Azken neurrien izaeraren gaineko gako batzuk

2020ko urriaren 27a

Egilea: Imanol Kañamares


MUNDU MAILAKO TESTUINGURU OROKORRA:

Bizi dugun krisi hau Covid19-aren krisia deitua izan den arren, formazio sozial kapitalistaren krisi gisa aztertzea ezinbestekoa da. Honek eztanda egin aurretik ere, adierazle ekonomiko ezberdinek atzeraldi ekonomikoa aurreikusten zuten, 2008-ko krisialdi ekonomikoa gainditzeko ezintasunaren ondorioz hein handi batean (Vela, 2015). Bestalde, pandemiaren aurreikuspenari dagokionez ere, 2008tik hona urtero ohartarazi du ,esaterako,  AEBtako Intelegintzia Agentziak arnasbideetako gaixotasun berri batek sorturiko pandemia izango zela herrialdearen segurtasunerako mehatxu nagusia (Mackenzie, 2020).

Egoera geopolitikoan partida garrantzitsua jokatzen ari da, eta aztertu egin beharko da guzti honetatik zein ateratzen den indartuta. Covid19aren kudeaketa, G5aren eta adimen artifizialaren kontrolaren gaineko borroka, neurri protekzionistak, baliabide materialen gaineko borrokak...  hauek guztiek grabitate zentro geopilitikoa Asia-Pazifikora desplaza dezaketela dirudi (Fernandez Montoya, 2020). Mundu mailako joerak aztertzea ezinbestekoa dugu horiek Euskal Herrian duten eragina aztertzeko eta baita internazionalismo proletarioa garatzeko ere.

Batzuen aberastasuna besteen miseraren kontura eraikitzen dela agerian geratzen da zenbait datu aztertuta. Amazonek esate baterako, bere sarreren marka  historikoa  izan zuen konfinamendu betean, sarrerak % 40 igota (c/net.com). Bakuna lortzeko lasterketak multinazional farmazeutikoei eskainiko dizkienak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula.

Herrialde garrantzitsu guztien zorra ikaragarria da. Espainiar estatuaren zorra bere BGPren % 100etik gorakoa da, eta goranzko joera geldiezina dela dirudi (Baños, 2020). Ongizate estatuaren krisia, Europan behintzat, begi bistakoa da. Oinarrian ekonomikoa den krisialdiak ordea, adierazpen ezberdinak dauzka: osasun krisia, krisi politikoa… Mugimendu sozialistatik azken urteetan mahai gaineratu izan den proletarizazio tesiak pisu nabarmena hartu du eta inplikazio praktikoak izango ditu datozen hilabete eta urteei begira.

NEURRIEN IZAERA:

Lerro hauek idazten ari naizen bitartean alarma egoera eta etxeratze agindua ezartzeko aukera mahai gainean dago. Aldaketa horrek, garrantzitsua izan arren, ez du testuaren oinarrian aldaketa nabarmenik suposatzen.

Neurrien inguruan hasi baino lehen, aipatu nahiko nuke negazionista vs hiritar eredugarri eta akritiko dikotomia faltsua dela. Neurrien gaineko kritika egiten duenari, edozein delarik ere, negazionista etiketa ezartzeko joera dago, konspiranoiko edo irrazional gisa tratatu eta argudiaketa automatikoki alboratu. Dikotomia horrekin apurtu eta burgesiaren mugimenduen zentzu estrategiko orokorra eta neurri espezifiko konkretuak problematizatu behar ditugu. Bestalde, koiuntura honetan egin diren aldaketa asko geratzeko etorri dira eta Orwellen Anaia Handia errealitate bihurtzen ari dela dirudi.

Pandemiaren kudeaketak noraeza eta kontrol falta iradoki ditzake eta hipokresia eta zinismoa gailendu dira politikarien diskurtso eta praktikan. Espainiako itzulia pasa arte neurriak ez aplikatzea izan da azken aste honetan hautsak harrotu dituena, baina zerrenda luzea da: Espainian kutsatu mordoxka bat besterik ez dela egongo esatea, musukoak ez duela ezertarako balio esaten ibiltzea, aerosol bidezko kutsaketen gainean hamaika hipotesi botatzea, ikastetxe zein lantokietan kutsatzerik ez dela ematen esatea... Hori bai, egoera kaotiko honen erantzulea proletalgoa arduragabea dela behin eta berriz entzun behar izan dugu.

Azken hilabeteetan hartu diren  neurrien izaera klasista eta autoritarioa nabarmen geratu da, Madrilgo langile auzoen itxierarekin esaterako. Pandemiari  aurre  egiteko neurrien funtsa kontrol polizialean oinarritu da eta osasun arloari zegozkien neurriak helburu ekonomikoei azpiratuta geratu dira. Honen aurrean mugimendu sozialistatik osasungitzaren gaineko kontrola defendatu dugu, proletalgoaren beharren arabera antolatua egongo dena eta ez balorizazio prozesuaren beharretara.

Nafarroan azken asteetan presentzia poliziala nabarmen hazi dela ikusi dugu. Aste honetan bertan, Iruñeko Sanduzelai eta Arrosadia auzoetan , Iruñerriko auzo proletarizauenak, 632 ispekzio egin ditu udaltzaingoak. Nafarroako muga ostegunetik itxita dago eta badirudi alarma egoera ezarriko dutela etorri daitezkeen neurriei estaldura juridikoa emateko. Oinarrizkoak diren biltzeko eta askatasunez mugitzeko eskubideak nabarmen mugatu dituzte. Soilik sistemaren sostengurako mugikortasuna baimentzen amaituko dute, lanerako edo ikastera joateko esaterako.

Azkenik, politika guzti hauen sendotasun faltari aurre egiteko neurrien ardatz nagusietako bat norbanakoaren ardura sozialean ezarri dute, eta bizi dugun egoeraren larritasuna proletalgoaren arduragabekeria izan dela sinetsarazi nahi izan dute.    

MANIPULAZIO MEDIATIKOA:

Komunikabideen papera ezinbestekoa izaten ari da garai honetan. Inoiz baino informazio gehiago jasotzen dugun arren, paradoxikoki, inoiz baino desinformazio handiagoa dugu. Sare sozialek gainera, sinestarazten digute guk aukeratzen dugula informazioa eta beraz, informazio zuzen eta objektiboa dugula. Datuekin manipulazio handia dago, eta iritzi publikoa posizionatzeko erabili dituzte etengabe. Datu asko bai, baina datu horiek testuinguruan jartzeko oinarrizko marko teorikoaren faltan, estadistiken adikto bihurtu gara, eta inoiz baino menpekoago. Hildako kopuruekin jolasten ari dira, eta ezin dugu ahaztu, kutsatu, ospitaleratu edo hildako bakoitzaren kasuan pertsonak, izen propioak daudela.

Honek guztiak jardun politikoa egiteko zailtasun handiak ditu, badirudi dena debekatua dagoela eta ezin dela modu seguruan praktika politikorik aurrera eraman. Praktika politikoa modu seguruan egiteko bermeak jartzea ezinbestekoa da.

POSIZIO POLITIKOAK:

Asko dira espainiar estatuaren kudeaketa kritikatu dutenak. Prentsa internazionalean ere «estado fallido»-aren mamuak azaldu dira. Eskuin muturrak zentsura mozio saiakera egin du eta porrota izan du eta kapitalaren ezkerreko alderdien posizioak ere agerian geratu dira.

Sozialdemokraziak kapitalismo inplosiboaren garaian egoteak suposatzen dituen kontraesanei ezikusiarena egin eta paktu sozialaren berrezartzean oinarritutako politikak aldarrikatzen jarraitzen du. Auzia ordea, jada ez da  erreforma ala iraultza, iraultza ala basakeria baizik. Parlamentarismo burgesaren fartsak geroz eta sinesgarritasun gutxiago dauka eta “ahalik eta gobernu onenaren” joko oportunistak proletalgoaren haserrea eta potentzial iraultzailea itzali besterik ez ditu egiten.

Neurri gehiago eskatu eta zorrotzenak txalotu, zentzu komunari deia egin eta hiritar eredugarri izan gaitezen eskatu, Nafarroako alderdi politikoen gazte eragileen bidez gazteongan fokoa jartzen duten bideoak zabaldu… modu honetan, langile klasearen gaineko kriminalizazioa ahalbidetzen ari dira, eta askatasun politikoen urraketak zilegiztatzen dituzte zeharka, zentzu komunaren izenean.

Egoera sanitarioak ez du epe ertainera hobetzeko joerarik, gobernarien diskurtsoa nabarmen gogortu da azken aste honetan eta hilabete gogorrak datoz. Krisi ekonomikoa sakontzen ari da, lantegi askok pertsiana jaitsi dute, ostalariak ixtera behartu dituzte eta kaleratze eta ERTEak etengabeak dira. Egoera epidemiologikoa okertu ahala neurrien gogortasuna berriro ere handitzen joatea aurreikusten da.

Antolakuntza sustatzea dagokigu eta lan politiko hori kolektiboa izatea oinarrizkoa da; klase antolakuntza izan behar du ardatz. Norbanakoaren zentzu komun indibidualaren bidez ez dugu deus lortuko, are gehiago, egoera betierekotzea lortuko dugu, eta langile klasea kriminalizatu eta haren barruko gatazkak handitu, subjektua antolatu beharrean. Langile klasearen bizi baldintzen okertze basati honen aurrean, premiazkoa da politika egiteko baldintzak bermatzea, ofentsiba geldiarazi eta sozialismoaren eraikuntzan lan egin ahal izateko.

GKSk abiaturiko kanpainak oso argi adierazten du zein diren datozen hilabeteetan eginkizun garrantzitsuenak. Askatasun politikoak borrokatu eta sektore zaurgarrienen bizi baldintza materialak bermatzeko baliabideak jarri, klase antolakuntza hedatzearekin batera. Proletalgoa nekatzen hasia da eta haserrea antolatzea dagokigu, segi dezagun lanean!