Marjinalitate politik(o)a

2020ko irailaren 23a

Egilea: Manex Gurrutxaga


Sindikatuen eta ikasle eragileen deialdiei jarraiki, greba egin zuen hezkuntza komunitateak pasa den astean. Deialdi entzutetsuena agian sindikatuena izan zen, zeinak greba egiteko arrazoien erdigunean eta grebaren eskakizun nagusien artean langileen eta ikasleen osasunari lotutako aldarrikapenak azpimarratu zituen.

Ikasle eragileen artean indar handiena daukan Ikasle Abertzaleak antolakundeak ere greba deialdiarekin bat egin zuen, eta osasuna bermatzeko eskakizunarekin bat egiteaz gain, hainbat aldarrikapen gehitu zizkion grebari, bereziki, klaseen itzulera langile familien baldintza ekonomikoetan sortzen ari den eragin negatiboak baliogabetzeko xedea dutenak eta ikasketa akademikoaren baldintza onak defendatzeko helburua dutenak. Horretaz gain, erantzuleak izendatzeko garaian ere kudeaketa administratibo-politikotik haratago seinalatu zuen, kapitalismoak krisirako daukan tendentzia bezalako auzi estrukturaletan jarriaz arreta. Gainera, hezkuntza esparruan langile familien alde politika egiteko eskubidea bermatu behar dela ere aldarrikatu zuen.

Ikasle Abertzaleakek egindako deialdia hainbat eragilek eta norbanakok babestu zuten, campusetako emakume taldeek edo Unibertsitateko Indar Batasuna eragileak kasu, azken horri dagokionez aldarrikapen zerrenda propio batekin gainera.

Edozein modutan, ez da testu honen helburua greba deialdiaren edukian sakontzea, ezta ere sindikatuen eta azken horien programa politiko edo diskurtsoaren azterketa moduko bat egitea. Horretarako irakurleak badauka nahikoa informazio sarean, gainera, nor hobeto bakoitzaren programa azaltzeko antolakundeetako  militanteak baino? Utz diezaiegun haiei hitz egiten.

Ikasle greba deialdi arrakastatsuak argitara atera duen aspektu zehatz bati buruz idatzi nahi izan dut. Berez, ikasle esparrua gainditzen badu ere azken urteetako ikasle mugimenduan islada argia izan duen auzia da. Politika sozialistaren eta masak mobilizatzeko posibilitatearen arteko harremanaz ari natzaizue. Hau da, argiago esatearren, politika sozialistak (analisiek, diskurtsoak, komunikazio politikak, borroka metodoek...) eta berau praktikatzen duten antolakunde zein eragileek, langile klaseko masa zabalak batu eta mobilizatzeko berezkoa omen daukaten ezinezkotasuna defendatzen duen hipotesia gezurtatua geratu dela defendatzeko idatzi dut.

Auzia testuinguratze aldera, esango dut aspalditik datorren falazia bat dela, Euskal Herrian azken urteetan asko erabili izan dena eta nagusiki tesi politiko iraultzaileak izan daitezkeen oro baliogabetzeko eta politika erreformistak justifikatzeko helburua izan duena.

Hain zuzen ere, eta ikasle grebara itzuli asmoz, azken urteetan, hainbat ezkertiarrek eta beraien burua sozialistatzat daukaten norbanako zein erakundeek Ikasle Abertzaleak antolakundeari aurre egiteko helburuarekin erabili duten argudio nagusietako bat izan da Ikasle Abertzaleakek politika sozialista bere egin duenetik, ikasleria zabala mobilizatzeko eta antolatzeko hautua alde batera utzi duela. Are gehiago, darabilen diskurtso eta praktika politikoak ezinezko egin diola ikasleriarengana bere mezua iristea eta berau mobilizatzea. Ondorioz, IA edo iraultza antolatu nahi duen oro marjinalitate politikora kondenatuta dagoela.

Modu horretara gainera, hori kritikatzen dutenak beste guztiak baino adimentsu edo bizkorragoak direla sinestarazi nahi digute, izan ere, nahiz eta langile batasunaren printzipioarekin edo langile klasearen zein klase borrokaren gaineko irakurketekin esaterako ados omen dauden, publikoki aipatzeko eta komunikazio politikorako ez direla egokiak diote, horregatik ez omen dituzte erabiltzen, ez dutelako  jendea mobilizatzeko balio, alegia. Sakoneko eztabaida eta diferentzia politiko oro auzi komunikatibo eta estetikora murriztu nahi dute horrela, trebetasunaren gaineko lehia tekniko batera edo.

Alabaina, kolpe latza izan da azken horientzat eta beraien falaziarentzat pasa den asteko ikasle greba. Izan ere, modu argian frogatuta geratu da, Ikasle Abertzaleaken gaitasun mobilizatorioa osasun onean dagoela, eta ikasleen artean erreferentziazko antolakundea izaten jarraitzen duela, politika sozialista bere eginda eragin gaitasun handiena daukan ikasle antolakundea dela frogatu baitu.

Horretaz jabetzeko, nahikoa da azken urteen joanari begirada azkar bat botatzea. Adibide eta erreferentzia modura, 2016 urtean Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskunde egunean egin zen manifestazioa erabili daiteke nire ustez. Bertan, 2000 eta 2500 pertsona inguru batu zirela kalkulatzen da, gutxi gora-behera pasa den asteko greban mobilizatu zen pertsona kopuru bera.

Testuingurua eta baldintzak oso ezberdinak dira ordea, 2016ko mobilizazioan Ezker Abertzale Ofizialistak parte hartu zuen -Ernai antolakundeak parte hartzeko deialdi publikoa egin zuen-, Euskal Herriko komunikabide handietan mobilizazioaren deialdiak protagonismoa izan zuen, nagusiki Berrian -bi orrialdetako elkarrizketa bat argitaratu zuten manifestazioaren aste berean-, Garan eta Argian baina baita El Correon, El Diario Vascon eta ETBn ere. Azken horietan protestak kriminalizatzeko. 2020Ko ikasle greba honek ordea, Ezker Abertzale Ofizialistako ikasle antolakundearen aparteko mobilizazio deialdia izan du, baita komunitate politiko horren bizkar ematea eta boikota ere. Horrekin batera, aipatutako komunikabideetan ez du inolako presentziarik ezta oihartzunik izan, ez grebaren aurretik ezta ondoren ere, Argian salbu. Gainera, ikasturte hasi eta berehala izan da greba eta mundu mailako Pandemia baten erdian. Hori guztia kontuan hartuta, meritu handia dauka 2500 ikasle kalera ateratzeak, are gehiago beste ikasle antolakundeek kasurik onenean ehundaka gutxi batzuk mobilizatu dituztela kontuan hartzen badugu.

Gainera, aipatzekoa da ere ezberdintasun handia dagoela hauteskunde egun batean mezu edo aldarrikapen negatibo batekin jendea mobilizatzea, hau da, zerbaiten aurka edo IAk aurtengo grebaren kasuan egin duen bezala, zerbaiten aurka egiteaz gain mezu positibo batekin zerbaiten alde mobilizatzea. Are gehiago, mezu positibo horrek karga politiko mardula daukanean.

IAk politika sozialistarekin bat egin duenetik gaitasun mobilizatzailea mantendu eta goranzko joeran jarri duela geroz eta arigagoa den heinean, geroz eta gutxiago balio du IA marjinalitate politikora kondenatuta dagoela dioen falaziak, horregatik, beste aitzakia baten beharrean aurkitzen dira antolakunde horren deuseztapena eta beraien politika erreformisten justifikazioa beste helbururik ez duten horiek. Are gehiago, beraien ikasle antolakundea urteak pasa ahala martxa hartu ezinda dabilenean.