebeharrak edo obligazioak dituen subjektu bilakatzen ari dira, deskantsurako, sozializaziorako eta aisialdirako ia aukera guztiak deuseztatuz. Betebehar horietatik kanpo egin daitekeen ia aktibitate oro legez kanpo uzten ari baitira.

Guzti-guztia osasunaren izenean, eta gainera, kutsatzeak eten eta birusa zerora murrizteko gai ez diren berberen ahotik entzun behar dugu. Osasuna ordea ez da birusaz ez kutsatzea soilik, zentzu sakonagoa eta zabalagoa duen kontzeptua da eta ez genuke deskuidatu behar. Ongizate fisiko, psikologiko eta emozionala barne biltzen ditu osasunak, eta horregatik, osasunaren defentsan zilegi bezain beharrezkoa dela deritzot deskantsurako, aisialdirako, kirolerako eta sozializaziorako eskubidea aldarrikatzea eta horren alde borrokatzea.

Seguruenik, norbaitek pentsatu du Pandemia bati aurre egiteko garaian bereziki, ongizate kolektiboa askatasun indibidualen gainetik egon behar dela, eta egia esan nik neuk ere printzipio horrekin bat egiten dut. Hala ere, aplikatu dituzten neurri murritzaileak defendatzeko printzipio hori aldarrikatzea ez da bidezkoa, ez baitira ongizate eta osasun kolektiboa bermatzen ari.

Tamainako izurrite bat kutsatu eta heriotza kopuru ahalik eta txikienarekin gainditzeko neurriak hartu behar direla eta biztanleriaren aktibitatea mugatu egin behar dela begi-bistakoa da. Hala eta guztiz ere, nire ustez, badira oinarrizko eskubide eta askatasun batzuk edozein testuingururen aurrean bermatu beharko liratekeenak. Adibidez, kalera atera ahal izatea edo mugikortasunari eta sozializazioari lotutakoak. Bermatu beharreko oinarrizko eskubideetan garrantzitsuena nire ustetan, politika egiteko eskubidea da. Hau da, proletariotzak protestatzeko, desadostasunak adierazteko, bilerak egiteko eta orokorrean antolatzeko eskubidea izatea, hori baita gure ongizatearen benetako bermea eta ez politikari profesionalen hitzontzikeria.

Testuinguru honetan estatu kapitalistara integratutako politika egiten duenari soilik bermatzen zaizkio askatasun politikoak bere osotasunean. Adibide batekin erraz ikus daiteke hori: politikari profesionalek, diputatuek, zinegotziek edo liberatuek justifikatuta eta baimenduta dute bilkurak egiteko batetik bestera mugitzea, aldiz, antolakuntza proletario ez-estatalizatuko militanteontzat ilegala da arrazoi politikoetarako ezarritako muga geografikoak gainditzea.

Egungo testuinguruan gertatzen ari den moduan, aipatutako oinarrizko askatasun eta eskubideak egun batetik bestera dekretu bidez eta kriterio guztiz arbitrarioen eraginez suspenditzea onartzen badugu, ondorio latzak izan ditzake praktika horrek langile klasean. Izan ere, gobernuetan botere handia kontzentratzea dakar horrek eta baita ere gobernuari aurre egitea ilegalizatzea. Gainera, gobernu kapitalistak enpresari handien eta bankuen txotxongiloak diren garai hauetan, azken horiei gure bizitzak arautzeko eta gure bizitzetan biolentzia aplikatzeko zilegitasun eta gaitasun geroz eta handiagoa aitortzen ariko ginateke kasu horretan.

Oinarrizko eskubideen defentsa beharrezkoa da baina ez da nahikoa ordea, askatasunaren aldeko borrokarekin lotu behar da nire ustez. Izan ere, Pandemiaren testuinguruan gobernuek inposatu dituzten neurri murritzaileak ez dira gure askatasun urriaren mehatxu bakarra. Hala nola, birusak azkartu duen krisi ekonomikoa langile klasea pobretzearekin ari da mehatxu egiten, eta badakigu pobretzeak askatasun galera esan nahi duela. Izan ere, langile klasearen bizitzan, mota guztietako erabakiak hartzeko muga eta oztopoa dakar pobretzeak, baldintza ekonomikoek ezinezko egiten dutelako bizi ohituren aukeraketa oro. Ondorioz, bizitza are eta inposatuagoa ere esan nahi du pobretzeak, askatasun eza azken finean.

«Osasuna eta askatasuna» gaurkotasuna eta potentzial iraultzailea duen aldarria da eta aldi berean borrokatu dezakegun gutxienekoa ere bada, hori baino gutxiago egitea ez baita bidezkoa. Osasuna guztiontzat eta totala, oinarrizko eskubide guztiak errespetatzen diren bitartean gainera. Askatasuna berriz benetakoa, eta ez konstituzioak onartzen duena, proletariotzak aberastasun sozialera eta aurrerapen zientifiko, teknologiko eta abarrera sarbidea izan dezan, alegia, guztiok gure bizitzen nondik-norakoak aukera eta baldintza berdinetan hautatzeko askatasuna izan dezagun. Norabide horretan diharduen eta guzti horren aldeko borrokaren bermea den antolakuntza komunista indartu behar da.