AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/07/28

«En la historia de la sociedad dividida en clases, la revolución es un acto de creación política, mientras que la legislación es el vegetar político inerte de la sociedad. La acción legal de la reforma no tiene impulso propio independientemente de la revolución.»

Bolivar Echeverría. 1979.

 Rosa Luxemburgo: espontaneidad revolucionaria e Internacionalismo

Harrera polemikoa izan du sare sozialetan Russia Today komunikabidean Angela Davis-i egindako elkarrizketan[1] honek esandakoak. Pantera Beltzetako militante historikoak Joe Biden Alderdi Demokratako hauteslearen aldeko botoa eskatu du azaroan Estatu Batuetan izango diren hauteskundeetarako. Ez da harritzekoa alderdi horren aldeko botoa eskatu izana, jakina baita aurreko hauteskundeetan Hillary Clinton bozkatzeko deia ere egin zuela. Aztertzekoa dena bozka hauek eskatzerakoan erabiltzen duen justifikazioa da, kasu honetan, Biden problematikoa dela azaltzen badu ere, masen eskariak seriotasun handiagoz hartuko dituen hauteslea dela defenditzen du, «eraginkortasun handiagoz presionatzeko aukera emango duena».[2] Clintonen aldekoa eskatu zuenean zentzu berean defendatu zuen, lehentasuna Trump gelditzea zela azpimarratuz eta galdu zitekeen guztiak abstentzioaren aukera ukatzen zuela adieraziz. Hau da, txarrenean onena aukeratzearen alde egiten du.

Alderdi Demokrata Estatu Batuetan klase kapitalistaren onurarako estatu aparatu guztiak kontrolatzen dituen hegaletako bat besterik ez da, 80. hamarkadatik identitate berriak bereganatzeko hautu argia egin duena, bere politika eta balioak Alderdi Errepublikarrarengandik bereizten direla erakutsi nahian. Horrek itxura «progrea» eman badio ere –bere hautagaien ehuneko handi bat emakumeak, afroamerikarrak, homosexualak izanik-, argi dago kapitalismoaren eta inperialismoaren defentsa zurruna egiten duen alderdia dela hau. Hori da Bidens bera problematiko bilakatzen duena eta Davisek bigarren mailako arazo gisa kokatu duena.         

Ideia horrekin ez dut abstentzioaren aldeko kanpaina bat sustatu nahi, izan ere, Aitor Martinezek duela aste batzuk adierazi zuen moduan «programa politiko bat, abstentzioaren aldekoa, adibidez, zuzena izan daiteke, edo okerra».[3] Alta, lantzekoak iruditzen zaizkit aukera txar guztien artean onenari ere bozka ez ematea erabakitzen dutenen aurka sortu ohi diren epaiketa, kritika eta azalpen eskaerak, eztabaida termino politikoetan eta era zintzoan eman beharrean kriminalizazio eta infantilizazioan oinarritzen baita askotan.

Badaude politika egitea edo politikan parte-hartzea bozkatzearekin parekatzen dutenak eta bozkatzen ez duena etorkizunarekiko arduragabekeriaz jokatzen dabilela adierazten dutenak. Ondorioz, abstenitzea erabaki duena kriminalizatzeko joera nabarmena da, honen kontzientzia-eza edo politikarekiko interes eta seriotasun falta, fenomeno ezberdinen erantzule gisa azalduz. Azken hau VOX-ek eserleku bat lortzearen gertakarian hezurmamitu da oraingoan.

Iraultza zerutik eroriko den gertakari gisara ulertzen duenik ere bada, bitarte horretan daukagun ogi apurra ez galtzeak bozkatzera behartzen duena. Edo iraultza bigarren momentu edo etapa batean kokatzen dutenak aurki ditzakegu, eta beraz, momentuz, existitzen den gizarte-egituraren erreformarekin aski dutenak dira. Egunerokoan langileriak bizitzen jarraitu behar duela eta, hori ahalik eta posizio onenean mantentzea lortuko duten erreforma legalak beharrezkoak direla defendatzen dute, justuagoa izango den gizarte baten izenean. Gizarte justuago baten ideiak noski, modu abstraktuan jende askoren arreta pizten badu ere, ez du arazoaren erroa inondik inora konpontzen eta testuinguruak ahalbidetzen duen garaietan langileriaren sektore txiki baten egoera hobetu badezake ere, sistemarekiko bereizezinak diren krisi garaietan kontrakoa gertatzen da: proletarizazioa.

Aldiz, azken horiek bereizgarri egiten dituena, proletalgoaren interesen alde errealki egituratuko den botere prozesuan lanean diharduten mugimendu horien aurkako jarrera da. Askotan Euskal Herrian lehen pausuak ematen dabilen mugimendu komunistaren existentzia bera ukatzen dute, ez bozkatzearen aldeko jarrera bat hartu duen orori soluzioak eskatzen dizkioten bitartean. Aukerak jada mahai-gainean egongo ez balira bezala. Besteetan, mugimenduaren izatea onartzen badute ere, jarrera sektarioa duen mugimendua dela zabaldu nahi izan dute, mugimenduak indarrak batzeko duen gaitasun kuantitatiboa horretarako eskusa gisara erabiliz. Bien bitartean, sozialdemokraziak bere printzipio guztiak galtzen ditu, gizarteko sektore gero eta zabalago bat forma elektoralean bada ere batu nahian. Ikusi EH Bilduk Sindicato de Estudiantesekin egindako akordioa. Ez dute jendea euren programara batzeko lan politiko bat gauzatzen, kontrara euren programa da gizarte zibilera moldatzen dutena. Horrela, gizartean ondo ikusten denaren araberako bideorri bat diseinatzen dute, jakina izanik gizartearen kontzientzia espontaneoa, klase menperatzailearen kontrolpean dauden mekanismoek osaturikoa dela. Ikuspegi politikoa gizartearen zentzu komunak zanpatzen du.

Bi mugimenduen arteko helburua bere horretan desberdina denaren ideia berriro mahai-gaineratu behar genukeela nabaria da aspalditik. Nekagarria dirudien arren, berriz ere duela mende eta erdi argi utzi zituzten ideiak egunerokotasun handia hartzen du. Erreforma ala iraultza. Guztiz faltsua da erreforma legala denboran luzaturiko iraultza eta iraultza erreforma kontzentratua denaren ideia. Erreforma eta iraultza esentzian dira ezberdinak, ez ditu bakoitzaren iraupenak definitzen. Botere politikoaren bitartez bilatzen den aldaketa historikoak, aldaketa kuantitatiboak nolakotasun eta ezaugarritze berri batean bilakatzea du helburu, hots, gizarte eredu batetik beste baterako trantsizioa du xede. Horregatik, erreforma legalen alde egiten duten horiek, ez dute bide bareago eta luzeago bat meta berdinera, helburu ezberdina dute, egungo izatean aldaketa kuantitatiboak soilik bilatzen dituzte.

Komunismoaren ikuspegitik ordea, proletalgoaren klase borrokak gizarte burgesa bere osotasunean ukatzen du eta politika zentzu horretan ulertzen du. Itxuran ageri den forma politikoa, bere forma garatuenean estatu demokratiko burgesa dena, diktadura ekonomikoak ezarririko botere politikoaren forma soila da. Eta horrekiko kontrakotasunean ageri da komuniston forma politikoa, hau da, klase borrokaren ulerkera. Beraz, politika gure botere forma eraikitzeko borroka gisa definitu genezake, dominazio ekonomiko hori ezkutatzen duen forma «demokratikoa» gezurtatzeko intentzioz.

Proletalgoaren botere forma eraikitzeaz edo Estatu Sozialista helburu duen programaz ari gara. Kapitalismoarekiko esentzialki desberdina den gizarte forma berri baterako prozesua da, ezinbestean izaera iraultzailea duena. Horrek komunismora bidea forma gradualean ulertzen du, Estatu Sozialista helburu estrategiko gisa izanik, norabide horri erantzuten dion gaitasunen antolakuntza egunerokotasunean garatuz. Hori klase borrokan posizioak irabazten joateko baldintzak hobetzeko taktika delarik, hau da, sektore proletarioen batasun organizatibo eta estrategikorako baldintzak sortzen joatea.

Horra hor demokrazia termino erreformistetan perfekzionatzeko hautua egiten dutenen eta oinarri iraultzaileen baitan ezarri nahi dugunon artean dagoen bereizketaren demostrazioa. Horrek ez du erreforma bidea forma taktikoan deuseztatzen, baina argi izan behar dugu taktika alde batetik, komunismoak definituriko printzipio politikoek eta bestetik, etengabeko aldaketan dagoen errealitate historikoak definitzen dutela nahitaez. Beraz, Angela Davisek nahitaezko eginbehar gisa ikusten duen bozka ekintzaren idealizazioa alde batera utzi beharko genuke eta eztabaida behar den lekuan kokatu. Aurrez ezarririk dauden lege kapitalistak forma batean edo bestean kudeatuko dituzten aukerei zentralitatea eman baino, hobe luke lege horiek gainditzeko hautua egingo duen indar politikoa antolatzeari gar eta konpromiso berdinez helduko balie. Izan ere proletalgoak onartu ditzakeen ondorio kaltegarri bakarrak, iraultza prozesuak nahi edo ez ekarriko dituenak dira.