AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2019/05/08

 “El temor a que la socialización económica suprima la “libertad- autonomía” sólo puede encontrar un fundamento real si se la continúa considerando (a la vieja manera de Kant y Constant) como una función exclusiva de la propiedad privada, es decir, como esa libertad que sólo pueden asegurar los “hombres independientes”. En cualquier otro sentido, una transformación de la sociedad y del estado en la dirección de una socialización económica y de una participación política no supone la exigencia real de limitaciones de las libertades tradicionales y puede valerse del cotejo crítico de los partidos y de controles aún más amplios, tanto internos como externos.”

Umberto Cerroni. 1963

 

Hauteskunde orokorrak izan berri ditugu, eta masa komunikabide ezberdinetan parte hartze politiko handiaren gaineko balorazio ezin baikorragoak entzuten gabiltza. Aurreko batean “La- Sexta noche” saio ospetsua ikusi nuen tarte batez eta, han non, Jordi Évole kazetaria bere telebistako saioaren etetea iragartzen zebilen. Cornellá de Llobregat hirikoa dela azaldu zuen Jordik, aski proletarizatua den espazio hiritarra. Bartzelonaren periferiako hirigune honetan izandako emaitza elektoralak azaldu zituen kazetariak eta, bertan, hauteskunde ezberdinetan hiritarrek alderdi politikoak aldatzeko ohitura zutela zioen, aldi bakoitzean aukera ezberdinen artean hautatuz. Orain C´S, hurrengoan Catalunya en Comu, ondoren PSC… Hau Jordi Évolerentzat hiriguneko bozka emaileen kultura politiko hausnartu eta garatuaren emaitza zen, hiritarren ezagutza politiko handiaren emaitza alegia. Ikaragarrizko astakeria iruditu zitzaidan kazetariaren ondorioztapena. Baina egia esateko, ez nuen gutxiagorik espero.

Kazetari kataluniarraren kontrakoa argudiatuz, uste dut alderdi politikoekiko lotura ez hau kultur dekadentzia eta inpotentzia politiko handi baten emaitza direla. Izan ere, geografia proletarioetan antolakuntza iraunkorra behar dute langileek eguneroko eraso eta gehiegikeriei aurre egin nahi badiete eta, honek, masa antolakunde proletarioen beharrezkotasuna azpimarratzen du. Antolakuntza eredu honek, ordezkatze printzipioan oinarrituriko estatu burgesaren konpetentziak sobera gainditzen ditu eta bere inexistentziak, herritarren despolitizazioa argitara eramaten du. Masa alderdien existentzia bizitza politiko osasuntsua bermatzeko elementu zentrala izan da estatuaren eraikuntza garaikidean: izan ere, alderdi hauen existentzia historian lehen aldiz azaleratu zuten langileak dira, euren kontroletik at ageri zaizkien botere instantzia burges ezberdinak kontrolpean edukitzeko interesatu erreal bakarrak. Kontrara, egun alderdiak iritzi emaile soil izatera mugatuak ageri zaizkigu estatu Espainoleko sistema politikoan, euren funtzioa aginte dinamika legitimatzea delarik. Hots, estatua eta 78ko erregimena babestea. Beraz, eta paragrafo honen hasierako baieztapenera itzuliz, fideltasun politikoen inexistentziak, politizazioa baino, klase interes errealen ezagutza eza eta inpotentzia politikoa adierazten dizkigu.

Hau dela medio, kultur krisialdi handiko testuinguru honetan, harrotasunez demokratiko deitura eman izan zaion sistema politikoa herritarren erabakimen errealetik erabat bananduta ageri zaigu: herritarrek geroz eta kontrol gutxiago dute agintariekiko. Are gehiago, gehiengo sozial proletarioak bere politika egiteko dituen aukerak, oinarri edo esentzia berdina partekatzen duten aukera ezberdinak bozkatzera murriztuak daude. Hori gutxi balitz, instituzio politiko burgesen esparru nazional-estatala konpetentzia murritz batzuen kudeaketara mugatzen da. Honek ordea ez du esan nahi proletarioen ikuspuntutik botere eremu hauei muzin egin behar zaienik; garrantzia geopolitiko murritza badute ere, boterearen administrazio mekanismo batzuek kudeatzea ez baita garrantzia gabea. Instituzio politiko burgesak,  ezinbestean oligarkien kontrol eta erritmoetara egokitzen diren kapitalaren aginte teknika soil bilakatu izanak, beraz, ez du esan nahi proletalgoak botere kuota horiek eskuratzea baztertu beharko lukeenik. Izan ere, erabaki politikoen gaineko kontrol ezak proletarioen despolitizazio basatia dakar gizartean eta, honelako testuinguruetan, kazetari zein edonolako esatariek erraz bilakatzen dute azpiratuen tragedia bertute kultural, egoera erreala inbertituz. Beste arrisku batzuen artean, proletarioen despolitizazioak, burokratek estatuaren gaineko kontrol totala izatea suposatzen du, estatua gutxi batzuen erabakien mendean geratzea alegia.  Erabakimen modu hauek exekutibo indartsu bat exijitzen dute, faxismoaren aginte teknikei bidea irekiz.

Aldaketa sozial zein politiko hauek sakoneko arrazoiak dituzte. Estatuaren deribazioen teorietan azaleratu ziren sakoneko arrazoiak, 70., 80. eta 90. hamarkadetan Alemanian eman ziren eztabaidek erakusten diguten bezala. Joachim Hirsch, Elmar Altvater edota Neussus ikertzaileek -beste askoren artean- estatu burgesaren funtzio aldaketa iragarri zuten, burujabetza zein kontrol ekonomiko propiotik aldentzen ari baitziren estatu-nazionalak, inperialismoaren fase aldaketa batekin bat; inperio estatubatuarra eta Europar Batasunaren gisako instantzia supra-estatalen mesedetan gauzatzen ari zen aldaketa hain zuzen. Aldaketa geopolitiko eta ekonomiko honek, gaitasun ekonomiko estrategikoak eta hauen kontrol politikoa potentzia multinazionalen eskuetan uzten zituen. Dena dela, pentsalari alemaniarren ustetan estatu nazionalek ez zuten garrantzia estrategikorik galtzen, burujabetza ekonomiko eta politikoa baizik: handik aurrera, epe luzerako erabakimen estrategiko orok potentzia europar eta estatubatuarrek baimendua beharko zuen ezinbestean. Azken finean, deribazioaren teorikoen hitzetan, estatu-nazionalen funtzioak zenbait sektore estrategikoren kontrol zein ustiapen optimora eta langileriaren gaineko errepresiora mugatuko ziren. Horrekin demokrazia burgesa edukiz husten da eta, egun, aurrez aipatutako pentsalariek bete-betean asmatu zutela esan genezake.

Horrenbestez Estatu espainolean hauteskundeak fartsa modura ageri zaizkigu; ez garrantzirik ez dutelako, baizik eta kontzeptu hutsen gainean dihardutelako. Diskurtso politiko hegemonikoa hiritarren autonomia eta erabakimen propioaz mintzo zaigu, errealitatea behin eta berriz estaliz eta, era berean, proletalgoaren despolitizazioa bilatuz. Honen aurrean, proletarioen egunerokoa oso bestelakoa da eta gainera, hauen politizazioak burgesiaren kontraesan estruktural oro gainditzeko gaitasuna du. Ondorio garbi bat atera dezakegu hemendik: gizartearen politizazioa erreala izan dadin, honen osotasuna sozializatu beharrean gaude kolektibitatearen espazioa biderkatuz. Honetan agente interesatu bakarra proletarioa da, eta bere antolakuntza eremua masa alderdi proletarioa