AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Hamaika izan dira kazeta honetan hezkuntzaren eta hezkuntzak sistema kapitalistan betetzen dituen funtzioen inguruan hausnartzeko emandako gakoak, hamaika argitaratutako hausnarketak. Izan ere, sistema kapitalista osotasunean ulertu eta horren inguruan analisi integral bat egin ahal izateko ezinbesteko adarra da hezkuntzarena. Horrez gain, sozialismoaren eraikuntzan hartu beharko lukeen papera identifikatu eta ulertu eta bide horretan aurrerapausoak diseinatzea bezain garrantzitsua da gaur-gaurkoz joko zelaian jokatzen duen partida tentuz aztertzea.

Pistek kriptikotik gutxi izan dutelakoan, hezkuntza izango dut hizpide datozen lerroetan, eta etorriko direnetan, aurretik joan direnei jarraituz, nire alea jartzen saiatuko naiz.

Unibertsitatea izango da gaurkoan jopuntuan egongo dena. Azken asteotan hainbat izan baitira esparru horretan asaldura sortu duten gaiak. Horien banakako azterketa sakonetan sartuko ez naizen arren, irakurketa orokor bat egiten saiatuko naiz.

Beste behin ere, ustezko ezker burgesak, unibertsitateko langile klaseko sektore desberdinak miseriara kondenatzeko erreminta bat aurkeztu du, guztiz erreakzionarioa den erreforma legea onartuz.

Esan bezala, maiatzaren 25ean, unibertsitateen ministerioak aurkeztutako unibertsitateko araudien oinarri izango den lege proposamena onartu zen. «Unibertsitate-bizikidetzaren esparrua birformulatzen duela, eta, horretarako, oinarrizko askatasunak eta eskubideak eta unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsona guztien arteko bizikidetza aktiboa eta erantzunkidea azpimarratzen dituela»  izenburu. «Bizikidetza» horren atzean dagoen zigor legeak, ordea, gutxi du oinarrizko eskubide eta askatasunetik. Orain arte indarrean egon den 1954ko legea egungo gizartearen printzipio demokratikoekiko kontresankorra dela esan eta itxurakerian oinarritzen den legearen berridazketa apaindu bat kontrajarri diote. Bertsio berri horrek, besteak beste, ikasle mugimenduak aurrera eraman lezakeen jardun politiko oro blokeatu dezakeen eta horren aurrean neurri errepresibo zorrotzak aplikatuko direla esplizituki adierazten duen.

Lege onarpen hori ez da fenomeno isolatu bat, unibertsitatean bizi dugun tendentzia baten adierazpen bat gehiago da.  Ikas baldintzen kaskartze eta askatasun politikoen ukatze sistematiko bat ondorio dituen tendentzia batena. Horrekin batera, gero eta nabarmenagoa da hezkuntzak diziplinamendu prozesuan betetzen duen funtzioa; are gehiago ikasle langileen edozein borroka adierazpeni aurre egiteko neurri errepresibo berriak hartu ahal izatea baimendu duten honetan. Neurriok ikasleria antolatua otzan eta isil mantentzea dute helburu, borrokaren kondena. Unibertsitateko Indar Batasunak ere adierazi izan du unibertsitatean sakoneko aldaketa ugari gertatzen ari diren honetan, etengabeak direla unibertsitateko langile klasearen askatasunen ukapenak, baldintzen okertzeei eta eraso konstanteei erantzun ahal izatea eragoztea helburu.

Autoritarismoaren gorakada, ordea, ez da inola ere langile klaseak unibertsitatean duen oztopo bakarra. Hasieran, azken asteotan zalaparta sortu duten auziei eutsiko niela esan eta gero, ezin unibertsitateko matrikulazio tasen igoera aipatu gabe utzi. Ez da lehenengo aldia Eusko Jaurlaritzak eta EHUk, komunikabide burgesen bitartez, informazioa ezkutatu eta distortsionatzeko egin duten ahalegina agerikoa dela. Irakurketa mantendu ahal izateak, beraz, badu bere zer esana. Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 7an egindako prentsaurrekoan iragarri zuenaren arabera, zazpigarren urtez jarraian UPV/EHUko gradu, master eta doktoregoko matrikulazio tasak izoztuta mantenduko dira, zifrek, ordea, kontrakoa adierazten digute. Aurreko ikasturteko tasen igoera basatiaren ostean, ez da bestelakoa izango aurtengoa. Hirugarren eta laugarren matrikulen tasak dira horren adierazle nagusiak, azken hamar urtetan, aipatutakoen prezioa % 97 eta % 272 inguru garestitu baita, hurrenez hurren. Kreditu paketeekin lotutako ikasgaiak ez gainditzeak, bestalde, familia langile askok eta askok euren gain hartu ezin dituzten zigor ekonomikoak ekar ditzake.

Aipatutako elementuak ez dira unibertsitatean langile klaseari, eta bereziki ikasle langileei, ikasketa prozesua aurrera eraman ahal izateko ezartzen zaizkion oztopo guztien artean lagin txiki bat besterik. Ez dira, bestela esanda, «ezkerreko» gobernuak, izen eta izaera baliatuz, inpunitate osoz eta oposizio izan direnen isiltasunaren aurrean ezarri eta aplikatzen diharduen erreforma eta legeen isla txiki bat baino.

Datorren udazkenean unibertsitateekin lotutako lege organikoa aurkeztuko da. Horren garapen prozesuan ideia berri oro ongi etorria izango zela zioen unibertsitate ministroak, «si no podemos ponernos de acuerdo en la universidad, ¿en qué podemos ponernos de acuerdo?». Unibertsitatea gainontzeko egituretatik banatu, eta isolatuta jarduten duen tresna bezala sailkatzen zuen. Unibertsitatean langile klasearen interesen defentsan lan egiten dugunok horrekin hautsi beharra daukagu, gure beharrak ezagutu eta horiek borrokatzeko gakoak non dauden identifikatu behar ditugu. Unibertsitatea egitura edo instituzio isolatu bat ez den bezala, unibertsitateko ikasle langileon problematika ez baita isolatua. Ezinezkoa da unibertsitatearen gaineko kontrolarengatiko disputa erreal bat formulatzea, lurraldearen gaineko kontrola disputan ez badago. Beraz, ez dugu unibertsitaterik adostuko, unibertsitatea borrokatuko dugu, beste guztia borrokatuko dugun modu berean.

Perspektiba horretatik, unibertsitatean aldaketa erreal bat sortu ahal izateko, sektore ezberdinetan proletariotzaren interesen aldeko borrokak artikulatu beharra dago eta antolakuntzaren beharra azpimarratu. Proletariotza iraultzailearen antolakuntza politikoa baita unibertsitatearen izaera kapitalista gainditu eta hezkuntzaren gaineko langile kontrola ezartzeko bidea.

EZ DAGO IRUZKINIK