Antolakuntza politikoaren beharra

2020ko martxoaren 31a

Egilea: Aitor Martinez


Versión en castellano

Hamaika izan dira osasun krisiaren aurrean denok batera ekitearen beharra aldarrikatu duten ahotsak. Haien esanetan, osasun kontuek ez dute klase sozialarekin ezta gaitasun ekonomikoarekin loturarik, eta horien aurrean egoera berdinean gaude guztiok. Aipatu ondorioak sostengatzeko ebidentzia dute lagun, azaleko gertakaria: aberatsak -kontzeptua bera adierazgarria da- ere kutsatu eta hil egin dira birusaren ondorioz. Ez da, ordea, errekurtso harrigarri bat. Oso berea du sozialdemokraziak enpirismo abstrakturako joera, non fenomenoen arteko loturak hautsi egiten diren eta, haiekin batera, politika beraren fundamentuak ere. Izan ere, errealitatea hautsia eta ausazkoa agertzen bazaigu berau artikulatzen duen subjektua desagertzen da, eta bere gabezian ezinezkoa da kontrajartzen zaion estrategia gauzatzea, hain zuzen ere aurkakotasuna desagertzearekin batera subjektuaren beraren limiteak urtzen direlako.

Alabaina, ez da begi zorrotzegia ezta gaitasun logiko handiegirik behar; errealitate enpirikoak berak ukatu egin du aipatu hipotesia. Aberatsek etxe erraldoietan igaro dute berrogeialdia,  lehenak izan dira osasun probak egiten, mediku eta osasun zentro pribatuak baliatu dituzte, ez dira lanera behartuak izan... Bitartean, langileak ospitaletako korridoreetan pilatu dira, asko zentroan jaso baino lehen hil ere, heriotzerako hauta-probak pasa dituzte, lanerako bidean garraio publikoan ehunka elkartu dira, lan baldintza lazgarrietan kutsatu egin dira milaka osasun langile, eta hainbat eta hainbat hil ere bai. Era berean, egoera nor ari den kudeatzen ikusi besterik ez dago, zeinek agintzen duen eta noren kalterako diren hartutako neurriak, tartean sozialdemokraziak txalotu duen ekoizpenaren etetea[1], ondorio duena langileek oporrak egunotan eskatu beharra edo alarma egoeraren ondoren galdutako orduak berreskuratzea. Egoera horretan politikari uko egitea zentzugabekeria, koldarkeria eta langile klaseari traizioa egitea den bezala, klase etsaiaren politikaren alde egitea da, hau humanismoz mozorrotuta gauzatzen bada ere.

Humanismo horrek hamaika aurpegi ditu. Oro har, bere fundamentua subjektu politiko antolatu bati dagozkion ardurak norbanako isolatuaren gain jartzean aurkitzen da, horren bidez antolakuntzarako beharra deuseztatzen duelarik. Joera horrek bere ofizializazioa aurkitzen du «pertsonala politikoa da» delako baieztapenean. Honek, sakontasun handiko ondorioak iradoki nahi baditu ere, erretorika sinplifikatzaile horrekin lortzen duen gauza bakarra politikaren potentzialitatea agortzea da. Mundua aldatzeko nahikoa baldin bada nork bere burua aldatu eta inguruan eragitea, zertarako norbanakotik haratago doan antolakuntza politikoa? 

Baina bada kolektiboaren zantzu abstraktuak hartzen dituen praktika ere, sarri nahasmenera eraman dezakeena. Adibidez, estrategia falta nabarmena azaleratuz, inor saiatu da elkar laguntza sareak langile boterearekin identifikatzen[2], azkeneko honi berariazkoa eta ezinbestekoa zaion antolakuntza politiko zentralizatua lekutan utziz. Edo ikusi izan ditugu azken urteetan ere sistema kapitalistaren barnean lekua bilatzen duten kooperatibak, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen abizena jarrita ezer aldatzen ari zirela iradokitzen zutenak. Egun gutxi dira talde horretan sartzen den/sartu nahi duen Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak langile kooperatibistek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea adostu zutela[3] iragarri zuenetik, edozein «alternatiba ekonomikok», potentzia politiko sozialista antolatuaren gabezian, muga sistema kapitalistaren dinamikan aurkitzen duenaren teoria konprobatuz.

Zentzu beretik doa hainbatetan errepikatu den ekonomia eta bizitzaren arteko kontrakotasun[4] faltsua. Horren bidez adierazi nahi denaren kontra, ordea, bata eta bestea gauza bera dira: ekonomia kapitalistak bizitza kapitalista sortzen du. Ekonomia kapitalistaren eteteak bizitza kapitalistaren etetea ekartzen du soldataren behar urgentea duten milioika proletariorentzat[5], lanpostutik kanporatu eta kanporatuko  dituztenentzat eta haien bizi-gastuak ezeztaturik ikusten ez dituzten horientzat guztientzat. Humanismoz betetako politikaren ukazio honetan ahazten baita ekoizpenaren etetean ere klase etsaiak agertzen direla: ez da berdina prozesu osoaren jabe eta agintaria burgesia izatea edo proletalgoa. Ezta ere eten beharrekoa gainbalioaren ekoizpenean oinarritutako prozesu kapitalista izatea edo, kontrara, behar sozialen asetzera bideratutako ekoizpen sozialista izatea. Azkeneko honek, ekoizpen kapitalistak ez bezala, ez baitu, ekoizpenarekin batera, gizabanakoen erreprodukzio soziala eteten, ekoizpen modu kapitalistan gainbalioa ekoizteko instrumentua baino ez den gizabanakoa.

Humanismo despolitizatzailearen adibide dugu, azkenik, begien aurrean zabaldu zaiguna; ez dela horrenbeste ekonomia eta bizitzaren arteko kontrakotasun bat, ekonomia kapitalistaren onurarako diren neurrien inguruko eztabaida bat[6] baizik. Gozamena putzura.

Eta hala ere, gertakari berehalakoenek gezurtatu duten arren, azken asteotan gizatasun burgesaren pentsamolde humanista nagusitu da -mugimendu sozialista eta komunisten salbuespenarekin[7]-, klase borrokaren aukera zapuztuz. Gizatasun horrek sostengua aurkitzen du gizarte kapitalistaren unitate bakana den norbanako librean, inposatutako helburuak bere egin eta hautu pertsonal bilakatzen dituen horretan, eta haren adierazpen aurreratua den sozialdemokraziaren defentsa politikoan.

Bistan da, beraz, zertan datzan antolakuntza politikoaren urgentzia, auzi kolektiboei dagokionez. Baina baita auzi pertsonalari dagokionez ere. Zeinek ez du egoera etsipenez eta tristuraz bizi duen gertukorik, lagun edo seniderik? Hala hurbildu zitzaidan lagun bat niri, eta esan nion, tristura ez dela aukera iraultzaile bat. Tristura norbere mundu isolatura bueltatzeko modua da, ixtekoa eta errealitatearen aurrean makurtzekoa. Tristura munduaren aurrean konfiantza antzuz -edo fede osoz esan beharko genuke- aurkezten den norbanakoaren patologia da, ez iraultzailearena. Azkeneko honek ez ditu besteekiko loturak abstrakzio hutsaletan oinarritzen, programa politiko arrazionalean baizik. Eta honek, antolakuntzan bere egikaritzea aurkitzen duen programa honek, helburuak planteatzen ditu, ez hipotesi faltsu ezta xiringaz txertatutako printzipio utopikoetan sostengatuta, baizik eta orain eta hemen beharrezkoa den prozesu sozialistaren artikulazioan.

Horrexegatik erantzun nion, ikuspegi positibo baten bila hurbildu zitzaidala esan eta ikuspegi horren oinarriak non aurkitzen ditudan galdetu zidanean, nik halakorik nire kideekiko konfiantzan aurkitzen dudala, ez haiengan sinesmen itsua dudalako, gauza handiak konpartitzen ditugulako baizik. Auzi pertsonalaren forma hartzen duen horretarako bakarrik izango balitz ere, antolakuntza politikoa ezinbestekoa da errealitate honen miseriei aurre egiteko. Hau gabe ez dago ezer, mendekotasuna baino ez.

 

 



[1] https://www.gedar.eus/aktualitatea/ofentsibakapitalista/langileek-lan-orduak-berreskuratu-beharko-dituzte-funtsezkoa-ez-den-jarduera-ekonomikoaren-geldialdia-amaitzean

[2] https://twitter.com/kapitala_birusa/status/1239266074899726338

[3] https://aiaraldea.eus/komunitatea/AiaraldeaEkintzenFaktoria/1585223770217-aiaraldea-kooperatiba-elkarteak-lan-jarduera-gehiena-eta-faktoriako-obra-lanak-etetea-erabaki-du

[4] https://www.gedar.eus/editoriala/kapitala-bizitza-eta-prekarietatea-kontraesana-auzitan

[5] https://www.gedar.eus/aktualitatea/ofentsibakapitalista/108648-langile-baino-gehiagori-eragin-diete-lan-erregulazio-txostenek-hego-euskal-herrian

[6] https://twitter.com/arkarodriguez/status/1243987705299709952

[7] https://twitter.com/Gazte_KS/status/1240937126180552706