AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/03/03

Versión en castellano

Hilabete eskas da erreformismoaren lantza puntak Euskal Herriko gazte komunistei erasotzeko berriz ere bere adierazlerik sarituenera jo zuela. Une hartan, pentsamenduaren faltsutasuna eta errebisionismoaren inkongruentzia teorikoa azaldu ziren, edozein errebisionismok bezala, marxistaz mozorrotzeko zalantzarik ez duena. Eneko Compainsek hasitako eztabaida, Gazte Koordinadora Sozialista erakunde iraultzailearen funts politiko eza frogatzeko une teoriko desberdinak zeharkatzen zituena edo zeharkatzen saiatzen zena, espero ez zen bira batekin amaitu zen: oinarri teorikoa zuen eztabaida batean gabezia teorikoak agerian geratu ondoren, Compainsek makillaje osoa bota behar izan zuen kareletik, lehenik eta behin, bere mintzakidearekin alderatuta zuen ezagutza teoriko eza adieraziz, eta ondoren, ezagutza falta horrekiko harrotasuna erakutsiz  nola eta galoiak erabilita eta errealitatearen ezagutza teorikoa berak ustez zapaltzen duen errealitateari kontrajarriz. Galdetu beharko genioke zein den zapaltzen duen errealitate hori, justu aurretik aitortzen duenean hura atzemateko funtsezko tresnarik ez duela. Ez al da izango errealitatea bera zapaltzen ari dena?

Izan ere, ez zen txikia bere asmoa; nahiz eta errezel bidez ezkutatzen saiatu, ez da erraza izan behar teoria eta praktika komunistaren faltsutasuna frogatzea, are gehiago bere aurrekari guztiek, baliabide handiagoak zituztenek, porrot egin dutenean.

Antzerkiak ez zuen ibilbide gehiegirik izan, ordea. Berak eztabaida teoriko gisa hasi zuena, azkenean, teoriaren gaitzespen nabarmenean bihurtu zen. Dekoratu guztiak eztanda egin zuen, frogatuz kontzeptuen desitxuratze manikeoak ez ziola inolako zintzotasun militanteri erantzuten, eta ez zela klase-askapenarekiko konpromisoaren ondoriozko egonezinaren adierazpena, helburu bakarra zuela baizik: proletalgoa menderatzeko estrategia elikatzea, Euskal Herriko mugimendu sozialistan artikulatuta aurkitzen den bere potentzia politikoari zuzenean eraso eginez.

Ez da, hala ere, liburuen ezagutza indibidualera murriztutako auzi kontzeptual hutsa, Compainsek, politikaz duen ikuspegi indibidualista eta egozentrikoaren adibide argi batean, baieztatzen duen bezala. Errealitatea kategorizatzeko ezintasun kontzeptual horren bidez, klase ertainaren ildo erreformistaren inpotentzia (edo potentzia, interpretatzen denaren arabera) politikoa islatzen da. Ildo horrek Sortun du bere adierazpen nagusiena eta klase menderakuntza sozializatzeko tresnarik onena. Izan ere, interpretatutako erradikalismo faltsu baten azpian, "kalea zapaltzea" alegoria baliatuz gauzatzen dena, errealitatearen aurreko hutsunea eta gelditasuna ezkutatzen du. Kontakizun eta klase kontzeptu propioa duen gelditasuna, artikulu honen aztergai eta izateko arrazoi dena.

Baina ezer baino lehen: ez da ahaztu behar errebisionismoak, ia etsipenez gauzatutako esku-hartze zirraragarri honen aurretik beste bat ere egon zela, lotsagarria hori ere, non esaten eta aitortzen baitzuten Greba Orokorra ez zela proletalgoaren aldarrikapenerako lekua. Horrek erakusten zuen haien burutan grebak klase ertainaren interes alderdikoiei erantzuten ziela. Hori baliatuta, proletalgoa bere aldarrikapenak zabaltzeko greba propioa deitzera gonbidatzen zuten. Hori guztia, ordea, beste modu batera ezin izan zitekeen bezala, apaindu egiten zuten, eta okertu, proletarioa mugimendu sozialistarekin kontrajartzeraino, bata bestearekin identifikatu beharrean. Hala, mugimendu sozialista grebaren jardun egokia urratzen zuen kanpoko indar gisa agertzen zen, seinalatu , bereizi eta, batez ere, proletalgoaren benetako aldarrikapenetik erauzi beharrekoa, azken horren gaitasunak, modu bitartekatuan eta ez zuzenean, bertan behera gera zitezen. Mugimendu sozialistari egindako kritika gisa agertzen zena klase ertainaren asmoen adierazpen bat zen egiazki, non proletalgoaren igoera politikoa bere independentziarako bidean geldiarazteko asmoa nabarmendu zen.

Hala ere, Euskal Herriko mugimendu sozialistak baieztatu zuen bezala, proletarioen independentzia politikoa, eta ondorioz klase gisa adieraztea, aldarrikapen propioak zituzten bloketan antolatzeari lotuta zegoen. Hor sartzen da Compainsen eta errebisionismoaren beste ordezkari batzuen esku-hartze bikaina eta klase sozialaz orokorrean, eta proletalgoaz modu partikularrean, emandako definizio anbibalente eta zalantzagarria, proletalgoa ez zela esaten zen hori, baizik eta gehiago zela, edo gutxiago, frogatzeko helburuarekin. Edo ez zen ezer, edo dena zen, zeinak ezerezean bihurtzen zuen, inpotentzian.

Bere definizioaren arabera, klasea ez da existitzen politikoki aldarrikatzen ez bada, hau da, bere burua identitate gisa aldarrikatzen ez badu. Ikuspegi horretatik, proletalgoa bere buruari proletalgo deitzen diona da, eta bere esku-hartzeak proletarioak dira, halakotzat aldarrikatzen baditu. Egiazki, berak interpretatzen duenetik urrun, defendatutako jarrerak ez du zerikusi handirik adierazpen politiko subjektibo batekin – subjektuari dagokiona –, klase soziala definitzeko orduan zuzena izan daitekeena. Aitzitik, adierazpen subjektibista eta identitarista batekin du zerikusia, zeinean subjektuak (proletalgoak) ez duen oinarri objektiborik boluntarismo utopiko eta abstraktu hutsetik harago eta zeharkako adierazpen espiritual soil gisa agertzen den. Zeharkakoa, dena zeharkatu eta errealitate materialik bereganatzen ez duelako. Bestela izango balitz, klasearen oinarri gisa aldarrikatzen den adierazpen politikoa proletalgoaren - sistema kapitalistaren baldintza objektiboa dena- existentzia objektiboan sustraitutako programa politiko bati lotuta egongo litzateke – hain zuzen ere, politikoki  adierazteko beharraren errekurtsoari helduz arbuiatzen dena –, de facto errebisionismoa proletalgoaren adierazpen politiko gisa ukatuko lukeena.

Aitzitik, politika proletarioaren ezagutza eta oinarri hori ukatu egiten dira eskaintzen den definizioaren arabera, sistema kapitalista benetan gainditzeko aukera oro ere ukatuz; hau da, proletarizaziorako eta, beraz, sistemaren beraren erorketarako joerak dakarren elementu objektiboa ukatuz, eta bere gaindipenaren beharra ezerezaren eta hitzontzikeria identitarista zein utopiaren errekurtsoaren gainean eraikiz. Errebisionismo garaikideak apenas ukitzen duen errekurtsoa, ez behintzat kontzienteki, politika posibilistaren erreformismo irekiaren aurrean makurtzen baita.

Compainsek errezeta bera aplikatu ahal izan zuen klase ertainaren teoriari dagokionez, eta berau adierazpen politiko gisa bakarrik existitzen dela baieztatu (sistema kapitalistaren iraupena helburu duen bloke interklasista baten adierazpen politikoa). Baina, hortik urrun, klase ertainaren errebisionismoa, ezin bestela izan, bloke interklasista horren existentziaren defentsa burgesiaren estrategiara makurtzea dela esatera mugatzen da, zeinak, klase ertain bati erreferentzia egitearekin, langile klasearen batasunaren desegitea bilatzen baitu. Zein batasun? Galde liteke. Zein batasun eta zein oinarriren gainean, hau da, zein programaren menpe?

Ez dago erantzunik. Izan ere, klasearen benetako kontzeptualizazio honen bidez, egiazki desegiten dena langile klasearen menderatzea eta haren barne zatiketa ezkutatzen duen nebulosa ideologikoa da. Proletalgoaren independentzia politikoak, batasuna desegitetik urrun, maila altuago batean berrezartzen du, programa iraultzaile bat oinarri izanda. Alderantziz, klasearen barne pribilegioak, programa politiko erreformistan gorpuztua, ez dirudi estrategia ona klase batasunerako.

Azkenik, ez dira gutxi eztabaida marxismoaren interpretazio hutsera murrizten saiatu direnak. Egia da interpretazio desberdinak daudela haren inguruan, beste edozein gairi buruz dagoen bezala. Nolanahi ere, interpretazio aniztasunak ez du justifikatzen interpretazio bakoitzaren egiazkotasunaren eta faltsutasunaren existentziarik eza. Alferrikakoa eta etsipenezko baliabidea da marxismoaren interpretazio itxia leporatzea, nork eta gaiari buruzko ezjakintasun sakona erakutsi duenak, noiz eta haren interpretazioa faltsua dela frogatu denean. Esaten duguna faltsua dela frogatzean datza, ez inolako oinarririk gabe halakorik baieztatzean. Kontua da, halaber, frogatu behar dela zertan den faltsua, zein neurritan ahultzen dituen marxismoaren oinarri teorikoak eta, horregatik, frogatu behar da oinarri horiek ezagutzen direla beren azalpen sistematikoaren bidez; ez da horrelakorik gertatu orain arte. Hala ere, eztabaidari irekita jarraitzen dugu.