AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2021/01/13

Urte berri bat hasi da. Urte aldaketak sinbolo gisa erabiltzea gizartean orokortua dagoen fenomenoa da. Badirudi, nolabait, historiaren mugimendua eten egin nahi izaten dela egutegiaren azken minutuetan eta urtearen zenbakiak aldatzeak errealitatean ematen diren desgrazien garbiketa bat suposatu dezakeela. Hala, datorren urterako egungo biztanleriak duen desio zabalduena pandemia atzean uztea da, Covid-19aren aurreko garaira bueltatzea.

 

Baina ondo dakigu 2020tik 2021era pasatzeak ez duela gizakiaren historia benetan etengo, ezta errealitate kapitalistaren krisiaren zein pandemiaren arrastoa garbituko ere. Gizartean kontzienteki zein inkontzienteki horrelako sinboloak eraikitzen diren arren, egoera sozial, ekonomiko zein politikoa gero eta gordinago ikusi daiteke. Aldaketak datoz mundura, bai, baina proletariotzaren bizkar gainean zama gehiago jartzeko. Aldaketa eta berregituraketa fase batean aurkitzen gara eta bidearen hasiera zein amaiera klase ofentsiban oinarritzen da.

 

Burgesiaren agente kultural zein politikoek diziplina eta konpromiso sozial abstraktuan oinarritu izan dute beraien diskurtsoa 2020. urtean zehar emandako gertakari latzetan. Formazio sozial kapitalistaren biziraupena bermatzeko saiakeran, hauek izan dira helarazi nahi izan dituzten elementuetatik aipatu nahi nituzkeen batzuk: 1) kolektibitate osoaren izaera solidarioaren ideia. Gizarte berdintasunean oinarrituriko fetitxismoa errepikatu nahi izan dute behin eta berriro, ezberdintasun sozialak inoiz baino argiagoak izan direnean, bizi baldintzei dagokionez eta pandemian bizirauteko baldintzei dagokienez, inoiz baino gehiago; 2) guztion osasunaren aldeko lana lehen lerroan jartzearen faltsukeria. Hartu izan diren erabaki guztien legitimazioa gizarte osoaren osasuna bermatzeko planetan oinarritu dute. Baina, batetik, begi bistakoa izan da erabakien prioritatea gainbalio ekoizpenaren mantenu egokian funtsatu dela. Kutsadurak gora eta gora egiten zuen bitartean enpresa gehienak irekita mantendu dira, langileen arteko kutsadura bideak mantenduz. Bitartean,  eta bigarrenik, botere politikoaren pribatizazio oraindik eta handiagoa eman da. Langileria etxean giltzaperatu dute edota soilik kapitala ekoiztera ateratzeko baimena eman zaio. Gainera, aldarrikapen gaitasuna murriztua izan da osorik gizartearen parte handienarentzat une askotan, gizarte kapitalistaren mantenurako nahitaezko agenteek beraien intereserako erabaki politikoak murrizketarik gabe hartu dituzten bitartean.

 

Gizartean indarra duen espazio politiko batek ere ez du alternatibarik edo hausturarik proposatu urte luze eta berezi honetan zehar. Imagina ezin zitekeen egoera batek eztanda eginda eta berarekin herrestatu duen depauperazio nabariaren testuingurua iritsita ere Estatua estandarte gisa duen gizarte eta ekoizpen ereduaren defentsan bat egin dute espazio politiko guztiek.

 

Balantze eta balorazioetatik ateratako ondorioek jartzen dute oinarria etorkizun hurbil zein urrunari buruzko aurreikuspen hipotetikoak egiteko. Covidaren agerpen eta hedapenaren ustekabeak aurreikuspen ziurrak egitearen zailtasuna biderkatu egin du, hala ere. Ezin jakin gizartearentzat aurreikusgarriak ez diren fenomeno bortitzak lehertzen jarraituko duten ala ez, baina 2020. urteak aukera hauetaz kontziente egin gaitu. Gainera, azken urteko gestio zein erabakimen politikoan hartutako erabakiek adierazi duten arbitrariotasunak areagotu besterik ez du egiten ziurtasunetarako zailtasuna. Etorkizuna inoiz baino ezezagunagoa da gaur. Haatik, historiaren etorkizunaren norantza dezente determinatzen duten bi tendentzia aurreikusi daitezke, urte honetarako zein hurrengoetarako elementu garrantzitsuak bihurtu baitira:

1) Pobretzea eta proletarizazioa: Aurreko urteetatik tendentzia argia den arren 2020ko gertakizunek areagotu egingo dutela diote ekonomialari gehienek. Lan-kaleratze masiboen (Mercedes, Aernova, ostalaritzako langileak... soilik Araban) eta langabezia estrukturalaren mamua, soldaten murrizketa, zerbitzu sozialen desagerpen progresiboa. Egun hauetan jakin dugu etxeko argiaren eta gasaren prezioa % 27a igo dela urte hasierarekin batera. Pobretze etengabeak klase ertaina deritzonaren desagerpen iragarria ahalbidetzen du, bizi baldintza proletarioaren zakua betez. Langile aristokraziaren eta burgesia txikiaren zati nabarmen baten proletarizazioak, aurreko hamarkadetan egon diren bizi baldintza eta honi loturiko ohituren multzoa lehertzeko premisa osatzen du. Datorren urtean prozesu honen jarraipena ematea aurreikusgarria da, gizarte eredu honen egungo fasearen ezaugarri nagusietako bat izanik. Gainera, aurreko urteko salbuespenerako politika ekonomikoak (ERTE-a formula adierazgarriena da) ez dute etorkizunerako arazoei buelta emateko bermerik eskaintzen. Pobretzea eta proletarizazioa ezaugarri duen gizarte multzo gero eta handiagoari ezin zaio jada hain erraz kolektibitate abstraktuaren balioaz (konpromiso eta diziplina sozial burgesa) hitz egin. Klase antagonismo politiko eta kulturala potentzialki gero eta ikusgarriagoa da. Azken finean, pobrezia askatasun eza da eta askatasun eza pobrezia. Kapitalismoaren historiak irakatsi digu Mugimendu Sozialista indartsu baten faltan pobreziak ukapen politikoa esan nahi duela instituzio burgesei dagokienean.

 

2) Estatu burgesaren figura indartzea: azken urteetan gobernantza krisia agerikoa izan da estatu kapitalista ezberdinetan. Ongizate-estatuen desegite prozesuak kapitalaren ezker eta eskuin alderdien arteko guda areagotu dute, finantzazio gabeziaren eraginez bi aldeak gestio zailtasunetan murgilduz. Espainiar estatu burgesaren kasuan, ospe-galtze nabaria bizi izan du. Pandemiaren aitzakiarekin, baina, estatua eta bere nonahiko figura berriro ere egonkortu da, egungo fasean «ezker» indarren bitartez. Honen azken mugarria espainiar Estatuko Aurrekontuen onarpen zabala izan da. Indartze hau perspektiba aurrerakoi zein kontserbadoreen bitartez eman daiteke hurrengo garaietan, ezkerreko ideia keinesiar berriekin edota eskuinaren estatu kontserbadore gogor baten perspektibatik. Bi proposamenek, estatu kapitalistak izan dezakeen gizartearen gaineko kontrola bermatzen du eta edozein proposamen alternatibo iraultzaileren aurrean lege burgesa gainjartzeko boterea ematen dio. Aipaturiko egonkortzea oso lausoa da, hala ere, gobernantza krisia ez dago amaitua, nire ustetan. Hau horrela, instituzio hauen parte diren espazio politiko guztien integrazio eta atxikimendua eman da estatu burgesarekiko. Burgesiaren boterea eta gizartearen gaineko kontrola arriskuan ikusi izan da aurretik, baina eman zaion atxikimenduak oxigeno botila berri bat eskaini dio bake sozialari datorren urterako behintzat, aurretiaz aurreikuspenen zailtasunak aipatuak gelditu diren arren.

 

Bi tendentzia hauek aurreikuspen politikorako elementu garrantzitsuak dira komunistontzako. Ez analisi kontenplatibo soil baterako, abagune eta zailtasunak neurtu eta egungo indarrekin loturiko helburuetara iritsi ahal izateko, baizik. Lehenari dagokionez, pobretze eta proletarizazioaren seme-alaben (eta gurasoen) antolakuntza politikoarekiko eta estrategia komunistarekiko atxikimendua garatzean sakondu beharra dago, aktibazio politikorako tresna berriak eraiki eta eskainiz. Bigarrenari dagokionez, klase autonomia politikoaren ulerkera hedatu beharra dago, estatu burgesaren neutraltasun faltsua seinalatuz eta gure instituzionalizazio propioa garatzen jarraituz, Alderdi Komunistaren eraikuntza prozesua, hain zuzen.

 

Guzti honetan Kontseilu Sozialistek potentzialki bete ahal izango duten funtzioa oso garrantzitsua da gaurdanik.