Erantzukizunik gabeko autoritarismoaren amaiera

2019ko azaroaren 23a

Egilea: Manex Gurrutxaga


Versión en castellano 

Honezkero gehienok jakingo duzuen bezala, pasaden igandean Ikasle Abertzaleok Sortuk lapurtua zigun egoitza berreskuratu genuen[1]. Ez dago dudarik igandea tentsio handiko eta emozio askoko eguna izan zela, baina ezinbestekoa da sentimentalismoetatik distantzia bat hartu eta egoitzaren auziak azaleratu dituen elementu politikoei erreparatzea. Izan ere, sozialistontzat amaierarik ez duen eta lehen mailakoa den eginkizuna da fenomeno politikoen azterketa kritikoa egitea, baita egoitzaren auzian ere. Asmo horrekin eta auziak oraindik ere pil-pilean jarraitzen duela hasi naiz idazten.

Sortuk Ikasle Abertzaleon egoitzaren auziari eta bere inguruan sortzen ari den eztabaida politikoari erantzuteko erakutsi duen jarduteko moduak, arduragabekeriaz gain bere izaera autoritarioa azalarazi du oso modu argian. Izaera autoritario hau politika sozialistan dihardugunok urteetan gertutik ezagutu badugu ere, zenbaitek modu honetara identifikatu ahal izan dute lehenengo aldiz. Izan ere, egoitzaren auzia muturreko jarrera autoritarioen adibidea izan da: Ikasle Mugimendua ahultzeko helburuarekin bere egoitza lapurtzetik hasita, IAko militanteak egoitzatik bidaltzeko poliziarekin kolaboratzeraino. Hala ere, hauek ez dira jarrera isolatuak, urteetan elikatu eta aplikatu duten jardun politiko orokorraren emaitzak baizik. Beren izaera autoritarioa bezain orokortua. Oraingo honetan aldatu dena ordea, Ikasle Abertzaleakek egoitzaren lapurretari erantzuteko egin duen hautu politiko irmoa izan da. Gurea dena defendatzeko jarrera honengatik izan ez balitz, beste behin Sorturen autoritarismoa oharkabean geratuko litzake.

Sorturen izaera autoritarioa, panorama politikoan bere ezkerrera kokatu daitezkeen langileriaren adierazpen politikoak sistematikoki erasotzean datza, hauek desagerrarazi eta bera indartzeko helburu bakarrarekin. Hau da, izaera autoritarioa soilik langileriaren adierazpen politiko antagonistekiko garatzen du eta ez bere aliatu potentzialak diren erdi bitarteko klaseko mugimendu sozial eta politikoekiko.  Izan ere, EH Bildu sektore ezkertiarrenen bitartez elikatzea da Sorturen funtzioa, EH Bildu Euskal Herriko panorama politiko ezkertiar ahalik eta zabalenean ordezkari instituzional bakarra izateko helburuarekin. Eta dirudienez, Sortuk ez dauka inolako muga etikorik EH Bildu sektore ezkertiarrenez elikatzeko bide honetara integratu nahi ez dugunon aurka egiteko, aurrerago ikusiko ditugun adibideek frogatzen duten bezala.

Aipatzekoa da Sorturen zeregin honetan paper bereziki garrantzitsua hartzen duela kontakizun historikoak: zehazki, bere burua Euskal Askapen Mugimenduaren 50 urteetako historiaren oinordeko bakar bezala izendatzeko ahaleginak. Modu argian ikusi dugu ahalegin hau egoitzaren auzian ere, lapurreta eta eraso oro justifikatzen saiatzeko erabili duten argudioa izan baita zilegitasun historikoa, edo egiari zor, historiaren ikuskera murriztua, interesatua eta alderdikoia.

Gaira itzuliz, esan dugu langileriaren adierazpen politiko antagonistekiko Sortuk daukan jarrera autoritate posiziotik egindako eraso sistematikoek ezaugarritzen dutela, eta hau modu nabarian ikusi dugula egoitzaren auzian. Sarritan oharkabean pasatzen bada ere, Sorturen jazarpen politikoa eragile edo ildo politiko ezberdinen karikaturizazio “inozentearekin” hasi ohi da: Hau da, mugimendu politikoen gainean zabaldutako gezurren bitartez “etiketa” ezberdinekin karikaturizatzea da modu zuzenagoan erasotzeko lehenengo pausua. IAren kasuan, azken bi-hiru urteetan gure plan politikoa Sorturen aurka egitea dela dioen diskurtsoa sortzen eta zabaltzen aritu dira, erasotu gaituztenean gure erantzuna zailtzeko helburuarekin eta gure ekinbidearen eragin soziala murrizteko intentzioarekin. Ikusi besterik ez dago Egoitzaren auzia. Lapurtu duenaren dialogorako borondate faltaren ondorioz lapurretari erantzutea eta guri dagokiguna berreskuratzea Sorturen aurka egitea dela saldu nahi dute, betidanik gurea izan denaren zilegizko defentsa besterik ez denean. Honetaz gain, gezurren bitartez “etiketatzeko” eta karikaturizatzeko politikaren adibide asko ezagutu ditugu denbora gutxian: honen adibide garbiak dira Sortutik bultzatako disidentzia kontzeptuaren edo “espainolista” akusazioaren eraikuntza diskurtsibo faltsuak esaterako. Zer esanik ez, Paul Beitiak[2] ondo azaltzen duen bezala, Sortu eta Ernaiko egituretako ordezkari politikoek babestu eta sustatzen duten meme lotsagarriak egiteko kultura politiko baldarra.

Karikaturizazio honek txikikeria bat badirudi ere, ez da horrela. Izan ere, karikaturizazioaren bitartez, beste eragile edo mugimendu politikoen aurka jarduteko modu autoritarioarekin eraikitako psikologia militanteak edonolako erasoei atea irekitzeko eta txalotzeko baldintzak sortzen ditu. Bada, jarduteko modu honen emaitza diren eraso guztiak Sorturen erantzukizun politikoa dira, hauek gertatzeko baldintzak elikatzeagatik hain zuzen ere: IA Sorturen aurka jarduteko funtzio bakarrarekin existitzen dela dioen diskurtso faltsua modu kontzientean eraikitzen ari direnean, Laudioko txoznagunean Amnistia aldarrikatzen duen IAren pankartari su ematea[3], Errondako egoitza lapurtzea edo sistematikoki IAren kartelak kentzea sustatzen eta txalotzen ari direla, beraien militantzia horrelako ekintzak egitera bultzatzearekin batera.

Bada, bukatu dira inpunitate garaiak Sorturentzat. Hori da egoitzatik atera dezakegun irakaspenetako bat. Prozedura irregularren bitartez egoitzaren titularitatea lortu zutenean, guztia oharkabean pasatzea desiratu zuten baina lotsagarri geratu zaie isiltasuna. Ez zuten uste gurea muturreraino defendatzen ausartuko ginenik. Atzera egiteko inolako intentziorik ez geneukala konturatu zirenean ordea, segurtasun enpresa pribatu baten bitartez gure egoitza kamera, mikrofono eta alarmez josi zuten. Helburua? Bertara sartzen saiatzekotan poliziak gu harrapatu eta atxilotuta eramatea. Zailtasunen gainetik sartu egin ginen baina. Eta bai, Sortuko militante bat poliziarekin etorri zen gure bila. Baina jada barruan geunden eta gure jabetza aldarrikatu genuen. Gure egoitza lapurtzeko Sortuk jarri zuen sarraila aldatu genuen. Barruan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.

Sortu eta bere politika autoritarioa ez dira garaitezinak. Egia eta etika dira euren gezurra garaitzeko beharrezkoak ditugun arma bakarra. Zentzu honetan, politika sozialistaren nolakotasunaren adierazle ere izan da egoitzaren auzia. Izan ere, sozialismoaren printzipio politiko garrantzitsua den egiaren eta arrazoiaren defentsa koherentea izaten ari da Ikasle Abertzaleaken jardunaren oinarria. Hortik gure irmotasuna eta adorea.

Gezurra seinalatu, egia argitara atera eta honen muturreko defentsa leiala antolatzen ari gara. Sorturen diskurtso faltsu eta autoritarioetatik urrun, sozialistok  ekintza esparru guztietan jarraitzen dugun printzipio nagusia hauxe baita: egiaren defentsa zintzoa eta irmoa. Garaipen honek, beste guztiek bezalaxe, kultura berri baten haziak jartzen ditu: beldurrik gabeko militantzia politiko kontzientearenak. Jarrai dezagun egia antolatzen.