Kapitalaren plebiszituak: erreformaren legegintzaldia ote?

2019ko maiatzaren 1a

Egilea: Kolitza


Gaztelaniazko bertsioa

Pasa den apirilaren 28an, igandea, espainiar diputatuen kongresurako hauteskunde orokorrak izan ostean, merezi du emaitzek suposatzen dutena aztertzeko geldialdi bat egiteak. Baina hori egin ahal izateko, aurretiaz hauteskunde prozesuaz dudan ikuspuntua kokatzea ahalbidetuko duten hausnarketa orokor batzuk mahai gaineratu nahiko nituzke.

Hauteskundeek, alderdi anitzeko sistema burgesetan, bi ekintza suposatzen dituzte aldi berean. Lehenik eta behin, indarrean dagoen botere erregimenarekin konexioan dagoen programa bat aurkezten duen koadro alderdi elektoral honen edo haren hautaketa, alderdi partikular gisa osotasun honen zati kontratatzaile bat dena. Bigarrenik, botere erregimenaren plebiszitu orokorra, alderdi-indar partikularren artean eginiko osotasunaren paktu gisa, botere erregimen edo osotasun hau bozkaren bitartez indartzen duena. Hemen hasieratik ohar labur bat egin behar da: euren programetan hitz soilez “erregimenaren aldaketa” planteatzen duten, baina euren programako puntu hori gauzatzeko inongo aukera logikorik aurkezten ez duten alderdiak, erregimenaren alderdiak besterik ez dira; dominazioaren osotasuna zalantzan jar dezaketen indar errealak saihesteko mozorroturik hauteskundeetara aurkeztean, erregimena indartzen dutenak.

Erregimenaren alderdi guztiek, alderdi arteko kontratu horren zati diren heinean (egungo alderdi sistemetan, bereziki estatu espainiarra bezalako sistema parlamentaristetan kontratu soziala ordezten du alderdi arteko kontratuak), edozerren gainetik bozka dadila aldarrikatzen dute. Hau botere paktuaren alderdi eraginkor gisa joko instituzionala zilegiztatzean interesaturik daudelako gertatzen da, egitura honen zati baitira neurri handiagoan edo txikiagoan eta, era berean, erregimenaren partetik alderdi profesional edo botere antolakunde burokratiko gisa euren finantzazioaren eta botere politiko, kultural eta sozialaren zati handi bat jasotzen dutelako. Botere erregimenaren osotasunarekiko duten dependentzia eta otxankeria egoera hau da alderdi hauek alderdi estatal gisa definitzen dituena; alderdi egituran duten papera nagusia (gobernukoa) edota bazterrekoa (laguntzakoa) izan, honela, koadro alderdi estatal eredupean aurkezturik, gizarte zibilak kontrolatzen duen masa alderdi kontzeptuari kontrajartzen zaizkio. Umberto Cerroni italiar juristaren tesi ezagunaren arabera, alderdi modernoa proletalgoaren asmakuntza bat da izatez, masa alderdi handien eredupean alderdi politika sortzen baitu langileen alderdi handiak berak osatzen baititu aurrenekoz. Honela, koadro alderdi estatalen nagusitasun politikoa, burgesiaren eta XIX. mende amaieran sortu berriak ziren klase ertainen erantzun berantiar eta asimilatzailea besterik ez litzateke.

Masak estatuan integratzea helburu nagusitzat duten alderdi estatalak, agente bikoitzak dira beti ere: alde batetik, euren interes partikularren agenteak, eurentzat bozka eskatzen duten heinean, eta bestetik eratutako botere erregimen estatalaren agenteak, edozerren gainetik bozka dadila eskatzen duten neurrian. Kontrara, alderdi bakarreko erregimenetan, alderdi bakar hori erregimenaren osotasuna da aldi berean, alderdi estatal bat izateaz gain, estatua bera ere badelarik. Baina honek ez du esan nahi alderdi anitzeko erregimenetan alderdiak alderdi estatalak ez direnik, estatuaren agenteak, estatuak ordainduak eta sustatuak. Alderdi anitzeko sistemetan alderdien estrukturak osatzen du estatuaren edukia, eta ez alderdi bakar batek, alderdi bakarreko sistemetan bezala. Koadro alderdiaren funtzioa, ordea, berdina da. Horrez gain, honekin eratutako botere erregimenaren pluraltasun irudia indartzen dute eta erregimena kulturalki sendotu. Modu honetan, alderdi anitzeko erregimen horiek demokrazia (alderdi aniztasunaren sinonimo soil gisa ulertuta) bezala izendatu dira. Termino errealetan, aniztasuna eta askatasun politikoak, alderdi estatalen oligarkiaren itzalpera garatzen diren ideologia burgesentzat soilik daude eskuragarri. Besteentzat, ilegalak diren edo zaintza zorrotz batera eta jazarpen sozial, politiko eta kulturalera makurtuta dauden hautu ideologiko edo arrazionalentzat, ez dago ordea inolako askatasun politikorik. Eta jazarriak diren horien artean egungo nazioarteko geopolitikan aurkitzen dugun debeku unibertsalena proletalgoaren iraultza sozialistaren aldeko ildoa dugu. Paktu sozialetik kanpo eta galarazita dauden hautu hauek egoera latentean aurkitzen dira erregimena koiuntura sozial eta ekonomiko errealari erantzuteko eraginkorra ez den arte: izan kapital metaketa modalitate errealean (zeinaren gainean botere erregimen konkretuak eratzen diren) garrantzi handiko aldaketa bat ematen delako edota izaera proletarioko masa alderdi handiak azaleratzea ahalbideratzen duen krisi sozial larri bat iristen delako (gerra egoera, eskasia edota lanaren krisi orokorra medio).

Edozein kasutan, alderdi partikularrek, alderdi anitzeko erregimen guztietan, erregimena babesten dutenen zerrendak handitzeko funtzioa dute, hauteskundez mozorrotzen diren osotasunaren plebiszituetan.

Bere aldetik, gobernu sistema diktatorialetan ere plebiszituek berebiziko garrantzia dute, eta alderdi anitzeko botere erregimenen eta botere erregimen diktatorialen arteko berdintasunak ulertu nahi baditugu ez diogu puntu honi ihes egiten utzi behar. Diktaduretan eta alderdi bakarreko erregimenetan, erregimenaren plebiszituak ez dira alderdien hauteskundeetan ezta alderdi egitura baten antzeztokian egiten, beste bitarteko batzuekin baizik: legeen edo hartu beharreko neurri handien berrespenetik hasita (adibidez Frankorekin 1947an estatu buruzagitzarako plebiszitua eta 1967an teknokraten lege organiko berriaren harira buruturiko plebiszitua), mobilizazio handi plebiszitarioren faktorea barne. Diktadoreak ez dira alderdi anitzeko erregimenetako alderdiak baino herriaren ordezkari eskasagoak, aurkakoa gertatzen delarik hauetako askotan, gehiengo sozialak babesten dituelarik adibidez izaera bonapartistako erregimenetan (hau da, boterean dagoen alderdiak kapa sozial txirotuenekin egiten duen paktu klientelarra ematen den lekuetan, honela botere alderdiak bere aurkari burgesen aurrean kapa txirotuenen babesa lortuz.) Marxek ondotxo definitu zuen modalitate plebiszitario hau, Luis Bonaparteren 18. Brumarioan. Carl Schmitt-ek diktadoreak demokrazia plebiszitarioaren irudi biribilena irudikatzen zuela ulertzen zuen, eta gainera ordezkapen printzipioaren arabera hautatutako alderdiek baino neurri handiagoan konplitzen zuela, erabakitasun printzipioarekin uztartuz.

Mobilizazio handien faktorea, esan bedi, garrantzi handikoa da alderdi anitzeko erregimenetan, plebiszitarioki zein masa interbentzio kultural mailan, erregimenaren koadro alderdiek euren oinarri sozialetan herritarren behar errealen ordezko otzandu bezala zabaltzen dituzten produktu ideologiko deformatu, despolitizatu eta neutralizatuak indartzeko, behar horiek potentzialki erregimena kolokan jarri dezaketelako edo hau ordezkatzeko beharra seinalatu, borroka dinamika errealetan gorpuzten badira. Egungo koiunturan, mendebaldeko botere erregimenetan mobilizazio feminista handiekin gertatzen da hau, adibidez, integraturiko “ezkerreko” alderdien sektore oso bat (eskuindarrak eta monarkia sustatzera iristeraino) babesten eta sustatzen dutenean, erregimenaren botere dinamika errealaren maila guztietan oinarria integratzailea baino guztiz basatia den bitartean, generoan barne. Baina mito eta irudikapen politikoek mugimendua simulatzea ahalbidetzen dute dena geldirik dagoenean, edo barealdia dena mugimenduan dagoenean.

Interes inter-burges ezberdinen arteko indar korrelazioa, hau da, burgesiaren fakzio ezberdinen interesen artean ematen dena, alderdi bakarreko sistemetan alderdiaren barnean gertatzen da. Alderdi anitzeko sistemetan oso bestelakoa da egoera, non gatazka inter-burgesa, alderdien barne korronteetan emateaz gain, bereziki eta modu determinantean alderdien artean ematen den, hauteskunde merkatuan. Modu honetan burgesiaren fakzio eta sektore ezberdinak hauteskunde norgehiagokara merkatura bezala iristen dira: negozio on bat egiteko asmotan. Merkatu berezi hau ere hautes-zerrendak babesten dituen Kapitalaren pisuak guztiz gain determinatuta dago noski, akats tarte oso txikiarekin. Diru gehiago ordezkatzen baduzu, emaitza hobeak. Herritarren iritziaren, desiraren edota emozioen gaineko interbentzio mekanismoak hagitz ezagunak dira eta ez naiz hauek azaltzen geldituko. Botere burgesaren sistema batetan hauteskunde askeez berba egitea, hartzailearen osasun mentalaren aurkako atentatu terrorista besterik ez da.

Plebiszitu ekintza aldizkako hauteskunde ezberdinen bitartez irudikatzea behar duten alderdi anitzeko sistemetan, eszenografia elektoralak garrantzi oso handia hartzen du iruditegi politiko osoa eta hau osatzen duten mito multzoa kulturalki blindatzeko. Eszenografia honek, horrexegatik, sisteman integratutako indarren tradizio mitiko eta sinbolikoei erantzungo dien testuinguruaren narratiba bat eskatzen du, modu honetan eratutako erregimena kolokan jartzen duen horregatik hitz egitea edota eztabaida elektorala hura arriskuan jartzen duten gaietan polarizatzea saihestu dadin, gehiengo sozial handienari, langile klaseari, benetan inporta zaizkion gaietan polariza ez dadin alegia. Narratibak ahalbidetzen du posible denaz hitz egitea, beharrezkoa ez izan arren. Finean, beharrezkoa denaz ez dadin hitz egin, bestela botere aldaketa handirik eta proletalgoaren masa antolakunderik gabe beharrei erantzutea erabat ezinezkoa dela agerian geratuko bailitzateke . Eta bide batez, testuinguruaren narratibak, jendeak edozerren gainetik bozka dezan bermatzeko balio du.  Hau da: indarrean dagoen erregimena berretsi dezaten. Hau bereziki agerian geratzen ari da espainiar estatuko egungo ziklo elektoralean ustezko “eskuin muturraren” mamuarekin, mito nazional erreakzionario espainiarraren hauteslegoa aktibatzeko mamua “sezesio supremazista” den bitartean etab. Eta ustezko “eskuin muturra” ez diot hala ez delako, espainiar erregimen konstituzionaleko eskuin muturreko beste alderdi batzuk zuritzen dituen kontzeptu oker batetik kalifikatzen delako baizik. Berdina gertatzen da alderdi horrek gobernura iritsiz gero ustez inposatu ahal dituen praktika faxistekin, egungo alderdiek aukera duten guztietan jada inposatzen dituzten praktikak faxistak baitira. Modu honetan alderdi erreakzionarioei eta eskuin muturrekoei zentrokoak deitzen zaie, eta eskuin liberalekoei ezkerreko, edo baita sozialista edo komunista ere etab. Guzti hau dugu espainiar botere erregimenaren narratiba elektoral basatiaren parte.

Edozein kasutan, testuinguruaren narratibak, itxura batean Alderdi Popularra baino ultraeskuindarragoa den ustezko eskuin mutur bati buruz hitz egitea ahalbidetzen du (munstro berri honen protagonistak handik datozen bitartean, tartean euren liderra), eta ez egungo alderdi guztiak euren botere kuota instituzionaletatik inposatzen ari diren herritarren bizi baldintzen gogortzeaz, klase ertainaren proletarizazio azeleratuaz, mugitzen den ororen gaineko errepresio basatiaz, erregimenaren alderdiren batek lagundurik eta babesturik ez dauden langile klasearen antolakundeei eginiko zaintza eta kikiltze polizial zein parapolizialaz, koadro alderdi politikoek ezarritako eguneroko bizitzaren esparru guztien muturreko burokratizazioaz, intimitate eskubidea maila guztietan jasaten ari den erabateko txikizioaz (erregimenaren alderdiek de facto bultzatutako bideozaintza pan-optikoa dela medio segurtasun kamerak txoko guztietan baitaude), langile klaseak inolako tutela politiko eta finantzariorik gabe bere antolakundeak libreki gorpuzteko dituen eskubideen bortxaketaz, estatu espainiarrean muturreko pobrezian dauden milioika pertsonaz edota nahi dutenaz mozorrotu daitezkeen erregimenaren alderdiei esker nazioen autodeterminazio eskubidea gauzatzeko ezintasun logiko absolutuaz… honetaz guztiaz hitz egin beharrean, ustez orain arte existitzen ez zen ultraeskuinaren arriskuaz hitz egiten dugu, eta horren arabera erabaki bozkatu edo ez, eta nor bozkatu, beste guztia kudeatu dezan lau urtez, burgesiaren gidaritzapean beti ere. Herritarren sektore oso zabalentzat, botere erregimenaren osotasuna eta beronen administrazio instituzionalaren zati diren alderdiak zalantzan jar ditzakeen gai guzti hauetaz hitz egitea saihesteko, narratiba elektorala zehaztu behar da eta, kasu honetan, Vox-en mamua astinduz egin da.

Bada, honek egungo koiunturan zenbait helburu ziurtatzea ahalbidetzen du: egungo erregimenean ustez “ezkerreko” diren alderdi guztien hegala indartzea, PSOE-tik hasi eta hitzez independentistak eta ekintzez autonomistak diren alderdietaraino, modu honetan erregimena krisi testuinguru batean (zehazki nazioarteko metaketa modalitatearen krisialdian, potentzia inperialista gisa Europaren deskonposizio krisia gehitu behar zaiolarik) bere arrisku handienetik babestuz. Izan ere, saihestu behar den arrisku hau klase programaz hornituriko langileon masa alderdien eraketa da. Bada, zerbait argi badago, Europako herrialde guztietan eta bereziki estatu espainiarra bezalako herrialde erreakzionarioetan proletalgoa politiko, sozial, kultural eta ekonomikoki paktu sozialetik edo botere paktutik kanpo dagoela da. Une berean, erregimena izaera faxistako masa alderdien azaleratzearen aukeratik babesten edo blindatzen da; gerraosteko ordo-liberal alemaniar ezagun baten esaldia parafraseatuz, burgesiak “estatu termita”-tik ere babestu beharra baitu. Eta gainera, lurralde erreforma estatutario berri baten bidez Katalunia eta Euskal Herriko arazo nazionala faltsuki konpondu nahi dutenen aldeko blokeak, ustezko faxismoaren mamuari esker, puztutako emaitzak eskuratu ditu, estatutu berriaren akordioa itxi ahalko den legegintzaldi historiko baterakoaukerak daudelarik. Narratiba elektoralaren bidez, akordio hau egitearen aldeko blokeak laguntza birtualak jaso ditu inondik ere birtualak ez diren aldaketak egiteko, modu honetan espainiar estatuko dominazioaren eta produktibitatearen erregimena zorroztuz eta modernizatuz. 

Alderdi “demokrata” hauen guztiek darabilten narratiba elektoral “antifaxista” horren lerro artean irakur daitezkeen beste zenbait helburu hauek dira:

-Politikoki eta sozialki oso ahul aurkitzen zen PSOE berrindartua atera da, zalantzan zegoen herrialdearen gobernagarritasuna birmoldatuz, PSOEk eskuin muturraren mamua behar izan baitu Alderdi Popularraren ordezko gisa bere burua zilegitzeko, tartean ziurgabetasun garaia (zentsura mozioa eta urte galdua etab.) igaro ostean. Hau guztia duela zazpi urte mundu guztiak PSOE akabatuta zegoela uste zuenean, orain batzuek PPrekin egiten duten moduan.

-Une delikatu batean erregimena bere osotasunean indartzea, burgesiaren diktadura onartzea alegia, alderdi guztiek eguneroko praktika instituzionalean babesten duten erreforma multzoa eta inposaturiko joko zelai faxista zehatza onartu dituzten 26.3 milioi pertsona elkartu dituen plebiszitu baten bidez, parte hartzean ia ehuneko 10eko igoera izan delarik eta honekin ordena konstituzionalari izugarrizko oxigeno poltsa eman zaiolarik, inori baliagarri ez zitzaiola zirudienean.

-Aurrez nioen moduan, alderdien paktuaren modernizazioaren eta erregimenaren erreforma instituzionalaren aldeko indar korrelazio bat eratzea, ordena konstituzionalean sartu berri diren alderdiak kontuan hartuko dituena, bildutik hasi eta ciudadanoseraino, baina bereziki alderdi autonomista problematiko guztiak estatuan guztiz integratzeko, egonkortasun politikoa bermatuz negozioen bidegarritasuna lasai ahalbidetzeko. Ez da botere erregimenaren aldaketarik emango, baina bai bere itxuraren modernizazioa eta, horretarako, lehen existitzen ez zen eta orain badagoen indar korrelazio egoki bat zen beharrezkoa, “muturreko eskuinaren” arriskuaren narratibari esker lortu dena (hemen aprobetxatzen dut tradizionalki eskuineko alderdiak izan direnak, sinbolikoki zentroko estetika batera desplazatzen dituen narratiba honen aurrenengo saiakera Estatu Batuetan D. Trump-ekin egin dela azpimarratzeko, bere ondoan faxista guztiak demokrata gisa aurkezteko aukera ematen zuen narratiba sortu delarik).

EAJ, JXCAT, Bildu eta ERC-k, konpetentziekin obsesionaturiko foralismo burgesetik erreforma eta estatutu berriak adosteko prest dauden alderdiek, 32 aulki osatzen dituzte elkarrekin eta ia bi milioi berrehun mila bozka. Aurreikusgarria da PSOE-ren ohiko pragamatismoak agian Podemosekin gobernua osatzera eramango duela, EAJ-ren sustengu jarraiarekin eta egoera ezberdinetarako alderdi guztien sustenguarekin, baina inolaz ere ez dutela EH Bildu edo ERCrekin (itxura guztien arabera talde parlamentario bakarra osatuko dutenak) akordiorik erdietsiko, horrek, txantxetarako ez dagoen PSOE bati eragin diezaiokeen higadura politiko absurdua dela medio. Argi dagoena zera da: Podemosekin zein Ciudadanosekin gobernatu, PSOE-rekin presoak ez etxera ezta Euskal Herrira ere, ezta langileentzat eskubide gehiagorik ere baizik eta kontrakoa, eta ezta autodeterminazioarekin zer esanik ez: ezta inola ere. Honela ikusita, babesa eskaintzen diotenak aurretiaz direna bezala irudikaturik geratzen dira: sateliteak, erregimenaren bisagra alderdiak, inongo eraginkortasun propiorik ez dutenak.

Orain, ezkertiarrez eta sozialismoz mozorrotako eskuin liberalak badu monarkia espainiarra modernizatzeko eta egungo behar nazional eta sozioekonomikoetara egokitzeko maniobra tartea.

Euskal Herriari dagokionean, azpimarratu beharreko zenbait eztabaidagai ditugu:

Lehenik eta behin, ezin da begi bistatik galdu, arrazoi faltarik ez duten talde batzuek sustatutako abstentzio aktiboaren kanpaina mediatikoa porrota izan dela. Egiari zor aurrez beteta zegoen profezia bat zen. Erreformaren blokearen alderdi demokrata guztiek hain narratiba “antifaxista” eta urgentziazko bat sustatzearen ondorioz, parte hartzea modu nabarmenean hazi da EAE-n zein Nafarroan,  gai honekiko hainbesteko sentsibilitatea duten bi lurralde hauetan espero zitekeenez. Ez liratake sustatu behar aurretiaz galduko dituzula badakizun kanpaina publikoak, are gutxiago EH Bilduko buruzagi burokratek, euren perfil politikoa euren oinarrien aurrean indartu ahal izateko, ezertan hanka ez sartzeko eta euren kritikoek akatsen bat egiteko beharra dutenean. Errespetutik diot: kanpaina hau sustatu dutenek guztiontzat honek suposatzen dituen ondorio taktikoen inguruan hausnartu beharko dute.

Bigarrenik, EH Bilduri dagokionez, Nafarroan diputatu bat izateari utzi dio bozka sorta bategatik, zehazki irizpide falta handiarekin “aldaketaren” legegintzaldia deitu duen horretan izaniko nagusikeria, harrokeria eta oldarkortasunagatik galdu duen bozka sorta. Beti bezala, Lizarra-Garaziko porrotaren errua EAJri leporatu zioten Sortuko ideologo demokratek (EAJrentzat arrakasta eta eurentzat porrota izan zenean), guri botako digute euren galeraren errua oraingoan. Ba bai, agian gu, edo hobeto, gure abstentzioa, da kausa; baina zuek arduradunak eta kaltetu bakarrak. Bel Pozueta zuen harrokeriagatik ez da kongresura joango. Aritmetika oso justu dabil zuentzat Nafarroan edonolako hauteskundeetarako, eta oinarri militanteko sektore komunista eta sozialistekiko jarrera aldaketa, pentsatzeko moduko kontua bilakatu zaizue.

Hirugarrenik, borroka armatuaren desagertzearekin hasi zen indar korrelazioaren kronifikazioa antzematen da, zeinen arabera, eta beste zenbaitetan aipatu dudan moduan, EAJ den gobernuko betiereko alderdia eta EH Bilduk bere kopia zuritzailean bilakatuta soilik ordezka dezakeen, aukera hau gero eta errealagoa agertzen zaigularik. Esanguratsua de EAJ eta Bilduk hauteskunde orokor espainiarretan hain emaitza onak lortu izana oraingo honetan: honek, alde batetik, Euskal Herriaren nazio asimilazioaren gradua erakusten du eta, bestetik, estatutu berri baten paktuaren aukera jendartean sortzen duen ilusioaren gradua.

Sozialki, kulturalki zein politikoki deseginda, Euskal proletalgoak ezin du klase ertaineko aurrerakoi inozoen promesa hutsak edo zapalkuntza ez den besterik espero guzti honetatik. Estatu espainiarreko paktu sozial berria bidean da, ez da inongo kontzesiorik izango herri langilearen jomuga historikoekiko, ez maila nazionalean, ezta sozialean ere; erreforma sozialek norabide posible bakarrekoak izaten jarraituko dute dekadentzia inperialean dagoen Europan: proletargoaren interesen aurkakoak. Baliteke erregimenaren modernizazioa legealdi honetan osatzea, autonomien auzitik hasi eta proletalgoaren gaineko lan erregimen berriaren inposaketaraino, emakume proletarioa eta bere problematika espezifikoa genero paktu berritik at utziko duen genero dominazioaren birformulaketatik pasaz, eta migrazioaren gaineko kontrolaren hazkuntza eta jazarpen terroristarekin jarraituz. Proletalgoaren esperantza bakarra, bere borrokena, bere indar propioetan aurkitzen da, bere sinesmenetan, bere antolaketa disziplinan, masa alderdi gisa egikaritzeko duen gaitasunean, maila guztietako berregituraketan eta bere dinamika historiko internazionala berreskuratzean.

Ultraeskuinaren narratiba faltsuak bere ibilbidea hauteskundeekin amaitzen du. Astelehenetik aurrera faxismoa borrokatzen dugunok (Gal-en, gerra zikinaren edota Patxi Lopezen garaiko apartheid politiko eta sozialaren PSOE barne) berriro berdinak izango gara: kaleko kolektiboak, antolakunde komunista eta anarkistak eta alderdiak berera itzuliko dira, elkarri eskua ematera eta mozorro eta kolore ezberdinekin apaindutako klase ofentsibara.

Batzuek euren presa eta politika instituzionaleko eskakizunekin datozen bitartean, gutxien dugunoi gure benetako beharrean aurrean pazientzia eskatzen digute. Guk, gure miseriazko bizitzen larritasunetik baina pazientzia estrategikoz eta buru argiz erantzuten diegu, klase gisa geure indarrez haratago giza hutsunea, mitoaren politika eta hedatzen ari den basakeria besterik ez dagoen ziurtasunetik: proletalgoaren prozesu sozialista internazionalaren berrantolaketa da gure apustua.