Kapitalaren ezkerraz eta espektatiba faltsuez

2020ko abenduaren 22a

Egilea: Nadia Perez


Azken denboran hainbat izan dira Espainiar Estatua ko-gobernatzen duten alderdien arteko eztabaida mediatikoak eta egia esan, bizi dugun egoeraren gestioan tentsioa nabarmena da. Iglesias eta bere alderdi kideek ez dute okasiorik galdu barne mailako eztabaidak publikoki azaldu eta euren posizio «progreak» behin eta berriz azpimarratzeko, inork ahaztu ez dezan 15M-tik beraiek direla herritik eta herriarentzat lanean dihardutenak.

Hala ere, Iglesias eta Sanchez-ek parte hartzen ez duten Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeko bilerak dira tentsio gehien metatzen dutenak. Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroa buru duen markoak, gai delikatuenak jorratzen ditu. Horien artean,  Toledoko ituna behin sinatuta sinestezina bilakatzen den pentsioen erreforma berria, PSOE eta Podemosek duela hilabete batzuk EH Bildurekin itundu zuten, baina inoiz aurrera eraman ez den, erreforma laboralaren indargabetzea eta etxe-gabetzeei aurre egiteko dekretua.

Hala ere, espazio publikoa hartu duen azkeneko barne gatazka gutxieneko soldatarena izan da. Eta horrekin jardun dute bakoitzaren botere espazioa mugatuz eta bakoitzaren politika ekonomikoaren ildo estrategikoa mahai gainean jarri nahian. Oraingo honetan, Iglesias eta Yolanda Diaz Lan Ministroa gutxieneko soldata izoztearen aurka agertu dira eta % 0,9a igotzea proposatu dute (orain kobratzen diren 950€-ei 9€ gehituko litzaizkieke), alde batetik Europako gainontzeko herrialdeen maila berean jartzea helburutzat dutelako eta bestetik, adierazi duenez, Espainiako demokraziaren historian urtero igo delako LAGS (lanbide arteko gutxieneko soldata), Rajoyren agintaldiko bi urteetan izan ezik eta ministrak aurrekari horietatik aldendu nahi duela dirudi. Maria Jesus Montero Gobernuko bozeramaileak aldiz, zuhurtziarako deia egin du eta erabakia hartu gabe dagoela azaldu du. Antzeko baldintzetan mintzatu da Sanchez presidentea. Hala ere, Joaquin Perez Rey Enplegu eta Gizarte ekonomiako estatu-idazkariak azken egunetan aipaturikoaren arabera, lanbide arteko gutxieneko soldataren kontsulta izapidea, horren kantitatearen negoziazioan bilakatu nahi du eta gehitu du, gobernuak Europako Karta Soziala betetzea duela helburu eta legealdia amaitzerako bataz besteko soldataren % 60ean dagoen LAGS lortu nahi duela.

Diazek azaroan Esperantzarako Karta bezala izendatu zuen Europako Karta Soziala[1] –Espainiako gobernuak berau berresteko hautua egin ondoren-, Espainia Estatu Sozial gisara eraikitzeko euren helburua adieraziz. Horrek guztion esfortzua eskatzen zuela adierazi zuen, denok batera gauzatu beharreko proiektua zela. Zentzu horretan, Europar Batasuna krisi globala erantzuteko egiten ari zen lana goraipatu zuen, azalduz Karta Sozialak adierazten duela «eskubide sozialak eta pertsonen ongizatea demokrazia hobe bat lortzeko irabazitako espazioak direla eta horietan jada ezin dela atzera egin».[2] Bitxia da, bitartean, Bruselatik datozen laguntzak justifikazio gisa erabiltzea, lan erreforma ez indargabetzeko esaterako, Bruselatik 2012ko erreforma bultzatu zelako eta azaltzea programako puntu «kaltegarrienek» (ekonomia eta euren interesentzako kaltegarrienek), beraz, itxaron egin beharko dutela.

Baina zer espero genuen nazioarteko finantza-kapitalaren estratu altuenaren gidalerroen mende dagoen gobernu honetaz? Espainiar Estatuaren errealitatea, Europako beste herrialdeenaren pareko, Karta Soziala bezalako ideiekin adierazi nahi dutenaren oso bestelakoa da. 2020an Espainian: datu ofizialen arabera 42 izan dira biolentzia matxistaren ondorioz eraildako emakumeak, PAH-k adierazi duenez 162 etxe-gabetze izan dira egun baliodun bakoitzeko, 945 izan dira gutxienez mediterraneoan hildako edo desagertutako etorkinak, 543 langile izan dira erailak euren lanpostuan, 48.000 hildakotik gora pandemia garaian kalitatezkoa eta unibertsala den osasungintzaren zain, 47.000 pertsonatik gora hil dira dependentziarako laguntzen zain, langabezia etengabe gora, gero eta zerbitzu gehiagoren pribatizazioa… «Espektatibak vs. errealitatea», esan ohi den bezala. Eta kontuz, ez nahasi, ez naiz euren espektatibez ari, baizik eta euren interesak eta itxaropenak, hots, kapitalaren interesak, betetzen jarraitu ahal izateko guri sinestarazten dizkiguten espektatibez ari naiz. Gero eta aurpegi gizatiarragoa erakutsi, gero eta biztanleria otzanagoa sortzen dute, erraz engainatzen den horietakoa.

Argi izan behar genuke jadanik politika instituzionala ez dela espazio neutral bat. Gizarteko klase jabedunen botere prozedura besterik ez da. Eta horren gestiorako burokratak marka eta estilo ezberdinetakoak izan daitezke, «progreagoak» batzuetan eta «eskuindarragoak» besteetan, ekologistak, feministak, independentistak edo faxistak.  Baina batetik, erabakiekiko duten boterea finantzatzen dituzten horiek mugatua da, esan bezala, Estatua kapitalaren interesetarako agente kolektiboa besterik ez baita. Eta bestetik, egun Espainiar Estatuan, alderdi politiko guztiak kapitalaren erregimenaren alde kokatzen dira, batzuk proiektu sozialdemokrataren aldeko defentsa egiten duten bitartean, besteek proiektu liberala garatu nahi dute.   Fakzio kapitalisten arteko lehia argia da, baina are argiago izan behar dugu oinarri politiko berdinari men egiten diotela.

Ezartzen ari diren erregimen totalitarioa eta langileon kontrako politikak, eztabaida mediatikoaren bidez ezkutatzen dituzte etengabe, nork izaera ezkertiarrago eta sozialagoa erakusteko lehian. Eta asko izan dira, trikimailu horiekin engaiatzea lortu dutenak, seguru. Baina beharrezkoa da hitz politen atzean ezkutatzen diren neurri zehatzen helburu erreala atzematea, gure alde lan egiten dutela esaten duten horiek defendatzen dituzten arren. Aipatzekoa da besteak beste, Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren inplementazioa. Lehen momentuan baliabide ekonomiko gutxiko pertsonei laguntza gisa agertzen den mekanismo honek langileon kontrako aldaketa nabariak ekarriko ditu epe ertainean. Alde batetik, robotizazioak langabeziaren gorakada izugarria ekarriko duen testuinguruan, lan indarraren prezioen jaitsiera zuzena beharrezkoa da eta kasu honetan, aipagarria da zeharkako soldatak (Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera kasu) merkatze nabaria eragiten duela, 400€ inguruko limosna. Gainera, etorkizunerako ondorioak dakartza, laguntza horiek ez baitute pentsioetarako kontatzen. Era berean, behin behinekotasuna, lan partzialak eta jarraikortasun eza errazteko mekanismoa da hau, laguntza honen hartzaileak miseria horretara ez ohitzeko, aukera ematen baitu beste lan txikiekin bateragarri egiteko.

Zentzu horretan, gizarteko sektore zaurgarrienen izenean aipatzen diren politika guzti horiek lupaz begiratzea dagokigu, izaera adeitsuaren atzean ezkutatzen den errealitatea ezagutzea premiazkoa izango baita datorkigun etorkizun ezezagunari aurre egin nahi badiogu. Eta norabide horretan aparientziazko onuren errealitate gordina onartu behar dugu: historiako gobernu «aurrerakoiena» kapitala ahalik eta errentagarrien egiten. Modu horretan, klase borrokaren hurrengo hamarkadetako itxaropena txikituz. Ezer ez da kapitalarentzako erosoagoa bere interesak gestionatzen dituen «ezkerreko» gobernu bat baino.


[1] 1996an eguneratu zen eta Espainiak berretsi ez duen Karta Sozialaren oinarriak Europar biztanleriaren oinarrizko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzea omen da: etxebizitza, osasuna, hezkuntza, lana, diskriminazio eza eta mugikortasuna, besteak beste.