Melankolia eta iraultzaren gaurkotasuna

2019ko apirilaren 29a

Egilea: Beñat Aldalur


“Un famoso poema de Brecht cuenta la historia del sastre de Ulm que en 1592, impulsado por su deseo de volar como un pájaro, construyó una rudimentaria máquina con dos alas. En defensa del orden natural (y religioso) de las cosas, el obispo dictaminó que los hombres no podían volar y desafió al sastre a probar lo contrario. Este último se arrojó desde una ventana de la catedral con sus rústicas alas y terminó aplastado contra el suelo. El obispo ganó el desafío –el orden natural no podía cambiarse-, pero varios siglos después los hombres fueron capaces de volar. El sastre de Ulm no era tan tonto: solo tenía una imaginación demasiado precoz. Hoy, su ridículo fracaso puede verse como un intento de un precursor.”

Enzo Traverso

 

Enegarren hauteskunde garaia iritsi zaigu eta alderdikeria alde guztietan presente dagoen politikagintza dugu. XXI. mendeko politikak badu desberdintasunik XX. jasotako esperientziekin. Bizi dugun sistema ekonomiko zein politiko liberalak ez dauka kontrajarriko zaion proposamenik, hutsik dago programa iraultzailea. Arrazoi ekonomikoak (kapitalaren diktadurak) historikotasuna gainditu duela dirudi, bere legeek aldaezinak dirudite eta azpiratuen emantzipaziorako betarik ez da irudikatzen. Dimentsio erraldoietako apustu politiko bat eratortzen da liberalismo berriaren ekoizpenean, eta honek politikagintzaren XX. mendeko dimentsio tipikoak gainditu ditu. Lege ekonomikoek ordena eta oreka mantentzeko ezintasun inmanentea adierazten dute, eta itxuraz ezberdinak diren programa politikoek iruditegia zein materialtasuna parekatu beharrean dira ezinbestean. Bizimodua moteldua dago, eta kolektibitaterako aukera oso mugatua.

Zenbait historialarik egungo denbora historikoari “presentismo” kalifikazioa esleitu diote. Iraganarekin konexioa hautsia ageri zaigu, ez dago ez utopia ez eta esperantzarik ere, eta proletarioa alargun geratu da. Harrotasunez aldarrikatu dezakeen iraganik gabe eta etorkizunera proiektatu ezinik. Bloch- en hitzetan, XX. mendeko utopia konkretua hautsia dago. Honela, egungo sistemari egokitzen zaion iraganari begirada da inposatzen zaigun memoria kolektiboa, pasibotasuna bilatzen duena eta gudaldien biktimei erreparatzen diena.   Iragana biktimek soilik omendu dezakete, eta hauek etika arduratsu bat bakarrik islatzen dute, euren hitzetan iraultza saiakera oro aukera totalitario batean jauzi baitaiteke. Iragan borrokalari batek ez du lekurik gizarte burgesean, injustizien aurka aritzeak zentzua izan zezakeen (beti ere iraganean, inoiz ez presentean) arren arrisku gehiegi suposatzen baititu.

Sozialismoa bi mende dituen tradizio politikoa da, eta bere barnean hamaika dinamika ezberdin eta erantzun koiuntural aurkitu ditu. Berdintasunaren aldarri unibertsalarekin erlazionatzen da bere sorreratik, eta askatasunaren ulerkera berdintasunarekin parekatzen du. Justuki, pentsamendu liberal klasikoaren aurka egiten du bere ulerkera etikoan, zeinak askatasuna berdintasunaren aurkakotzat duen. Horrela izan da historia garaikidean, eta giza eskubideen adierazpen unibertsalaren salbuespenarekin (komunismoa neutralizatzeko estrategia zena, 1917ko gertaerek eta gerra osteko inpaktuak eragina), liberalismoa eta berdintasuna paradigma kontrajarri modura ageri zaizkigu gizarte burgesean. Horrela da gaur egun ere, baina bistan den desberdintasun historiko batekin: sozialismoa presente eta etorkizunerako aukera bezala ez zaigu inondik ageri. Iragana eta utopia erlazionatzen zituen dialektika hautsia dago, eta boteredunen ofentsibak emaitza oso negatiboak utzi dizkigu. Behekoen izenean diharduten alderdiak beldurrez ageri zaizkigu, iraganarekin deskonexioan eta populismo merkeenean katramilatuta. Porrot ideologiko zein antolatuari erantzun ezinda ageri dira 1991 osteko mugimendu politiko eraldatzaileak, iragan historikoa desagertzea gura balute bezala.

Ezagutzera iristen naizen neurrian esan dezaket momentu populistak denbora politiko laburrei erantzuten dietela, eta behin haustura denbora amaituta ziklo politiko berriak irekitzen direla. Proiektu politiko sendoak ez dira ziklo laburretan eraikitzen, beren egikaritzeak hamarkadak behar baititzake. XXI. mendean kapitalaren ofentsibari aurre egingo dion proposamen politikoak tradizio sozialista bereganatu behar du ezinbestean, iraganeko porroten zama gure gainean erortzen bada ere. Injustizien eta bere erantzule garaikidea den kapitalaren aurka borrokatu zirenen zama gainean darabilgun zerbait da, eta horrela behar du ezinbestean. Historia prozesu sozialak baitira, eta honen ezaugarritzea klase sozialen ardura historikoa da: borrokarako aukera determinatutako elementu bakar bezala.

Proletarioen memoria, eta proletarioa apustu politiko gisara. Dominatuta dagoen materialtasunari soilik komunismoak egiten dio justizia, eta kapitalismoaren humanitate zantzu bakarrak bere antagonistek eskaini dituztenaren jabe gara. Apustu politikoa argia da: XXI. mendeko utopia konkretuek XX. mendeko proiektu askatzaileen lekukoa hartuko dute, eta baita irakaspenak jaso ere. Integrazioa ez da aukera erreal bat, zibilizazio europarra aterabiderik gabeko krisialdian sartua baitago, eta bertan ez da denentzako lekurik; hiritartasuna ez da errepikatuko.

Max Weberren tamainako pentsalari batek XX. mende hasieran Alemaniako sozialdemokraziari ohar garrantzitsu bat eskaini zion, azken hauek sozialismoaren berehalako gauzapena aurreikusten zutenean: beldur gehiago izan behar dio sozialismoak estatu burgesari alderantziz baino. Arrisku berdina ikusi zuen Rosa Luxemburgek, zeinak sozialismoaren integrazioaren bitartez langileriaren epe luzerako porrota irudikatzen zuen. Diagnostikoak egiaztatuta daude, eta liberalismora (botere burgesera, proletarioen dominazio ekonomiko zein sozialaren onarpenera) eraldatu diren sozialdemokraziaren adierazpenek errelebo historikoa ezinbesteko dute. Komunismoa harreman eredu ez integratu gisara, eta errealismoa sozialismoaren aktualitatea frogatzeko aukera bakar bezala.