AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Bederatzi urte pasa dira 2011. urteko urriaren 20az geroztik, alegia, ETA erakundeak behin betiko su etena iragarri zuen egunetik. Ia hamarkada bat pasa da eta ondo gogoan daukat egun hori, baita albisteaz jakitun egin nintzen unea ere. Momentuan erabaki horren transzendentzia bere osotasunean ulertzeko gai izan ez banintzen ere, inguru hurbilean erraz atzeman nezakeen garrantzia politiko handiko gertakari bat zela.

Jakina garrantzia politiko handiko gertakaria izan zela, nahiz eta badakigun prozesu sozial eta politikoak ez direla egun batetik bestera aldatzen, Euskal Herrian bi garai politikoren arteko banaketa markatzen duen sinboloa bihurtu baita egun hori: ETA-k jardun armatua utzi aurreko garaia eta ondorengoa banatzen ditu hain zuzen ere, horrek atzetik ekarri duen joko zelai politikoaren eta errealitate sozialaren eraldaketa guztiarekin.

Banaketa horren arabera, nire generazioa eta gerora etorri diren guztiak ondorengo garaikoak garela esan daiteke, ez hainbeste aurreko garaia ezagutu ez dugulako baizik eta parte hartze politikorako jauzia ondorengo garaian eman dugulako. Ez dago soberan aipatzea, hein handi batean behintzat, aurreko garaietatik ondorengoetara askatasun grina bizirik transmititu dutenei esker ere eman dugula jauzia.

Tamainako erabaki batek utzi dituen ondorioak neurtzeko bezain beste urte badira bederatzi. Argi dago gauza asko azpimarratu daitezkeela azken urteen joanari dagokionez. Nik egungo egoerari dagokionez bi aspektutan jarri dut azpimarra, egun ebidentzia bana direnak.

Batetik, ETA erakundeak ekinbide armatua uztearekin proiektatu zuen etorkizuneko eszenatokia ez da bete. Izan ere, gatazka armatua gainditzeko helburuarekin, ETA erakundeak gatazkaren ondorioak kudeatzeko elkarrizketak hasi eta irtenbideak ematera deitu zituen Espainiar eta Frantziar gobernuak. Begi bistakoa den bezala ez da horrela gertatu, eta horren erakusle da ETA erakundeko militante asko eta askok espetxealdi luzeak dauzkatela oraindik aurretik. Antzeko egoera da erbestean dauden hainbat militanteena ere. Nola da posible hain oinarrizko auzi baten gainean tamainako aurreikuspen edo kalkulu akatsa egin izana? Zerk bultza ote zuen erakunde armatua kontrakoa gerta zitekeela pentsatzera? Esan nahi dut, zergatik proiektatu ote zuen Gobernuek tamainako kontzesio politikoren bat egin zezaketela hori egiteko presio gutxien eduki duten unean?

Bestetik, hainbat gazte ETA erakundea sortzera motibatu zituen eta hainbat hamarkadetan milaka pertsonek bat egin duten mugimendu politikoa iraunarazi duten fenomeno politiko, kultural eta ekonomikoek indarren jarraitzen dute. Frankismoa amaitu zen, bai, baina euskaldunok komunitate gisara fundatzeko borondate eta eskubideak arma bidez zanpatua izaten jarraitzen du, euskara gutxietsia eta lege bidez zokoratua da, estatuek beraien izaera autoritarioen bitartez zenbaiten aukera politikoak erreprimitzen eta jazartzen dituzte eta nahiz eta gizateriaren gaitasun produktiboak handitu diren, masa zabalak kalitatezko bizitzarako aukerarik gabe daude. Alde horretatik behintzat egoera ez da asko aldatu.

Hori ondorengo garaiari dagokionez, baina aurreko garaiaren inguruan ere badago zeresana, eztabaida handiagoa eta garrantzitsuagoa agian. Izan ere, hamarkada bat ere ez da igaro aurreko garaia aurrekoa bezala izendatu dezakegunetik, eta dagoeneko garai horren gaineko kontakizunaren lehia bizi-bizirik dago. Are okerrago, alde batetik baina gehiagotatik gertatutakoaren gaineko kontakizun dogmatikoa eta monolitikoa sustatzen dela esango nuke. Bi ikuspuntutan behintzat joera hori nabarmena da.

Alde batetik, gizarte zibilaren ikuspuntu gisa izendatu dezakeguna, zeinaren ustetan helburu politikoak erdiesteko biolentzia erabiltzea gaizki dagoen (estatuen edo estatuz gaindiko erakunde inperialisten kasua salbu), beraz, ETA erakundea eta Euskal Nazio Askapen Mugimendua (ENAM) orokorrean, gaizkiaren ordezkari izan dira, eta ondorioz, bere osotasunean ukatu behar dira.

Bestalde, aurkako ikuspuntua duten zenbaitek, bestelako helburu batzuekin baina historiari trataera antzekoa eman ohi diote. Izan ere, masa mugimendu oso baten historia egun defendatzen duten praktika politikoa zilegiztatzeko erabiltzen saiatzen dira. Hau da, justifikazio historikoak bilatzeko helburuarekin begiratzen dute atzera, nolabait esatearren, historia liburuak arrazoia izateko helburuarekin irakurtzen dituztenak dira. Modu horretara, hamarkadetan zehar oso zabala eta anitza izan den mugimenduaren bilakaera orri batean marraztutako marra zuzen baten bidez azaldu nahi dute, marraren bukaeran beraien izena idaztea baita daukaten asmo bakarra.

Herri honen historia garaikidea eta hamarkadetako saiakera iraultzailea zintzoki ezagutu nahi duen orok posizio horietatik aldendu behar luke. Mugimendu horren gaineko kontakizun zintzo bat egiteko, gutxieneko baldintzak dira «a priori» osatutako epai moralak eta ariketa interesatu zein partidistak alde batera uztea. Izan ere, tamaina horretako hamarkadetako mugimendu politiko, sozial, militar eta kultural baten azterketak halabeharrez kritikoa izan behar du, hau da, ezbaian jarri behar ditu onartutzat edo egokitzat eman daitezkeen tesiak ere. Bai behintzat azterketa edo ezagutza horretatik ariketa eraikitzaile bat lortu nahi bada. Errespetuzko ariketa hori zor diogula uste dut askatasunaren aldeko hamarkadetako oinordetzari.

Modu horretara ulertu behar ditugu azken urteetan ikuspuntu komunista batetik egin diren kritikak eta kritika horien harira sortutako proposamen politiko berritzaileak. Batez ere, deskolonizazio prozesuen influentziarekin eratu ziren askapen mugimenduen ikuspuntu estrategikoari egindako kritika eta ekarpenak. Hau da, fronte nazional interklasista bat sortzeari uko egin eta langileria erdigunean jartzean oinarritzen den proposamen politikoa, azken horren antolakuntza geroz eta handiagoa eraikitzeko helburua daukana.

Hala ere, errespetuzko ariketa bat izatetik haratago, ezinbesteko ariketa bat da hori egungo testuinguruan eta horregatik da garrantzitsua aurreko garaiari ikuspuntu kritikoz erreparatzea. Izan ere, XXI. Mendea komunistontzat porrotaren ajea bizitzea tokatu zaigun garaia da, eta zer esanik ez euskaldunoi. Aurreko mendeko saiakera iraultzaileek porrot egin dute eta maila globalean erreferentziazko eta babeserako herrialderik gabe aurkitzen gara, klase gisara antolakuntza internazional eta indartsurik gabe gaude eta guztietan okerrena dena, estrategia iraultzaile indartsurik ez da existitzen. Egoera horrek halabeharrez iragana kritikoki aztertzera eta praktika politikoa berrasmatzera behartzen gaitu, hau da, gaizki egindakoak identifikatu eta berriro hastera. Are gehiago egungo Euskal Herrian, saiakera iraultzaile baten porrotak gaurkotasun handia duen unean.

Porrota onartzea baina ez da etsipenarekin nahastu behar, errealitatea onartu eta bertan modu eraginkor batean eragin ahal izateko nahitaezko pausu bat besterik ez da. Egia da, komunismoarentzat eta proletariotzarentzat egoera ez da samurra, batik bat komunismoa aktore politiko eta indar sozial gisara ez delako existitzen eta horren ondorioz proletariotza mota guztietako babesik gabe dagoelako klase kapitalisten intereseko politiken aurrean. Horrek ez du esan nahi behin betiko porrota denik. Kontrara, etorkizuna esperantzaz begiratzeko arrazoiak badaude, besteak beste, geroz eta gehiago garelako klase antolakuntza indartzearekin sozialismoaren alde egiten dugunak eta saiakera iraultzaile berri baten eraikuntzan ekarpena egiten ari garenak.